Idazleak - Jon Alonso Fourcade - Hemeroteka - Esan beharrekoa edukitzea

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Alonso Fourcade > Hemeroteka

Deia

2003-07-29 Esan beharrekoa edukitzea | Igor Estankona

Aspaldian ezer jan barik egon denaren betezinarekin irakurri dut “Hodei berdeak”.

Joseba Jaka bekarekin zer egin ere ez zekien Jon Alonsori ideiak arrapaladan etortzen ei zitzaizkion. Nafarroako oraingo abertzaletasunaren aurrekariei buruz zeozer idatzi nahi bai, baina zelan ordenatu buruan borborka zebilkion guztia? Bada, bejondeiola, liburu nahasi bezain zirraragarria idaztea lortu du eta. Dena da esaldi luzea, dena izen-abizena, dena mosaiko koloretsua. Eta daukan konplexutasuna ez dago gozamenarekin lehian. Konplexutasun hori aberastasunaren seinalea baino ez da.

Hirurogeigarren hamarkadaren azkeneratz indarreko politika monolitikotik aparte zebilenaren sentipena horixe izango zen beharbada, apurtutako ispilu bat berregitea egokitu zitzaiola. Iruindarraren beste nobela baten titulua, “Katebegi galdua”, egokia litzateke honako honentzat ere, Gerra Zibilak mila zati egindako abertzaletasunaren gar ahula ahalik eta modu duinenean mantendu zuen belaunaldiari eskaintzen baitio pasarte bat baino gehiago. Borroka armatuaren eta diktaduraren arteko talka ozenak estalitako beste errealitate baten kronika da “Hodei berdeak”. Nahiaren eta ezinaren Iruñean aurrera egiteko hainbeste ahalegin xahutu zutenen erradiografia posible bat agertarazten digu, beraz. Pare bat gezur agerian uzteko eta irakurtaldi estimagaitza eskaintzeko gai bada behintzat. Bistan da liburuak erostea ez dela derrigorra, hala balitz nobela honek kategoria hori izan behar luke.

Konparazioak bidezkoak ez diren arren, idazkerak Saramagoren paragrafo luzeak eta ideia kiribilduak dakartza gogora. Sukarrak jota balego bezala hitz egiten digu batzutan Jon Alonsok, gai baten eta bestearen artean dagoen distantzia laburtuz, narrazio bat baino areago elkarrizketa baten transkripzio fidela irakurtzen egongo bagina bezala sentiaraziz.

Gertuko historiari soziologiaren ikuspuntutik (inoiz kazetaritzaren gertutasunetik) heldu dio Jon Alonsok, gertakariei lekua eta protagonistei izen-abizenak jartzen ausartuz.

Datuen zehaztasunarekin fikzioaren eta errealitatearen marra lausoa ezabatzea, ahaztu araztea, lortzen du, eta ezinbestean historia ofizialak osatu duen bertsioa bezain zilegi bihurtzen ditu bestelako irakurketak ere. Gainera ukaezina da nafar gizartearen zati handi batek oraindik oso present dituen balentria handi zein txikiok izan zirela, handik eta hemendik ezkutatu arren, nozbait burutuko den loraldiaren hastapena.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta