Ixabel Millet Heyries

Ixabel Millet Heyries Sormen-lanak

Paris, 1958. 15 urte luze daramatzat ipuin kontalaritzan Euskal Herriko herrialdeetan zehar; eta ezin jakin zenbat emanaldi egin nituen urte horietan… Esperientzia handia dut, eta oso gustokoa dut lan hori. Inspirazioa euskal mitologian, munduko ipuinetan eta sorkuntza propioan hartuz ikuskizunak neuk sortzen ditut. Hitzen musika eta musikaren hitza, arimaren hatsa lelopean, testua eta musika-kantak tartekatzen ditut, inguru bisuala zainduz kontatutako ederta0sunez irudikatzekotan. Azkenean, arlo anitzetan egiten dut lan: ipuinak eta euskal mitologia, ipuinak eta kulturak, ipuinak eta beldurra, ipuinak eta heziketa emozionala, ipuinak eta kamishibai, etb. Leku anitzetan ari naiz ipuinak kontatzen: liburutegietan, ikastetxeetan, kulturguneetan, ikastoletan, antzokietan, euskaltegiak, ospitaleak, txokoetan, kultur etxeetan, jaietan, etb. Horretaz gain, hainbat programatan parte hartzen dut. EIEko Idazleak ikastetxeetan; EIEko Literatur Jarduerak; Nafarroako Gobernuko Euskara Departamentuak babesten dituen Euskaraz egindako ekintzak; Fira erakundeak antolatzen dituen Animación a la lectura saioak (Nafarroa); Galtzagorri elkarteak antolaturiko programetan. 1992tik, irakaslegoaren formakuntzan aritzen naiz. Euskal ipuinak eta mitologia eta Ipuin klasikoak ikastaroak ematen ditut Irale programan. EHUk antolaturiko Euskalduntze eta Alfabetatzerako Diplomaturan didaktika (sugestopedia) eta talde fenomenoak (komunikazioa, motibazioa eta talde dinamika) ematen aritu nintzen 8 urtez. Eta, horretaz gain, UEUko Glotodidaktika eta Psikologia sailetan hainbat ikastaro eman nituen. Begiraleen prestakuntzan ere, komunikazio, motibazio eta talde dinamika emateaz gain, musika animaziorako teknikei buruzko ikastaroak eman nituen. 1983tik, irakaskuntzan ihardun dut, hizkuntza irakaskuntzan hain zuzen ere, nere metodo propioak sortuz (teknika sortzaileetan oinarrituriko metodologia: olerkiak, ipuinak, antzerkia, etab). Idazle modura, batez ere haur literatura jorratu dut: Kanturik gabeko herria (haur ipuina, Baigorri argitaletxea, 2002); Jainko-jainkosek ez dakite dena (haur ipuina, Baigorri argitaletxea, 2003); Bidasoa (prosa librea-poesia, Irudi s.l. eta Nafarroa Oinez, 2006); Hotzburuan (heldu ipuina, EIE, 2006).