Idazleak - Irati Jimenez Uriarte - Hemeroteka - Beiraren izaera

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Irati Jimenez Uriarte > Hemeroteka

Deia

2006-10-13 Beiraren izaera | Uxue Alberdi

Beiraren izaerarekin konparatzen du Irati Jimenezek maitasuna. “Beira ez da materiala, umea, beira materiaren egoera baino ez da”, dio, “hauskorra da, labea hozten bada, agur. Eta beroegi badago, leher”.

Ezinezko maitasun istorio bat da “Bat, bi, Manchester”. Beste bat. Baina beste bat izanagatik, berria, atsegina, inteligentea, zorrotza. 89 orrialde baino ez ditu Jimenezen nobelak, hitz bat bera ere ez du soberan. Kontakizun bizi-bizia da, 10 hitz baino gehiagoko esaldi gutxi aurkituko ditu irakurleak.

Hiri handien erritmoa du, dudarik gabe. Pasatzen diren autoena, bulegoena, leihoz betetako etxeena, mikrouhinetan biraka dabiltzan edalontziena. Eta, tartean sartzen ditu egileak gai handiak, maitasuna, desioa, grina, frustrazioa… Txiki-txiki eginda, lehertu den kristal baten antzera.

Itzultzaile lanarekin konformatu behar izan duen idazle frustratua da kontalaria, homosexuala, uzkur antzekoa, maitasunaren ostiko bat jaso berria. Eta maitemindu egiten da, berriro, Aitorrekin. Maitasunari, berriro, ipurdia jarriz. Ostikoaren zain. Izan ere, Aitor: guapoa, heterosexuala, optimista, dena erraza iruditzen zaion horietakoa eta aktorea. Amak dirua bidaltzen dio hilero hori guztia izan ahal izateko. Baina ez du gehiegi axola pertsonaien izenak, ezta hautu sexualak ere. “Maitasun istorio oro maiteminaren kronika ere badelako” dio Jimenezek. Horixe da “Bat, bi, Manchester”, maitemina pausoz pauso kontatua. Inork ez dezala pentsatu bere maiteminean maitemina asmatzen ari denik. Idatzita dago, hasita eta amaituta.

“Gauzak aldatzen direnean esplosioz ez baina inplosioz aldatzen dira. Azalean berdin jarraitzen genuen. Baina mugituta zeuden, gure hanka azpian, kontinenteen plaka tektonikoak”. Horixe, mugimenduak harrapatzen ditu Iratik esaldi laburretan. Inplosioak. Ez die inora joaten uzten.

Irakurri nahi duenari ez dio denbora asko lapurtuko nobela laburrentzako Augustin Zubikarai saria irabazi duen lanak. Inplosioren bat sortuko dio, agian, edo etxetik irtetean kristal zatitxoak aurkituko ditu sarrerako alfonbraren gainean, akaso. “Belarriak itxita, Manchester Bilbo delako”.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta