Idazleak - Iñaki Zubeldia Otegui - Laginak - Katalepsiatik paradisura

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Iñaki Zubeldia Otegui > Laginak

Narratiba

Katalepsiatik paradisura |

Katalepsiatik paradisura

(...)

Goizeder kamera frigorifikoen gelan bakar-bakarrik geratu zen. Besteak joan arte itxaron zuen eta inguruan inoren enbarazurik ez zuela izango ikusi zuenean, Oihanen gorpu hotz, biluzia kameratik atera eta ohatila batean jarri zuen. Mutil ederra zen, lerdena eta segaila. Lasaitasuna, irribarrea, sosegua... zekusan haren begi handietan.

Oihanen azken momentuko hitzak etorri zitzaizkion burura: "Horrela hil beharra ere tristea duk, gero, txo...!" "Mixiñaren maitasuna probatu gabe hiltzea ere... Maite diat ba nik hura..." Eta hitz hauek gogoratzearekin batera, barren guztia irauli eta bihotza taupada indartsuagoak ematen hasi zitzaion. Benetakoak ziren Oihanen hitzak. Eta berak ere maite zuen mutila, baina maitasun hori ezkutu samarrean eduki zuen ordurarte. Orduantxe konturatu zen zenbateraino maite zuen Oihan.

Berriro ere aurpegira begiratu zion eta biziaren aztarna somatu zuen haren begietan. Irribarre hura, begitarte haren espresioa... bizi batenak ziren. Hilik zegoela zirudien, baina biziaren sua gorderik zeukan barru-barruan. Inoiz entzuna zuen katalepsiaren fenomenoa, hau da, batzuetan pertsonak hilda bezala geratzen direla, bizi-funtzio guztiak lozorroan bezala gelditzen zaizkiela, baina denbora bat horrela pasa ondoren, berriro bizitzara itzultzen direla.

Sentimenduen eta emozioen zurrunbilo hartan nahasmendu izugarria egin zen Goizederren buruaren jabe. Ez zuen Oihan bidali nahi maitasunaren gozoa dastatu gabe, eta gutxiago azken orduko haren erreguak entzun eta gero. Bere emakume senak, berriz, barru-barrutik ziotsan ez zela berandu oraindik, maitasunaren benetako azalpenak ez direla zulo beltzean galtzen, iristen direla doazkionarenganaino. Eta barneko itxaropen itsu honek eraginda Goizederrek bere ezpain beroak Oihanen ezpain hozkirrietan itsatsi zituen eta maitasunaren suak bere gorputz osoa goitik behera zeharkatzen zuela sentitu zuen. Lotsak, konbentzionalismoak, arauak... denak albo batera utzita Oihanen gorputz eder haren aurrean biluztu egin zen. Mutila ez zen mundu honetatik joango maitasunaren lorratz gozoa sentitu gabe.

Gorputz osoa laztantzen hasi zitzaion emeki-emeki, gozoro, presarik gabe. Bere lagunaren beso gogortuak hartu eta bere bular zuri, dardarti, samurretan jarri zituen. Oihanen eskuak berotzen sentitu zituen bere bularretan eta haren begietan irribarre ezkutu bat marraztu zela begitandu zitzaion bizitzaren eta heriotzaren arteko zubi misteriotsu hartan.

-Ez haut bakarrik utziko, Oihan. Nik emango diat maitasuna eta beroa, bidaia on bat egin dezaan, hik hala nahi baduk...-murmuriatu zion belarri ondoan maiteari.
Gero mutilaren sabelpe eta aldakaren gainean eseri zen, gorputza apur bat aurrerantz makurtuz eta bere ema-bilgune leun beroaz gora eta behera igurtzi zituen eztiki haren zakil eroria eta barrabil zimurtuak. Bere eskuekin mutilari aurpegia laztantzen zion bitartean, haren eskuekin bere bularrak estutzen zituen, barru-barrurainoko zirrara atsegin bat sentituz. Laztan, fereka eta gorputz mugimendu haien kariaz Oihanen zakila pixkana gogortzen eta tentetzen sentitu zuen Goizederrek bere emetasun sorburuan eta haren begiek ere mugimendu eta kliskada xume batzuk egiten zituztela ohartu zen.
 

 


Oihan, bitartean, dontsuen munduan zegoen. Zuriz jantzitako Mixiñak paradisu zoragarri batera zeraman eskutik helduta. Han fruitu exotiko deigarriak ikusten zituen, hegazti koloretsu kantariak, errekatxo murmuriatsu gardenak, doinu zerutiar bikainak eta epeltasun goxo adierazezina sentitzen zituen.

-Mixiña, egitan biok paradisu batean al gabiltzan? Hau ez dun ba, amets bat gehiago izango? -galdetzen zion Oihanek hitzik gabeko lurralde zoragarri hartan.

-Ez al haiz jabetzen, Oihan, zenbat maite haudan. Esna hadi, moteil, eta ikustak heure begiez eta senti ezak heure gorputzaz nire maitasun garbia -erantzuten zion Mixiñak ahotsik gabeko maitasunaren hizkuntzaz.

Oihanek begiak ireki nahi zituen, baina hainbesterainokoa zen zoriona, non dena galtzeko kezka ezkutua sentitzen baitzuen bihotz ondoan eta estasi hartan jarraitu nahi zuen luzaroan. Baina Mixiñaren eskakizunak gero eta premiazkoagoak ziren:

-Oihan, ez hadi artaburua izan, ez al duk ikusten maite haudala, behar haudala... Horrela utzi behar al nauk...? Maite nauala esango duk, gero..., iruzurtia halakoa...

Oihanek nagitasun astuna zeukan bere izate osoan, baina indarrak bildu, pentsamendua eta maitasuna Mixiñarengan ipini eta ahalegin handi bat egin zuen erreguka sentitzen zuen ahots hari erantzuteko.

Denbora luzea ala instant bat, nork daki, duda-mudako egoera horretan eman ondoren, lehenagoko argitasun zuria, orain urdinska bihurtzen ari zela iruditu zitzaion. Paradisu exotiko eta lorategi itxurakoa zena, pagadi baten antza hartzen ari zen. Ordurarte hain bare sentitu zuen bere zentzumenen mundua, esnatzen ari zitzaion, gorputz osoan berotasun eta kilima gozoa sentitzen zuelarik.
 

 


Eta bat-batean, burua astindu eta bizien munduan zegoela konturatu zen. Eta bere burua hala, larru gorritan eta Mixiñari helduta, ikustean, lotsatu egin zen eta autodefentsarako mekanismoak eraginda eraso dialektikoari ekin zion:

-Baina, hik zer egiten dun horrela, hemen, nirekin...

-Non egon haiz hainbeste denbora, ametsetan, babua... Kosta zaik esnatzea... Mutil guztiak igualak zarete... Hauxe bakarrik behar duzue... Beste ezertan ez duzue pentsatzen...

-Beno, beno... Nahikoa dinagu... Ez zekinat nondik nora nagoen hemen, haizan. Hau nik ez dinat bilatu...

-Nola bilatuko huan, ba, hik... Ia beste munduan geratu haiz eta... Nigatik izan ez balitz, han geratuko hintzean seguru asko.

-Aizan, aizan... esplika ezan hori hobeto...

-Ai, bobolio, bobolio, nola azalduko diat ba orain hire bidaia xelebre eta misteriotsu hori. Heuk azaldu beharko didak niri nondik nora ibili haizen. Baina hori gero azalduko didak. Orain dasta itzak nire titiak, beti horien irrikan egon haiz eta -eta hau esatearekin batera Oihanen burua hartu eta amoroski bere titimuturrera eraman zuen, honek janaririk goxoena bailitzan xurgatu zuelarik.

Hortik aurrera maitasunaren beroak lotsaren zorabioa eta tokiaren hoztasuna ahantzarazi zizkien. Bi gazteek plazerraren eta zorionaren meridianoak elkarri arakatu zizkioten astiro, atseginez, eta berriro denbora geldi geratu zen bientzat. Amodioaren hizkuntza patxadatsua da, suz eta urjentziaz betea ageri bada ere.

Haien sexu grina asetzen joan zen neurrian, maite-sua ere baretzen joan zitzaien, oraindik beraien arnasotsak azkarrak eta bihotzen taupadak biziak ziren arren.

-Maite haut, Oihan!

-Nik ere bai, Mixiña!

-Baina, kontatuko diat beste egun batean zergatik maite haudan hainbeste...

-Eta orain zergatik ez ba?

-Ospital batean gaudelako, hi arroparik gabe eta ni ere ikusten duk nola, eta inor konturatzerako ospa egin behar dugulako hemendik.

Mixiñaren ideia izan zen biak maindire zuri batez estalita ihes egitea. Oihuak eta garrasiak entzuten baziztuzten ere, korrika jarraitu behar zuten harik eta kalera irten eta toki seguruan ezkutatu arte. Eta halaxe egin zuten: biak maindire bakar baten pean gorde ziren burutik belaunetaraino bitarte gutxi gorabehera. Eta hilen kamerak zeuden gelatik pasilura atera ziren ihes egiteko asmoz. Irten bezain laster, erizain batek aurrez aurre topo egin zuen fantasma edo mamu bikoitz harekin eta erizain haren garrasiak Amaratik ere entzun zirela dioenik bada oraindik. Pasiluan barrena korrika joan zen kontrol gelara erizain gajoa eta han lasaigarri bat jarri behar izan zioten ondoez hartatik suspertuko bazen.

Mixiña eta Oihan nahasmendu egoera hartaz baliatu ziren ziztu bizian kalera irteteko. Kanpora irtendakoan, egunsentiaren lehen printzak ikus zitezkeen eta ortzian artalde gorriztak margotuak ageri ziren, baina ilunpearen mantua oraindik guztiz ezabatu gabe zegoen. Ilunpe haren babesaz baliatuta aldendu ziren Oihan eta Goizeder ospitaleko inguruetatik eta haien ihesa ikusi zutenei begiak betzuloetatik kanpora irtenda bezala geratu zitzaizkien, mamu desitxuratu haren errainuak tentelduta eta izututa.

Oihanek eta Mixinak geroztik ez dute jakin mutilaren izena hildakoen zerrendatik ezabatu dutenentz. Baina eurak zoriontsu bizi dira.

 

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta