Idazleak - Jon Alonso Fourcade - Hemeroteka - Praktikoa

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Alonso Fourcade > Hemeroteka

Susa

2007-10-27 Praktikoa | Aritz Galarraga

Astrolabioa / Jon Alonso / Pamiela, 2007

Praktikoa Aritz Galarraga / Gara, 2007-10-27

Izar, planeta eta astroen kokagunea zeruan zehazteko erabiltzen zuten garai bateko itsasgizonek astrolabioa. Itsastatzean latitudeak eta orduak kalkulatzeko baliatzen zen, espazioan kokatu ahal izateko, azken batean. Jon Alonsok osatu duen Astrolabioa honek, era berean, “literaturaren itsasoan nabigatzeko ezinbestekoak diren erreferentziak atzemateko” saiakerak bildu ditu, artikulu gisa. Lau, zehatz esanda, askotariko gaiak hunkitu arren haien artean nola-halako harremana dutenak: batetik bestera eramaten zaituzten hariak daude eta, oro har, literatur ofizioaz, literatur sistemaz ari dira. Eta, garrantzitsua dena oso, Jon Alonso beraren idazle eta itzultzaile esperientzia zabala dute oinarrian.

‘Ferdydurkeren asimilazio zatikako bat’ idazpuruak pista ugari eskaintzen dizkigu lehenengo artikuluaren nondik norakoez. Witold Gombrowicz idazle poloniarraren lan garrantzitsuenetakoa da Ferdydurke, eta lan horren harira Alonsok egindako asimilazio partikularra da liburua irekitzen duen testua. Gombrowiczen ekarpena asimilatu ez denaren premisatik abiatuta, hau da, euskal idazleen literatur lanetan poloniarraren oihartzun handirik sumatzen ez denaren konbentzimenduaz, hurbilketa posible bat eskaini da hemen, “euskararen kontzientzia-mailan txertatzeko asmoz”. Langintza horretarako aipatutako liburuko ‘Filifor umez forratua (Hitzaurrea)’ kapitulua aukeratu da. Eta Alonsok egin duen zatikako analisi horretan gai ugari ukitu dira, baina mezu nagusi bat uzten du artikuluak oroz gain: “ireki zuen buruak forma guztietara, ezagun zein oraindik ezezagunetara”.

Bigarren artikuluak ‘Cortazar Gombrowiczen negatiboa den aldetik’ du izena eta bertan aipatzen direnen artean Cortazarren lana poloniarrarenaren osagarri litzatekeen ideia eta argentinar idazleak bere egiten duela Gombrowiczen aldarri estetikoa (formaren tiraniatik askatzea), zentzu etikoaz haratago jartzeko: Rayuela nobela ezaguneko pasarte ezagun batekin azaldu digu Alonsok ideia hori, erakusten baitigu, adibidez (eta Gombrowiczek egin zuenaren aurka), zer gertatzen den autoreak eta interpreteak ezezagun direnean.

‘Itzultzailearen oharrak’ hirugarrenean, itzulpengintzari eta euskal itzulpengintzari buruzko hainbat korapilo askatzen saiatu da Alonso, edo eztabaidagaiak zabaltzen gutxienik: euskararen mugak itzultzeko orduan (Cortazar beste behin adibidetzat hartuta), itzulpengintza beraren mugak, bai eta itzultzaile lanetik ondorioztatutako hausnarketa literarioak ere (argigarria intentsitatearen inguruko ideia, Calvinorekin ilustratua).

Gainontzeko hirurengandik akaso aldenduen den azken artikuluan (‘Tropelaren banitate zauritua’), euskal literaturaren mundutxoan tropeleko belaunaldiaz ezagutzen denaz hitz egiten da, ia aipatu gabe hitz egin ere. Izan ere, italiar literaturaren (baita beste arteen ere) azken 70 urteetako errepasoa eginez, gure literaturarekiko paralelismo zantzu batzuk argitzen dizkigu testuak. Irakurleak osatu beharko du artikulua, Italiakoa gurera ekarriz.

Astrolabioa-ren meriturik handiena, akaso, irekitzen dituen eztabaida bideez aparte, praktikatik abiatutako esperientziak azaltzearena da, praktikatik abiatutako teoria egitea (hori, teoria bera, hausnarketa eta eraldaketa ariketa den neurrian, egintza praktikotzat hartzen ez duenarentzat). Adibide praktikoak ugariak dira horregatik, Cortazarrek asmatu zuen hizkuntza giglikoa itzultzeko saiakerak, esaterako, eta ideiak argitzen laguntzeaz gainera, erakusten digute egostean hartzen zaiola ongien saldari tamaina.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta