Itxaro Borda

Itxaro Borda Atzera

2017
Odolak su gabe diraki
Maiatz
2015
Ultimes déchets
Maiatz
2014
Ezkia haizean kantari
ZTK
2014
Txalorik ez arren
Edo!
2014
Zure hatzaren ez galtzeko
Elkar
2012
Boga boga
Susa
2011
Medearen iratzartzea
Maiatz
2011
Post mortem scripta volant
Maiatz
2010-16-05
Muga bat ikusten duen bakoitzean esaten du “pasako gara”.
Muga bat ikusten duen bakoitzean esaten du “pasako gara”.

Noiz bilakatu zen Bernardette Itxaro, eta zergatik?

Egia, Itxaro pseudonimoa da, erdi pseudonimoa. Duela asko, hamalau urtetan hasi nintzen Herrian bertsoak publikatzen eta pixka bat beldur nintzen familiak zer errango zuen. Gainera, konturatu nintzen euskaldun musikalitateko izen bat behar nuela, eta justu garai hartan bazen hemen Baionan erakusketa egiten zuen pintore bat, bizkaitarra, Itxaro Mentxaka deitzen zena. Beraz, haren izena hartu, ene deitura ofiziala, biak lotu eta, hara! Betidanik izenpetu ditut testuak Itxaro Borda izenarekin, eta orain gehienbat ezagutzen nauten jendeek Itxaro deitzen naute, familiak salbu, bistan da, eta lankideek, haiek Bebe edo Bernardette deitzen didate.

Noiz erabaki zenuen idazle izatea?

Aspaldi. Idazten ikasi bezain laster testu txikiak idazten nituen frantsesez, bederatzi urtetan-edo. Gero, emeki-emeki, ene haurtzaroko hizkuntza berriz eskuratu eta orduan hasi nintzen, hamabi urtetan edo, euskaraz idazten, alfabetatzen, literaturaz eta abar ikasten. Oso gazterik erabaki nuen idazle izatea eta iruditzen zait ene bizitza idaztea baizik ez dela izan, ez dudala beste gauza baliosik egin.

Nolakoa zen idazten hasi zen Bernardette haurra?

Oso bakartia, oso isila, oso herabea, hitz egitea maite ez zuena, eta denbora irakurtzen pasatzen zuena etxean lanetik edo eskolatik momentu libre bat bazenean. Oso introbertitua erran nezake, oraindik ere hala naiz, nahiz eta herabetasunari buruz, jendearekiko beldurrari buruz indar bat egin dudan eta lortzen dudan besteekin komunikatzea. Uste dut idatzi ez banu gorputz eta arima hondoratuko nintzela, idaztea betidanik izan da, sekretuan edo agerian, izateko modu bat enetzat, besteei buruz izateko modu bat, eta neroni buruz izateko modu bat ere bai. Hara, bi oinak lurrean eta lurra paperean.

Zure haserako lanak lurperatu egin omen zenituen, literalki.

Bai, krisi bat ukan nuen eta, egia, lurperatu egin nituen ene kaiera zaharrak, beharbada inkontzienteki beste modu batez idatzi nahi nuelako, beste bide batzuk jorratuz. Suizidio metaforiko bat izan zen, ene gazte denbora guztia ideia horrekin pasatu dudala uste baitut. Beharbada laguntza psikologikoa beharko nuen idazle ez bilakatzeko. Baina idaztea bera izan da laguntza; ez hondoratzeko idaztea.

Bertsotan ere egiten zenuen?

Nik bertsoak idazten nituen gehienbat, kantatu ere bai, baina ez ausart, beti nire herabekeriarengatik. Egia da garai haietan, 1970. hamarkada hartan ez zela emazterik ez neskarik bertso munduan, eta beraz, idatziz bai, Marijan Minaberrik ere egiten zituen Herrian bertsoak nik bezala, baina plazetan oso laster harrapatzen genituen halako belarrondoko batzuk, gogorrak, eta uste dut batzuetan belarrondoko haiek umiliatzaileak zirela. Beharbada, ez nahita, beharbada irri egiteko, baina bere burua mundu honetan aurrera atera nahi duenarentzat umiliatzaileak suertatzen dira halako belarrondokoak, eta enetako uste dut hala gertatu zela. Eta gero, energia asko behar nuen jendearen aintzinean agertzeko, eta hori ezinezkoa zen, errazago da bakartasunean idaztea. Baina beti gustatzen zait bertsoak entzutea, bertsoak idaztea, bertso moduan idaztea eta batzuetan bertsoak kantatzea ere bai, kiskun-kaskun.

12 urterekin berreskuratu zenuen euskara, eta geroztik euskaraz idatzi duzu. Irakurri dizut: “luzaz pentsatu dut urgentziaz idazten nuela, bihar bertan hizkuntzarekin batera desagertu banintza bezala”.

Sei urtera arte euskaraz baizik ez nintzen ari, urte batez ikasi dugu frantsesa eta 12 urtetan euskaraz analfabetoak ginen anaia eta biok. Horregatik badakit egin diguten gaitza oso latza izan dela, indioei bezala egin digutela oso denbora laburrean, eta hori nik ez diet barkatzen. Euskara berriz errekuperatu dudanean idatzi dut, gramatika ikasi, literatura ikasi, eta enetzat hori da ene konpromisoa hizkuntzarekin eta munduarekin. Eta luzaz horrela idatzi dut, iruditu baitzait beti desagertzen zihoan mundu bateko partaide nintzela, barnealdeko laborarien mundu horretakoa, eta irudipen hori areagotu zait guraskoak galdu ditugunean. Amadu Hampate Ba idazle maliarrak erraiten du adineko batzuk hiltzen direlarik bibliotekak direla galtzen, eta nik zinez, sentimendu hori ukan dut gurasoak galtzean edo herriko zaharrak hiltzean. Guk hizkuntza tribalki errekuperatu dugu berriz, Borda klanak berriz errekuperatu du, baina beste guztek utzi egin dute, ez dute energiarik higatu horretan, gure belaunaldikoek galtzen utzi dute. Ekonomia aldetik eta politika aldetik ere izan dut hondamendi baten erdian egotearen sentimendua, jakitea minutu bakoitza ez dela izaiten ahal aintzinekoa bezalakoa, bainan pentsamendu hori pixka bat arindu zait Baionarat bizitzerat etorriz geroztik, ez dut hainbeste sentintzen munduen galera edo erortze hori, ez dut hainbeste sentitzen hemen. Luzaz, idazle izatea halako bekatu edo tatxa bat ukaitea bezala zen enetzat, eta azken urteetan ez da hala. Uste dut idazle izatea, ofizio eta bizio hori ukaitea zorte handia dela, bai enetzat bai eta irakurtzen nautenentzat edo ene olerkiak entzuten dituztenentzat. Momentu honetan idazle izatea zorte handia dela uste dut, eta horrek emaiten dit inpresioa idazten dudanean irudikatzen dudan mundua ez dela aldatzen, ez dela erortzen, ez dela hondatzen, ez dela higatzen, ez dela usteltzen. Idazten dudanean berdin zait irakurtzea estatistika bat iparraldean euskararen galera aipatzen duena, enetzat ez da galtzen, idazten dudanean ez da galtzen, uste dut idazten dugunean, edo kantatzen, edo pintatzen... ez dela galtzen.

Behin baino gehiagotan esan izan duzu ez zarela idazle handia, bigarren mailakoa baizik. Zergatik?

Batetik, asko idazten dudalakotz, eta asko idazten duenak ez du fama onik. Ekonomian bezala da, askotasuna merketasuna da. Ainitzetan hori leporatu didate, asko eta sobera idaztea. Gero, bestetik, uste dut gaiei buruz ere, tematikari buruz. Eguneroko bizitzako gaiak ditut aipatzen nik: langabezia, lantegien zarratzea, amodio ukatuak, exilioa... ez dira gai seriosak euskal mundu gogorrarentzat eta gai horiek tratatzean beti harrapatzen dut euskaldun fededunen ideologia hori, beti horren aurka, horma bat bezala. Gainera sinetsi nahi dut bigarren mailakoa naizela, presio gutxiago baitut bizkarrean. Nahi nuke beste gauza batetan ere sinesti: norberak bere burua ezabatzeraino idatzi ahal izatea. Ni, lehen pertsona erabiliagatik, ez hor izatea pertsona bakun gisa, ni hori hor izatea ni izanez eta gu izanez aldi berean, gu orain, gu atzo, gu bihar.

Horregatik guztiagatik sentitzen zara periferiako idazle?

Bai. Periferiako idazle izateak erran nahi du, batetik, literatur zurrunbilo horren erdian ez izatea, ziklonaren begian ez izatea. Beraz, libertate gehiago ukaitea gaiekin, hizkuntzarekin eta gure harreman eta iritzi politikoekin. Baditu abantailak. Erraiten dudalarik bigarren mailako idazle izaera hori, pixkat bat ironikoa ere bada, Euskal Herrian idazleak ateratzen direnean beti baitira lehen mailakoak, inor ez da gelditzen bigarren edo hirugarren mailan.

“Enetzat, kontrolik ez denean fronteran, mugarik ez da”. Nola bizi duzu muga hori?

Nik muga hori anekdota bat bezala bizitzen dut orain alde batean edo bestean blokatuak garenean, gertatzen baita muga ixten dutela alde batetik edo bestetik. Aipatzen ahal dugu beste muga ere, gure buruetan den muga hori, denek aipatzen dutena, baina inork ez du ezer egiten muga horren sutsitzeko edo apurtzeko. Muga aldi berean da zoritxar eta zorion, denentzat, hegoaldekoentzat eta iparraldekoentzat. Zoritxar bat da iparraldekoentzat ez direlakotz merezi duten bezainbat ezagutuak eta irakurriak eta gonbidatuak hegoaldeko kultur mundura. Nik hor ez dut erraitekorik, badu kasik 40 urte hegoaldean ibiltzen naizela mintzaldiak egiten, olerki irakurtzen... ahal badut banoa, ze hori ere bada, behar dugu guk ere onartu eta denbora hartu Bilborat edo Nafarroa zokorat joaiteko, eta ez dugu denok hori egiten. Baina uste dut mugak, bestalde, halako libertate bat ere emate digula, hemen dugun tradizionea, aspaldikoa den literatur ohitura, ez baitugu ahantzi behar literatura, euskarazkoa, hemen sortu zela, eta mugak libertatea ematen digu horren segidaren lantzeko, eta horretaz ere axola guti dugula uste dut.

Muga hori eta beste muga batzuk aipatzen dituzu “Ezer gabe hobe” zure azken eleberrian. Mugak beti izango ditu zuloak?

Bai, beti pasatuko gara. Hori da egia, eta gure mugarekin ere gaza bera da, ari gara mugaren presentzia salatzen, baita gure arteko muga intelektuala ere, baina beti gainditzen dugu, eta fede txarrekoak ginateke ez bagenu dugun ahalmen hori onartzen. Betidanik hala izan da, 16-17 urterekin Niko Etxart eta Jean Mixel Bedaxagarrekin bertsoak kantatzera joaiten ginen hegoaldera, hiruok bertsoak hinki-hanka kantatzen genituen gernikako pilotalekuan. Erran nahi dut, ibili denak ez duela muga sentitzen nahiz eta batzuetan fisikoki gelditua den, nahiz eta muga egiazki itxia den, sinbolikoki eta errealki, eta liburuko ideia ere hori da.

Nobelan bada apurtzen den beste muga bat ere: generoarena.

A bai, hori ere bai. Europan apurtua ez dugun muga hori, ez munduan gure artean, nahiz eta badiren joera batzuk apurketa seinalatzen dutenak, mugaren kasuan bezala, baina uste dut urrun garela hortatik, eta garrantzitsua da generoren muga ere haustea. Gainera, hizkuntzak berak ere ez du mugarik alokutiboa erabiltzen ez bada. Irakurle batzuek faltan sentitzen dute generoaren ausentzia, baina nik idatzi dudanean pixka bat frustratua nintzen, soneto bat edo bertso paperak idazten dituzunean bezala, ez duzu zure pentsamendua bere osoan sartzen ahal. Gauza bera izan da nobela honetan. Irakurtzerakoan ez dakigu nor zer den, ideia aspalditik nuen, %100 Basquen ere bada kapitulu bat generorik gabe idatzitakoa, eta hori zen ene borondatea. Betidanik entzun dut euskaran ez zela generorik alokutiboa erabiltzen ez bazen, eta hori bururaino eramatea zen ene asmoa, nobela oso batean egitea eta ikustea zer sortzen den, zer hazten den, zer muga eta ze libertate emaiten didan.

Zeintzuk izan dira zailtasun nagusiak generorik gabe idaztean?

Batetik, pertsonaiak ezin dira fisikoki deskribatu. Bestetik, pertsonaien artean ezin da alokutiborik erabili... eta besterik ez, gainerakoa fantasia osoa izan da. Baina nik ikusten nituen pertsonaiak, nire buruan bazuten generorik, nik izendatu ditut. Baina nobelan pertsonaien izenak ere greziar alfabetotik ateratzen dira, beraz, ez dute generorik eta nortasun zehatzik ere ez, izen deiturarik ere ez dute pertsonaia horiek. Hori ere beste ideia bat da, nobela horretan beste ardatz bat neoliberalismoarena baita, zer eragiten digun: nortasunaz ezabatzen gaitu, generoaz ezabatzen gaitu... Generoarekin eta ekonomiarekin lelotu naiz pixka bat.

Hiriak asko maite dituen nekazari alaba omen zara. Zer ematen dizu hiriak eta zer nekazal munduak? Zer Parisek eta zer Oragarrek?

Hiriek anonimatoa emaiten didate, eta ene gaidura naturalen arabera bizitzeko ahalmena, gorde gabe, eta kanpainak, nola erran, adi, isil eta gogoetari egotea, eta baita naturaren gustu ikaragarria ere, lotura fisikoa naturarekin. Natura, askotan, beste pertsonaia oso bat da ene poemetan. Deskribapenetan askotan luzatzen naiz, eta azken nobela honetan garai hauetako literaturan normalki egiten ez den gauza bat egin dut: deskribapenetan luzatzea, digresioak egitea... libertate hori hartu dut.

Gaztetan Parisera joan zinen postari. Nolako esperientzia izan zen?

Esperientzia oso gogorra izan zen alde batetik, bi hilabete zituen alaba hemen utzi bainuen, baina bestetik oso emankorra ere izan zen. Uste dut ene barne kordokatik libratu ninduela, eta ene euskaldun gisako kordoka horretatik askatu ninduela.

Zure nomada izate hortan, zer da beti alde batetik bestera eramaten duzuna?

Idaztea. Eta argazki makina. Halako bizkarrezur bat da niretzat idaztea. Ni bizimodu ekonomiko bila ibili naiz hara eta hona, bestela lasai egongo nintzen gehien plazer dudan gauzaren egiten, baina ez dut errentarik, interesik ere ez, Gabriel Arestiren zerrenda guzia. Bai, bai, lan bila ibili naiz alde batetik bestera... Ekonomia alorrean ez dut gauza askorik kontrolatzen.

Idazle askok esaten dute sufritu egiten dutela idaztean. Zuk sufritu ala gozatu egiten duzu gehiago?

Luzaz sufritu izan dut. Idaztea bizio gorde bat, behar nuen bizio bat zela pentsatzen nuelarik, ahalge nintzelarik, sufritzen nuen, ene idazle gisako eta beste gisako comming out-a egin nuenetik plazer hartzen dut. Erabaki bat izan da plazererako erabakia hartzea, pentsatzea, hara, ez dut ene bizitzan besterik egin ahal izan, egin dezala plazerez, izan nadila plazerez.

Postaria zara ogibidez eta pozik esaten omen duzu “postaria naiz”. Zure lanak askeago egiten zaitu?

Bai, ekonomikoki askeago egiten nau eta gainera lanaren bidez beti kontaktuan gelditzen naiz “mundu errealarekin”. Segur aski, ene bizitza idazten pasatzen banu ere ongi liteke, baina uste dut errealitate zentzua galduko nukeela oso laster, ez nukeela jakingo gauzen erlatibizatzen... Batzuetan idazleen arazoak emendatzen ditugu, plazaratzen... eta ikusten baduzu beste jendeak ere nola bizi diren eta, orduan, idazlearen arazoak erlatibizatzen ahal dira. Euskal literatur eta kultur mundutik urrun aritzeak laguntzen dit. Egia da nik lana bukatzen dudanean, lana bukatua dudala guztiz, eta izpiritua libreago dut etxean egiteko gauzendako, eta badut beti gauza asko egiteko. Nire literaturan ere eragiten du nire ogibideak, eman dezagun Ezer gabe hoben edo %100 basque-n sartzen ditut ene lantokian jaso bizitza biografiak, esperientziak... Alde horretatik oso idazle indigenoa naiz, ez dut bakarrik ene bizitzaz idazten, besteenak ere sartzen ditut eta idazten dudalarik beti sentitzen naiz besteen zerbiztuan ere; iruditzen zait bizitza ttipittoenak ere ez direla ahaztu behar oroitzeko ahalmena dugularik, eta nik idatziz oroitzeko ahalmena dut.

Zein da zure helburua idazten duzunean?

Pertsona batzutaz, garai batez, ingurumen batzutaz oroitzea literaturaren bidez. Ni ez naiz hizkuntzalaria, ez dut filologia egin edo ez literatura dut ikasi. Nik historia ikasi dut, eta ikusi dut garai batzuetan idatzi testuen garrantzia, hor gelditzen direla mende bat edo bi mende beranduago beste batzuek aztertzeko. Hori dut nik ere helburu: beste idazleek jorratzen ez dituzten gauzez idaztea, argazkiak egitea, garaik eta jendeak hitzez atxikitzea, hitz eta perpaus ahalik eta literarioenekin. Testoa literatura izan dadila, fikzioa, baina balio dezala zerbaiten atxikitzeko.

Ze tematika gailentzen dira une honetan euskal literaturan?

Tematikak jendartearen kezken arabera nagusitzen dira. Azken aldian hegoaldean asko aipatzen da 36ko gerra zibila. Uste dut idazle handi bakoitzak bere nobela atera duela horri buruz. Emazteen literatura aipatzen badugu, asko fokalizatzen da bikotearen destinoaren gainean: bikotea bai ala ez eta nolakoa... eta bikotearen gai horren bidez orain idazle guztiek bikote homosexualak ere sartzen dituzte, hori gabe ezin da gehiago euskarazko liburu bat plazaratu. Beharbada a politikoki zuzenak izateko ereegiten d, baina hosexualitatea argiki ghettoetan bakarrik aipatzen da oraindik, eta agian euskal jendartea horren aipatzerat behartzeko ere egiten da. Literaturak betidanik ukan du aurrerapen pixka bat gizartearekiko, euskaraz ere bai. Sorkuntza beti da bide urratzaile, eta horregatik mementoan ez dugu ulertzen edo ez dugu onartzen, edo pentsatzen dugu merkatuaren araberakoa dela, eta bai, merkatua ere bada, baina ez hori bakarrik. Baina eguneroko bizitzan, ghettoetan ez bada, ez da aipatzen. Sintomatikoa da, liburuetan, filmetan, bertso txapelketetan etengabe agertzen den gaia da, baina horietarik kanpo... Irudi du fikziotik kanpo ezin dela aipatu ere, baina bo, ongi da, gure jendartea horrelakoa da eta ez gara bakarrak, Europa guzia horrelakoa da.

Nola eraikitzen duzu zure hizkuntza literarioa?

Ni autodidakta naiz eta, beraz, iturri askotarik hartu dut eta oraindik ere maila linguistikoan iturri askotarik edaten segitzen dut. Gainera, iruditzen zait euskaraz testu baten idazteko ez dela baitezpada erabiltzekoa euskara funtzionala, nik kazetarien hizkuntza eta idazleen hizkuntza bereizten ditut. Beraz, ene libertate eremua da hizkuntzarena, eta ene euskalki ezberdinetarik jasotako hitzak eta bidaietan biltzen ditudanak integratzen ditut testuetan. Batzuetan, soilik begi keinu bat egiteko bizkaitar irakurlegoari edo nafartarrari, baina ni ere Axularren gisa ari naiz: ahal ditudan hitz guztiak biltzen eta erabili nahiz. Literatur hizkuntza, orokorrean, gero eta lauagoa dela erran daiteke, baina irakurlegoa ere horrela formateatua dago. Gainera, beste hizkuntzetan ere, frantsesez ere gero eta funtzionalago, gero sinpleago dira liburuak, irakurtzen baduzu edoizen idazle berri frantsesez gauza bera da. Ez da gehiago idazten XIX. mendean edo XX. mende erditsutan idazten zen bezala. Afrikarrek ere horrela idazten dute frantsesez idazten dutenean, halako aberastasun ponposo batekin, frogatu behar balute bezala hizkuntza aberatsa ezagutzen dutela. Eta nik ere gauza bera egiten dut, hainbestetan entzun dut ene euskara pobrea zela, eskasa zela, behar baitut borobildu, emendatu, ponpostu... erakutsi badakidala, hori ere izan daiteke. Baina hizkuntza libre da bere egituran, beraz, aditza batua erabil dezakezu baina gainerako guztia pasatzen da, ortografia batuz pasatzen da, baita xiberoko ü-ak ere.

Hizkuntza bat baino gehiago ikasi omen duzu hizkuntza horretan idazten duten autoreak irakurri ahal izateko.

Bai, egia. Autore alemaniarrak irakurri ahal izateko ikasi nuen alemanez. Rilke irakurri nahi nuen alemanez. Autore greziarrak ere bai, eta orain grekeraz hitz egiten dut Grezian. Euskal Herrian euskaraz eta grekeraz Grezian. Hizkuntza askotan irakurtzen dut: ingelesez, gaztelaniaz, italieraz, portugesez, katalanez, alemanez, grekeraz... Irakurtzen ditudan olerkariek beti inpaktatzen naute, denek, beti bide posible bat erakusten didate, eta horrela aberasten naiz. Obsesiboki irakurtzen dut: autore bat hartzen dut alfatik omegara. Ene denbora hartzen dut. Ez dut denbora askorik hartzen emakume normal lanetan, eta horrek denbora libre asko ematen dit. Berdin zait hautsa baldin bada etxean, hautsarekin bizi naiz.

Nor eta zer izan da zuretzat Eñaut Etxamendi?

Izpirituaren formateatzaile bat. Irakasle genuen, ekonomia irakasle, eta ekonomiaz dakiguna Eñaut Etxamendiri esker dakigu. Gaurko ekonomia Eñaut Etxamendiren pentsamenduaren arabera hartzen dugu. Eñaut Etxamendi eta Manex Erdozaintzi Etxart, hark baitzizkidan prestatzen Arestiren liburuak, eta denbora haietan ez ziren aurkitzen iparraldeko liburutegietan. Kantagintzara ere Etxamendiri esker hurbildu nintzen, eta hori da ene beste maitasun handietarik bat, olerkiak idaztea noizbait kantatuak izango direlakoan. Eta askotan hala suertatzen da, kantatuak dira, mugaren bi aldeetako kantariek hartzen dituzte, eta enetzat hunkidura handia da hori, emozione handia. Musikari frustratua naizela uste dut, beti musika entzuten dut goizetik arrats, eta beti nabil musika berezi bila, eta berdin entzuten dut klasikoa edo Madona, edo musika tribalak edo... Beti badut musika eta gainera ene nobela guztietan musika banda bat bada, konpakta batekin behar lirateke saldu nobelak. Musikak erritmoa eta bestelakotasun bat ematen dizkio literaturari, leku zehatz batetako hitzak denetarakotzen ditu, sakontasuna ematen dio, hirugarren dimentsioa ematen dio musikak hitzari.

Zure literaturaz hitz egiten denean sentikortasun handia eta seriotasun ziurra aipatu ohi dira. Nola uztartzen dituzu intimitatea eta gogoeta soziala?

Ez dakit nola egiten dudan. Betidanik egin dut, ez naiz konturatzen ere, biak bat dira, eta bitxia baldin bada ere, ez dut baitezpada emazte ikuspuntutik idazten ere, batzuetan bai, bainana askotan ez, beharbada ingurumen sozio-kultural-ekonomiko batean urturik sentitzen dudalako ene nortasuna, eta ezin ditut bereizi gu eta ni. Batzuetan egiten dut, baina askotan ezin ditut bereizi. Pretentsioa da beharbada pentsatzea niak bizitzen duena guak ere bizitzen duela, baina beste batzuetan iruditzen zait hala dela, ez garela sekula gure inguruko mundutik bereiz. Ur ttantta itsasoan den bezala garela, aldi berean ur ttantta da baina itsasoa ere bada.

Zure argialdiak bezala zure zauriak eta ukoak ere ekarri izan dituzu literaturara. Minak baretzen laguntzen dizu idazteak?

Distantzia ezartzen laguntzen dit min horien eta ene artean. Baina pozekin gauza bera, bestela ez genuke non egon ere, nola egon ere ez genekike.

Idazlea berez da exibizionista?

Bai, hein batean bai, baina ez luke izan nahi, hori du bere tragedia. Nik gero eta baketsukiago eramaten dut kontraesan hori, baina egia da garai batean dolore handia zela agertzea eta, aldi berean, ezkutatu nahia. Gainera, euskaldunok ez gara batere agertu zaleak, ez dugu agertu behar ez minik ez zorionik, eta ez dugu bereizten fikzioaren eta errealitatearen artean. Orain badakit fikzioa dela idazten dudana, nahiz eta errealitatea izan, baina hori idazle guztiek egiten dute idazlea idazle denetik eta mundua mundu denetik. Idazleak ezin du bere burua ezkutatu, edozein testutan hor dago eta, beraz, edo onartzen du hor izatea edo ezin du idazle izan. Niretzat idaztea ene bizitza da, eta ene bizitza dela erraiten dudalarik ene bizitza dut idazten, baina badakit ene bizitza ez dela ezer funtsean, besteek ere bizitza antzekoak dituztela, hori da ene justifikazioa, ene salbamena. Eta hori dut partekatzen, hori dut ene hoberena irakurlegoari edo entzulegoari oparitzeko.

Militantismoaren mundutik aldentzeak zertan aldatu zaitu zu?

Batetik, idazle gisa nire buruarekin fidatzeko lasaitu nau, ze militante zarelarik oso zaila da idazle izatea, eta hor are gehiago behar duzu zure izatea ukatu eta baztertu, zeren militante zarelarik, ni izan nintzen bezala ikastoletan eta gero Seaskan, uste dut hor ez zela lekurik Itxaro Borda idazlearentzat. Eta pertsonarentzat ere ez. Uste dut 10 urte bizi izan ditudala ezer izan gabe, tresna bat izanez... eta alta idatzi dut!

Adinean gora, gero eta hesi ideologiko gutxiago omen dituzu. Hesi horiek zenbateraino estutzen zintuzten?

Bereziki estutzen ninduten gehiegi pentsatzen nuelako irakurleak zer pentsatuko ote zuen idazten nuenaz. Eta ene heziketagatik iruditzen zitzaidan irakurleak ez zuela ezer onik pentsatzen ahal. Eta gero, beste aldetik, Euskal Herrian bizi dugun egoera gatazkatsua bere osotasunean agertzetik ere mugatzen ninduten. Erran nahi dut, abertzale gisa idazten baldin baduzu beste zatia ukatzen duzu, zerbait falta da zure dialogoan, eta lehen aldiz sartu nituelarik euskal kausaren aurka mintzo zirenak ene nobeletan edo idazkietan, harritu nintzen, baina ohartu nintzen hori ere behar nuela idatzi, zer erraiten duten besteek, nik jujatu gabe, zer erraiten duten euskararen aurkakoek, euskal politikaren aurkakoek, abertzale ez direnek euskaraz eta euskal munduaz. Osotasun bat. Globalizatzen dut neuk ere, ekonomiak egiten du, ba, nik ere globalizatzen dut. Bai, eta oso aberasgarria da gainera, ikustea badugula posibilitate hori, euskal ahots ezberdinak eta gure aurka diren ahotsak ere integratzeko gure literaturan, horregatik kausaren aurka izan gabe! Besterik gabe ahotsak sartuz, nahiz eta ahotsak sartzen dituzularik batzuetan anti-euskalduna zarela leporatzen dizuten. Baina hori ere bada errealitatearen eta fikzioaren kodeak ez ulertzetik sortua, uste dut esan izan dudala, gure kasuan, fikzioa oso garrantzitsua dela. Hitzaren bidez, eta ahots ezberdin horiek guztiak sartzen baldin baditugu, jendarte errealean zer pasa daitekeen irudikatzen ahal dugu, bestela harresien artean geratzen gara eta ez dugu irudikatzen ahal zer gerta daitekeen ni abertzale gisa abertzale ez den batekin mintzo baldin banaiz. Nola ihardetsi behar dut bere argumentua? Eta berak zer argumentu erabiliko du enekin jendeki bederen konpontzeko? Ze jendeki behar dugu konpondu, humanoki. Eta fikzioak simulakroak egiteko balio digu, fikzioak antzezteko balio digu eta antzezteak bizitzeko.

Zuk aipatua da iparraldeko kultur munduan bazter zaudela, kanpo orobat. Horrek min ematen dizu?

Kanpo naiz baina betidanik kanpo izan naiz, ez naute sekula barnekotzat hartu. Erran dudan bezala, gehiegi idazten dut eta ez dut idazten behar bezalako gaietaz, eta ez dut ikuspegi ona ere, bazter ikuspegia dut. Bazter herri batekoa naiz, bazter genero batekoa, bazter fede batekoa, bazter hizkuntza batekoa... Egia da garai batean oso minbera nintzela gai hauei buruz, baina azken denbora honetan berdin zait. Osasun mentalean irabazi dut.

Zure lanetakoa konpromiso politikoa baino gehiago konpromiso etikoa eta linguistikoa dela aipatu izan duzu. Zein da zure konpromiso etikoa?

Gabriel Aresti bezala beti izango naiz, berak erraten zuen, gizonaren alde; nik orokortu egingo dut eta erranen dut beti izango naiz jendearen alde.

Zure burua optimistatzat duzun arren zure lanen pesimismoa azpimarratzen da.

Bai, ni optimista naiz, nahiz eta ikuspegi pesimista dudan. Hori ene beste kontrasteetarik bat da. Eta ironia, irri eta trufa egitea, hori ene ondasuna da. Ene tribuaren ondasuna. Ironiak balio dit gauzak egiazki erraiteko. Ene egiaren arabera erraiteko, eta tragediaren eta ene artean distantzia ezartzeko ere balio dit. Eta baita irakurlegoa nolazbait gozatzeko eta abila eta inteligentea dela sentitzeko ere.

Homosexualitatea da zure lanak zeharkatzen dituen beste gai bat, modu metaforikoagoan batzuetan, eta ageriago “Noiztenka” edo “Jalgi hadi plazara” liburuetan. Zergatik erabaki zenuen jauzi hori egitea? Homosexualitate metaforikotik homosexualitate agerikora?

Egia da, betidanik idatzi izan dut lesbiana izateaz. Egian erran, besterik ezin, bakoitzak bere ikuspuntutik idazten baitu. Gero, garai batzuetan, metaforikoki idatzi dut, eta egia da “Jalgi hadi palzara” horretan comming out moduko bat egin nuela, bainan pertsona gisa egina zen aspalditik, eta uste dut hor ere sozietatearen bultzadaz izan zela, fenomeno baten oihartzun bat ere bazela sentitzen nuen, azken batean, istorio hori gutariko askoren istorioa da, urteak eta urteak pasatu ditugu izaten erran gabe eta, hara, noizbait ordua da erranez izateko. Erranez eta naturalki erranez uste dut ildoa irekitzen dugula besteek erran dezaten eta bizi daitezen. Egia erran, errazagoa izan da comming out pertsonala egitea idazle gisa egitea baino, nahiz eta 85ean jada banuen ipuin bat idatzia, “Klara eta biok”, bi neska gazteren arteko maitasun istorioa kontatzen zuena GALeko atentatuen garaian, hori ere beste lekukotasun bat da, bi badira hor. Baina uste dut zailagoa izan dela fikzioan egitea errealitatean egitea baino. Askotan hizkuntzak berak manatzen du, ze hizkuntzak badu bere morala, eta gure kultur munduak badu bere morala, gauzak ez dira erraiten, egiten dira baina ez dira erraiten, harria bota eta eskua gorde, horrela bizi gara. Eta nik nahi izan dut azpimarratu lesbiana izaera, ze beste guztiek etengabe azpimarratzen dute beren gizon izaera, emazte izaera, politikari izaera... denek azpimarratzen dute, elkarrizketak entzuten dituzu eta denek azpimarratzen dute beren izaera, eta lesbianak edo gayak direnek ez dute azpimarratzen. Badirudi izaera batzuek besteek baino gehiago pisatzen dutela. Bi mahainguru egin ditugu literaturaz eta homosexualitateaz, bi bakarrik, eta gure idazkiak beterik direlarik, beteak dira homosexualitatez. Normal da noizbat onar dadin, ikus dadin izaera hori ere. Nire liburuetan homosexualitatea ez da, besterik gabe, pertsonaiei ezartzen zaien ezaugarri bat gehiago, munduari begiratzeko modu bat da, ikuspuntu bat. Homosexualitateak pertsonaien izaera baldintzatzen eta aberasten du beti. Gehienetan, pertsonaien bazter ikusmoldea aberasten du.

“Behin lanetik etxera nentorrela pentsatzen ari nintzen, Capbretoneko hilketa gogoan nuela, baduela kasik berrogei urte gure herria gerla itsu eta elkor batek larrutzen duela eta nik amodiozo poemak baizik ez nituela idatzi”. Elkarbizitza jokoan eta zu berriz kantu ttipietan?

Hori da ene idazle karrerari buruzko ironia. Gure idazle gisako izaerak erlatibizatzeko ere bada, eta baita erraiteko modu bat ere idazle gisa kontzientzia dugula gerla baten izaiteaz, gerla mutu eta itsua baina gerla, eta guk ere parte hartzen dugula gerla horretan, nolazbait, alde edo aurka, edo ez alde ez aurka gure hitzekin.

Nola eramaten duzu eguneroko zutabegintza?

Hori zorion bat da. Plazer handi bat da. Plazer handi bat da munduari begira egotea eta bilatzea astearen barnean edo egunaren barnean ze ikuspuntutatik aipatu nahi dudan gai bakoitza, ikuspuntua nire mugen barnean kokatu behar dela jakinda, ene jakitatearen barnean. Batzuetan hiru idazten ditut segidan, bestetan bat, orain etxera joan eta bat eginen dut... Badu urte bat eta erdi orain eta iruditzen zait bizi guztian segi nezakeela. Eta bestela ere egunero idatzen dut zerbait, edo itzulpena edo nobela... Orain ez dut nobelarik idazten baina uda honetan beharbada etorriko zait halako atake moduko bat, ausentzia bat bezala da sabelean, halako burbuila bat egun osoan... Eta halakoetan badakit zerbait luzea behar dudala idatzi.
2010-01-10
Ez dugu generorik, ez dugu aberririk
Itxaro Bordaren nobela batzuk irakurtzerakoan nekeza egiten zait fikzioa eta autobiografia izan daitekeenaren arteko muga bereiztea. Philippe Lejeunek paktu autobiografikoaz hitz egiterakoan, egilea, narratzailea eta pertsonaia bat direla esaten zuen. Käte Hanburgerren esanetan, aldiz, lehen pertsonan kontatutako narrazio guztiak fikziotik kanpo geratzen dira. Dekonstruziotik edan zuten Jacques Derridak eta Roland Barthesek berriz, autobiografiak fikzioak direla berretsi zuten, izan ere, egileek memoria lagun identitatea eraikitzeari ekiten omen. Gauzak horrela, Itxaro Bordak paratu zigun nobela beltzari dedikaturiko trilogian (Bakean ützi arte, 1994; Bizi nizano munduan, 1996; Amorezko pena baño, 1996) eta 2007an berriro ere protagonista berarekin argitaratu zuen Jalgi hadi plazaran, Amaia Ezpeldoi detektibe emeak hitza hartzen zuen bakoitzean, Borda zetorkidan gogora. Irakurri berri dudan azken nobela honetan ere gauza bera gertatu zait. “Nik bestelako ikurra asma nezake, geografiari eratxekiagoa. Berdea iparraldeko zuhaitzentzat, urdina Bizkaiko itsasoarentzat eta urrea Bardeetako itsasoarentzat” (71. orrialdean). Lurralde horiek maite zituen Amaia Ezpeldoik eta ezagunak genituen dagonekoz Bordaren nobelagintzan. Sigmak, azken nobelako protagonistak, dituen ezaugarriak ere lehendik ezagunak ditugulakoan nago. “Lantokian, askara ura milikalapatzera joan nahi zuen astoaren pare nintzen: inadaptatua, gaitzetsia, mandotua” (93. or.).

Eleberri honek diskurtso feministan badu berritik, ordea, protagonista feminismoaz ez ezik lesbianismoaz, transgenderismoaz eta transbestitzeaz mintzo baitzaigu. Queer teoriaren defendatzaile gisa agertzen zaigu Sigma: “Eiki, ez dugu eredurik, ez dugu generorik, ez dugu aberririk, aberastasun finko eta gerorik ez dugu, ez gara unibertsalak” (126. or.).

Bestalde, Borda, Joseba Gabilondok ondo esan bezala, ni migratzailea da, batetik bestera etengabean bidaian dabilen ni migratzailea, eta oraingoan ere Afrikatik Londresera eta Mexikotik Kaliforniara espazioak urratzen ikusiko dugu. Hala eta guztiz, binarismoaren apurketa, genero aniztasuna edota trantsituan dabiltzan generoen inguruko ekarpenak dira eleberri honetan benetan berritzaile, Judtih Butler eta Monique Witig lagun dituela. Eleberrian behin baino gehiagotan aipatzen dira euren izenak eta ez hori bakarrik, euren liburuak ere zehazten dira: Wittingen Les guerrillères eta Butlerren Precarious Life, hain zuen ere. Eta hortxe suertatzen zait niri zalantza, diskurtsoen eraikuntzan behin eta berriro Borda baitakusat Sigma eta bere lagunak ikusi beharrean.
2009-12-31
Bidaiak
Liburua irakurri ondoren, burura etorri da bidaia dela gizakion ekintzarik naturalena edo berezienetakoa. Ez gara geldi egotekoak, are gutxiago itxirik bizitzekoak. Irten beharra dago, norberaren desirak bultzaturik, edo egoera sozio-ekonomikoak akuilaturik. Historia kontuetan sartzeko asmorik gabe, esango nuke antzinako garaietatik hona, gizakia gehiago irten dela bere sorlekuetatik bere baitakoak ez ziren arrazoiengatik, alegia hil edo biziko ziren kontuengatik. Bizi nahi soila, duintasunez bizi nahia, bestela, eragile handia izan da eta bortitza. Pobreziatik eta miseriatik ihes egiten da, edo bestelako kontuez.

Itxaro Bordak bi historia dakarzkigu eleberri honetan, bi narrazio, bi espazio, bi denbora. Lehendabizikoan protagonistak, Sigma izenez, Posa Ngakarekin topo egiten du eta lagundu egiten dio mugak pasatzen: Espainiako eta Frantziako, Londresera bidean. Bigarrenean ere bada muga bat, eta pertsonaia nagusia Sigma bada ere, frontera ezberdina da, fronteretan fronterik gogorrena, alegia Mexikoren eta Estatu Batuen artean dagoena. Izta, Psili eta Zei dira Sigmak babestuko dituen pertsonak, muga pasatzen lagundu bainoago, haiekin pasako da bera ere.

Generokoak dira bi narrazioak. Badute biek bidaiaren laudorio eta gorespena; bidaiaren nolabaiteko indar berritzailea aipa daiteke batean zein bestean. Biak ala biak kronika moduan idatzita daude, pertsonaien egoerari begira gehiago paisaiari baino. Gogoetak, ordea, ezberdinak dira. Itxaro Bordaren testu hauetan bada egoera politiko, sozial eta ekonomikoari buruzko hausnarketa, literaturaren esparrutik haratago doana, logikoa bestalde, literaturak bere baitan bestelako espazioak ere barneratzen baititu. Mugak egon badaude, eta sendo askoak gainera, baina ez dira denak fisikoak.
2009
Ezer gabe hobe
Susa
2009
Ogella line
La Malle d'Aurore
2008
Irakurri
Meettok
2008
Stand by me
Argia
2007-08-28
«Larrua bezalakoa naiz: dena zulo, dena aire kolpe, oso hauskorra»
«Larrua bezalakoa naiz: dena zulo, dena aire kolpe, oso hauskorra»

Itxaro Borda

Nondik abiatzen da artista? Zer eragin dute haren sorkuntza lanean sorkuntzaz besteko faktoreek, faktore ekonomikoek, sozialek, afektiboek, sexualek...? Zer eragin du publikoaren erantzunak, arrakastak edo porrotak? Fikzioan «deslekutzen» badira ere, faktore pertsonalek garrantzi handia dute, Itxaro Borda idazlearen iritziz.

JON BENITO

Baiona

Astearte goiza. Euria Baiona Ttipian. Pannecau amaituta, San Andres. Zerua bota ahalean ari dela atera dizkio fotoak Itxaro Bordari (Baiona, 1959).

Mahaian kafea. Zira kendu gabe. Plazan putzuak, eta putzu artetik jendea, eta turista antzeko batzuk. «Euriarekin ere ez dira joaten», esan du argazkilariak.

Itxaro Bordak dio: «Interesgarria da idazle baten bizitzan batetik eta obran bestetik zer bilakaera egon den ikustea: ze haustura, ze plazer, ze zoritxar... nola bizi izan den ikastea, jakinez nahi izan duela besteen bizitzen lekukotasuna ere ekarri.

»Nirea ez dago bukatua. Nire ibilbidea ikusita, garbi agertzen da ze barne gatazketarik pasatu eta ze kanpo gatazketan ibili naizen... Ohartzen naiz, etsi eta abandonatzeko partez, segitu dudala, oso karakteriala naizelako agian...».

Nondik abiatzen zara?

Sentsazio batetik. Zerbaitek hunkitzen nau, eta hortik abiatzen naiz idazteko.

Ze sentsaziotatik?

Tristeziatik, edo... gehienetan tristeziatik. Tristezia da literaturaren motorra. Bozkariotsu baldin bagara, ez dugu idaztean pentsatzen, ez dugu bozkarioa baizik dastatzen. Tristezia, mina... halako urradura bat sortzen da, eta urradura horretan posible da izkiriatzea.

Sentimendua sortzen da harreman bat amaitzean, heriotzarekin, irudi batekin, erran batekin, gertakari sozial batekin...

Larrua bezalakoa naiz: dena zulo, dena aire kolpe, oso hauskorra.

Sortze prozesuan eragin handia izango du faktore pertsonalak, beraz.

Faktore pertsonal eta intimoek garrantzi handia dute, nahiz eta gero, testua idaztean, gertakari horiek deslekutzen, despertsonalizatzen eta fikzio bilakatzen diren. Testua egiten dudalarik, ironiaren distantzia jartzen dut gertakariaren eta neure buruaren artean. Baina ez naiz inoiz josteta edo txantxetan ibili, ibiltzen eta ibiliko idaztean.

Eta, pertsonalek bezala, eragiten dizute faktore sozialek?

Asko. Nik ez dut literatur prestakuntzarik: ez dut filologia edo literatura ikasketarik egin. Ikasi, historia ikasi dut. Eta historian, lekukotasun testu baten balioa badakit. Gehienetan, eta batez ere Amaia Ezpeldoiren [bere lau nobelatako pertsonaia] sailean, azken mende laurdenean iparraldean gertatu diren lantegi zarratze, ikastolen inguruko borrokak sartu ditut, nonbait geldi zedin, gure literaturan, gauza pertsonal eta kolektibo hauen lekukotasuna.

Ez bakarrik Amaia Ezpeldoiren sailean. Lehen nobelatik beretik, Basilika-n (Susa, 1984), mirakulu ero hartan, kultura, politika, eliza, sexua, pornografia, euskara eta abar ukitu nituen, urte garratz haietako Iparraldeko egoera fikziora eramanez.

Baina ez nobeletan bakarrik, ezta? Bestaldean-en (Susa, 1991) Parisko egonaldia aipatzen zenuen, Orain-en (Susa, 1998) amaren heriotza...

Mundua eta ni neu. Liburu bakoitza giro eta une historiko baten testigantza da.

Eta, alde horretatik, kaleratu berri duzuna, Jalgi hadi plazara (Susa, 2007), zeren testigantza da?

Iparralde eta Hegoaldearen arteko loturaren testigantza, gure euskararen ezberdintasun eta berdintasunen azpimarratzeko moldea, askatasun indibidualaren deiadarra da. Baina, batez ere, Amaia Ezpeldoiren, eta autorearen, lesbiana izatearen aitorronarpena.

Beste zerbait ere bai. Nobelan zehar bost-sei aldiz aipatzen da tregoa.

Tregoa garaiaren gorazarrez Amaia Ezpeldoiren nobela bat idazteko ideia nuen, erakusteko tregoak nola behartzen gaituen politikoki gure egien onartzera. Politikoki ez ezik, sozialki, kulturalki eta intimoki ere: tregoan gure egien aurrean gaude, ez dugu aitzakiarik. Tregoan ni geu, gu neu, errealitate baten aitzinean maskararik gabe gaude.

Baina argitaratu eta gutxira hautsi zen tregoa.

Eta horren ondoren, liburua esperantza mota baten lekuko gelditzen da. Nobeletan, olerkietan, artikuluetan, beti sartu dut euskal politikarekiko ene ikusmoldea... nahiz eta garai batean isilduagoa atxiki dudan, euskararen defentsaren giro horretan sartua bainintzen. Orduan ezin nituen zenbait gauza esan: lotura nuen erakunde batzuekin, borroka horrekin ados zegoen zenbait jenderekin...

Iparralde eta Hegoaldearen lotura aipatu duzu. Asko markatu zaitu Iparraldekoa izateak? Jatorriak baldintzatu zaitu batere?

Bai, barnealdeko nekazarien pare, edozein alorretan neure burua ezjakintzat kontsideratzen dut: euskararen alorrean beti ikasten ari naiz, bizitza intimoan nola ez, sozial alorrean halaber. Zuberoan dioten bezala, larruaren kostuz ikasten dut. Ikasketaren dolorea dut idazten gero, handik eta hemendik.

Parisen, Maulen, Baionan idatzi... hain da ezberdina?

Parisen, ene buruan Euskal Herriarekin lotura bat banuela sentitzeko idazten nuen. Maulen idaztea ezberdina zen: idazten nuen, baina beste hainbat gauzaren artean. Lana nuen, ikastola berria eraikitzen ari ginen... idaztea, literatura, eguneroko euskararen aldeko borrokan itota zegoen.

Eta orain?

Orain borroka horretarik pixka bat urrunago, idazteko idazten dut, euskaraz idazteko, bidean bildu ditudan sentsazio guztiak ene neurrian erabiltzeko. Azken batean, nahi dudana idazteko.

Idazteak lehen baino garrantzi handiagoa du, beraz?

Betidanik izan du, baina beteagoa da orain. Durasen antzera erran dezaket, idazteak salbatu nauela, zinemak, musikak, irakurtzeak, baina, oroz bat, egunero idazteak. Baionan naizenetik halako lasaitasun literario bat bizi dut. Egia da garai luze batean idaztearekin harreman gatazkatsuagoa izan dudala: idaztea bizio jasanezina zitzaidan.

Egunero idazten duzu.

Hamabi urtetarik gaur arte, kasik berrogei urtez. Ez dut publikatzen idatzitako guztia. Ez dut idazten enetzat bakarrik: artikuluak, poema bat kantari bati emateko... haien sentsazioetarik ere abiatzen ahal naiz. Batzuetan, irudikatzen dudan irakurleak gustuko lukeen zerbaitetik ere abiatzen naiz. Abiapuntu ezberdinak ditut.

Irakurleek asko baldintzatzen dizute idazketa?

Ez asko. Artikuluak eta poemak idazten ditudanean bai, baina nobela bat idazten dudalarik oso gutxitan pentsatzen dut irakurlearengan. Batzuetan zorionez eta beste batzuetan zorigaitzez.

Gogoan hartzen ditut haien iritziak, baina baldintzatu ez. Beharbada, garai batean orain baino gehiago baldintzatzen ninduten. Noizbait erabaki dut ez familiaren, ez irakurleen, ez kritikarien iritziek ez nindutela baldintzatuko. No woman's land horretan irauten dut gaur.

Liburuak izan dezakeen arrakastan edo porrotean pentsatzen duzu batere?

Porrot hutsa izanen ez dela pentsatzea gustatzen zait.

Baina ze jatorritako idazlea naizen ikusita... Iparraldekoa naiz, Iparraldeko barnealdekoa... hemengo euskaran idazten dut gehienbat, nahiz eta batuaren sarea ere erabiltzen dudan... gai oso txiki, oso berezi eta oso lekutuak tratatzen ditut...

Eta, hala ere, irakurleak ukanen ditudala pentsatzen dut. Eta egia da irakurleak baditudala. Eta horietako batzuk fidelak, hasiera hasieratik irakurtzen nautenak.

Eta aldatzen du pertzepzio hori sari bat jasotzeak? Euskadi saria irabazi zenuen %100 Basque (Susa, 2001) liburuarekin.

Izan du eragina, baina ez eragin mirakulutsua. Saria baino, bizitzaren isuriaren lasaitasun baten sentsazioa da gehiago. Mila gauzaren artean, azkenean, zerk nau asetzen: idazteak. Saria horren ondorioa izan daiteke. Baina ez helburua.

Sariarekin ez dut, baitezpada, euskararen alde ene frogen egitearen beharrik. Hori ere bada. Gu, barnealdeko euskaldunok, ezertarik gatoz, eta sistema kulturalak euskararen alde gaudela frogatzera behartzen gaitu. Mailak daude, ez dugu sekulan aski egiten, beti behar dugu gehiago egin. Eta orain ez dut ezeren frogatzeko gogorik. Ez dut nahi, berdin zait. Neure moldean euskalduna naiz eta idazlea ere bai.

Baina bakarkako lana da idaztea, eta saria jasotzea ez da bakarka egindako lan horren errekonozimendu publikoaren antzeko zerbait?

Ez naiz sekulan egon sari baten esperoan. Ez dakit merezi nuenez, hori duda handia da. Sariaz ari diren intelektualek 2002ko sari hori preseski zalantzan jartzen dute.

Zer egin?

Ohitu naiz hainbat urtez errekonozimendurik gabe idazten. Ez dakit hemengo kultur sistemak onartzen nauenetz ere. Funtsean, ez dut baitezpada maitatua eta ohoratua izatearen beharrik idazteko, hots, bizitzeko. Begiak, belarriak eta bihotza ditudano idatziko dudala badakit.

Bakarkako lan horretan zer moduz ibiltzen zara?

Nobela bat idazten dudalarik, urte eta erdi pasatzen dut ideiarekin buruan. Oso irekia naiz munduan gertatzen diren gauza guztietara. Karrikan zerbait ikusten badut eta aukera badut, nobelan sartzen dut.

Nire obsesioa da. Hainbeste, non ingurukoentzat nazkagarri ere bihurtzen naizen.

Zer gertatzen da bakarkako lana argitaletxera aurkezten duzunean?

Halako distantzia bat sortzen da.

Eta argitaratzen denean?

Argitaratzea azken bidaldia da. Argitaratzea, aurkeztea, elkarrizketak egitea... gero ia ez da nirea. Azken aldi bat irakurri eta uzten dut.

Asko aldatzen da pertzepzioa liburuan lanean egon ala liburu hori dendetan ikusi, amaituta, besteren eskuragarri?

Ez da aldatzen, baina lana bukatu dudalako sentsazioa izan ohi dut. Beste bide puska bat egin eta beste urrats batera pasatzeko ordua dudalakoa.

Baina zure lan hori, bakarka egin duzuna, publikoa da orduan.

Baina idazlea, pribatuan idazten duenean ere, publikoa da. Eta publikatzen duenean pribatuan geldi daiteke. Hori da idazlearen tragedia, ez daki non zer dagoen: fikzioan ala errealitatean, publikoa ala pribatua... Muga horretan nabil beti eror zorian: ez badut testuan nitarik zerbait ematen, ez badut naizen gauza txiki, batzuetan debaldeko horretatik zerbait ematen, ez naiz idazle gisa bakean sentitzen. Liburu bakoitzean nire haragi zati bat ematen dut. Bizia eta minbera den haragi zatia.

Testu guztietan saiatzen naiz zerbait eskaintzera. Batzuetan begiak ixten ditut ez ikusteko zer ematen dudan. Ez bakarrik nitarik, inguratzen nauen mundutik eta munduarekiko nire harremanetik ematen dut, nire ikusmoldea demagun, harroegia izan gabe.

Eta norbaitek zure poema bat hartu eta bere eginda abesti bihurtzen duenean, ze sentipenek hartzen zaitu?

Kantariak, nire testu batez jabetzean, beste dimentsio bat ematen dio olerkiari. Aldi berean enea gelditzen da eta ez da enea: kantariak bere haragiaren pilpira eransten baitio testuari. Enetzat oso momentu hunkigarria da.

Ez dakit ez dudanetz nahitarat testu bat kantatzeko gisan idazten, kantari edo musikari batek hartuko duen esperoan. Oso primitiboa naiz alde horretarik: enetzat kantua da olerkiaren goi maila.

Betidanik gertatu zait talde edo kantariek nire testuak hartzea. Baina ez dut beti esplikatu poemaren jatorri intimoa. Eta bere egiten dute, eta beren munduaren bizipena gehitzen diote nik idatzitakoari.






Konformismoa inarrosten

Garai bat, izateko modu bat, sentipen bat. Bizitza nola badoan liburuarekin jalgi zen plazara Itxaro Borda (Baiona, 1959). Ordutik tai gabe, nobela, poema, artikulu. XX. Mendeko poesia kaieretan, Koldo Izagirrek, Bordaren poemagintzari eskainitako sarreran, honakoa dio: «Bordak bere gain hartzen ditu, poeta orok eritasun gisa pairatu behar duen izaera minberarekin batera, emetasunaren kontzientzia eta Euskal Herri alienatu batenganako hastio kritikoa. Iparraldeko egoera sozio-politiko eta linguistikoaren etsipengarria nitasun atzar eta aldi berean kolpatu batean txertatzen da. Honenbestez, poemek isurtzen duten goibeltasuna konformismoa inarrosteko modu berezi bat baino ez da».

Amaia Ezpeldoi berreskuratu du azken nobelarako. Pertsonaia, detektibe, ia alter ego.

2007-06-11
"Errealitatea ezin da onartu fantasiaren bahetik baizik"
Gaiak ITXARO BORDA Idazlea
"Errealitatea ezin da onartu fantasiaren bahetik baizik"
JUAN A. HERNÁNDEZ - Bilbo - 11/06/2007

Amaia Ezpeldoi detektibe ruralaren gorabeheretan oinarritutako hirugarren emanaldia plazaratu berri du Itxaro Bordak (Baiona, 1959) Jalgi hadi plazara eleberrian. Ikertzaileak Bilbora jo beharko du Euskaltzaindiko kide batean desagerpenaren atzean dagoen misterioa argitu nahian, eta hiriek idazlearengan sortzen duten "liluramendua" islatuko dute haren ibilerek. Nobelan bere kezka sozialak literaturaren moldearekin plazaratzen ditu literatura periferiko baten periferiatik ari dela dioen egileak.

"Requiem da nobelaren azpititulua: requiem hizkuntzarekiko, baserriekiko, sexu-orientabide isilduekiko eta, damurik, requiem treguarekiko"

"Inkestek nire ama-hizkuntzaren desagerpena islatu arren, euskarak betikotasun fantastiko eta fantasmagoriko batean dirau nigan"

Galdera. Nola aurkeztuko zenuko Amaia Ezpeldoi pertsonaia?

Erantzuna. Amaia Ezpeldoi lekuaren gainean egoten ez dakien detektibe rurala da hasieran. Ikerketak abentura aitzaki eta euskal herriko paisaiak zein gertakariak gogoeta iturri zaizkio. Orain arteko hiru lehen nobeletan lesbiana mutu gisa jarduten du eta honetan hain zuzen "plazara jalgitzen" da, tregua politikoak askatasun indibidualaren eremuak irekitzen dituela sinesten duelako. Oro har, oso humanoa da bere itzal eta argiekin.

G. Eleberriak abiapuntu groteskoa du. Nahita bilatu duzu sentsazio hori?

E. Nobela guztian, iparraldean desagertzen doan euskararen gaia aipatzen da, botere-lehiak, beldurrak, negarrak eta agian, euskararen zurrunbilo orokorrean zerbait bizirik salbatzearen premiaz. Nobelaren azpititulua Requiem da: requiem mintzaira batekiko, requiem higatzen doan denborarekiko, requiem baserriguneekiko gaurkoan Amaia Ezpeldoi Bilbok eta Gasteizek zoraturik baitabil, requiem sexu-orientabide hain luzaz isilduarekiko eta duela bi egunez geroztik [elkarrizketa hau ostiralean egin zen], zorigaitzez, requiem treguarekiko.

G. "Baionan edo Maulen nekatua izaten ahal haiz, baina ez Bilbon. Hiri hau gauez eta egunez etengabe dindari zagon". Pertsonaia batek esana da, hala sentitzen zara zu ere Bizkaiko hiriburura zoazenean?

E. Hiriak asko maite dituen nekazari alaba naiz. Egia da Bilbora natorrenean begiak alha atxikitzen ditudala, mugimenduak, zaratak, jendeak, adinekoak, gazteak, kanpotarrak karrika izkinetan... denak hartzen ditut. Parisen bizi izan nintzen kasik bost urtez eta hiriaren anonimatuaren nostalgia hori ere daukat, abiadurarena. Amaia Ezpeldoik neure liluramendua ekartzen du.

G. Eleberri honi darion errealismo fantastikoa behin baino gehiagotan erabili duzu zure lanetan. Gustura sentitzen zara idazle gisa errealitate gordina eta fantasiaren arteko muga horretan?

E. Uste dut errealitate gordinaren onartzeko molde bakarra fantasiaren baheetarik iraganaraztea dela, eta egia da gustura nagoela muga horretan. Literaturara oso gutxitan jauzi egiten duten gaiak aipa ditzaket, hala nola exodo rurala, bakartasuna, langabezia, amodio eza, kezka sozialak, homosexualitatea, hiriaren on-gaitzak, bortizkeria, gure bortizkeria politikoa barne.

E. 100% Basque nobelan bezalaxe, iparraldeko euskaltasunaren ariman barrena ari zarela dirudi. Hori da zure literaturaren bihotza?

E. Bai, bihotza eta obsesioa. Ez dut besterik idatzi, nahiz eta Amaia Ezpeldoiren bi hondar inkestetan iparralde-hegoalde harreman estua aztertzen dudan. Amodio-gorrotozko lotura bat dago gure artean, iparraldea aldi berdinean delarik literaturaren historiaren sorburua eta euskal kulturaren merkatu globalean gero eta leku gutxiago duena. Periferia horretarik idazten dut, idazleetan ere periferikoa naizela. Baina hori da neure nahia.

G. Olerkari gisa, norengandik sentitzen zara hurbilago, Rimbaudengandik ala Arestirengandik?

E. Ez dut hautatzen, bietarik hurbil sentitzen naiz. Rimbauden maneran poeta ibiltaria naiz eta Arestiren hizkuntza berdina erabiltzen dut idaztean.

G. Bidasoaz bestaldean euskarak ez du ofizialtasunik, baina hala ere zuen literaturak sekulako indarra izan du historian. Horrek ere ba al du sekreturik?

E. Sekulako indarra duela erratea handixka zait, baina bere presentzia finkatzera heltzen da euskal literaturaren panorama orokorrean. Literaturak izateko ez du politika mailako hizkuntza ofizialtasun premiarik, baizik eta idazlearen hizkuntzaren baitan izugarriko sinestea, fedea, obsesioa. Idazten dudan orduan, estatistikek ene ama-mintzoaren desagerpen etengabea islatzen baldin badute ere berdin zait. Euskarak nigan irauten du betikotasun fantastiko eta fantasmagoriko batean, eta liburua plazaratzean betikotasun horren dasta diet irakurleei eskaintzen.

2007
Jalgi hadi plazara
Susa
2007
Noiztenka
Maiatz
2006
Kaukasiar kreazko borobila Egilea: Bertolt Brecht
Artezblai
2005
Zeruetako erresuma
Susa
2003
Hango bortu
(Benito Lertxundi diskan)
2003
Hiruko
Alberdania
2002
Elearen lainoa / Ilundu begiak / Oinez / Hatsa gal artino / Karriketan barna
(Olatz Zugasti-ren Elearen lainoa diskan)
2002
Hautsak errautsak bezain
(elebiduna) Maiatz
2001
%100 basque
Susa
2001
Entre les loups cruels
(elebiduna) Maiatz
2000
Herri hurrats kantua
(Hemendik at diskan)
2000
Kolorea / Outside the world
(Xiberotarsak kantüz diskan)
2000
Larrazkeneko koplak / Aski balitz
Pierre Paul Berzaitz-en Baratze bat diskan)
1999
Diote
(K-Abha-ren Basque electronic diaspora diskan)
1999
Hur geldiak
(Jean Bordaxar-en Adiskideer diskan)
1999
Santxo 98
(Txo-ren Harrapa airea)
1998
Amoros
(Xabaltxen Zalantzak diskan)
1998
Baldin hemen
(Nekez ari-ren 25 urte diskan)
1998
Geroan / Ekiñez
(Aixa-ren Aixa diskan)
1998
Lürralde zilarra / Gaü beilako eleak
(Maddi Oihenart eta Michel Arotc-en Lurralde zilarra diskan)
1998
Orain
Susa
1998
Xardina kuzkuz / Aski
(Sustraiak-en Euskal label diskan)
1997
Beltzean
(Txakunen Ña diskan)
1997
Ekinez / Harririk harri / Indio anai / Urratsez / Arrapaladan
(Hamairu talde diskan)
1996
Amorezko pena baño
Susa
1996
Bizi nizano munduan
Susa
1995
Argizirrintako koplak / Mare Nostrum
(Ganbararen Itsas zabalean diskan)
1995
Senbagare / Argi urrakoan
(Mikel Errazkin-en Bostak arte diskan)
1994
1989. Allegro ma non troppo
Hiru
1994
Bakean ützi arte
Susa
1994
Koplak / Orioko elizan / Gogoan
(Peio Serbielle-ren Zuk egin gaua diskan)
1994
Mundu hegian
(Sorotan Bele-ren Mundu hegian diskan)
1993
Herri hurrats kantua
(Zaldibobo diskan)
1992
1993 / Hemen / Eguzkirantz / Terminus Hotel / Nonago / Bularretan / Exodus / Guretako / Seaska kanta / Handi hadi
(Akoka-ren Akoka diskan)
1992
Hire larru / Erran bezate /Huts sentimental / Maite minaren kantuak / Euri artean
(Peio Sorbielle-ren Peio Sorbielle diskan)
1992
Irauten / Larru beltzak
(Hertzainak-en Denboraren orratzak diskan)
1992
La porta aberta en el cel, i aixo VII
(Danba-ren Frango funts diskan)
1992
Malika / Antartika
(Zaldibobo-ren Basajaun diskan)
1991
Bestaldean
Susa
1989
Bi minutuero / Egunetik egunera
(Hertzainak-en Amets prefabrikatuak diskan)
1989
Urtemuga lehorraren kronika
Maiatz
1988
Just love
Maiatz
1987
Udaran betaurreko beltzekin
Txertoa
1986
Krokodil bat daukat bihotzaren ordez
Susa
1985
Basilika
Susa
1984
Bizitza nola badoan
Maiatz
1984
Emakumeak idazle
Txertoa
1982
Xirlinga / Haurraren eguna
(Otxalde Taldea-ren Dantzariak diskan)
1979
Indio anai / Zuti
(Otxalde Taldea-ren Otxalde Taldea diskan)
12/2005
Irati : paisajes
Editorial Irudi, S.L.
12/1996
Amoreko pena baño
Susa
12/1995
9508 narrazioak
Egunkaria, S.A.
12/1995
Manex Erdozaintzi-Etxart (1934-1984)
Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia / Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco
11/2017
Hots bete ahots
Centro Internacional de Cultura Contemporánea
11/1996
1989, Allegro ma non troppo
Hiru Argitaletxea
03/2014
Maria-Merce Marçal antologia
Susa
01/1986
Kokrodil bat daukat bihotzaren ordez
AUTOR-EDITOR 936
-
Dolüz / Goiz hura
(M. Oihenart, M. Arotc eta M. Etxetopar-en Arbaila diskan)
% 100 basque
Susa
Bidegileak 6
Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia / Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco
Itxaro Borda
Susa
Malgu da gaua
Etxepare Institutua