Idazleak - Irati Jimenez Uriarte - Laginak - Atsekabe zaitut

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Irati Jimenez Uriarte > Laginak

Narratiba

2010 Atsekabe zaitut | Txalaparta

BOTILAREN zulotik edaten du, luzaroan probatu duen aho bakarra. Besteek haginka egiten dioten lekuan Bombay Saphirek besoetan hartu eta mundua nahi duen lekuan jartzen dio. Urdin eta urrun. Andrea zotinka ari da, atsekabeen kontrako errezeta errazena eskuan: baso erdi gin, no tonik. Kristala, izotza, negarra, limoirik gabe. Badu aitzakia, urte eta erdi beltz, deabru. Mundua bere kontra, ukitzen duenak azala urratzen dio, hemezortzi hilabete putzuan, zuena galduta, ez zuena urrun eta behar duena falta: sentsazio hori, azkenean hala edo nola okerrak zuzendu eta haizeak aldatuko direla dioen sentsazio hori. Katuak hankak laztandu dizkio, lehoiaren ile leunarekin. Gauaren bazterrak erpin egin direnerako sukaldean bertan hasi da andrea botaka. Odola egin zaio sudurretik, gorakadaren indarraz eta harrira joan dira odol tanta epelak. Harrira, lurrera eta katuaren esne platerera.

 

Animalia dibortzioarekin batera agertu zen. Mixino hau, mixino bestea, ez dio inoiz izenik jarri. Ile beltza du eta esnetik edaten duenean ginebra tantak ere hartzen ditu. Andrearen negar guztiak lehortu direla ikusi eta berehala alde egiten du leihotik. Kalean zigarroa pizten du hatzaparren itxura galdu duten esku fin, zuriekin. Katu-ilez beteriko gabardina beltza bustitzen hasten zaionean tabakoaren kea botatzen du eta arnasa sakon hartu.

 

Betile luzeak ditu eta zigarroaren buztanean ezpainetako kolorea uzten du beti. Euripean. Halaxe gustatzen zaio gehien-gehien Bilbo.

 

Deustura abiatzen da.

 

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta