Idazleak - Itxaro Borda - Hemeroteka - Bidaiak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Itxaro Borda > Hemeroteka

Diario Vasco

2009-12-31 Bidaiak | Felipe Juaristi

Liburua irakurri ondoren, burura etorri da bidaia dela gizakion ekintzarik naturalena edo berezienetakoa. Ez gara geldi egotekoak, are gutxiago itxirik bizitzekoak. Irten beharra dago, norberaren desirak bultzaturik, edo egoera sozio-ekonomikoak akuilaturik. Historia kontuetan sartzeko asmorik gabe, esango nuke antzinako garaietatik hona, gizakia gehiago irten dela bere sorlekuetatik bere baitakoak ez ziren arrazoiengatik, alegia hil edo biziko ziren kontuengatik. Bizi nahi soila, duintasunez bizi nahia, bestela, eragile handia izan da eta bortitza. Pobreziatik eta miseriatik ihes egiten da, edo bestelako kontuez.

Itxaro Bordak bi historia dakarzkigu eleberri honetan, bi narrazio, bi espazio, bi denbora. Lehendabizikoan protagonistak, Sigma izenez, Posa Ngakarekin topo egiten du eta lagundu egiten dio mugak pasatzen: Espainiako eta Frantziako, Londresera bidean. Bigarrenean ere bada muga bat, eta pertsonaia nagusia Sigma bada ere, frontera ezberdina da, fronteretan fronterik gogorrena, alegia Mexikoren eta Estatu Batuen artean dagoena. Izta, Psili eta Zei dira Sigmak babestuko dituen pertsonak, muga pasatzen lagundu bainoago, haiekin pasako da bera ere.

Generokoak dira bi narrazioak. Badute biek bidaiaren laudorio eta gorespena; bidaiaren nolabaiteko indar berritzailea aipa daiteke batean zein bestean. Biak ala biak kronika moduan idatzita daude, pertsonaien egoerari begira gehiago paisaiari baino. Gogoetak, ordea, ezberdinak dira. Itxaro Bordaren testu hauetan bada egoera politiko, sozial eta ekonomikoari buruzko hausnarketa, literaturaren esparrutik haratago doana, logikoa bestalde, literaturak bere baitan bestelako espazioak ere barneratzen baititu. Mugak egon badaude, eta sendo askoak gainera, baina ez dira denak fisikoak.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta