Idazleak - Iratxe Retolaza Gutierrez - Hemeroteka - Literaturaren ateari joka

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Iratxe Retolaza Gutierrez > Hemeroteka

Berria

07/2007 Literaturaren ateari joka |

Literaturaren ateari joka

Euskal komikigintzaren historia laburbilduz, komikiaren eta literaturaren arteko harremana aztertu du Iratxe Retolaza literatur kritikari eta irakasleak UEUko ikastaroan.

xan aire

Baiona

Hitz gutxi. Pasarte luzerik ez. Metaforekin batera, onomatopeiak. Hemen, marrazkiek deskribatzen dute, biziarazten. Istorioa zuri-beltzez ala kolorez idazten. Bide batez, historia ere. Euskal komikigintzaren lehen aztarnak XX. mendearen hasieran aurkitzen dira, garai hartako aldizkari batzuetan. Gaur egun, euskal literaturaren ateari joka ari da bederatzigarren artea.

«Lehen komikiak garaiko literaturaren gai berdinez ari ziren dagoeneko, baserritarrei buruzko txisteen inguruan biltzen ziren biak», nahi ala ez. Iratxe Retolazarentzat, dudarik ez dago: euskal komikigintzak literaturan bere lekua daukala ziurtatu zuen atzo irakasle eta BERRIAko literatur kritikariak UEUn, Baionan emandako klase batean.

Baserritarra aldizkari donostiarrean agertu zen lehen euskal tira komikoa, 1907an. Bitoriano Iraolaren On Kosmerentzat. XX. mendearen hasieran, biñeta aitzindaria, irudiak eta hitzak batzen dituelako, istorio bat kontatuz gainera. Lehen euskal biñeta, berriz, Euzko Deia EAJren aldizkarian argitaratu zen, 1918an: Teles eta Nikoren istorioak. «Helburu didaktikoak zituzten hauek, umeak euskalduntzeko, alfabetatzeko eta, batez ere, EAJren ideologia zabaltzeko argitaratzen ziren», azpimarratu du Retolazak. Jarraian, Argia aldizkariak Txiki grafistaren txisteak, karikaturak eta tira komikoak ezagutarazi zituen, 1921tik aurrera. «Euskal komikigintzari indarra eman zioten Argia-k eta Txikik».


HAUR ETA GAZTEEN TRADIZIOA. Lehenengo ikastolekin batera, Euzko aldizkariak (1932-1934) Peru Malluki lehen euskal orri komikoa argitaratu zuen, Gaztetxu gehigarriarekin batera. «Hori material pedagogikoa bezala baliatu zen ikastoletan», azpimarratu du Retolazak. «Bestalde, Lauaxetak bultzatutako aldizkaria zen Euzko; hor ere, lotura zuzena ikusten da komikiaren eta literaturaren artean».

Haur eta gazteentzako komiki aldizkarien moda izan zen 1930 urte inguruan: Txistu (1927), Gaztetxu eta Poxpolin (1935-1936) sortu ziren, eta eragin handia izan zuten. Espainiako gerraren ostean, euskal komiki moderno baten garaia abiatu zen. Baina «gehienak haur eta gazteentzako eginak ziren eta gaur Euskal Herrian tradizio hori badaukagu», Retolazaren iduriko. Beharbada, tradizio horrek dio euskal komikigintzari ospe eskas bat eman. Hasteko, Habeko Mik helduen komiki aldizkariak arrakasta gutxi izan zuela nabarmendu du Retolazak.

Dena den, euskal komikiek arrakasta izan dute prentsan. Ezagunena, Antton Olariagaren Zakilixut. Pentsa, euskal literaturak bere munduan sartzen utzi du pertsonaia biziotsu hura. Zergatik Panpox nobela, besteak beste, eskuetan izan du Zakilixutek. Olariagak bide berri bat zulatu zuela azpimarratu du Retolazak.

Euskadi Sioux magazinak euskal komikigintzaren historiari barre eginez lortu du fama. Nafarroan, Napartheid aldizkaria sortu zen, euskararen aurkako legea salatzeko helburuarekin, 1988an. Garai hartan, Afrikaren metafora baliatu zuten Asisko Urmeneta eta Patxi Ugarte sortzaileek bazterketaren salatzeko. «Itxaro Bordak bezala literaturan, denbora berean».

Badirudi argi printzari segika doala orain euskal komikigintza. Horren lekuko, Patxi Gallegoren Xabinaitorren balentriak. Ikaragarrizko arrakasta lortu duen lehen euskal komiki-liburua. Beste pauso bat aurrera. Getxoko Komiki Azokak ere indar handiagoa ematen dio euskal komikigintzari. Prentsa generoa atxiki eta liburuarenaz hurbildu behar luke.

Orain, literaturaren atean joka. «Badirudi komikigintzara begiratzen hasi zaiola literatura», dio Retolazak. «Komikingatzari zabaltzeak on egingo lioke literaturari. Azkenean, pareko gauzak dituzte».






«XX. mendearen hasierako komikiek helburu didaktikoa zuten; umeak euskalduntzeko ziren»

«Komikigintzara zabaltzeak on egingo lioke euskal literaturari; azkenean, pareko gauzak dituzte»

iratxe retolaza

literatur kritikaria eta ehu-ko irakaslea





2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta