Idazleak - Jasone Osoro Igartua - Laginak - Greta

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jasone Osoro Igartua > Laginak

Narratiba

2003 Greta | Elkar

Ze sinpleak diren gizonak. Eta zeinen erraza den bizitza beraien azalean. Aise ahazten dute. Aise berregiten dute bizitza. Aise enamoratzen jaso eta jaso. Besteek ematen didaten energia hartu, batu eta erabili. Horrelakoxea baita gizonen mundua. Biribila, hasi eta amaitu egiten dena, eta berriz hasi, berehala. Geurea ez, emakumeon bizitza lineala da. Eta marra amaitzen denean amildegia dator. Bertigoadira. Ezer gertatu izan ez balitz bezala esaten dizute zeinen polita zauden. Azalekoagoak dira gu baino. Bejondeiela gizonei! Nahi nuke nik beraien azala eta ez nire mamia. Sabela zulatzen didan mami lehorra, bihotzean pilatzen den koipea, astuna, likitsa, eta memorian sortzen den esponja, iragana inoiz desagertuko ez dela esaten didana. Sakonak omen gara emakumeak. Sentiberak. Horiek dira gure bertuteak. Utikan sentsibilitatea! Nik gizonezkoak bezalakoa izan nahi dut. Bizi. Beste ezer pentsatu gabe. Ondorioei kasurik egin gabe. Sentitu, gehiegi sentitzeko arriskurik gabe. Jaso, nahiz eta nik ezer eman ez, berriz ere marrara igotzeko beldurra, ikara. Alergia maitasunari. Bi urte pasa dira bere memorian. Lau urte nire kaiolan.

Amona kamioitik atera zen, atzetik gidaria eta bien artean jaitsi zuten ordura arte aldizkarietan bakarrik ikusitako objektu bat: manikia! Jendea aho zabalik geratu zen, O! A! Denek hurreratu nahi zuten, guztiek jakin nahi zuten nolakoa zen maniki bat, zein materialez zegoen egina, usainik ba ote zuen... Baina, ohi zuen bezala, amonak gidaria agurtu eta inori kasurik egin gabe sartu zuen manikia dendara. Herritarrak, aldiz, ez ziren mugitu. Nik ez nekien zer egin baina orduan amona atera zen eta nire izena esan zuen.

- Oskar, zatoz maitea.

Harro sartu nintzen dendara, hura pribilejioa nirea! Estreinakoz izan nuen aurrez aurre maniki bat. Polita zen, benetako emakume baten antzekoa, liraina. Biluzik zegoen eta lotsa sentitu nuen, ez dakit, inoiz emakume baten gorputza ikusi gabea nintzen. Orduan amonak, emakumezkoentzat saltzen zituen prakak jarri zizkion manikiari. Gero bularretakoa jarri zion. Buruan ileorde horia, eta takoirik luzeena zuten oinetako beltzak. Ezpainak karmin gorriz margotu zizkion eta esku batean zigarroa jarri. Azkenik, nire amonak hain maitea zuen beroki berdea jarri zion. Nire begien aurrean, plastikozko andrakila hark haragizko emakume baten itxura hartu zuen. Eta estreinakoz maitemindu nintzela sentitu nuen. Manikia besoetan hartu zuen amonak eta, dozenaka begi pare begira zituela, erakusleihora hurreratu zen. Bertan, erdi-erdian jarri zuen. Taburete batean eserita. Jendearen ezpainak mutu zeuden, begiratu besterik ez zuten egiten. Begiratu eta harritu. Eztarritik atera ezin zuten hitzak begien bitartez komunikatzen zituzten. Halako batean Segundok, zine-aretoko zaindariak esan zuen: Zine izar bat dirudi! Greta Garbo da!

Hark bataiatu zuen. Ordutik, Greta izan zen. Gure Greta. Nire Greta.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta