Idazleak - Jon Gerediaga Goitia - Laginak - Harria osatzeko

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Gerediaga Goitia > Laginak

Poesia

Harria osatzeko |

Hauxe da arrazoia:
harria osatzeko idazten dut
eta idatziko dizut
itolarrian, ur azpian kanabera bezala
txikitako komikietan bezala
inoiz ez bezala
gaur altzarietako aurpegietan irribarreak atontzen
aurkituko nauzu erdi hustuta
zotzekin, lastoekin, klarionez, edonola
egunkarietan
zapalduen sutondoen errautsetan sua sua
behin-betiko harri bihurturik gera ez nadin
harri urdina
ahozuloan putzu bat duena
betiko harri gogor harri hotz harri hormatua
betazalen kilimek ere iratzartzen ez duten harri hutsa
ezta inoren musuek, ezta tximeletek, ezta ziklopeek ere
betiko geldi eta zutik dagoen harria
hustuta, nekatuta, akituta
garrasi bat eztarrian tinkaturik duen harri geldia
garrasi isildua gurutzaturik eztarrian
arrain-hezurra bezala
garrasi izoztu bat ahoan
elur urtua ahozuloan
harrizko heriotz honetatik ihes egiteko idazten dut
eta idatziko dizut
eta gainera agian hau guztia gezurra delako
eta agian ez delako beti horren mingarria izan harri izatea
(hobe harri izatea harrizkoa baino)
ez delako betiko horren goibela izango euria harri bustian
euri ilun eta geldoa euria
eta laster, auskalo, poza sentituko dugulako berriro ere
ordubete barru, edo arinago
gero
zuk eta nik
agian, ez dakit, ardo gabe ere
lor genezakeen bizi poza sentitzea gero
elkarrekin aspertu eta barre egin, edo ez
baina elkarrekin bero, gero gero bai
besarkada harrizkoan
txikitako komikietan bezala
ur azpian kanabera bezala
aurpegiak han eta hemen, irribarretsu
behintzat harriaren garaipen geldo baina irmoa moteltzeko
idazten dut
heriotz hau guztia osatzeko
idatziko dizut
gure harrietako putzuetatik edan dezagun
esango dizut, esaterako
gero
oi gero gero
gero gero bai
edo bihar Debara goaz
bihar eguraldi hobea dator
edo agian ez
baina bihar hau eta bihar bestea
eta halako aldarte ameslarian
zentauroaren hegaldi batean etzi
etzi ere bai esango dut
etzi hau eta bestea
etzi ere ez etsi
eutsi etzi ere bai
euri erauntsi geldo eta ilun
eta geldo hauek
nola estimatzen genituen gogoratzeko behintzat
baina behin eta berriro nire baitan euria
ur putzuak nire harriaren harrizko hutsuneetan
bihotz busti eta astun hau lehortzeko, dilatatzeko
harrizko heriotz irmo hau apurtzeko
esango dizut: gero
oi gero gero
eta bihar eta etzi eta hamar eta hogei urte barru
eta maitasunezko beste hainbat hitz eder eta urrun
eta gaur ezinezkoegi
komiki polit bat marraztuko dut nire atzamarrarekin
haragizko gezi batekin marraztuko dut
helduontzat komiki bat, aurpegi irribarretsu bat
zapalduen sutondoen errautsetan
eta altzarietan eta hormetan
aurpegi alaiak bilatuko ditut edonola
itolarrian, ur azpian azukre-kanabera bezala
zure betazalek zure tximeletek
zure musuek zure ziklopeek
materia gormutua iratzar dezaten
nire likenak laztandu ditzaten
desizoztu daitezen bihotzaren garretan
harrion garrasiak
uholde nagusiaren erdian
nire garrasi hormatu eta isila
lurra lurra
zure sabela defendatzeko egina
zure sabela maitatzeko sortua
senti dezagun berriro bizitzaren sugarra
ai bizitzaren sugar hutsa
eta zure sabelaren besarkada gero
zure sabelaren beroa gero
nire azaleko putzuak lurruntzen
nire azaleko likenak laztantzen
oi gero gero
gero gero bai
eta bihar eta etzi eta beti
eta orain
harrizko besarkadan.


2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta