Idazleak - Inaki Irazabalbeitia - Laginak - Ipuin desleialak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Inaki Irazabalbeitia > Laginak

Narratiba

1999 Ipuin desleialak | Gero-Mensajero

XIXOTE

Noiz etorri zen lehen aldiz inork ez daki, ezta nondik etorri zen ere. Eta egia esan, inor gutxiri axola zaio jatorri ezezaguna. Ilargi beteko gau bareantza batean agertu omen zen estreinakoz Izar Beltzara eta gau harez gero ohizko bezero bilakatu zen.

Xixote zeritzon eta inoiz ez genuen bere benetako izena ezagutzerik izan. Izenaz galdetuz gero, "Xixote naiz" esaten zuen "beti aurrera eta kixote" erantsiz irribarretsu.

Gizaseme txikia zen, metro eta erdia doi-doi izango zuen. Bere aurpegi karratuan irribarre zabal eta adiskidetsua zen ezaugarririk nabarmenena. Zimurrak ere, begi ondoetan batez ere, bazituen. Bizar motza izaten zuen beti; hiruzpalau egun bizarrik kendu gabe edo izaten ohi dena. Inoiz ez nion motzagorik edo luzeagorik ikusi. Begiak, ilunak eta irrilariak, biziz gainezka zituen.

Tabernan barneratzen zenean eta barrako bere txokora joan aitzin, "Osasuna guztioi" esaten zuen ozenki.

Ordu luzeak egiten zituen barran jarririk eta inguratzen zitzaizkion guztiekin egiten zuen berba. Berbatsua zen oso. Berbaro jorikoa gainera. Kontalari iaioa zen bestetik eta istorioak kontatzeari ekiten zionean, (bidenabar hau ez zela oso sarri jazotzen aipatu behar dut) Izar Beltzako ohizko murmurio ozena supituki eten egiten zen eta guztiok adi-adi jartzen ginen Xixotek kontatutakoari entzuten.

Xixotek kontatutako istorioak oso harrigarriak izaten ziren gehienetan. Pasadizoak berari gertatu legez kontatzen zituen eta beti berari jazotakoak zirela zin egiten zuen. Guztiok barre egiten genion hori adierazten zuenean eta sinesten genioela eransten genuen. Bi parteen arteko joko modukoa zen guztia, istorioaren kontakizunari hasiera emateko errituala alegia.

Hala eta guztiz ere, bazuen Xixotek akats txiki bat; alkohola gustukoegia zuen. Egiatan, alkoholizatu kronikoa zen; moxkorra, amak esaten duen legez. Izar Beltzan egiten zituen egonaldi luzeetan, kopa bat ginebra izaten zuen eskuartean beti, beste likorerik ez zuen edaten, eta bere istorioen kontakizuna maiz eteten zuen pattar gardenari tragoxka bat jotzeko.

Alkoholak hil egingo zuela esaten genion guk, baina berak jaramonik ez zigun egiten. "Mala hierba nunca muere" esaten zuen eta kopatik trago bat jo ostean zera eransten zuen "y si muere resucita".

Noiz edo noiz, barrari eusten tarte luzea egin ondoren, seko erori egiten zen konortea galduta lurrera. Ospitalera eraman eta sekaderoan egonalditxoa egin ondoren, berriro izaten genuen gure artean Izar Beltzan.

Denborak aurrera egin ahala sekaderora gero eta maizago joaten hasi zen. Aldi berean, bertan eginiko egonalditxoak egonaldi bihurtu ziren. Beraz, etorri bezain ustekabean desagertu zenean, sekaderoan zegoela berriro pentsatu genuen. Aste batzuk igaro arte Xixote betirako galdu genuela ez ginen ohartu.

Etorri bezain ustekabean joan zitzaigun. Egia aitortzeko, ez zuen hasiera batean interes berezirik sortu Izar Beltzako bezeroon artean, beste hamaika moxkorren kastakotzat jo genuen. Desagerpenak ostera, interes berezia eta bizia eragin zuen gure artean.

Xixoteren eza nabarmena izan zen. Xixote mintzagai arrunt bilakatu zen gure arteko solasaldietan eta aurki, bera eta berari buruzko mitologia sortu zen. Xixoteren ezpainetan esaldi eta ateraldi xelebre guztiak ipintzen ziren. Askoren aita bera zen ezbairik gabe, baina denena ez jakina. Xixote monogai bilakatzeko arriskuan egon zen tarte batean.

Bere jatorriari buruzko espekulazioak ere ugariak izan ziren, noski. Ezagumendu ezak eta misterio-kutsuak Xixote inguruko mitologia aberastu zuten. Berak, inoiz, txantxetan botatakoak egiatzat jo zituzten batzuen batzuk. Xixote Trantsilvaniatik zetorrela eta Drakula kondearen oinordekoa zela sinesten zutenak baziren. Beste batzuek, Xixotek haserrealdi batean esandakoa, petrolio-magnate bate sasikumea zela alegia, egiazko jatorria zela uste zuten irmo. Eztabaida luzeak egoten ziren gai honi buruz, kopa bat eskuartean genueneko hitzaspertu luzeetan.

Xixotek Izar Beltzan kimuak utzi zituenik ezin da ukatu.

Orain, Xixoteren mitologia denbora geldiezinaren poderioz makaldu, isildu eta ia ahaztu egin den une honetan, haren atzetik beste batzuk joan zirelako besteak beste, hark kontatutako istorio, edo "bizia bezain benetako gertakizun" berak esaten zuen legez, paperean jartzea egokia izan daitekeela pentsatu dut.

- - - - - - - - -


Negu gorriko arrats iluna zen. Izar Beltzan epel zegoen, kanpoan ostera, hotz handia. Enbatak lur gainean pilatutako elurra haizaratu egiten zuenez, airean, alde batetik bestera, noraezean, zebiltzan elur-malutak hodeiek botatzen ari zirenak ala haizeak harrotutakoak ote ziren ez zegoen baieztatzerik. Hala ere, Izar Beltzako gozotasunean murgildurik, atea zabaltzen zenean bakarrik jasotzen genuen kalean jotzen ari zen ekaitzaren berri.

Ni ohi nuen mahaitxoan egon ordez, barra ondoko hankaluzeko eserleku batean jarrita nengoen Xixoteren aldamenean. Tartetxo bat generaman biok nor bere ontziari begira eta elkarri txintik esateke.

Kaleko atea zabaldu zen eta enbataren orroa entzungarri bilakatu zen. Ohizko bezero bat tabernako giro beroan murgildu zen korrika.

-Hau hotza! -esan zuen- Horrelakorik ez diat inoiz ikusi.

Xixotek bere edalontziari begiratzeari utzi zion, burua biratu egin zuen eta sartu berriari so eginez,

-Kanpokua, Luziferren labia irudituko litzaiake, nik pasatutakuak pasa ta gero -bota zion erronkatsu bere ahots urratu eta zakarrez.

Tabernako solasaldiak eten egin ziren guztiak batera, denak Xixoteri begira jarri zitzaizkiolarik. Xixoteren kontakizunetako bat bazetorrela igartzen zen giroan. Jendea egarriz zegoen, aspalditxotik Xixote mutu xamar baitzebilen.



"Euskaldunon Egunkaria"ko "Izarren Hautsa" zutabeko 2002ko urtarrilaren 8ko artikulua

Izar uxoak ortze ilunean bezala pasa zen Stephen Jay Gould Euskal Herritik: distiratsu eta arrastoa utzita. EIEk antolatu eta Elhuyarrek babestutako Prosa Zientifikoari buruzko 1. Biltzarrera sarrera-hitzaldia ematera etorri zen eta, neurri batean, biltzarra bera itzalera bidali zuen. Gould-en errua izan al zen? Antolatzaileek hanka sartu al zuten bera ekarrita? Biltzarrak interesik ez al zuen? Lunatiko-koadrila baten gogoeta-jardunak izan al ziren? Antzeko beste galdera batzuk jaulki daitezke, Biltzarraren oihartzun eskaxa justifikatzeko. Dena dela, gure herriaren kultur egoerari erreparatuta jatorrizko bi bekatu zituen Biltzarrak: zientifiko hitza agertzen zen izenburuan eta, gainera, euskaraz zen. Datuei kasu egin!

Biltzarra mamitsua izan zen eta bertaratu ziren hogeta hamar bat biltzakideek arrazoi sendoak eta puntu indartsuak entzuteko parada izan zuten. Eztabaida, gainera, aberatsa eta askoren artekoa izan zen. Lastima.! Bi lastima bota beharko genituzke bildutakoen jatorriari begiratuta. Kazetaririk edota kazetaritza-irakaslerik ez zen agertu. Halaber, euskal argitaletxetako editoreen mentsa ere somatu genuen. Ondorioz, negozioan gabiltzanok, zientzetako unibertsitateko irakasleak eta ikasleak eta Iraleko irakasle batzuk. Merkatu eskasa eskainitako uzta oparoarentzat.

Biltzarrera publiko objektiboaren zati baino ez agertzea, antolatzaileon errua izan daiteke, propaganda nahikoa eraginkorra egin ez izanaren ondorioz. Alabaina, hori errealitatearen alde bat baino ez da; txikiena, hain segur. Masa-komunikabideetan Biltzarrak izandako tratamendu-ezak, hain justu, errealitatea are gordinagoa dela darakusate. Adibidez, egunkari honek EIEk antolatutako jardunaldi guztien gora-beherei gertuko jarraipena egiten die: aldez aurretik giroa berotu, egunero esandakoaren kronika eta ostean balorazioa sarritan. Zergatik oraingoan ez? Unibertsitate-komunitatean ere izan duen oihartzun eskaxa oso kezkatzekoa da, bestalde. Nago, zenbait girotan zientzia ez dela kultura edo prosa zientifikoa ez dela prosa. Gertatukoaren gakoa hor dagoke.

Horixe da gure herriaren eta gizartearen errealitatea, zientziaren eta teknologiaren oinarrietan eraikita eta hari bizkar eginda bizi dena. Kultur papanatismoaren erauntsiak astintzen du gure gizartea. Ez dut egoera ametitzen. Ez nago bi kulturen diskurtsoa onartzeko prest (gure gizarte diglosikoan, bidenabar, hiru kulturen dirkurtsoa izango litzatekeena). Tinko salatuko ditut zientzia hitza entzun orduko sudurra uzkurtzen dituzten sasi-ilustratuak; kultura esaldi arranditsuz eta hogei ogerleku hitzez eginiko diskutso arol hantusteekin identifikatzen dutenak, saio zientifikoa literaturatzat jotzen ez dutenak. Misio garaia da lagunok! J'accuse.


2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta