Idazleak - Jon Mikel Arano Aramendi - Biografia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Mikel Arano Aramendi

Itsasondo, 1961.

Jon Arano eta Mikel Aramendi gisara ere sinatu ohi du, beste ezizen batzuen artean, Argia, Kantillape, Goierritarra, Ostiela! eta beste aldizkari batzuetan kolaboratu duenean.

Oinarrizko ikasketak soilik egin zituen eta autodidakta izan da geroztik. Gaztetatik zaletu zen irakurtzen eta idazten eta 18 urte zituela zenbait poema argitaratu zizkioten Zeruko Argian.

1985ean Bileterik gabe poema liburuxka argitaratu zuen Susa sailean. Hortik aurrera Argia eta Susa aldizkarietan erredakzio-lanetan aritu zen, bai eta Egin-eko A ze astelena! sailean.

Zenbait kolaborazio egin zituen han eta hemen eta ondoren, kultur dinamizatzaile gisa, jaioterriko Kantillape aldizkaria sortu nuen.

Hurrena, berriz, Goierritarra, Goierriko aldizkaria, 89an, eta berau zuzentzen jardun zuen 1995 urtera arte. Tartean, Malezia Sorta poema liburua idatzi eta Hitz Etena (Eustakio Mendizabal Txikiaren olerkiak) paratu zuen Susarekin.

Gerora hainbat kolaborazio egin ohi ditu Argia, Egunkaria, Egin, Aizu!, DV, Habe, Zurgai, Ordiziako Urtekaria, Putz, Berria, eta abarretan; baina garrantzitsuena, 95ean Paperzaleak kultur elkartea eratu eta Ostiela aldizkaria sortzea izan zen.

EIEren enkarguz, Komatxo artean irratsaioa koordinatu zuen lehen bi ikasturteetan Herri Irratian (98/99); Euskadi Irratiko Lauretan Babel irratsaioan tertulianoarena egitea suertatu zitzaion kurtso batez; Pornolore aldizkariaren 1. zenbakia ere atera zuen 2002ean; 2003ean, bere antologiatxo poetikoa argitaratu zuen Koldo Izagirrek Susarekin, XX. Mendeko Poesia Kaieretako bat, alegia; eta 2004ean utzi zuen Ostiela!-ren ardura.

2005ean, Pirinioak idazleen topaketen koordinatzaile izan zen eta Joseba Jaka V. Literatur Beka eman zioten poesia alorrean. Goierriko Kasta literatur taldearen sortzaileetakoa da eta bere zenbait argitalpenen arduradun.

Gainerakoan, Jexus Lete "Ibai-ertz"en Orrela ziran gauzak (Auspoa saila) liburua eta Joxe Luis Aramendik itzulitako Ehortzi ezazue ene bihotza Wounded Kneen (Dee Brown, Txalaparta/ Ostiela) laguntzaile eta bultzatzaile izan da, besteak beste.

Udal Kultura Sailarekin batera, 2004 eta 2005eko Ordiziako Euskal Letren Eguna-ren antolatzailea eta horretarako egin diren argitalpenaren koordinatzailea ere izan da.

BIBLIOGRAFIA

1985 Bileterik gabe | Susa
1991 Malezia sorta | Susa
1992 Hitz etena (Eustakio Mendizabalen olerkiak) | Susa
2002 Pornolore, Larrugintzako eskuliburua | Ostiela
2003 XX. Mendeko kaierak | Susa

GEHIAGO IKUSI

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta