Jean Louis Davant

Jean Louis Davant Atzera

2017
Frantzia eta nazioa
Maiatz
2015
Bidean kantalotsez
Maiatz
2009-05-23
Zuberoako literaturaren testigantza
Jean Louis Davantek Zuberoako literaturaz egindako antologia liburu oparo bezain mamitsua da. Euskaltzainak izeneko bildumaren barruan Euskaltzaindiak argitaratutako liburuak, ezeren aurretik, euskal literaturaren historia diakronikora garamatza, ezinbestean, hortxe Jean Louis Davantek egindako ahaleginaren lekukoa. Gogorarazten digunez, Zuberoako literaturaz jadanik hor ziren, batetik, Txomin Peillen Zuberoako itzal argiak liburua, XV. XVI. eta XVII mendeak jorratzen zituena, eta bestetik, Davantek berak XX mendeaz idatzitako Zuberoako idazle zenduak.

Bien artean zegokeen hutsunea betetzera dator oraingo honetan Davantek prestatutako antologia, hain zuzen, XVIII eta XIX mendeak jorratzeaz gain, liburu honetan gaurko idazle bizien aipamenak ere agertzen baitira. Egileak berak aitortzen duenez, 2007ko maiatzaren 27an Bilbon egindako hitzaldi batean konturatu zen hutsuneaz, Zuberoaren ohoretan Mendebalde Kultura Alkarteak antolatutako XI jardunaldietan. Han ziren idazle andana zuberotarra gehiengoa, horren lekuko.

Hortaz, libururako idazle ezagunenen biografia eta bibliografia laburra prestatu ditu Davantek, mendez mendekoa. Bere ahalegina, berriz, autoreen idazkiei eskainitakoa da, toki zabalagoan. Hain zuzen, obra horietako zati argigarrienei garrantzia ematea izan du helburu, irakurleari zubererazko testu sorta ahal bezain mardula zuzenean aurkeztea liburuaren jomuga. Autore aukeraketa ere, interes bizikoa; besteak beste, zaharrenetatik hasita, hor dira Leitzarragaren laguntzaile zuberotarrak; Zalgiz, atsotitz biltzailea eta poeta; Ezponda mauletarra, Etxart legegizona; Tartas apeza; Jakes Belakoa; Belapeyre mauletar apeza; Egiategi filosofoa; Mardo bertsolaria; Abbadia aita-semeak… eta XIX eta XX mendeko idazle andana luzea.

Liburu bukaerako hiztegia ere, atal biziki interesgarria da. Zubereraren lexikoaren aberastasuna agerian uzten du, baita une oro ere irakurlearen ezjakintasuna, nork bere harridurarako; aujaume, aztal, barber, broketa, bilaxka, engoitik, gresilla, iñazi, kanbera, mera, txeste, zainart… adibide bakan batzuk baino ez dira. Esan gabe doa, liburua testu ugari eta kontu interesgarriz josita dator, asmatu du Davantek Zuberoako literaturgintza zabaltzen, testu aukeraketa egokia egiten. Liburuan zehar aurkitutako altxorra horren lekuko. Literatur euskaltzaleak badu Zuberoako literaturara hurbiltzeko saio aparta eta aberatsa, Davanten ekimenez.
2009
Zuberoako literaturaz. Antologia laburra
Euskaltzaindia
2004
Idazlan hautatuak
Elkar
2001
Zuberoako idazle zenduak
Elkarlanean
1990
Ihesi
Maiatz
1990
Sonetoaz bi argibide
Euskaltzaindia
1989
Ipar aldeko poeta zenbait
Eusko Ikaskuntza
1986
Iparraren bila
Elkar
1986
Itxasoak iraultzan
Maiatz
1985
Nahi gabe
Iruñeko Aurrezki Kutxa
1983
Belapeyere-ren "catechima laburra"
Euskaltzaindia, Euskararen Lekukoak-7
1982
Denboraren aroak
Bilbo Aurrezki Kutxa
1981
Udan irakurriak
Euskaltzaindia
1980
Historia del pueblo vasco
Elkar
1980
Makila gorria
Elkar
1977
Aberri eta klase burruka euskal mugimenduan
Elkar
1977
Histoire de peuple basque
Elkar
1970
Histoire de peuple basque
Goiztiri
1967
L'economie basque
Cahier NNk 2 du movement Enbata
12/2013
Züberoa herria = Le pays de soule
Elkarlanean, S.L.
12/2013
Züberoa herria = País de Sola
Elkarlanean, S.L.
12/2006
Manex Goyenetxe (1942-2004)
Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia / Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco
11/2000
Histoire du Peuple Basque
Elkarlanean, S.L.
09/2000
Hondartzan
Ttarttalo, S.L.
09/2000
Kontxo lagunak!
Ttarttalo, S.L.
09/2000
Lurrean
Ttarttalo, S.L.
09/2000
Mekatxiz! handia izan nahi dut
Ttarttalo, S.L.
09/2000
O, zer ahotsa duen lehoiak!
Ttarttalo, S.L.
09/2000
Txokolatezko goxokiak
Ttarttalo, S.L.
09/2000
Uhau, zoin argia den ene ama!
Ttarttalo, S.L.
09/2000
Zuhaitz gainean
Ttarttalo, S.L.
04/2006
Le "problème basque" en 20 questions
Elkarlanean, S.L.
03/2010
Jesü Kristen imitazionea
Euskaltzaindia
03/2009
Zuberoako literaturaz
Euskaltzaindia
01/2012
Antoine d'Abbadie, Abbadiaz
Euskaltzaindia
-
Adixkide onak
Flammarion
-
Ahuntza et pittikak
Flammarion
-
Gatu ttipi galdua
Flammarion
-
Hiru xerri ttipi
Flammarion
MAITASUN OSOA

Emakumean dago maitasun hazlea
Orokorra, sakona, besarkazalea
Zerua eta lurra bezain borobila.
Sabelaren askara hazi deitzen gaitu
Han kontzebitzen behin eta zenbat aldiz!

Altzo eta beso da, ingurazalea
Arroltzea bezala betean osoa
Orbita babeslea, kurba eskainia
Eta biltzen bagaitu, bere sustantzian
Barna xertatzeko da bihotzaren maldan.

Zure maitasunaren errota errondan
Arrainak itsasoan bezala itzuliz
Gabiltza
Misterio batean errespetu handiz
Tximuaren aletik irintzen baituzu
Gizona.

Itsasoak iraultzan 101. orr. 1986, Maiatz.


HAMAHIRUGARRENA

Jaungoikoa banintz, hilabete berri bat
Ametsetarako asmatu nahi nuke
Ez uda ez negu, ehun egun lituzke
Beharrunetatik eta denboratik at.

Zerga,tele,auto,izenik gabekoa
Bakantza kutsua luke haurtzarokoa
Mahurriak eta onddoak bil nitzake
Basoan zurekin, aferetatik aske.

Istoria kontari, egiaz edo gezur
Batean irrifarrez eta bestean beldur
Arratsen jin laite jendea sutondora.

Beste mundukoa ez da ene ametsa
Halere gaurkoan ez daite kanpora
Orenik ez diru gabekorik ez pentsa.

Hamabiak ere asko
Xinaurria lez artzeko,
Beste bizi bat behar genuke ametsaren betetzeko.

Denboraren Aroak, 32.orr. 1982, BAK


Ahüñe

Jinkoak adelatü eder-lan dohaina
Eüskal Herriko mügan hiruko perfeita
Nafarroak(o) oltzean piramida txüta
Egüerdik(o) ekian orratz arraheina,

Botxü. eta elürren goiko erregiña
Zilarrezko kandelan aizen arrabita
Bohzko alminarra, karruen tütüta
Kristalezko müsikan diamantezk(o) orgaña,

Uhülgüen karbea, iñhazien Sinai
Argia hotzarekin arrebaren anai
Zure beitan ni laket nola basahüña.

Bihotz ala sabela hütsik üzten düzü
Hatik ezpiritüa goian dirdiratsü
Xahütarzün ametsak zütan beitü heina.

Gaztelütxaga hegitik
Miresten zütüt lerdenik
Ene haur denborako zelüan ezin heltüz amestürik.

Denboraren Aroak, 71.orr.1982, BAK.


Maitea

Zure desiren haurra, haien betegarri
Zuri agradatzeko ispilu egarri
Ni naizen bezalako moldatu banaizu
Zurea naizelako, nik maite zaitut zu.

Urrundik asmatua, desertuen ate
Baratze izkutua, mendiko elurra
Erbestetik auhenez irabazi lurra
Nirea zarelako, nik zu zaitut maite.

Beste urdinik ez dut, ez dezaket aurki
Nehon ez dut ikusi, eta ez dut nahi
Enetzat hain egoki, besterik ez duzu
Bakarra zarelako, nik maite zaitut zu.

Sagar gorria zara belardi hezean
Itsas uhin lurrina goizeko haizean
Zure biloez dizit aurpegia bete
Bizia zarelako, nik zu zaitut maite.

Haritzean hostoa bezain orlegia
Zaitudala nihaurtan, deraizut egia
Baldin eror bazinte, hila nindukezu
Hilkorra zarelako, nik maite zaitut zu.

Nirea zarelako, eta ni zurea
Bizia (e) ta hilkorra, bakarra ordea
Agian hortako da, edo alderantziz
Hortaz axolik ez dut, eta zer garrantzi?
Zergatik arrazoinik bila behar ote?
Zarena zarelako, nik zu zaitut maite.

Denboraren Aroak


AMA LURRA

Txori sakratua da, osasun ardatza
Beste saien ondotik hilki xerkatzaile
Akei guzietatik azken xahatzaile
Hezur jale handia mendian ugatza.

Bi hegalak zabalik, ugatza bezala
Ama lur ahaltsua ekian dabila
Bereganatzen baitu hila den guzia
Hartarik eten barik berpizten bizia.

Bizi zareno ama, bizia badate
Adinik ez baituzu, beti zara gazte
(E)ta humeak tai gabe sortuko dituzu.

Organikotik gatza irazi baduzu
Gatzetik organoak odol sapaz bete
Hiltzen ez zaituguno jendea haz daite.

Eguzkitik isuria
Ugatza lez etorria
Zikin ez agor ez dezagula biziaren iturria.

Nahi gabe 27, orr. 1985. Iruñeko Aurrezki Kutxa


HARITZA

Haritza, zu haritza, zuhaitzen zuhaitza
Errege zaude beti gure bihotzetan
Bainan erro gabeko erreinu hotzetan
Estimatze gutitan oi zure zur gaitza.

Sustraietan hasten da buztinen ekaitza
Nagusi bazabiltzan gure ahotsetan
Zure beso zainartak itsaso beltzetan
Nora berduratu zait eskuen emaitza?

Ur bizia zaitugu, hostoen uhaitza
Zure zainak gara, itoak bertzetan
Arnasa galtzen dugu pinuen haitzetan.

Zure lurrean arrotz, mingaina hortzetan
Zutik zaude halere, mendien zurkaitza
Haritza, zu haritza, zuhaitzen zuhaitza.

Nahi gabe, 52.orr.

ZORIONA

Zoriona musikan entzuten ote dun
Airea bezain arin, argi eta ezti
Espirituan dabil, ez baita gorpuzdun
Aingerua bezla, hegal hutsez bezti.

Isildu denean bai, usnatzen da nonbait
Ilun zeinuetatik azken oihartzuna
Izar hilen argia, baratzean noizbait
Lore hilen lurrina, bihotzen lurruna.

Zorionaren laua urratzen du noiztenka
Hotsez nahigabeak, zorigaitzak ortziz
Deiadar eta oihuz, garrasi eztenka
Holtzarteak tximistan Urraturik utziz.

Soinu ordoki eta lauaren zelaia
Zoriona duela bihotzak balaki!
Urrikien hegitik, oi azken bidaian
Oasisa dela dut berantxe balaki.

Gitarraren ferekan orain aspertua
Hasperen monotono horren ordokia
Zoriona zuela, baratze galdua
Granada oi Granada, Erregek dakia?

Nahi gabe, 125.orr.

TOUGGOURT-EKO DORRETIK

Eguzki zuriaz begiak urduri
Urrungo legarren ibai legorrean
Nagozir bakarrik peko alforean
Ametsen dorretik so eta so zuri.

Erbeste zolako zelai gogorrean
Asmatzen zintudan hodei tontor zuri
Buruntzi burrunban elurrez ernari
Iparraren lore,ortze idorrean.

Zeru-luhertzean ezer ez d(a) ageri
Burdin urmaelak ikaran igeri
Irakiz irentsi hegien uhina!

Baina bukatu zen mahuma handia
Itsasotik hara, su eta urdina
Andere Pirene, Ahunamendia!

Itsasoak iraultzan, 11.orr.


JANTZIA

Lurrekoa osoki ez dut emaztea
Arropaño egokiz delarik beztitu
Beste larru bat eta hegalak baditu
Zaiaren junpan dabil dantzaren hastea.

Biziaren soinua gogorki mugatuz
Eskultura batera gogorki hustean
Astuna gelditzen da Maillol-en ustea
Marmolaren geldian ezin da finkatu.

Kulunkaz bultzatzean oldar uxterrean
Airatzen ari baita urzo et(a) ainara
Itsasoan klaskatuz belaren antzera,

Hegoen ahulean edo laburrean
Sinetsi nahi dugu galtzeko beldurrez
Ihes egiten digu jantzien ederrez.

Itsasoak iraultzan,100 orr.


BIZIAREN OKERRA

Bizia zein den oker eta bihotz gabe
Maitatzen hasi baiko jotzen gaitu bazter
Kendurik obra,xede,lagun eta plazer
Eta gelditzen dena hemen dohakabe.

Askatasun ametsak baitira debalde
Mutiko,neskatila zoritzen du laster
Alkarrekin sortzea banatzeko bester
Urrats guziez gara deitu haren alde.

Umeak eraikirik, dator udazkena
Zuhur baldin bagina fruituz ederrena
Baina lorearekin joan zaigu mengoa.

Bizitzak uzten gaitu hor ustekabean
Edo hartaz aserik iltzatzen ohean
Non ez digun gazterik ebaki gogoa.

Maite direnen uztea
Hori da zinez joaitea
Esperantzarik ederrena dut
haien berriz ikustea.

Harri txintxolak, 59.orr. 2003. Elkarlanean


AITA VILLASANTE (1920-2000)

Gaizkirik egin bako
Sodoma hartarik
Aitarekin bizirik jalgi zen gaztea
Laster otu zitzaion fedean haztea
Bihotzez apal eta mendian gorarik.

Orain Arantzazuko gailurren artetik
Arin badabilkigu, lurretik askea
Urbian artzainekin, hauxe du bakea
Halaber Frantses eta Klararen partetik.

Axularren mezua gogoan harturik
Euskara mintzo zela dena zatiturik
Haren alde lotu zen, langile jigante.

Gernikako arbolak eman du fruitu bat
Hizkuntzaren ildoan egin da Zazpiak-Bat
Et(a) itzaina zintugun, Aita Villasante.

Harri txintxolak, 103. orr.


Harri txintxolak
Elkarlanean, S.L.
Pedro de Yrizar, Jose Basterretxea "Oskillaso", Jose Mari Larrate, Manex Goihenetxe
Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia / Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco