Idazleak - Inazio Mujika Iraola - Laginak - Gerezi denbora

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Inazio Mujika Iraola > Laginak

Narratiba

1999 Gerezi denbora | Alberdania

Gerezi denbora. 14. Kapitulua

Atarian gure zain zegoen etxekojauna. Atea zabaldu, eta ezkaratzean obispoa sartzen ikusi zuenean, eskuari heldu eta muin egin zion hark ere eraztunean. Bi txapeldun baziren barrualdean, ate ondoan, beren armak eskuetan. Handik barrurago sarrarazi, eta, ukuilutik barrena, mandiorako eskailerak seinalatu zizkigun. Ez zela noski artzapezpiku batentzako moduko lekua, baina seguru egongo zela biharamuna arte, eta, pare bat egun pasatu behar balitu ere, bere etxean zegoela.

Mandiora igo, eta ustekabe handia hartu genuen, jendez beteta aurkitu baikenuen. Gehienak eserita, pareta baten kontra; izua sentitu berri eta arriskutik, betiko ez bada ere, libre sentitzeak dakarren aurpegiera lasaitua ageri zuten. Bat-batean, ordea, izura itzuli zitzaien aurpegiera lasaia, Romanek "gabon!" esanda hango jendea agurtu zuelarik. Berehala konturatu nintzen haien ustekabe hartan bazuela gure janzkerak zerikusia, eta kapela gorri-beltza kendu nuen buru gainetik, eta Romani kenarazi gero. Irribarre urduria egin zuen Romanek, eta azalpen txiki batzuk eman zituen gure egoerari buruz.

Izkina batean antolatu genion, belar-pila baten gainean, obispoari lolekua, eta harengandik ez urruti eseri ginen geu ere. Beste lau bat txapeldun ere ikusi genituen lau izkinetan, zutik, eta pare bat sumatu genuen goiko ganbaran, etzanda, goitik fusilez eskailera-burua zaintzen.

Eserita zegoen gizonetako bat, zutitu, eta alde batetik bestera urrats arinetan hasi zen paseoan. Gaztea zen, potoloa, eta aurpegian odol-kolore nabarmena ageri zuen. Bere burutazioetan sartua zirudien, hara-hona urdurian. Harengan iltzatu nituen begiak. Halako batean, bakarrizketan hasi zen. Hala iruditu zitzaidan niri hasieran, baina denbora pixka bat pasatuta, eta belarria pixka bat zorroztu eta gero, garbi entzun nion izen-zerrenda bat esaten ari zela. Une batetik bestera, ordea, bere paseo zoroa gelditu, eta izen batean trabatu izan balitz bezala egiten zuen; hiru bat aldiz errepikatzen zuen izen bera, eta atzera paseoan jarraitzen zuen, izen-zerrenda berrirotik hasita. Zoro-itxura halako bat hartu nion orduan. Bere paseo hartan, joan-etorri batzuen ondoren, mandioaren paretetako batera iritsi, hari bizkar eman, eta kontra-kontra eseri zen. Begirada galdua zuen, baina goiko ganbarara igotzeko zeuden aurrez aurreko eskaileretan finko begiak.

Etxeko nagusia agertu zen orduan eskaileretan gora. Jaki-ontzi handi bat zekarren eskuetan, eta neska gazte bat agertu zen haren atzetik, erretilu batekin. Erretiluan, lau katilu handi. Zuzen-zuzenean etorri ziren guregana. Ontzian oilasko-puskak zeuden, eta katiluetan, kafesne beroa. Obispoak eskerrak eman zituen modu adeitsu batez, baina uko egin zion oilaskoari. Katilua bete kafesne edan zuen zanga-zanga. Karmen, berriz, ez zegoen ezer jateko, lo zerraldo baitzetzan belar-pilaren gainean. Romanek eta biok gustura jan genuen oilasko hartatik.

Bukatu genuenean, gure aurrean eseri zen etxeko nagusia, eta atzera eskaileretan behera joan zen neskatoa, jaki-ontzia eta katilu hutsak erretiluan zeramatzala. Obispoak baimena eskatu zion etxekojaunari zigarro bat erretzeko. Baietz erantzun zion, ez zuela zertan baimena eskatu, baina hondarra ongi itzaltzeko gero; aski zela zigarro-mutur gaizki itzali bat hango belarrak eta lastoak eta etxeak denak su hartzeko. Romanek kontu hartu zion obispoari, ez zitzaiola haren bihotzari batere komeni. "Orain kontu egin beharko diogu ba", esan zuen obispoak, eta toxan sartu zuen atzera zigarroa.

Une horretan, lehenagoko gizon gaztea altxatu, eta paseoari ekin zion berriz gure begien aurrean.

-Gizajoa, Artola! -esan zuen etxeko nagusiak, paseoan alde batetik bestera, izen-zerrenda esaten zebilen gizona seinalaturik.

-Zoratu.? -galdetu zion Romanek.

-Gutxi falta.

Diputazioan omen zebilen lanean Artola, Babeserako Biltzarreko bulegoetan. ANVkoa zela, eta eguerdian, Cerveraren bonbardaketaren ondoren, ikusi zuela CNTko talde bat, dozena erdi lagun, hots handiz Diputazioan sartzen. Paper bat omen zekarten, inori erakutsi nahi ez ziotena, eta irri eta oihuka ibili omen ziren jauregi hartan barrena. Haien oharkabe-une bat aprobetxatuta, ordea, eskuetan hartu omen zuen paper hura. Izen-zerrenda bat zen, eta badaezpada, gogoan hartzen saiatu omen zen. Bost bat minutuan ahal izan zuena. Handik atera, eta Irujoren bila abiatu zela, lasterka.

Noizbait, Irujo aurkitu, eta kontatu egin ziola zer egokitu zitzaion ikustea. Irujok paretaren kontra jarri omen zuen: "bota izenak!", eta haren idazkariak izen horiek apuntatu egiten zituela. Hamar izen bota zituela segidan, batere zalantzarik egin gabe. Denak eskuineko jende ezaguna eta herriko handikiak. Zenbat ote ziren. Hogei, hori seguru zekiela. "Bota izenak!", Irujok. Eta beste bost bota zituela denbora pixka batean. "Bost falta zaizkizu, animo!", esan omen zion Irujok. Baina atzera lehengo izenak zetozkiola burura. "Hori esan duzu!, beste bat!". Baina izen berririk ez etortzen hari. Bere baitan biltzen saiatu zela, eta zerrenda lehenengotik hasita, hamabosgarrenera iritsi eta trabatu egiten zela.

Beste bi esan omen zituen, nolanahi. Hamazazpi guztira. Hiru izen falta. Eta denbora aurrera zihoan. Irujok berehala gudari-taldetxo bat izendatu, eta haiekin joateko, Ondarretako kartzelara. Ea bidean beste hiru horien izena gogoratzen zitzaion. Eta bidean beste bi izen gehiago gogoratu omen zituen. Bat falta.

Ondarretan hemeretzi izenak eman omen zituzten, eta, ez iskanbilarik gabe, baina entregatu omen zizkieten hemeretzi lagunak.

-Hemen dituzuen gizaseme horiek dira.

-Eta hogeigarrena?

Berandu izango zela harentzat ordurako. Baina Artolak ez zuela etsitzen, eta hor zebilela izen hura gogoratu nahian.

Une horretan, Irujo bera agertu zen eskaileretan gora. Zuzen-zuzenean joan zitzaion Artola.

-Olagibel -esan zuen Irujok, lurrera begira.

-Olagibel Urdaneta. -atera zitzaion Artolari, bat-batean, gorputzeko gihar guztiak lasaituta.

Lepazamarretik heldu zion Irujori; begiak atera beharrean zirudien. Ez zuen ezer esan, baina begi haiek galdera egiten zioten Irujori. Irujok burua mugitu zuen ezker-eskuin. Atzean zeukan zurezko habearen kontra jarri zuen gizonak bizkarra, eta poliki-poliki eseri zen lurrean. Bi eskuez ezkutatu zuen aurpegia gero.
-Lasai, Artola, ahal izan duzun guztia egin duzu.

Artolak negar egiten zuen, eta zotinetan "Olagibel" errepikatzen zuen, behin eta berriz. "Olagibel Urdaneta, Jose Luis".

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta