Idazleak - Iņaki Mendizabal Elordi - Laginak - BALEAZALEAK ETA KORTSARIOAK Euskal odisea Ipar Atlantikoan

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Iņaki Mendizabal Elordi > Laginak

Narratiba

BALEAZALEAK ETA KORTSARIOAK Euskal odisea Ipar Atlantikoan | Elea

Euskal odisea Ipar Atlantikoan

Pasaia. Gure Garaiko 1713 urtea. Udaberriaren hasiera.

Orain zaharra eta traketsa naiz. Pipiak irentsi ditu nire hezurrak eta haizeak zimurtu eta jaitsarazi nire hegoak. Orain zaharra eta traketsa naiz, eta horregatik naukate hondartza txiki eta urruti honetan lehorreratuta, nasako argi dardaratietatik urruti. Baina ez da betidanik horrela izan. Bazen garai bat non itsaso sakonenak zeharkatu nituen, letagin luzedun itsas munstroen zelatan, gure arpoi zorrotzen aurrean amore ematen zuten erraldoien jarraian, etsaien itsasontziei bakerik eman gabe, heroi gisa bizi eta gizaki hil ziren pirata odolzale multzoen, euskal kortsarioen aldamenean borrokan.

Nire branka olatuen aurka oldartzen sentitzea, gilaren azpian urak eragiten zidan laztan etengabea sentitzea, Artikoko haize izoztuak nire belen artean sortarazten zuen xuxurla entzuteaā hori guztia atsegin nuen garai batean.

Boteretsua eta askea sentitzen nintzen orduan, haizearen gutiziei erreparatuz nabigatzea biziki gustatzen zitzaidan eta baita nire barnean bizi ziren dozenaka gizakien inurridura sentitzea ere. Sentsazio bete-betekoa zen, arriskua nagusitzen baitzen zeharkaldiak irauten zuen minutu, ordu, egun oro.

Neke eta sufrimendu, urradura eta mendeku etengabeen garaiak ziren; pentsa ezineko krudelkeria nagusitzen zen eta anaiak anaien aurka borrokatzen ziren. Larritasun eta aintza egun haiek guztiak bizi izan nituen eta gaur egun malenkoniaz oroimenera ekartzea besterik ezin dut egin, gaztaroko oroimen errotuenak berrikustean egiten duenak bezalatsu, edota semeak Ternuara bidean -bere bizitzako urterik oparoenak, gurariak eta ametsak utzi zituen toki hartara- ikusten dituen kortsario zaharraren antzera.

Orain, etzanda eta ia deseginda, neure eurizko begietan itotzen naiz, kresalaren azkura eta Atlantiko itsasoaren urdin iluna faltan botatzen dituzten begietan; gauza benetan beldurgarriak ikusi dituzten begi-niniak. Orain, etenda eta egonak bigunduta, lehenagokoak baino askoz urriagoa den flota Pasaiatik nola ateratzen den ikusteaz konformatzen naiz; 240 gizon ausartek osatutako flota murritza, guk orain dela gutxi arte egiten genuen bezala Lur Berriranzko bidean aurki ditzaketen arrisku eta ezbeharrei aurre egiteko prest daudenak.

Neure hezur-haragitan (beharbada, hobe "egurretan" esango banu) sufritu nituen garai haiek oroitzeko mende eta erdi jo behar dut atzera, garai horretan esnatu bainintzen murgilduta nengoen lozorrotik emakume lerden baten "Talajerue, talajerue" garrasiak entzunda. Oihu horiek entzun eta batera, prestaketarako deia egin zuten herriko kanpai hotsek eta han urrutian ke ilun eta lodia altxatu zen, artean nik oraindik haien guztien esanahia ulertzen ez nuen arren. Mezulari gaztea igaro ahala, gizonak korrika batean abiatzen ziren euren etxeetara "baliak, baliak" oihukatuz eta soka bati lotuta zeuden lantza ikaragarri handiak eskuan ateratzen ziren moilarantz, herriko ume guztiak algara batean atzean zituztela. Poza zen aditzen nuen hura baina, hala ere, marinel haien aurpegi zartatu eta itsustuetan ez zen zoriontasun keinurik islatzen. Alderantziz, barnean gordetako tentsio handia islatzen zuten haien aurpegiek portuan zain zituzten batel txikitxo batzuetara igotzen ziren bitartean. Alarma-oihua egina zuen talaieruak eta gaitasuna zuen gizon oro ateratzen zen itsasora, antzinako egurrezko musika tresna baten "takan-takan-takan" doinuak bultzatuta. Baina, zein zen horren arerio beldurgarria? Nork zuen gizon gogor eta ausart haien bakea urratzeko atrebentzia? Luze gabe ikasi nuen ez zela etsai edo areriorik baina bai, ordea, aurre egin beharreko borroka. Naturak sortutako izaki handienaren eta gizakiaren arteko borroka, urtero-urtero, batek daki noiz hasita errepikatzen zen lehia gogorra.

Euskaldunek (horrela deitzen baitira paraje hauetan bizi diren gizaki kementsuak) hiru mende zeramatzaten baleak harrapatzen, eta lan horretan hain ziren trebeak ezen beste hainbat herrialdetatik galdatzen zituzten haien zerbitzuak, bai arrantzarako eta baita Erret Armadetarako ere. Barru gogorreko gizonak ziren, liskar eta itsasoaren zakartasunari ohituak, bizitzaren maitaleak baina, era berean eta ezinbestean, heriotzarekin ezkondutakoak.

Egun hartan, buia erraldoia balitz bezala arrastaka portura fardel ikaragarri handia zekartzaten lau txalupa eta pinaza izeneko beste itsasontzi bat besterik ez nituen ikusi. Entzun bai, ordea; kaian otarre, upel eta mota guztietako tresna zorrotzez hornitutako jendearen poztasun oihuak entzun nituen. Udazkena zen, nire lehenbiziko udazkena, eta egun magiko horretako egoeretan antzeman nuen nire patua.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta