Idazleak - Irati Jimenez Uriarte - Laginak - Zure Bonnie, nire Clyde ( edo beste zerbait)

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Irati Jimenez Uriarte > Laginak

Narratiba

2010 Zure Bonnie, nire Clyde ( edo beste zerbait) | Txalaparta

Zure Bonnie, nire Clyde (edo beste zerbait)

 

Lore oro da goxoago / ihintza badu eta eguzki izpia / eta mundua da distiratsuago / baldin badu zure moduko jendearen bizia (Bonnie Parkerren hilobiko hitzak, Clyde Barrowi eskainitako bere poema batetik)

 

Zure Bonnie, nire Clyde. Maitasun apurrekin mamia asaldatzen zenidan eta ez zen erraza baina zentzua zeukan. Ni zure Bonnie, zu nire Clyde. Ez zen erraza, baina… Zu nire Jesse, ni zure Frank. Zeuk idatzi zenuen. Ni zure Sundance, zu nire Butch. Apur bat gehiago iraungo zenuela uste nuen, eta apurka-apurka zoriontsu izateko aukera honekin zorioneko sentituko zinela. Apurtu nauzu orain, apurtu beharko nuke zure postala ere. Baina ezin, ez dakit erabakirik hartzen, zeuk erabaki gintuzun hasieran, zeuk esan zenigun agur amaieran. Nik egon besterik ez nuen egin. Eutsi, saiatu, ahalegindu: ez daukat argi zergatik. Renora etorri berri, bakeroen filmak gustatzen zitzaizkidala aitortu nizun eta berehala ulertu zenuen pelikula baten bila ari nintzela. Zuk ez duzu horretan sinisten baina bazenekien protagonistarena egiten. Postala botatzeko etorri naiz sukaldera baina ezin zatitu zatitu ninduena. Errepide biluzia agertzen da aurrean, zure letra atzean. Be Bonnie to my Clyde, Jesse to my Frank and Sundance to my Butch. Eta zure sinadura: John.

 

Ez dut lorik egin: gau osoa esna, zergatik maite zintudan ezin ahaztu, ezin gogoratu. Harrian daude oraindik egin zenuen azken kafearen apurrak. Bi egun etxetik kanpo eta Tabako Makinak ez du zikinkeria apurrik garbitu. Ez nuen besterik espero. Zertarako garbituko du ezer Tximini Gizonak, Ke-Man, Hell Flatmate, Nikotina Errege, Zigarrokin Jaunak. Ezagutu nuenean atzeratua zela iruditu zitzaidan, oraindik ez daukat argi nola lortu duen doktore tesia egiteko dirulaguntza. Unibertsitate honen mailari buruz ditudan zalantzak erabat argitzen ditu baina ez onerako. Ez nuen ezagutuko ez balitz Fakultateak antolatu zuen ikastaro hasierako ongi etorri jaiagatik eta horrek ere ez dit Goi Hezkuntzarekiko sentimendurik epeltzen. Berak bakar-bakarrik hustu zuen klaustro osoarentzako behar zuen hamar urteko Glemorangie botila. Batek daki. Beharbada arrazoi zuen eta ipurdia hartu zidanean lurrera ez erortzeko izan zen. Zatar kendu nion, deseroso. Jaxis-gorrituta zituen begiak eta aurrekoa ongi ikusi gabe begiratu ninduen. Kontsonanteak ere bokal egiten zituen. Whararju bat bota zidan, what are you behar zuena. Likatsua. Gero, geratzen zitzaion adimen urri, lausotuak, nigana euskaraz zuzendu behar zela agindu zion. Mingaina lodi nabaritzen nion, azala bera ere mozkor.

 

-Ez, benetan. Zer zara, lesbiana edo… zerbait?

 

Telefono mezu laburretan bezala hitz egiten zuen, arrastaka. ezbntan zr zara lsbiana ozrbait…

 

-Edo zerbait –erantzun nion.

 

(…)

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta