Idazleak - Jon Alonso Fourcade - Hemeroteka - Eta euri berdea?

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Alonso Fourcade > Hemeroteka

Gara

2003-10-08 Eta euri berdea? | Asier Sarasola

Idazle batek, Hodei Berdeak izeneko proiektuarekin, literatur sorkuntzarako jaso edo irabazten diren beka bat jaso edo irabazi du. Argitaletxeari ezer bidali aurretik, diru-saria lagun, alde egitea erabaki du. Idazle horrek badu lehengusu zintzo eta historialari bat, zeinak nobela zirriborroa aurkitu eta editore jaunari bidaliko dion gaineratzea egoki iritzitako bere ohar eta xehetasunekin. Arestiko honek eta Hodei Berdeak izeneko eleberriaren proiektuak berak osatzen dute Jon Alonsoren azken eleberria. Horrela, 60ko hamarkada letra larrietarako bezalakoan girotuta, Iruñean, Beatlesek, CIAk, Gimondik, Sanferminek edota euskal abertzaleen artean egondako jirek eta tirak edo birek orriotan egiten dute aurrera.

Aurrera edo. Izan ere, eleberriaren kontatzeko moduan, aipatu Hodei Berdeak proiektua eta lehengusuaren gutuna tartekatzeaz gain, atzera eta aurrera jauziak etengabeak dira: pertsonaiak aurkezterakoan bere oroitzapenen erabileran, harira lotutako kanpoko elementuetan; guardia zibilek betetako txosten bat edo Benedettiren olerki baten atalak nolabait borobilean idaztean; hasieran eta bukaeran ahapaldiak edo testuen egitura errepikatuz, narratzaileak irakurlearekin ezartzen duen harreman zuzen ezagunean; liburuaren hariak zer ekar dezakeen iragarriz edo garrantzirik izanen ez duten kontuak aipatuz, narrazioaren haritik erraz eta sarri irteten, eta eleberrian, aurrerago, horretaz aipamenak eginez, eta abar.

Ikuspegi anitzak erabiltzen ditu lehenengo pertsonarako, ez dago protagonista bakar eta nagusirik, liburua bera baizik. Bestela, nagusitzat joko genituzkeenak, erabat daude idazlearen asmopean. Doinu ironikoaren distantziaz hitz egiten du pertsonaiez, inori maitasun berezirik erakutsi gabe. Guztiak dira errudun bizi duten garaian. Eta garaia, esan bezala, gaur bizi ditugun miseria askoren hariak erein zireneko huraxe da; baita fruitu goxoena ere, noski. Baina, Alonsoren eleberrian, kontu hartze zerbait badago eta kritiko agertzen da, askotan euskal abertzalegoan nabari izan eta nabari diren hainbat portaera elezurirekin. Historialariaren kontua garrantzitsua da hemen; hori baitu aitzakia, garaiko hainbat izen ezagun erabiltzeko, izan diren eta izango diren satorlanen susmoei zantzu apurren bat hartzeko.

Eleberrian, bi zati bereiz daitezkeenez, batari zein besteari estilo ezberdinak dagozkie. Hodei Berdeak proiektuan idazmoldea landuagoa da, ederra bilatuz, jasoagoa, ordea, Alonsoren umorez nahita gehiegi jasoagoa. Zenbaitzuetan, zine edo eleberri beltzetik gertu dagoen estiloan. Bestalde, lehengusuaren zatian, etorria da nabarmentzekoa. Esaldi luzeak, komak eta komak, testua eskailera bat bihurtzen dutenak, zuzenago idatziz eta, etorriaz ari garenez, errazena hariari joaten uztea da, hainbeste datu, ohar eta xehetasun buruan dituen pertsonaia ederki irudikatuz.

Umorea agertu denez, aitortu barre egin izana irakurtzerakoan. Osagarri ezinbestekoa iruindarrarentzat. Edozein unetan ager daiteke; pertsonaia baten izenean adibidez, hipodromo bateko lasterketa surrealistan edo Paristik datorren artista nor den aditzera ematen zaigunean berriz.

Eta edertasuna; metaforek sor dezaketen liluraz jakitun, azkenerako lagatzen du alerik ederrena; gerezi tantazko euritan lehertuko diren hodei berdeak, etorkizunak, esandako hazietatik dakarren uzta irudikatuz, garai berriei dei eginez bezala, itxaropena.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta