Idazleak - Joan Mari Irigoien Aranberri - Laginak - Poliedroaren hostoak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joan Mari Irigoien Aranberri > Laginak

Narratiba

1989 Poliedroaren hostoak | Erein

Ilunabarra iragan berria zen. Zerumugan etzanda zirudien ilargiari begira zegoen Martzelina. Ilbetea zen. Aitaren egin zuen, eta salbea errezatzen hasi. Urrutira ume batzuen silueta ebakorrek ilargiaren biribiltasuna zulatu zuten. Salbearen kontua galdu eta, oharkabean, ilargiarekin batera, ematasun betea somatu zuen bere forma zehatzik gabeko erraietan. Leihoa zabaldu zuen. Lur lurrina zerion jadanik aurreratzen ari zen gauari. Lera bat zeramaten haurrek, adarrez josia. Ume ahots batek zerua zeharkatu zuen, atzetik beste hamaika itsasten zitzaizkiola. Kantaren oihartzun ilunkara Martzelinaren belarrietara iritsi zen:

"San Juan heldu da,
sorgin begia galdu da,
galdu bada galdu bedi,
sekulan agertu ez baledi"


Adarrak egur meta batera bildu eta su eman zioten umeek. Jarraian ia, sugarrek barnea erre ziotela imajinatu eta beste behin eraman zituen eskuak sabelera Martzelinak.

Begiak hertsirik, irudimeneko pantaila aldakorrean ematasunaren labeko sugarrak ikusi zituen, bere lurrezko altzoa moldatzen, moldatzen eta sendotzen.
Begiak irekita, so egin zion sabelari. Urak su hartutako lekuan, uhin uher berean zamalkaturik, beldur eta zorion sentimendu nahasiak somatu zituen. Geroxeago, ur-ikararen lehenengo zirrara baretu ahala, bere gorputzeko ur-hondo gardenean, garbi irakur zezakeen idatzia zuèn sentikizun bakarra: zoriona. Zorion berbera izateko unea zirudien hark. Baina ez zen erabat zoriontsu sentitu. Une berean bihotzari behatu ziolako, agian. Maitasun asegaitzaren egarria korapilatu zitzaion bihotzeko eztarrian. Edota eztarriko bihotzean. Ez zekien.

-Maite zaitut! -esan zuen bat-batean, besoak luzatuz, besoak bilduz.
Hutsa besarkatu zuen alabaina.

Leihoa zabalik utzita, sukaldetik gelara korrika irten eta ohean etzan zen ahuspez.

-Maite zaitut, maite! -esan zion etsi-etsian, eta, izarak eta burusiak estutzen zituen bitartean, begiak ostera hertsi eta arestian somatutako hutsa itxuraldatzen hasi zitzaion burmuinetako pantailan: gizon baten tankera hartu zuen.

-Zu zinen, Robustiano -esan zion Martzelinak, zerraldoaren barnetik hatz-hezurrez gurutzea estutzen zuela-. Handik urtebetera ezkondu ginen: oroitzen zarea?

-Bai -ihardetsi zion honek, eskuineko hatz erakusleaz katabuteko beheko egurra atzaparkatzen zuela-. Eta betiko maitasuna zin egin genion elkarri.

-Eliz Ama Santuak agintzen zuen bezala.



San Juan egun hartan, eguzkia irten aurretik jaiki zen Martzelina. Pozez zegoen, pozez gainezka, eta etxetik irten zenean, zalu-zalu abiatu zen arkaziek inguratzen zuten galsorora. Bide erdian fruturik ematen ez zuen muxikondoa ikusi zuen. Aldamenetik harria hartu eta bi adarren arteko elkargunean egokitu zuen.

-Gaur guztiok piztuko zaituzte lurrak! Guztiok piztuko gaitu! -oihukatu zion muxikondoari.

Aurrera egin zuen, jauzika, galsorora heldu arte. Jazkiak erantzi zituen, antsiaz, presaka. Biluzik zegoen. Eskunabez bere sabel biribila laztandu zuen. Ihinztatua zegoen lurra, ihintz xortak galbizarretatik zintzilik. Kunderrak bailiran, mila misteriotako errosario zuriskak osatzen zituztela bururatu zitzaion Martzelinari. Bere sabel biribilaren barne-ildoetako oihartzun lurkarei adi, ihintz garbitzailearen mintzoa entzun ahal izan zuen, letania luze bilakaturik, amodiozko xuxurla: Mater inmaculata, ora pro nobis. Maite zaitut, bai, Ama Lur garbia. Causa nostrae laetitiae, ora pro nobis. Lurra besarkatu zuen amoltsuki, pasioz. Gorputzari endredatzen zitzaizkion gariak usaindu zituen barru-barrutik eta, zergatik jakin gabe, Robustianoren azal garitsua usaintzen ari zela ohartu zen. Baina zergatik ez zekien arren, ziur zegoen horretaz. Eta sudurretik behera amildu zen usain zorrotzak sabela zulatu zion. "Maite zaitut.", esan zion gariak, eguzkitik hasperenka. Eta hitz haiek entzun ahala, lurra birsortzen somatu zuen Martzelinak bere baitan: lur berritua, galburuetako orraziek xamurki goldatua.

-Bai. Eta handik hiruzpalau hilabetera, zuk landutako baratza emankorrean sartu nintzen eta udazkena udaberri bihurtu zen. -mintzatu zitzaion Robustiano hilkutxatik.

-Eta handik aurrera, ilargitik zetorkidan eta lau astetan behin zeharkatzen ninduen ibai gorri lohiak ez zuen nire gorputzik kutsatuko: garbiak ziren nire sabeleko urak, garbia lurraren izerdi joria.

Lurretik altxatu zenean, muxika gorrien antzeko eguzkia irtetear zegoela ohartu zen. Eta ondoren, lurrraren azkeneraino hedatzen zen bere sabeletik, eguzkia dantzan irten zela begitandu zitzaion.



Ez zekien nolaz, baina hariztirantz abiatzen zen bakoitzean, haritz berberaren aurrean geratzen zen Martzelina. Zuhaitz hura, basoko beste zuhaitzen antzera, urtean hartutako ezin konta ahala formen bidez solasten zitzaiola irizten ziolako edo, begira eta begira egoten zitzaion sarri, sorginduta, bertan azal zitezkeen hieroglifikoetan Ama Lurrak berari igorritako mezu ezkutuak zein mezularien mozorroak desestali nahian bailebilen: udaberriko zaldi zalu zoliak batean, udako zezen mardulak bestean; udazkeneko orein itzurtiak han, neguko hezurdura galduak hemen.

Egun hartan, ordea, haritzaren argiuneetatik udako azken eguzki errainuak iragazi zitzaizkion. Agerkunde bat bezala izan zen, han, enborrean nahasten ziren adabegi eta konkorretako lerroen artean, gizon baten irudi gardena begiztatu baitzuen, eguzkiak koroatua.

-Orduan ere zu zinen, Robustiano -esan zion Martzelinak, hatz-hezur ukabilaz katabutaren harizkia jotzen zuela, Robustianoren arreta piztu nahian edo-. Eta bertara joanda, enborra besarkatu nuen.

-Bai. -hitz labur batez eta hasperen luze batez ihardetsi zion Robustianok.

-Adarretik erortzera zihoan muxika zoria zirudien bizitza osoan burutik ezin kendu izan nuen eguzki hark. -jarraitu zuen Martzelinak.

San Juan egunaz muxikondoari paratutako harriaz oroituta, makurtu eta ezkur bat hartu zuen; eskuan maitekiro bilduz, laztanduz, koskoa kendu zion eta ahora eraman; aho barnean jira-biraka, ezkurra xurgatuz eta miazkatuz, listu guruinei zerien likido oparoaz haritzaren hazia ernal zedin desiratu zuen, desioa errealitate bilaka zitekeela sinetsi.

Gaua iritsi zen. Gauaren bihotzean ilberri, hazia ahoan bi astetan eramatera xedatu zen, ilbetean lehertuko zen esperantzan. Otorduetan ahotik atera eta zapi txiki batean bilduko zuen. Gauero, berriz, leihoan utziko zuen gauaren magalean, ilargiak ernaldura zain zezan.

Eta ilbetea heldu zen eta, ilbetearekin batera, hazia leiho-artean uzten ari zelarik, haziaren bizi-dardara nabaritu zuen bere lurrezko eskuan, kimu bat hazitik sortzen. Biharamunean basora aldatu zuen.

Bere ematasun eta emankortasunaren ezaugarri, handik etorri zitzaion Martzelinari ezkurrak xurgatzeko ohitura.



Kaxildak ere, Robustiano Elizalderen arrebak eta Martzelinaren koinatak, ezkurra ahoan eraman zuen hurrengo ilargialdian, Martzelinak bezalaxe: Martzelinak ez bezala, hutsaren arbola jaso zuen aitzitik. Eta etsiak hartuta, negar zotinka ibili zen.

Baina orain Martzelina Elizaldetarren baserrira ezkondu zen egunaz oroitzen zen Kaxilda, nola hasiera-hasieratik somatu zuen koinata gorrotatzen zuela. Martzelinaren antzinako eta betidaniko lurraren altzoan Robustianoren hazia udaberri pozkor bilaka zitekeela imajinatzeak eta irudikatzeak erraiak iraularazten zizkion. Eta halaxe sentitzen zen, bai, bost urte geroago, erraiak iraulita, gogoa ozpinduta, egun hori ere iristear zela baitzeritzon: are gehiago, konprobatu zuenean ezkurrak ere ernaltzen hasiak zirela emakume haren lurretan..

-Bazatorren Robustiano, bazatorren! -esan zion Martzelinak, ezkurra ahoan, ohi bezala, senarrak, golde bat erosteko asmotan, kanpora irten behar izan zuen egun batean, beronen presentziari eta itzulerari urrunera antzemanez-. Ez al dun nabaritzen lur usaina?

Kaxildak segundo bat geroago igarriko zuen nebaren gorputzari zerion usain berezi hura, segundo bat geroago detektatuko bi legoatik zetozkion nebaren haragizko lur uhinak.

"Etxe honetan, beti berdin: Martzelina ni baino segundo bat lehenago biziko balitz bezala dun. eta segundo horregatik, hain zuzen ere, ezkurrak haren listuan ernaldu eta nirean zimeldu egiten ditun".

Eta bere sabel elkorra madarikatzen zuela, Martzelina hiltzea irrikitu zuen.

"Gorroto eta maitasun ezkutuen patua dun nirea, bakardadezko zubi batek lotzen dituena", eta besoak bere gorputzaren kontra estutuz, hezurren hotsa besterik ez zuela besarkatzen ohartu zen.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta