Idazleak - Jon Kortazar Uriarte - Hemeroteka - «Kritika oroitzeko beste modu bat da, eta guretzat oroimena garrantzitsua da»

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Kortazar Uriarte > Hemeroteka

Berria

2007/06/06 «Kritika oroitzeko beste modu bat da, eta guretzat oroimena garrantzitsua da» | Juan Luis Zabala

«Kritika oroitzeko beste modu bat da, eta guretzat oroimena garrantzitsua da»

Jon Kortazar Idazlea, literatur kritikaria eta irakaslea

Plazara heldu ahala irakurri eta komentatzen ditu liburuak, eta azterketa konparatu sakonagoei heltzen die gero. Etxe bihurtua du literatur kritikagintza.

Juan Luis Zabala

Donostia

Postmodernitatea euskal kontagintzan (Utriusque Vasconiae) argitaratu berri du Jon Kortazarrek (Mundaka, 1955). Ez da, berez, lan berria, Euskal Herrian lehenengoz orain argitaratu bada ere. Cuencan (Espainia) argitaratu zuen lehenago, 2003an, jatorrizko bertsioan (gaztelaniaz) Juan Kruz Igerabidek egindako euskarazko itzulpenarekin. Euskal Herrian nahiz atzerrian, noiznahi argitaratzen dira Kortazarren azterlanak. Lan guztien oinarrian, euskal literatura garaikidearen irakurketa landu, konparatu eta hala ere pertsonala aurkituko du irakurleak.

Han eta hemen argitaratzen eta berrargitaratzen dira zure lanak. Zaila da zure ibilbideari jarraipen zehatza egitea. Zertan zabiltza azkenaldian?

Talde batekin batera proiektu batean nabil. Azken urteetako nobelagintza aztertu genuen lehenik, 1975tik eta 2000. urtera bitartekoa [Egungo euskal eleberriaren historia, EHU, 2007], eta orain gauza bera egiten ari gara poesiarekin eta ipuingintzarekin. Bestetik, Egan aldizkariaren hurrengo zenbakian Juan Mari Lekuonak utzitako egunerokoaren deskribapena argitaratuko dut. Lekuonak ez zuen nahi izan bere egunerokoa argitaratzerik, eta ez dut argitaratuko. Baina egunerokoa azalduko dut, batetik autobiografiaren alderditik eta bestetik egilearen kezken aldetik. Urtebeteko egunerokoa da, Lekuonak 1950. urtearen bueltan Añorgan idatzia.

Hedabideetan nahiz arlo akademikoan, bietan egiten duzu kritika literarioa. Arazorik sortzen dizu bi arloak uztartzeak?

Ni, egia esan, askoz erosoagoa sentitzen naiz arlo akademikoan. Hitzaldi baterako deitzen badidate, behar ditudan orrialdeak idazten ditut, nahiz eta erreferentzia gisa nolabaiteko neurri bat ere ematen zaidan. Prentsan mugatuago sentitzen naiz. Baina azken batean helburu bera dute bi arloetako kritikek: beste irakurle bati laguntzea irakurketan. Nik uste dut hedabideetakoan trebatzea lagungarria dela literatur kritika akademikoa egiteko. Nire kasuan bai behintzat. Hedabideetako kritikak argitasuna ematen du, eta baita gaurkotasunaren eta ingurugiroaren ezagutza ere.

Euskal literatur kritikagintzan hutsune handiak daude zenbaiten iritziz. Oro har, idazleak ez daude oso gustura egiten den literatur kritikarekin.

Hala da, bai. Idurre Alonsok Zornotzako Udalean tesina moduan aurkeztu duen lana irakurri berri dut, oso lan interesgarria, oraindik argitaratu gabea. Hor argi ageri da kritikari buruzko kexa handiak daudela. Dena den, nik ez dut uste arazoa kritikagintzan dagoenik. Arazo nagusia irakurketan dago. Irakurleak non diren jakin nahi nuke. Bestetik, kontuan hartu behar da gure literaturaren sistema txikia dela. Sistema guztiek bezala, oso azkar jaten ditu liburuak, eta horretaz gain beste arazo bat ere badu: oso oroimen laburra dugula. Idazleek kexatzen jarraituko dute, baina literatur kritika -eta bereziki kritika akademikoa-, oroitzeko beste modu bat da, eta oroimena guretzat oso garrantzitsua da.

Irakurleari buruzko kezka erakusten duen galdera batekin amaitzen da Postmodernitatea euskal kontagintzan liburua, eta orain ere irakurlearen inguruko kezka agertu duzu.

Gustura irakurtzen duen irakurlearen inguruko kezka da nirea, liburu dendetara joaten den irakurlearen ingurukoa. Idurre Alonsoren lanean ere nabarmen ageri da irakurleena oso puntu kezkagarria dela egungo euskal literaturan. Gaur egun literaturako ia-ia liburu guztiak agertzen dira prentsan, edozein liburuk ditu hiru edo lau kritika Susaren webguneko Kritiken gordailua-n. Baina giharra falta du sistemak: irakurlea.

Euskal literaturak duen irakurle kopurua kontuan hartuta, ezin da esan, beraz, kritika gutxi egiten denik.

Ez dut uste. Ez prentsan behintzat. Dena den, egia da erdi mailako edo erdi bideko kritika desagertu dela; guztiz akademikoa izan gabe guztiz berehalakoa ere ez dena. Egungo euskal eleberriaren historia liburuan erdi mailako kritika hori zaintzen eta indartzen saiatu gara.

Kasu egiten dizuete idazleek kritikarioi?

Nik uste dut ez dudala jada idazleentzat idazten, irakurleentzat baizik, kritikatutako liburua irakurriko dutenentzat. Idazleek kasu egiteko, beste tempus bat behar da, afarien tempus-a, lagunarteko solasaldi pribatuena...

Eta irakurleek?

Ez dut uste. Ez dakit zein den kritikaren eragina, baina ahula delakoan nago. Eta azkenaldian are gehiago ahuldu dela iruditzen zait. Orain ez dute kritika deitzen, prentsa espezializatua baizik. Eta prentsa espezializatuaren irakurketa ahuldu egin da. Euskal literaturak daukana da balio sinbolikoa handia: ez dago naziorik, baina bai literatura bat. Eraketa horretan, literaturari buruzko diskurtsoa mantendu behar da. Komunitate bat lortzerakoan, literatura beharrezkoa da. Hala ere, literaturak baino are balio sinboliko handiagoa dauka hizkuntzak.

XX. mendeko kritikagintzan joera eta eskola asko landu ziren: kritika marxista, kritika estrukturalista, kritika psikologikoa, kritika feminista, harreraren estetika... Zer joera da nagusi gaur egun?

Nik uste dut kritikari guztiok izan dugula krisialdi bat; nik bai behintzat. Une jakin batean, onartu nuen testuarekin bakarrik, ikuspegi immanentearekin, ezin zela erabat aztertu literatur lan bat. Gaur egun, ikerketa kulturalak dira gero eta indar handiagoa dutenak. Ikerketa kulturalak feminismoaren aldetik, literaturaren gizarte prozesua aztertuz eta abar... Euskal literatur kritikagintzan gero eta usuago hitz egiten da postmodernitateaz. Zer da postmodernitatea?

Postmodernitatea euskal kontagintzan liburuan, Peter Zima teorikoaren ideiak azaldu eta aplikatu ditut. Duela lau urte argitaratu zuen liburuan, Zima postmodernitatea zer den eta literaturan nola agertzen den zehazten saiatu zen. Nahiz eta berak ere zalantzak izan, Zimak dio postmodernitatearen ezaugarriak modernitatean ere bazirela, baina orain, postmodernitatean, exageratuta daudela. Balio nagusiak axolagabetasuna eta anti-utopismoa dira. Postmodernitatea bizi gaituen garaia da batez ere, eta baita bizi dugun garaia ere.

Beraz, nahi edo nahi ez, postmodernoak gara?

Postmodernitatea lanpara batekin konparatuko nuke nik. Batzuetan argi gehiago ematen du eta beste batzuetan gutxiago. Demokrazia bigunak dira postmodernitatearen laguntzaileak; horiekin lanparak argi gehiago ematen du. Clinton boterean badago, garai hobea da postmodernitatearentzat, boterean Bush dagoenekoa baino. Bushena bezalako agintaldietan balio nagusi batzuk jartzen baitira mahai gainean. Postmodernitatearen ezaugarri bat da beste balioak onartzeko joera, eta gerra bat pizten denean argi dago balio batzuk ezin direla onartu. Bi eztabaida nagusi daude gaur egun postmodernitateari buruz: batetik, ea modernitatetik banatzen den edo ez; eta, bestetik, ea noiz jaio zen. Batzuek 68ko Maiatzarekin lotzen dute postmodernitatearen jaiotza.

Zuk liburuan diozunez, euskal literaturan berehala agertu ziren aurreneko zantzuak, Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako nobelan, 1969an.

Hemen egia ofizial moduan zabalduta dagoena da Bernardo Atxagaren Obabakoak liburua dela postmodernitatearen lehen agerpena. Liburu horren kasuan argi daude postmodernitatearen zantzuak, Atxagak abangoardiarekin hautsi egin baitzuen. Baina nik uste dut axolagabetasunaren agerpen batzuk eta elementu anti-utopikoak badaudela Saizarbitoriaren Egunero hasten delako nobelan, eta are gehiago Ehun metro-n, nahiz eta abangoardiaren pisua handia izan oraindik obra horietan. Egunero hasten delako-n axolagabetasunaren agerpen batzuk ikusten ditut batik bat; Ehun metro-n elementu anti-utopikoak.

Eta egungo euskal literaturan, zer presentzia du ?

Egungo euskal literaturan badago postmodernitatea, eta badago postmodernitatearen kritika ere. Nik uste dut Saizarbitoriaren Hamaika pauso postmodernitatearen ikuspegitik idatzitako obra dela, eta egile beraren Gorde nazazu lurpean ere bai... Bada Joseba Sarrionandiaren Narrazioak liburuan postmodernitatearen ezaugarriak ikusten dituenik ere. Eta badira oso diskurtso postmodernoak ere, Javi Cillerorena eta Iban Zalduarena adibidez, eta neurri batean Karlos Linazasororena ere bai, edota Jabier Muguruzarena... Horretaz ari nintzela, ikasle batek galdetu zidan behin ea non geratzen den arazo nazionala... Eta arrazoia zuen. Arazo nazionala bizi dugunez, badago postmodernitateari egindako kritika ere.

Postmodernitatearen kritikoek egoeraren onarpenarekin, konformismoarekin, azalkeriarekin eta hutsalkeriarekin lotzen dute maiz postmodenitatea.

Postmodernitatea ez da azalkeria hutsa. Postmodernitateak hausnarketa nagusi bi ekarri ditu: postkolonialismoaren ingurutik, feminismoarena, eta ekologiarena. Bestalde, nik uste dut bereizketa egin behar dela. Batetik, espiritua aztertu behar da; ea axolagabetasunik dagoen edo ez, utopiak nola agertzen diren...; bestetik, ezaugarri formalak daude. Harkaitz Cano aztertuz gero, postmodernitatearen eta axolagabetasunaren inguruko tentsioa nabari da. Postmodernoa izan nahi du baina ez axolagabe. Beste adibide bat: Harkaitz Zubiriren liburuan [Zakur kale], baliabideak postmodernoak dira, baina kritika moderno bat egiteko erabiliak, espiritu moderno bat sortzeko, burgesia kritikatzeko. Kasuz kasu hitz egin daiteke, idazlez idazle, ez baita euskal literatura asko argitaratzen.

Potsmodernitatearen ezaugarrietako bat kanonaren haustura edo erorketa da.

Nik uste dut kanona hausten ari dela. Badirudi kanon hedatua dugula, idazle bakan batzuen inguruan, baina unibertsitateko kanonak oso kontuan hartzen ez dituzten idazle batzuk ari dira ikasleek egiten duten kanonean sartzen. Idurre Alonsok egindako ikerketak argi erakusten du hori. Adibide bi: Fernando Morillo eta Jon Arretxe. Horiek gaurko irakurlegoaren kanonean daude, eta ustez hedatuen dagoen kanoneko idazle batzuk baino gorago. Batetik, literatura jasoaren eta kontsumoko literaturaren arteko muga desagertzen ari da; bestetik, kanona aldatzen ari da, baina ez uste genuen bidetik, eskolan irakurritako liburuen bidetik baizik.







«Sarien funtzioa eztabaidatzea ona da»

J.L.Z.

Donostia

Aurten Euskadi sarien eta Kritika sarien inguruan sortu diren eztabaida eta polemikek bete-betean harrapatu dute Jon Kortazar. Arazorik gabe onartzen ditu bi sarietan izan diren ukoak.

Kritika sarien epaimahaian parte hartzen duzu urtero. Epaimahai horrek nola lan egiten duen ez dakitela salatu dute idazle batzuek. Azalduko duzu zuk?

Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak ematen ditu sariak. Elkarte horretako bazkideek dute botoa emateko aukera. Baina euskaraz dakien bazkide bakarra neu naiz. Legearen arabera, zilegi litzateke, beraz, nik erabakitzea urtero zeintzuk diren liburu sarituak. Baina ez da horrela egiten, ez euskal literaturaren kasuan eta ez besteetan. Bazkide ez diren baina prentsan literaturaz idazten duten adituen iritziak biltzen ditut, botazio bat egiten da, eta emaitza eramaten da elkartera. Euskarazko liburuen arloko aurtengo sariak Anjel Errok, Ibon Egañak, Alvaro Rabellik, Javi Rojok eta bostok erabaki ditugu. Urte batzuetan zazpi lagun ere izan gara. Beste arazo bat ere badago: elkarteak ez du baliabide handirik, eta komunikazio arazoak ditu. Horregatik, irabazleari ez zaio jakinarazten saria irabazi duela, eta prentsaren bidez jakiten du kasurik gehienetan.

Euskarazko poesiaren arloan Koldo Izagirreren Rimmel liburuari hautatu duzue, baina berak uko egin dio sariari.

Niri ondo iruditzen zait. Berak ez badu nahi, ez du nahi. Baina nik ezin nion aurretik deitu Koldori esanez saria ematea erabaki genuela.

Zergatik ez?

Sariak eman aurretik ez delako jakinarazten nortzuk diren irabazleak. Gero prentsaurrekoaren bidez jakinarazten da. Beharbada ez naiz txeratsu portatu, onartzen ditut nire mugak. Baina nik ez ditut euskal idazle guztien telefono zenbakiak, eta ez dago nire zereginen artean irabazleei deitu eta saria irabazi dutela jakinaraztea. Elkartearen baliabide falta da hor arazoa, ez dago beste misteriorik.

Euskadi sarietan epaimahaikide izan zinen iaz. Zer iritzi duzu Utikan Euskadi Sariak manifestuari buruz?

Garai batean egon ziren literatur lehiaketen kontrako iritziak, eta gero baretu egin zen hura. Orain bat-batean Utikan Euskadi Sariak manifestua agertu da. Idazle batek sariketa batean ez parte hartzea erabakitzen duenean, bere arrazoiak ditu eta kito. Baina Euskadi sarietako epaimahaikide izan naizen aldi bakarrean, nik ez dut inolako presiorik jaso eta libre ikusi dut neure burua. Nire botoa eman nuen, askatasun osoz, eta bozketan ez zen nik aukeratutako liburua nagusitu. Sakonean dagoen eztabaida da ea sariek literatur sistema baten barruan zer-nolako funtzioa betetzen duten, eta sarien funtzioa eztabaidatzea ona da. Hala ere, manifestuak finezia eta sakontasun handiagoa izatea espero nuen.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta