Idazleak - Jon Arretxe Perez - Hemeroteka - “Libururako pertsonaiak bikainak ikusi ditut errealitatean"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Arretxe Perez > Hemeroteka

Elkar

2008-10 “Libururako pertsonaiak bikainak ikusi ditut errealitatean" | Elkar

Bidai liburu beltzak delako etiketa asmatu du Jon Arretxek (Basauri, 1963) bere azken liburuak izendatzeko, berak sorturiko generoa, nolabait ere, bidaiazaletasuna eta polizi eleberriak uztartzetik sorturikoa. Atera berri duen Fatum nobelaz galdetu, eta fadoa nahiz patua nahasten diren hiriaz hitz egin digu.

Iaz Morto Vivace atera zenuen, Parisen girotutako polizi eleberria, eta orain Fatum dakarzu, Lisboan kokatzen dena...
Iazkoa proba bat izan zen, eta esperientziarekin gustura geratu nintzenez, bide beretik jarraitzea erabaki dut. Fatumekin are gusturago geratu naizenez, era honetako nobela gehiago etorriko dira, atzerriko hirietan kokatutakoak. Eta gero eta urrunago joko dudala uste dut. Agian “bidai nobela beltzak” deitu litezkeenak idazten amaituko dut.

Gainera, aurrekoan bezala, nabari da ondo ezagutzen dituzula hango bazterrak; nolakoa izan da dokumentazio-lana?
Lehendik ere ezagutzen eta estimatzen nuen Lisboa, eta aurten hiru aldiz egon naiz han, guztira hilabete inguru. Murgiltze-prozesua izan da. Nire burua behartu dut hiriari arretaz erreparatzen, zentzumenak zorrotz. Auzo zaharrak zeharkatzen dituzten tranbietan mila bidaia egin ditut, edozein errebueltaren ondoren sor litekeen ustekabearen zain; gauez asko ibili naiz Alfamako fado-etxeetan, Bairro Altoko tabernetan, Anjos-Intendenteko prostituzio eta droga-guneetan…; Mouraria auzo marjinal eta hondatuaren ondoan ostatatu naiz eta balkoitik aztertu dut prostituta, jonki eta arloteen portaera… Libururako pertsonaia bikainak izan zitezkeenak ikusi ditut errealitatean, kokaguneak ere bai eta, Lisboa oso hiri literarioa denez, erraz atera zaizkit ideiak Fatum-eko trama sortzeko.

Turistak-eta ibiltzen diren leku ikusgarriak, eta horien ondoan bazterreko auzoak, hirien alde itsusia edo…
Lisboaren kasuan oso hurbil daude batzuk eta besteak, ze ez da hiri handiegia. Parisen, esaterako, erdialde dotoretik kilometro askotara daude auzo marjinalak, baina Lisboa bestelakoa da. Han erdialdeko auzo zahar batzuk (Alfama, Bairro Alto…) berez nahiko turistikoak dira, nahiz eta bertako biztanleen bizi maila lar altua ez izan. Auzo horiek bisitari asko erakartzen dituzte, arrazoi asko direla eta: egitura gorabeheratsu bitxia, eraikinen edertasuna, funikularrak eta begiratokiak, kaleko giroa, fado-etxeak… Horietatik aparte, oso hurbil dauden beste auzo marjinalago eta ezezagunago batzuk ere sartu ditut Fatum-en, batez ere Anjos-Intendente eta Mouraria. Hauek ez dira batere turistikoak, atzerritar txiroz gainezka daude, eta gizarte arazo oso larriak dauzkate.


Fado kantari eta polizia ohia

Aurreko nobelaren aldean honen berezitasun bat protagonista izan daiteke, Mario Barbosa delakoa. Nolakoa da Barbosa, nola eraiki duzu haren nortasuna?
Mario Barbosa poliziatik bota zuten ustelkeriagatik, eta Mouraria auzoko pisu hondatu baten irauten du bizirik nola edo hala, cachaça-botila lagun. Euro urri batzuen truke fadoak kantatzen ditu gauetan Alfamako jatetxe baten, txiroa baina duina da, oso sentibera, maiteminkorra… Emakumeak idealizatuta ditu, oso ondo zaintzen ditu… baina egun baten bere azken amodioa hiltzen dute: prostituta nagusi samar bat, eta hor abiatzen da trama.
Alfamako fado-etxe baten ezagutu nuen “pertsonaia” hori, kasualitatez. Han afaltzen nengoela “O cavalo russo” kantatu zuen gizon txiki eta lotsati batek, eta berarekin enamoratu nintzen ia. Fado hori ez da politenetakoa, kantaria ez da lar ona, baina gizonaren keinuak, itxura fisikoa, sentimendu jarioa… ikusi nituenean, “hauxe izango da nire liburuko pertsonaia nagusia” pentsatu nuen. Pertsonaiari izena ipintzerakoan mila aukera pasatu zitzaizkidan burutik, zalantza handiak izan nituen, eta azkenean Mario deitzea erabaki nuen. Lisboara beste bidaiatxo bat egin eta haren fado-etxera itzuli nintzenean “O cavalo russo” kantatzeko eskatu nion, gero bere izenaz galdetu nion gizonari eta zein zen? Bada Mario!

Polita kasualitatea! Eta, gaiarekin segituz, eleberriak soinu-bandarik izatekotan, fadoarena litzateke, ezta?
Nik eleberri hau pelikula bihurtuta imajinatzen dut, nahiko zinematografikoa dela uste dut. Horrela liburuko pertsonaia nagusietako bat ikusiko litzateke, Lisboa bera, eta soinu-banda, jakina, fadoena izango litzateke. “Fado” hitza fatum-etik dator, patua da, eta pertsonaia nagusia, Mario Barbosa, konbentzituta dago patuaren kontra ezin dela ezer egin. Hori dela eta, ezin egokiagoa litzateke fadoen musika istorio hau girotzeko. Irakurleari ere gomendatuko nioke liburua irakurtzen hasi aurretik halako kantu batzuk aditzeko, eleberrian zehar aipatzen direnak, adibidez.

Eta zu zeu, fadozalea zara? Fadoak aditu dituzu liburua idatzi bitartean?
Oso musikazalea naiz, orokorrean, eta fadozalea ere bai. Liburu honetan pentsatu aurretik fado musika askotxo neukan entzunda eta erosita, eta sarritan joanda nengoen horrelako kontzertuetara, Portugalen nahiz etxean. Fatum idazten eman nuen egunetan, lanari ekin aurretik, askotan Amalia Rodriguesen “Uma lagrima” entzuten nuen, fado zoragarria letra nahiz musika aldetik. Eta lanean nengoela, nondik jo argi ikusi ezik, atsedenaldia hartu eta Carlos do Carmoren kantuak ipintzen nituen, edo Dulce Pontesenak, edo beste fadistaren batenak. Asko lagundu dit doinu eta letra horiek hausnartzeak, pertsonaien barruan sartu eta euren jokabidea hobeto ulertu nahiz garatzeko, batez ere Mario Barbosarena.

Zer izan da lehenengo liburua sortzeko: pertsonaiak, ala argumentua?
Ia aldi berean joan dira gauzak. Tranbietan eta kalean ibiliz, libururako kokaguneak nahiz pertsonaiak izan litezkeenak jotzen nituen begiz, eta sarritan pertsona horiek egiten zutena aprobetxatzen nuen liburuan sartzeko: tranbietan maiz “lanean” ikusten nituen karteristak, ingelesezko arengak botatzen zituen arlote galtzerdi gorriduna, etxeko bataz jantzita ibiltzen zen beste arlote rasta, ile hori distiratsuko prostituta errumaniar zaharra, kotxedunei aparkatzen lagundu nahi zien jonki gaixoa… Horiek denak liburuko pertsonaia bihurtu nituen. Eta tranbia-gidari emakumezko bat ere bai, eta zezen-plazan ibiltzen zen torero-ordezkari bat ere bai…

Paris eta Lisboaren ostean, baduzu beste hiriren bat begiz jota, halako nobela poliziako berri bat egiteko?
Hiri asko dauzkat begiz jota, agian gehiegi: Praga, Istanbul… Eta egunen baten beste apustu bat egin nahi nuke eta nobela beltza Afrikako edo Ekialde Urruneko hiriren baten kokatu, agian Casablancan, edo Bamakon, edo Varanasin... Esperimentu polita izan liteke, baina ondo hausnartu nahi dut hau dena, ze bestelako liburuak ere idatzi nahi ditut eta bizitza laburregia da horrenbeste proiektu gauzatzeko. Hori da gure patua.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta