Idazleak - Jon Arretxe Perez - Laginak - Zazpi Kolore

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Arretxe Perez > Laginak

Narratiba

2000 Zazpi Kolore | Elkar

HAREA ETA BELARRA
Iluntzeko otoitzaldia amaitutakoan, A1i zaharra hareatzan jesarri zen eta gainerako guztiok, oasiko zaindari Ahmed eta ni tartean geundela, beste horrenbeste egin genuen, denon artean zirkulua osatuz. Gu salbu, denak kamioilariak ziren, gaua pasatzeko Saharako oasi galdu hartan babesa bilatu zuten kamioilariak, bakarda-dearen beldurrez, basamartuko izpirituen beldurrez.

Sua piztu zuten eta afalordurako kuz-kuza egosteko ura berotzen ipini. Dunen ostean ezkutatu berria zen eguzkiaren azken zantzuak pixkanaka ezabatuz joan ziren zerutik eta zeharo ilundu zuen berehala.

Alik, orduan, bere gauzen artetik te-ontzia atera, urez eta belarrez hornitu eta sute txikiaren bazter baten berotzen ipini zuen, inork urratu nahi ez zuen isiltasun giroan.

-Egunen baten -ausartu zen esaten azkenean kamioilari haietako bat--, diru nahikoa aurreratzen dudanean, bizimodu neketsu honi utzi, emaztegai ona bilatu eta familia bat osatuko dut hirian. Alak nahi badu.

Isiltasuna nagusitu zen berriz ere, eta sutara begira egon ginen aldi batez. Minutu batzuk pasatu arte ez zen beste ahotsik aditu:
Nik ere egunen baten -esan zuen denen artean gazteena zirudienak- utzi egingo diot bizimodu honi. Baina ni ez naiz herrialde honetan geratuko; hemendik urrun joango naiz ni, Europara. Esan didatenez, han ez dago hemengo eskasiarik, diru asko irabaz daiteke lan apur bat eginez, eta gainera Afrikan baino askoz errazagoa ei da emaztea bilatzea.

Jarraian, gizon haiek denek euren helburu eta desioak adierazi zituzten banan-banan, patxadatsu, esperantzatsu. Ia kamioilari guztiek hitz egin zuten; bat falta zen, ordea: Ali, eta haren hitzen zain geratu ginen.

Agureak orduan, denboraren poderioz ondo ikasitako zeremoniaren pausoei jarraituz, te-ontzia sutatik kendu eta bertako likidoa azukrez hornitutako edalontzira isuri zuen; gero edalontzitik te-ontzira. te-ontzitik edalontzira... eta bien bitartean berba egiten hasi zen: -Te-ontzi zahar honen zulo handitik sekulako dirutza sartu dut apurka-apurka nire bizitzan -esan zuen-, eta apurka-apurka joan da, halaber, muturreko zulo txikitik. Antzeko zerbait gertatu da nire ilusio eta egitasmoekin ere. Dena dela -, suertatu zaidan lekuan bizi izanda zoriontsua izan naizela esan dezaket.

Ez zuen inork besterik esan. Lehenengo kikarakada edan genuen; baita bigarrena eta hirugarrena ere, eta tea dastatzeaz batera Lairen hitzak hausnartu genituen.
Kuz-kuza prest egon zenean denon artean partitu zen. Isilik afaldu genuen eta amaitutakoan nor bere bidetik joan zen gaua pasatzera; gehienak kamioetara, Ahmed eta biok oasi hartako eraikin bakarrera, basazko lau hormaz eta autobus hondatu baten sabaiaz osatutako etxolara.

Ate txikiaren aurrera heldu ginenean, burua makurtu eta barrura sartzekoa egin nuen, baina Ahmedek, ustekabean, besotik oratu eta atzetik jarraitzeko keinua egin zidan.

-Etorri, gauza bat erakutsi nahi dizut eta -esan zuen isilpean,
Etxolaren osteko aldera eraman ninduen, ur putzuaren ingurura. Han, kanaberazko hesi batez mugatutako barruti txiki bati plastikozko estalkia kendu eta "begiratu" esan zidan,ilusioa adierazten zuen ahoskeraz.

Jendearen ikusmenetik ezkutatutako lur-sail ņimiņo hura ureztatuta eta landuta zegoela igartzen zen_ eta ernetzen hasitako belar batzuen puntak ageri ziren.
-Lehen jende aurrean ez dut ezer aipatu --esan zuen bazter galdu haztako bakardadean asteak, hilak eta urteak emandako gazte herabetiak--, baina hemen egunen baten ortu oparoa egongo da, lehenengoz txikia, gero handiagoa: oasiko uraren eta Alaren laguntzaz barazki ederrak sortuko dira, batu eta saldu egingo ditut, eta irabazten dudan diruarekin, nik ere...


ZETAREN FEREKA

Itxura zoragarria ematen zioten emakume gazte hari jantzita zeuzkan apaingarri ugariek. Behatzetako eraztunek, orkatilako eta eskuturreko distiratsuek, belarritakoek, sudurreko arrakadak, bekokiko puntu gorriak, sari koloretsuak... argitasuna eransten zioten haren irudi lirainari. Haren aurpegierak, ordea, iluntasuna erakusten zuen, etsipena, frustrazioa.

Euri zaparradatik babesteko toki bila Gangotrirako errepidearen ertzean kokatutako te-etxe txiki hartan sartu nintzenean, tabernariak eta bezeroek, denak gizonezkoak, harrera beroa egin zidaten, baina emakume gazteak begiratu ere ez zidan egin. Denengandik aldendurik zegoen, txoko baten jesarrita, bakarrik eta burumakur.

"Indiako emakumeok ez dugu ez ahotsik ez iritzirik" esana zidan isilpean, inguruko inork entzungo: ote zion beldurrez, Rishikeshen ezagutu nuen atso alargun batek; "suertatzen zaigun senarraren aginduetara ibiltzen behartuta gaude bizitza osoan, ezer egiteko ekimenik gabe, ezer aldatu edo hobetzeko esperantzarik gabe".

Salmahaiaren aldamenean berriketaldi alaian ziharduten gizonengandik pixka bat aparte jesarrita, te katilu-kadari zurrut eginez noizbehinka, txokoko emakume isilaren bizimodua imajinatzen saiatu nintzen. Zein ote zen haren eguneroko zeregina? Basoan belarra batzea, bidean ikusitako beste neska eta andre askoren antzera? Etxea txukundu eta seme-alabak jagotea? Senarraren apetak betetzea? Jo egiten ote zuen beronek? Zoriontsua ote zen? Zer helburu ote zeukan bizitzan? Zerk ematen ote zion adorea bizirik irauteko? Balizko hurrengo bizitza hobe batek agian?
Hamaika galdera, erantzun samingarria zeukatenak seguruenik. Errukia sentiarazi zidan emakume haren keinu etsiak, eta munduko bazter gehienetan andrazko gehienak egoera berdintsuan bizi direla bururatu zitzaidan. Orduan gogo itzela sumatu nuen pertsona hari nolabaiteko kontsolamendua eskaintzeko, harekin hitz egiteko, haren begirada jasotzeko sikeran, eta, pentsamenduaz, burua altxa eta irribarre egin ziezadan eskatu nion.

Ez zen, baina, horretarako abagunerik izan. Luze barik, autobus bat geratu zen te-etxearen parean, Ganga ibaiaren iturburu santurantz erromesez eta zamaz gainezka zihoan autobus zaharra. Salmahai alboko solaskide taldea desegin egin zen berehala eta gizon haietako batek, aurpegiko keinu adeitsua alda-tuz, oihu zakarra egin zion txoko iluneko emakume gazteari. Berau aulkitik altxatu eta, senarra bide zuen haren agindua zintzo betez, kalerantz abiatu zen.

Te-etxea zeharkatzeko egin zuen ibilaldi laburrean ez zen ausartu begirada lurretik jasotzen: ez zuen tutik ere esan eta, segundo urri haietan nire belarriek aditu zuten gauza bakarra, haren zilarrezko orkatilakoen kriskitinen dardarak eragindako tintin hotsa izan zen.

Ezin izan nuen, ordea, emakumearen ahotsik, keinurik edo irribarrerik jaso eta, besterik ezean, nire albotik igarotzean sari-aren zeta leunaz egin zidan ferekarekin konformatu behar izan nuen. hotzikara sentiarazi eta azala pinportu zidan fereka xumearekin.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta