Idazleak - Iñaki Mendiguren - Laginak - Haltzak badu bihotzik

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Iñaki Mendiguren > Laginak

Narratiba

1990 Haltzak badu bihotzik | Elkar

Irailaren lehen egunak ziren. Tabernan geunden koadrila osoa, jendartean bultzaka, zaratotsez inguratuak, ke artean hizketan, ezer esan gabe, atzetik norbaitek, esku batez begiak estali eta besteaz gerritik helduta, bazterrera eraman ninduenean. Itzultzean, mutu geratu nintzen txundituta. Nola espero zintzakedan? Zer egin? Muturreko bat eman ala bakean uzteko erregutu? Hain bat-batean gogoratu nuen iraganaldi guztia ahaztu? Etorkizunera bakarrik begiratu? Ongi eskarmentatua, mesfidantzaz betea, ezin nion esperantzari leiho berririk ireki. Zu, ordea -iniziatibaren jabe-, jokoa eskutik irabazteko egoeran zeunden eta, nik erreakzionatzerako, lapurtua zenidan irribarrea zeure alaitasun eranskorraz. Hizketa inkoherentea hasi genuen. Lagunek ardo-zirkuituari jarraitu zioten. Eta zu berehala joan zinen harira. Bi hilabete luze haietan, aldaketa handia omen zen zuregan gertatu. Sentimenduen ur nahasiak baretu eta gardendu ahala, argiago ikusi omen zenuen zeure izaera beraietan, borroka alferrak baztertu eta sentitzen zenuena onartu eta asumitzea erabakiz. Zentzugabea zela, esan zenidan, elkar hondatzen jarraitzea, barkatzeko zure lehenagoko kontraesan guztiak; ez zela beste maltzurkeria bat eta fidatzeko mesedez; nahi banuen, neurriak hartu eta probak jarri, baina ez ukatzeko aukera berri bat erregutu zenidan behin eta berriz.

-Ezagutu zintudanean -esan zenidan- ilusio handiak egin nituen gure adiskidetasunaz. Baina laster hasi nintzen pentsatzen ez nintzela bakarra izango zure besartean, belarri gehiagok ere entzungo zituztela zure hitz goxoak ... eta ezin nuen bat gehiago izatea jasan, esklusibitatea eskatzen nuen. Horregatik jo nuen neska harengana, zu zigortzeko edo probokatzeko edo ahazteko... Agian, batzuetan gorrotatu egin izan zaitut ezin nuelako neure burua zuregandik askatu, baina ez dut lortu zu indiferentzian ahaztea.

Astiro-astiro mintzatu zinen, hitz bakoitza hausnartuz bezala. Ordubetez-edo hitz egin genuen. Hasierako erreparoak gorabehera, ustekabeko jolas hartan murgiltzea ez zen zaila izan bihotz-eri honentzat; laster ahaztu nituen iraganak oro zure besartean aurkitzeko perspektibaren aurrean. Gau hartan ez zinen berandu arte libre izango, baina ni zain izango nintzaizun, are irrika biziagoz itxarongo nizun, lehortearen ondorengo euri freskoari bezala. Eta denbora galduaren bila abiatu ginen.

Giltzak atariko landare artean utzi nizkizun. Neure baitan kabitu ezinik, zoriontasunez gainezka oheratu nintzen. Gau-mahaiko argia pizturik, ez berehala, baina loak hartu ninduen, jakinik...

Eta noizbait, sarrerako atearen hots urruna; eta laster, nire ondoan ohe barrura irristatzen sumatu zintudan, bihotz-Iapur hori! Esnatu gabe, amets bat bezala, inoiz zimeldu behar ez zuena birloratu asmoz, elkar besarkatu genuen, oroitzapen zaharrak betirako uxatu asmoz. Guztiz esnatu nintzen orduan, beste mundu batera baina.

Larrugorritan, lizun, biluztasunaren lotsa zinen. Gelako lanpara itzalita, kanpotikoaz, argi-itzal goxoa genuen inguruko giro erdi iluna. Laztan, zirri ikarati eta iheskorretara ausartu nintzaizun. Zurrun eta gogor, erruki eta barkazio eske bezala, begiratu zenidan mantso. Sukaldetik whiskyarekin itzultzean, ohe gainean etzanda, aurpegia burkoan sarturik, zotinka aurkitu zintudan. Nire afektu-sentimenduak mugagabe hazi ziren orduan. Maindireaz estali eta munduko samurtasun guztiaz estutu zintudan. Zerk eragiten zizkizun malko haiek? Leize-zulo ezezagunaren aurreko beldurrak ala zorion-susmoak? Nik urtebetez irrikan amesturiko laztanak eta muxuak oparitu zenizkidan.

Zigarro bat piztu genuen eta, ohean eserita, ahotik zerigun keaz hasi ginen jolasten. Bana genituen, baina biok edalontzi beretik edan genuen lotsa galtzearren edo intimitate bila. Irribarre eta algara artean, pixka bat baizik ez zen hondarrean, hartu eta dena aurpegiratu nizunean likorea. Une berean, zuk zirkinik egin aurretik, muxuka irentsi zintudan, gainera isuritakoa xurgatuz.

Neure kontra gogor baina eztiki estutuz, sekretuak, isilpeko kontu politak xuxurlatu nizkizun, ordura arte beti gordeak izan nituenak. Oi, urrutiko ene adiskide mina, memento haien ametsezko zoragarritasuna berbizi ahal izango bagenu gaur!

Gorputza omen amodioaren ibilgailua. Eta bion gorputzak gurutzaturik, gau-itzala genuela lagun, paradisu galduak -bilatzea merezi duten bakarrak- aurkitu genituen elkarrengan. Leun, zure gorputz beltzarana ikaraz, izter guriak eder, amets-bideetan galdu ginen. Ezpain likitsak, esku trebeak, atseginetan jakintsuak. Nik zurekin eta zuk nirekin bat egin eta gorputzak elkarri emanez, bata besteaz jabetu eta haragiaren atsegina dastatu genuen plazer-gurariak ase arte. Mintzatu ere egin ginen, hitz asko ez, baina garrantzizkoak. Eta noizbait loak hartu gintuen biok, egunsentiaren lehen argiak zazpigarren zeruko izarrak itzaltzean.

Urte hark ez zuen uztail-abuztu eguzkitsurik izan niretzat, baina, oi, zer-nolako iraila! Oharkabean izan bazen ere -edo auskalo, izango zen lotura inkontzienteren bat agian-, urtebete lehenago zu eta zure lagun haren zain egondako aintzira-bazterrean elkartzekotan geratu ginen biharamun arratsaldean. Zu, lehenago iritsia, aski urrutitik ikusi zintudan; ahultzen hasia zen eguzki-argiaren kontrara, zure irudia distiratzen zen; zure gorputz gaztearen edertasun betea, zure muskuluen malgutasun eta freskura azpimarratzen zituzten arrats behereko errainuek, eguzki-izpi ahulek. Mugimendu guztiak jarraitzen nizkizun adi-adi, bortizki taupaka bihotza. Une batez, zerbait -masustak?- biltzeari ekin zenion, eta zoritxarrez, urrundu niregandik; distantzian galdua, beste nolabait irabazi nuen, ordea: sasitza ilunaren aurrean, are nabarmenagoa zen zure gorputz biluziaren argitasuna, paregabea goi-fruituak hartzearren hain lirain luzatzen ziren gorputz-adarren xarma.

Neure oin-hotsak bakarrik entzuten nituen zuregana hurbildu ahala. Ordurako etzana zinen belarretan, ortziari begira, izterrak zabalik, benetan kilikagarri; ezpainak erdi irekiak, zerbaiten esperoan bezala. Irakiten nuen odola. Loak hartua zenirudien; baina zein ametsek pizten zuen zure gorputza? Eta zerk zintuen armatzen hala? Plazer-ikara sentitu nuen zure dardoaren beldurrez eta antsiaz.

Emeki-emeki, nondik jakin gabe, neure barnean akorde batzuk entzuten hasi nintzen. Apal hasieran, oso apal, baina garbi. Brahms zen. Gero, eguzkia moteldu ahala, ozenkiago, gero eta biziago, neure burmuinetan lekutu nuen musika hura, eta handik izate osora hedatuz, zeharo inguratu eta bildu ninduen, hura nitaz jabetu eta ni hartan murgildu banintz bezala. Senetik aterata, musika hura dantzatzen nuen airean zorabiaturik. Crescendo hartan, arnasestuka nintzen oharkabean. Pozik galduko nintzatekeen orduan zure leizeetan amildua, pozik zure besartean itoko, pozik zure gainean, atsegina dastatuz, betirako hegaz joan eta haizearekin bat egingo, pozik zure berotasunean urtu eta lurrunduko. Eta bigarrenez, ametsak egia bilakatu ziren.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta