Idazleak - Imanol Elias Odriozola - Laginak - Azpeitia. Gaztaroko kronikak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Imanol Elias Odriozola > Laginak

Narratiba

Azpeitia. Gaztaroko kronikak | 2000


OGI USAINA

Benetan umea izango nintzen eta iruditzen zait ogia behintzat izango nuela, baina soberan ez seguruenik. Une larriak bizi ziren, anaiarteko gerrateak bere hatzaparrak luzatzen zituela sendi gehienetara, beraietako semeek alde bateko edo besteko frenteetara joaten zirela zituzten ideiak defendatuz, maila guztietan ezagutuz gero ondorioak, galtzaileentzat batez ere oso zail egiten zirela beraiek gainditzea.

Egunero eta gutxi gorabehera ordu berean, balkoiko leihotako zirrikituetatik iristen zen etxera, labetik atera berria zen ogiaren usain berezia eta jangura sortzen zitzaidan. Bere eragilea, Landeta auzoko okin eta saltzaileak erabiltzen zuen orlegi koloreko furgoneta, oker ez banaiz behintzat, egiten zituen ogiak herrian zehar banatzeko.

Martxan jartzen nituen motor bat konektatzea bezala zen niretzat usain hura, Eliskaleara edo Santiago kalerako balkoira bultzatzen zidana, bat eta bestean egiten zituen geldialdietan ikusteko asmoz. Leihoak irekitzea nahikoa, etxe osora usaina sartzeko eta erabat galtzen ez zen bitartean gainera, gozamena sortzen zidala. Behin eta berriz gosaltzen jaten nuen aurreko eguneko ogia ere, zaporetsuagoa iruditzen zitzaidan. Irudimen pixka bat behar zen horretako eta usainak asko laguntzen zuen.

Furgoneta hura iristean, kaleratzen ziren emakume batzuk, beregana hurbildu eta ogi bat edo gehiago eskuetan harturik, bihurtuz berriro beraien etxeetara gogozko elikagaia zutela.

Nire ama, igarririk seguruenik unean nuen barne-gogoa, jaitsitzen zen baita ere kalera egun bakar batzuetan, berehala bihurtuko zela adieraziz eta usain bereko ogi txiki bat eskuetan zuela agertzen zen irribarrez atean. Zeharo hoztu gabeko ogia zen etxeratzen zuena gehienean eta kirrika egiten zuen eskuetan hartzean.

Egunero iristen zen usain berezi hura etxera, gonbitea luzatuz bezala, baina nire ama noizbehinka bakarrik kaleratuko zen, ezinezkoa egiten zitzaiolako egi egin berria egunero etxeratzea. Beraren ordez, masailean eta kopetan musutxo bat emango zidan, ulertaraziz nolabait gertatzen zenaren berri.

Geroago, kale haietan bertan zamaria pasatuko zen, orlegi koloreko karro bat zuela zaldi edo behor batek tiraturik, etxeetako sarrera inguruko zabor guztiak jasotzen zituela. Zorroetan gorderik zen zaborra eta kaxa barruetan, ogi zatiak lurreratzen zirela batak edo besteak zerbait apurtzean. Aurreko egunez soberan izandako ogi zatiak ziren seguraski eta bere garaian labetik atera berriak izandako usain berezi hura aideratu zutenak.

Batzuk soberan zuten eta besteak nahikorik ez berriz...


ALBISTE ILUNA

Bakoitzaren bizitzan izaten dira gertakizun ahaztu ezinak. Ondorenean bizitzan zerikusia izaten badute gainera, betirako txertaturik gelditzen direnak oroimenean.

Naturarekin bat eginik eta beregandik asko ikasten nuela zortzi bat urte eginak nituen Telleria baserrian bizitzen. Neurekiko mundu bat osaturik nuen eta irudimena berriz benetan azkar ari zitzaidan aurreratzen. Baina egun batetako ilunabar batez, nire belarrietara iritsiko zen albisteak, erabat dardaratuko ninduen.

Sukaldeko armairuaren ondoan nintzen eseririk beste askotan bezala, leihotik begiratuz Loiolako Santutegi aldera.

Orain bezala garai hartan ere, benetan txunditzen bai ninduten eguzkiaren ezkutatzeak, hodeiak kolore ezberdinak hartzen zituztela eta zeruak berriz errepikatu ezinezko tonu aldaketak eginik. Eguzki indartsuak agur egiten zuen bere beroa zabaldu ondoren 1944ko azaroaren 12ko egun artan, eta nolabaiteko hotza iristen zitzaidala konturatzean hasi nintzen, ausart eta lotsagabe sartzen zenez sukaldean leihoko egur zaharren zirrikituetatik. Nekaturik nintzen egun osoan zehar, beste egunetan baino seriotasun handiagoa zuela iruditu zitzaidan osaba Joseri jarraitu nahirik ibili ondoren. Amona ere serio zen eta zer esanik ez berriz, zeharo presaka prestatu eta arratsalde erdian etxetik irten zuen Pantxike izeba, herrira joateko asmoz.

Goiz hartan pentsatu nuen ez ote ziren beste egunetan baino seriotasun eta isiltasun handiagoan, aurreko egunean egin izango nuen gaiztakeri batengatik, baina une batez nire ekintzak aztertzean konturatu nintzen, ez zela horrelakorik gertatu. Baina, igarririk nintzen zerbait gertatzen zela, egunero hainbeste kontu niretzat izan ohi zuten amonak ere muturik zela zirudienez. Beraien isiltasuna errespetatuz, isilean jarraitzen nuen nik ere, leihotik ikusi nezakeen paregabeko ikuskizunari begira, mendiak itzalak bereganatzen zituela, beraien atzean eta zeharo urrutian eguzkia ezkutatzean.

Bat-batean agertu zen sukaldeko atean nire izeba Pantxike. Arnasa batean zen... Harrigarria iruditu zitzaidan txakurraren zaunkarik ez entzutea aurrez, jagole apartekoa izanik eta albistea ematen zuena. Afaria prestatzen zen nire amona jiratu zen etxeratu berria zenarengan jarririk bere begirada, oinkada bat aurrera emanaz hurbildu nahirik. Ez nien entzun ezer esan zioten elkarri, baina beraien aurpegiak adierazi zidaten garbi, zerbait garrantzitsua gertatzen zela. Dena garbitu zen, bere lanak betetzen ukuiluan zen osaba Jose sukaldeko atean agertzean...

- Zer? -galdetu zuen bere arrebarena hurbilduz.

- Hil duk... -erantzun zion Pantxikek, bere ahotsak etenalditxoa eginez.

Unean jabetu nintzen gertatzen zenarekin eta nire amonak zuen aurpegia zen albiste ilunaren ispilu berezia. Nire ama, hilik zen...

Sentitu nuen berehala bihotz gabeko batek nirea zen zerbait lapurtu nahi zidala. Leihoko kristalaren bestalde ikusten nuen zeru ederra, ezerezean eta iluna iruditu zitzaidan, mendi guztien jabe egiten ari zen gaueko mozorroa bezalakoa, etsaia, bizitzaren orlegitasuna galdaraziz bere bidean aurkitzen zuenari. Gogoratu nuen une batez, txakurrak ere ez zuela zaunkarik egin, albiste ilun hartan partaide izatea nahi ez zuelako seguruenik.

Sukaldeko mahi luzearen ondoren joan zen osaba Jose eta eser zen aulkian, izeba Pantxikek buru makur irteten zuela gelatik. Amonak berriz, jira erdia eman zuen sukaldean eta atzeko aldea ematen zidala gelditu zen zutik. Une batez, esan zitekeen, isiltasuna nagusitu zela sukalde handian...Bitartean, nire irudimenak hega eginez eraman ninduen, nire ama aurki zitekeen Elizkaleko etxe hartara. Ikusi izan nahi nuen, besarkatu, zenbat maite nuen jakinarazi...

Baina, Ukuiluan ziren behiak, askak beraien adarrekin jotzean ateratzen zuten zaratak bihurtu ninduten egira. Urruti nintzen berarengandik eta isiltasuna besarkatu nuen, une batetik bestera iluntzen ari zen ezinbesteko zeru handiari begiratzen niola.

Esku tximurtu eta gozo batzuk sentitu nituen masailean, nire begirada leiho hartatik kendu eta aurrean belaunikaturik nuen amonaren aurpegian jartzeko, ezer esaten ez bazidan ere, aurrez ongi ulerturik nuen albistea adierazten zidala bere begiekin. Bereganaturik genituen isiltasuna apurtu zuen unean, negarrez hastean...

- Zerura joan da. Zerura... -errepikatu zuen nire amonak pare bat bider eta altxatu aurrez.

Besarkatu ninduen ondoren eta konturatu nintzen negarrez zela... Gehiago ez zidan bisitarik egingo nire amak igandeetan.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta