Idazleak - Jon Mikel Arano Aramendi - Laginak - 2013ko Mundu Akabera

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Mikel Arano Aramendi > Laginak

Narratiba

2013ko Mundu Akabera |

Post Apokalipsia

Imajina ezazu lanean zaudela, eta telefono dei soil bat eginez mikrouhina pizten duzula; hartara, etxera iritsi ordurako bazkaria prest izango zenuke. Edota goizero zerbait beranduago iratzar zaitezke, "kafea berez egin delako". Harrigarria? Ba, ez, gaur egun hori guzti hori egin daiteke teknologia berriei esker. "Domotika eta erosotasuna elkarri eskutik helduta datoz" zuen izenburu aldizkariko artikuluak. Sarreran 2000. urteak burura ekarri zigun irudiaz ari zen: Nork ez du inoiz pentsatu metal-koloreko arropak jantziko genituela edo gure kotxeak zientzia-fikziozko filmetakoak bezalakoxeak izango zirela? Etxeari dagokionean ere, oso eraldatuta irudikatu izan dugu, eta halaxe gertatzen ari da apurka.

Argazki-oinetan zioenez, "Etxetresna elektriko adimenduek gizakiari lana asko erraztuko diote berehala, baina arriskuak saihesteko ere baliagarriak dira", eta web orri batean sartuta sistemari aginduak eman ahal izango genizkiola eta halako pitokeriak zetozen. Ez nintzen gehiegi ere harritu, txikitan genituen usteen aldean ere ez zen hainbesterainokoa-eta: gure inozentzian soldaduskarako garaia iristerako desagertua behar zuen morrontza horrek (baina egitea tokatu zitzaigun XX.-eko 80.-etan), edota handitzen ginenerako oilasko bat pilula moduan jan ahal izango genuen... Martitzen...! Eta tokitan zegoen hori oraindik 2000.ean...!
Funtzionarioa naiz eta aspaldidanik eman dizkiot bulegoko ordenadoretik ordenak nire etxe adimentsuari. Arrunta, aspalditxo bilakatu zen. Izan ere, domotikak aparailuen kudeaketa ahalbidetu izan zigun urteetan eta etxea kontrolpean genuen, sistema suteak, gas eta ur ihesak detektatzeko eta matxurarik balitz konpontzaileei deitzeko gai zen eta...

2004.ean eraiki genuen Etxe Berria. Unibertsoko Masterretakoa naiz, eta sentsore eta aparailu interaktiboez josi genuen, Internet Zisko Systems enpresari esker. Hozkailua, adib.: beira likidoko ordenagailua zuen atean eta horren bidez erosketak egin, nahiz barruko elikagaiei epea noiz amaitzen zitzaien ikus genezakeen; oporretan lorategia ureztatu ahal izan nuen ordenagailutik; edota gosaria prestatu edo pizza berotu; teilatupe osoan ipinitako kameren bitartez kontrolatu ohi nuen etxea, berogailu/argiak piztu eta itzali, edo alarmak lapurren beldur nintzenean; azken inbentu bat ere erosi nuen: zartagin adimentsua, janarien-olioen tenperatura eta punttuan ote zegoen abisatzen ziguna bere pantailatxo digital erantsitik...

"Millenium Technologies" eta exgauxak!!! Moddernillo bat izan naiz beti, GPSdun eskumuturreko ordulari, argazki kamera digital, patrikako super-sega-poto edo/eta ordenagailu, ciberwalkman, sormen arbel, sistema birtual oro eta ezdeus-kerietarako baino ez naiz bizi izan. Pentsa, lagun eta ahaide maiteekin egon ordez, haien ahots edota usainak gorde ahal ei zituen "emozio edukinontziaz" ere jabetu nintzen! Sokormazo artaburu talo-burni enteratu demonio halakoa! Eta gaur izan dut "izugarrizko aurrerakoizalea" izatearen ordaina. Merkea zirudiena garesti atera zaigu. Oinarri-oinarrizkoa ahaztu genuen. Ez genuen besterik merezi.

Iratzargailuko ahots zatarrak zazpiak, altxatzeko ordua errepikatu du, inor esnatuko ez ote zen beldur edo. Etxeak mortua zirudien. Labetik zortzi ogi xigortu, zortzi arrautza frijitu, hamasei hirugihar puska, kafe eta gaineratikoak atera dira. 2013ko abuztuak 4ean gaude, esan du gero sukaldeko bozgorailuak. Eoskor Herrian gaudela eta agendako jakingarri guztiak gogoratu ditu. Orduak ematen segitu du eta lanera, eskolara joateko agindu. Baina inortxok ere ez dio kasurik egin, trantzitutik inor ez da ibili, inork ez du zapaldu ongietorria, ateak ez dira ez itxi ez ireki. Kanpoan, detektagailu batek euria iragarri du. Pertsianak gora eta behera dabiltza edozein txorik ukituz gero fatxada. Garajeko ateak ireki egin dira, motorra martxan zuen autoak, baina mugimendurik egon ez denez, berriro itxi da. Arrautzak eta ogi xigortuak gotortu dira, kafe-esneak hoztu eta altzarizko beso batek, zakarrontzira ordez, harraskara bota ditu apurrak zirelakoan eta platerak garbigailuaren kristalaren kontra apurtu dira. Ondoren, ormetatik goma eta metalezko arratoi mekanikoak atera dira eta etxeko garbiketak egiten hasi. Hamarretan, eguzkia atera da euri atzetik. Hondakin eta errauts baino ez den hirian geratzen den etxe bakarra da gurea (?). Lorategia alfer-alferrik irrigatzen aritu dira iturritxoak eta leihoetatik sartu da ura, pareta ikaztuak blaituz. Guraso bion eta bi umeen argazki-markoak hondatu ditu. Hamar mila akolito ipurmiatzaileen aldarea da etxea, baina jainko berriak eta errito burugabeak berean dihardute temoso. Etxeko txakurra, uluka aritu da, bere munduan behintzat bakarrik dagoela ohartu arte. Eguerdian bazkaria prest mahaian. Gosariaren paraderoa izan du honek ere. Arratsalde kaotikoaren ostean, iluntzean, etxe atariko arbolaren adar bat hautsi, leihoa txikituz sartu eta beira-zeramikaren gainera erori da, sua sortzen duela bapatean. Argi gorriak piztu eta bonbak ura irrigatu dute sabaitik. Ahotsak sua, sua! diote, baina berandu da dagoeneko, garrek dena irensten dute eta errobotak ezin dute ezertxo ere egin harrapatzen duen guztiaz elikatzen den "su adimentsu" horren aurka. Eta prestaketa guztiak eta gehiago dituen etxea eta ahots guztiak hiltzen doaz gauean. Ordularia, musika, bideoak, belar-segari automatikoa, ateak eta leihoak, denak erotu dira. Mila gauza gertatu dira, erlojutegi batean erloju guztiak etengabe ordua ia batera joko balute bezala, zoramen maniatiko batean. Garbiketa-arratoiak errautsak etxetik atereaz darraite, suak eraikina leherrarazi arte. Azken su-euria gertatu aurretik, ordea, labeak psikopatia-tamainako afaria prestatu du. Etxea eraisten da azkenerako. Ganbara bigarren oinera doa, eta hau sotora. Goikoak behekoa alkantza dezake, beraz, asmoz eta jakitez... Izozkailua, besaulkiak, zinta grabatzaileak, denak hezurtegi bat osatzen dute. Baserriek 500 urte iraun zuten. Gure etxe adimentsuak 9. Gauerdirako, errausturik zetzan hiritik distira erradioaktiboa sortzen zen, hainbat kilometrotatik ikus zitekeena. Eta ez ni, ez nireak eta ez beste inortxo ere ez geunden jada mundu honetako egoitzan. Automatismoak eta p-arano-ia elektro-mekanikoak!

Astoaren burua pertzen,
hanka-belarriak eltzen,
a ze nolako sorginafaria zen
bartarratsen gure etxen!


Jon Arano Martziano (afterkopista)

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta