Idazleak - Jose Antonio Arana Martija - Laginak - Orbelango landarea Arantzazun Zuhaitz

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Antonio Arana Martija > Laginak

Saiakera

Orbelango landarea Arantzazun Zuhaitz |

Irailaren bederatzia. Mendatako Orbelaun baserrira ibilaldia. Arantzazuko Ama Birjinaren eguna. Hara hor Bitoriano Gandiaga Artetxe fraide eta poetaren bizitza mugatzen duten bi tokiak, data berean bilduak. Bietan gogoan izango dugu Orbelaungo landare samurra zuhaitz sendoa bihurtu zela Arantzazun.

Gandiagaren biografia fisikoaz oso gutxi da esan dezakeguna, gizaki arrunta baita horretan. Arimaren bizitzaz eta espirituaren emaitzaz, ostera, asko da esan eta idatzi dena, hau baita ospatzeko arlo oparo, jori eta ugaria. Hemen astekariak 1987an izenburuan esaten zuenez, "Gandiaga edo arimaren stip-teasse poetikoa" eginez gero, ikerketak eta liburuak beharko genituzke isilik eduki nahi zituen barne sentimenduak ezagutzeko, berak esan zuenez "hitzen beldurra du (nire) isiltasun honek". Dakigunez, ez zitzaion gustatzen jendaurrean hitz egitea.

Biografia fisikoari dagokionetik esan dezadan labur Mendatako Orbelaun izeneko baserrian jaio zela 1928.eko urriaren 8an.Haurtzaroaz gutxi dakigu, berak Hegats (1997) aldizkarian kontatzen digunetik aparte. Jaioterria Mendata bazen ere, Arratzuko Santo Tomas zuen parrokiatzat, baserritik askoz hurbilago zegoelako. Nabarnizen egin zituen lehen ikasketak, osaba baten etxean bizirik, Anastasia ama gaisorik zegoen une luzeetan. Gogoan zeukan Bitorianok aditzaren erabilera (nor-nori-nork) amak irakatsi ziola, gaizki egiten baitzuen aditz-jokoa, 'ikusitzat' eta halakoak esanaz. 'Ikusi dot' esaten omen zion amak. Aulestira ere joaten omen zen erosketak egitera. Eta inuru honetatik, ia euskaldun hutsa zen gaztea, Arantzazuko komentura joan zen 1940an,.eta handik Forura, Zarautza eta Erriberrira, non 1949an idatzi zuen bere lehendabiziko artikulua Gure izarra aldizkarian. Teologia ikasketak Arantzazun amaituta, Arratzun eman zuen meza berria 1954.eko irailaren 19an. Berak eskuz idatzitako fitxa baten zera aitortzen digu: 'Irakasletza' izan zela aurrerantzean bere betebeharra Arantzazuko fraideen ikastetxean. Euskal Herritik kanpo egin zuen txango bakarra Teologia ikastaroa egiteko Madrilera egin zuena izan zen.Hortik datorkigu Uda batez Madrilen (1977) liburua.

Ordurako poemagintzan sariak irabaziak zituen. Apaiztu zen urte berean, 1954an hain zuzen, Zarautzen irabazi zuen poesia saria "Begion lore" poemarekin; non eta Lizardik emaitza poetikoa eman zigun herrian.

Gero etorriko dira Elorri (1962) lehen poema liburua, Jose Antonio Agirre izeneko saria jaso zuena, eta handik bi urtera Olerti saria. Euzko Gogoa, Arantzazu, Egan, Euskera, Olerti aldizkarietan hainbat lan argitaratu zituen. Arimaren taupadak ziruditen bihotzetik paperera isuritako sentimendu eta irudimenak.

Antonio Arrue euskaltzainak, Elorri irakurri ondoren, lau euskal poeta hauek aipatzen zituen (Euskera, 1963-64): Iratzeder, Mirande, Gandiaga eta Aresti, hiru azkenak jada hilak. Arestik proposatuta euskaltzain urgazle izan zen izendatua Gandiaga 1964.eko urriaren 30ean. Eusebio Erkiagaren hutsunea betetzeko euskaltzain osoa izateko proposatua izan zen, baina 1993.eko irailaren 30ean Xabier Kintana izan zen hautatua. Gandiagak onartu zuen proposamena, baina barnean zeraman umiltasun handia erakutsiz, zera esan zuen xaloki: "Denok izaten ditugu momentu arinak eta baietz esan nuen". Baina ezin zion uko egin euskaltzain ohorezko izendapenari: 2000.eko urriaren 27an gertatu zen hau. Gandiagarentzat ohorezkoa bazen izendapen hori, Euskaltzaindiarentzat ez zen ohore txikiagoa bere parnasoan idazle bikaina izatea. Lehenagotik beste sari batzuk ere zekarzkigun, hala nola, 1998an Bilboko Liburu Azokan eman zioten urrezko luma.

Hitzak, onomatopeiak eta hizkuntza jokoak garrantzi handia dute Gandiagaren poesian. Mitxelenak dioenez, Gandiaga ez doa ozentasunaren bi la, musika isilaren eske baizik. Eta natura isilak ematen dio isiltasunaren poesia hori. "Ipuinez beteta dator haizea" esan zuen baten, eta horregatik "askotan aritzen naiz bakarrizketan". Eta buruari galdetzen dioenean literatura zer den, burutik datorkio erantzuna: "Gaiaren arabera hitza manaiatzeko abilezia". Hau da: hitzekin jolastu, haizeak orbelak airean erabiltzen dituen modura, norberaren gustora manaiatu. Gandiagaren beste bertute bat da adjektiboen erabilera aberatsa, Juan Otaegiren tesian (1994) jakinarazten zaiguna. Mikel Lasak idatzita utzi zigun honako hau: "Oteiza harriak irudi bihurtzen ari zen bitartean, Gandiagak irudiak hitz bihurtzen zituen" Hitzekin jokatu inolako erreparorik gabe. Hamalau apostoluetatik bat ote zen Oteizarentzat Gandiaga? Edo Oteizaren apostoluen hutzunetatik datorkio Gandiagari hutsunearen isiltasuna?

Jorge Oteiza aipatu dut eta honekin batera , eskultorearen irudiekin argitaratu zuen Gerok Hiru gizon bakarka (1974). Gustokoa ez zuen politikan sartu zela Gandiaga liburu honetan eta epaileak deitu zuen arazoa argitzera. Hala erantzun zion Gandiagak galderei: "Ni arbola bat naiz.

Hemen gertatu zait jaiotzea, hemen ditut nire sustraiak, inguru honi esker bizi naiz. Hemen zer gertatzen zaidan, horixe idazten dut". Eroaren erantzuna zirudien, baina bazekien Gandiagak lurrean errotuta dagoen ar= bola zer den, urtero Arantzazu inguruan 50 arbola landatu baitzituen. Baina epailearenak pairatu ondoren, ez zuen liburuan esandakoetatik atzera egin: "Idazterakoan izan nituen keskek bizirik dirauete"

Eta iraun zuten bizirik izan zen artean. Nahiz eta kanpora begira, elizkizunetan euskara erabiltzea erabaki, komentu barruko liturgian gaztelania edo euskara erabiliko zuten fraideek erabakitzeko kapitulu edo batzar bat eratu zuten 1970ean. Fraide erdaldunek zeudelako komentuan, erdara erabiltzea erabaki zuten 'karitatearen izenean'. Gandiagak ezin izan zuen bere bidetik atera eta euskarak ere karitatea behar omen zuela zirudienez, taldetik aparte euskaraz kantatzen zituen salmoak, ez koruan, besteak bezala, korupean baizik. Han zegoen gizon bat bakarka, korupeko salmoetan.

Isiltasuna aipatu dugu lehen, Hitzak eta isilkasuna: "Nire isiltasun hau hitzetan jarriko dut" Eta hala egiten du Denbora galdu arte liburuan (1985):

Baina neri pena
demait isiltasun hau bertan behera hil dadin, gorputz gabe, inork
ezagutzen ta
inoren laguntzarik
inoiz hartu gabe"


Gorputz gabe geratu zen Bitorianoren gorpua 2001.eko otsailaren 21ean. Arantzazuko kanpaiek urratu zuten isiltasuna. Eta heldu zitzaigun isiltasunaren deiadarra. Isilik zeuden poemak; izpiak bezala gu re zeru txikia, Jainkoaren handia, argitzen hasi ziren. Kanpai hotsak otsoaren otailaren hotzetan. Harutzago begiak zabaldu zituen gure hurbiletik joan zitzaigun Gandiagak, idatzi gabeko poemak zeru goienetan barreiatzen. Hala idatzita zeukan:

Ez dut ikusten begiak
ikusten dutena baino
ezertxo harutzago.
Baina harunztu naizeneko
haruntzago ikusten dut
harunztu ahala gehiago


Hau ere idatzi zigun epitafio modura:

Heriotzara noa musturrez aurrera,
nahi banu ere ezin egin atzera


Nik ezagutu ditudan gizonetatik, irribarre serioa zeukan bakarra Gandiaga izan zen Gizonekin edo txoriekin hizketan beti irribarrea arpegian; barruan, poemagintzan beti seriotasuna, bernean errotu eta sustraitutako sentimendua. Ezin dut gehiago egin Juan Mari Lekuonak idatzi zuena irakurri baino: "Poetak izan daitezke onak, oso onak edo Gandiaga".
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta