Jon Martin Etxebeste

Jon Martin Etxebeste Atzera

2008
Ero
Elkar
2008
Gu ere bertsolari 2
Lanku Bertso Zerbitzuak
2007
La Habana
Gero Euskal Liburuak
2006
Azken indioa
Bertsolari aldizkaria
2006
Las Tunas
Bertsolari aldizkaria
2005
Eskolarteko bertsolari txapelketak Gipuzkoan, 1981-2005 : prakamotxetan
Gipuzkoako Ikastolen Elkartea
2005
Prakamotxetan
Ikastolen Elkartea
2000
Bakoitzari berea
Auspoa
Tribiala
- Mingain puntan daukat.
- Ez zara gogoratuko.
- Ez. Nor zen?
- Machado.
- Dios. Banekien.

Uste baino hobeto pasatzen ari naiz. Ez nuen uste Trivialean jolastea hain dibertigarria zenik. Agurtzanek, nire neskak, Erasmuseko bilera du arratsaldean eta Marta eta biak gara, bakarrik, gara Antiguoko bere pisuan.

- Entzun didazu?
- Ez, barkatu. Errepikatu.
- Aita izan al da inoiz Aita Sainduren bat?
- Aita Saindu bat aita? Ez da posible. Ez.
- Kar, kar. Bai, izan omen da. Santutik gutxi izango zuen!
- Kar, kar. Zure txanda orduan.
- Ea. Bost. Urdina.
- Ikus dezagun. Zer ateratzen dute Tibeteko biztanleek elkar agurtzeko?

Txartelaren atzealdean irakurri dut erantzuna. Mihia. Interesgarria.

- Puff. Ez dakit ba, mingaina?
- Bai!

Eta mihia atera ez dit ba! Uste nuena baino joko gehiago eman dezake joko honek…

- Hiru. Marroia.
- Garain batean Txinan emakumearen gorputzeko zati bat margolanetan agertzea debekatua zegoen. Zein gorputz atal zen?

Erantzuna bilatu dut jakinminez. Gero Martaren aurpegira luzatu dut begirada. Gorritu egin da. Begiak jaso, eta nireekin egin dute topo. Eta lotsatu dela ohartu naizela ikusi duenean are gehiago lotsatu da. Sorgin-gurpila. Uste dut lehen aldiz ikusi dudala lotsatuta. Puztu egin nau horrek. Bere ahuleziak indartsuago egin nauela uste dut.

- Ze?
- Bularrak?

Benetan pentsatua zuena gorde eta esateko kapaz zena esan duela argi geratu da.

- Oinak. Oinak ziren margolanetan agertzen ez zirenak.
- Bai zera! Eskerrak astakeria handiagorik bota ez dudan…

Uste dut konplizitate handia lortzen ari garela tonto-tonto. Barreak gero eta ozenagoak dira eta oraintxe jertsea erantzi du Martak.

- Zure txanda. Larrosa, ez? Zein aldetan daude botoiak gizonezkoen alkandoretan?
Kaka. Beti kamiseta erabiltzearen alde txarrak. Azkenekoz alkandora jantzi nuen eguna gogoratzen saiatu naiz. Zein eskurekin lotu nuen?

- Eskuinean.
- Bai. Kar, kar.

Ohartu gabe alkandora imaginario bat lotzen ari nintzela ohartu naiz. Lotsatu egin naiz.

- Zuk bazenekien?
- Noski, batzuk erantzi ditut…

Eta berriro mingaina atera dit. Uste dut Marta ez dela Tibetekoa.

- Hiru. Marroia.
- Antzinako greziarrek barruko arroparik eramaten zuten?

Momentu batez nirekin jolasean ari dela pasa zait burutik. Biluztu egin nahi nau. Oraindik ez dakit arropaz edo sentimenduz, baina erantzi egin nahi nau.

- Fijo ezetz.
- Ez bada. Ondo. Ta… Benga, bota berriz dadoa.
- Bi. Berriro. Bi. Marroia berriz.
- Ze koadro da munduko famatuena?
- Mona Lisa?
- Bai. Erraza zen hau.

Txarteltxoa kaxan sartu du eta gorakoan begiratu egin nau. Irribarre gabeko irribarrez. Norbait gogorarazi dit.
- Laranja.
- Zenbat fitxarekin hasten da damatako partida bat?
- 12. Gustatzen zait jolas hori.
- Ba ez, 24rekin.
- A, jokalari bakarrarenak zenbatu ditut. Kaka. Zure txanda. Berdea, ezta?
- Bai.
- Zertarako erabiltzen dituzte belarriak elefanteek euliak uxatu eta fresko mantentzeko erabiltzeaz aparte?

Galderak erraza dirudi, baina beti ez da hain erraza izaten gauza logikoenean pentsatzea. Arrainek deskubrituko luketen azkeneko gauza ura da.

- Entzuteko.
- Bai, ondo. Ez nekien asmatu zenuen…
- Kar, kar. Deitu izan didate tonta modu zuzenagoan…
- Ez, ez. Ez dut horrelakorik pentsatzen.
- Hobe duzu.
- Kontrako guztia. Nik…
- Marroia.

Alde batetik lasaitua hartu dut eten nauelako. Esan behar niona susmatu ote du? Baliteke. Neskak oso bizkorrak dira holakoetan. Mutil bat apenas ohartuko den neska bat atzetik duela, baina neska bat… Nik uste usaindu ere egiten dutela. Beno, horrela agian hobeto. Deserosoa litzateke nik sentitzen dudana aitortu eta Agurtzaneren etxean biok bakarrik egon beharra. Nire bihotza zabaltzekotan egon naiz.

- Mitologiako zein pertsonaiari eman zioten bizitzako gauza txar guztiak zituen kaxa?
- Pandorari, ez?
- Bai.
- Zuk, kaxa hori bazenu, zabalduko zenuke?
- Ez.
- Nik bai. Uste dut ezingo nukeela jakinmina eutsi.

Ez dakit bere hitzak zenbateraino diren esaten dutena eta zenbateraino esan nahi dutena. Pandoraren kutxa zabaltzear egon naiz lehen eta eten egin nau. Orain, berriz, zabaldu nahi lukeela dio.

- Berdea, berriz.
- Zenbat bihotz ditu olagarro batek?
- Bat izango du noski…
- Ez ba. Hiru omen dauzka bakoitzak.

Olagarroez kupidatu naiz. Ziurrenik ez dute gizakiek haina sentituko, baina …

- Urdina.
- Nola deitzen da objektuak galtzen diren triangulo misteriotsua?
- Irribarre neurtu baten ostean, “Bermudetakoa”, esan dut. Irribarre egin du berak ere.
- Zer espero zenuen ba?
- Auskalo…
- Benga, orain berdea.
- Ea. Zer egiten duzu gutxi gora-behera 25 aldiz minuturo?

“Zugan pentsatu”, esan nahi izan dut, baina ez naiz ausartu.

- Begiak itxi?
- Bai! Bazenekien?
- Ez, baina ez zait beste ezer okurritu. Hala ere, ziur nago ez dela datu zehatza. Zu aurrean zaudenean gutxiagotan ixten ditut.

Polita izan da isilunea. Dadoa botatzeko ere ohi baino denbora gehiago hartu dut. Gustatu zaio nahiz eta ez den ezer esatera ausartu.

- Marroia.
- Nola agurtzen dute elkar eskimalek?
- Mihia aterata? Kar, kar. Ez, sudurra igurtzita.
- Kar, kar. Bai, erraza zen. Eskimal horiek… Alde ederra dago, ba, muxu on baten eta sudurren arteko igurtziaren artean.
- Bi. Berriro botatzera. Bi. Marroia berriz.
- Zenbatero ospatzen dituzte txinatarrek beraien urtebetetzeak?
- Urtero noski…
- Ez, hamar urtetik behin.
- Bai?
- Hori jartzen du. Orain ni. Bost. Horia.
- Zeri dio beldurra panafobia daukan norbaitek?

Momentu honetan nire buruak ematen dit beldurra. Muxu emango nioke. Hementxe bertan, Agurtzaneren etxean, bihurtuko nuke zoriontsu.

- Ez dakit. Pana, pana... Fobia dezente ezagutzen ditut, baina panafobia ez. Maitemintzearen beldur izan daitezke?
- Agian ez dut gaztatxorik nireganatuko, baina ulertu nahi duenarentzat ez da erantzun txarra.
- Bai zera! Denari diote beldurra. Denari.
- Ez denari ere bai, ziurrenik.
- Bai.
- Zure txanda.
- Marroia.
- Ze bi letra dira zailenak ezpainik mugitu gabe esateko.

Ezpainekin alfabetoa errepasatzen hasi da eta ezin izan diot eutsi. Muxu eman diot. Hasieran ez dit uko egin, baina eskuarekin goxo erretiratu du nire aurpegia gero.

- Gustuko zaitut, baina badakizu Agurtzane eta biak lagunak garela. Ezin diot Agurtzaneri hori egin. Berak asko maite zaitu.
- Baina dagoeneko nik ez dut bera maite. Bereganako sentimendua hilda dago. Nik zu maite zaitut.
- Badakit. Igarri nizun aspaldi, baina Agurtzane nire laguna da. Ez dizut esango gustuko ez zaitudanik, baina ezin dut. Bere etxean ez behintzat.

Isilune luzea iruditu zait.

- Beno, ez duzu erantzun, baina ontzat emango dizut erantzuna.
- Pozten nau zuk hain ondo hartu izanak.
- Hiru. Gaztatxo horia jokoan.
- Zer erabiltzen dute itsuek irakurtzeko?
- Ukimena, behatzak.
- Bai. Erraza zen. Behatzekin irakurtzea baino errazagoa.
- Ez omen da hain zaila. Badut lagun bat itsuekin lan egiten duena, eta harrituta uzten omen dute beti. Braile hizkuntzan ez ezik idazketa arruntean ere irakurtzeko kapaz omen dira batzuk. Tintak paperean uzten duen arrastoa irakurtzeko kapaz omen dira. Koloreak ere asmatzen omen dituzte.
- Bai?
- Zentzu bat murriztean gainontzekoak ikaragarri garatzen omen zaizkie. Egin duzu aproba inoiz zure burua itsutu eta zer sentitzen duten imaginatzen?
- Ez.
- Itxi begiak.

Begiak itxi ditut, nire eskua heldu eta mahai gaineko txarteltxoan jarri du. “Ea, irakurri hurrengo galdera” , esan dit. Barre egin dugu. Nire eskua nire aurpegira eraman du gero eta jabetu naiz gure burua laztantzeko dugun ohitura urriaz. Gero berera segitu du eskuak eta nire aurpegian pausatu du berea. Ez dakit begiak itxita izatearen eragina izango den, baina irudimenaren iluntasunean bere aurpegia zehaztasun handiz margotzeko gai sentitu naiz. Momentu batez begiak ireki ditut eta Marta ikusi dut, begiak itxita, nire aurpegia laztantzen.
Behatzek mihiei leku egin diete eta azalak bide egin du. Biluzik eta izerditan jaiki gara.
Lotsatuta jantzi ditugu arropak. Itsu izatearen jolasak bukatu da.

Tablero aurrean kokatu gara berriz. Irribarretsu. Eta sarraila soinua sumatu dugu. Agurtzane.

- Ze, nola doa partida? Ze txarrak zareten, ni joan naizenetik apenas irabazi duzuen gaztatxo bat edo bi. Reengantxatu egingo naiz. Benga, zeinen txanda da?
- Martarena.
- Benga, bota.
- Sei.
- Nik irakurriko diot galdera. Zenbat bihotz dauzkate olagarroek?