Idazleak - Imanol Elias Odriozola - Biografia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Imanol Elias Odriozola

Azpeitia, (1935-2013)

Hasierako ikasketak egin zituen Azpeitiako ikastetxeetan eta ondoren beka baten bidez berriz Industria Maisutza titulua lortu zuen Deustuko Salesiar Ikastetxean.

Azpeitiko Institutu Laborala martxan hastean 1956an eta beharreko oposaketak gainditu ondoren, Eskulan Formazioko irakasle maisu ordeko aritu zen 1962an titulua lortu zuen bitartean. Denboraldi horretan, bere eskuetan izan zituen baita une batzuetan Diruzaintza eta Institutuko Zuzendari ordezkaritza.

Azkoitiko Aforasa lantegira aldatu zen 1963an, Mantenu Prebentzioko laguntzaile bezala, hiru urte geroago eta enpresako buruen nahiak beterik Segurtasun eta Higiene mailako Buruzagi titulua lortu eta lan berri horretan aritzeko bertan 1978ra bitartean.

Azken urte horretan ordea, oposaketa baten parte harturik, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialean hasi zen lanean, Azpeitiko Antxieta Kultur Etxearen arduradun bezala, langintza horretan jarraituz 1992ko urria bitartean, azkenaldian Gipuzkoa Donostia Kutxaren Kultur Ekintza Departamenduan, pasatuz aurre jubilatuen zerrenda osatzera aipaturiko urte horretan. Baina, aipatzekoa da, ez duela erabat alde batera aurrez Antxieta Etxean egiten zuen kultur langintza 2005. urtera bitartean, herrian sortu izan diren ekintzak bultzatzen jarraituz azken baten Kutxak bere Kultur Etxea itxi duen bitartean.

Betidanik izan da nolabait kulturari loturik eta hitzaldiak ez ezik argitaratu ditu lan ugariak gipuzkoar egunkarietan, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz, El Diario Vasco, La Voz, Unidad, Deian, Urolaldeko berriemaile lanetan ariturik Loiola Herri Irratian urteetan zehar eta bera sortu zen une bertatik, gogoratzen duela benetan pozik, irrati horren bitartez zabaldu ziren lehen euskal hitzak bereak izan zirela.

Lortu zuen bestalde bere ataltxo bat izatea urte batzuetan zehar Zeruko Argia aldizkarian, Mundu biribila deituraz argitaratzen zena, izenpetuz bere lanak "Gaiztoa" izenordez, lan ugariak argitaratuz bestalde Azpeitian hilean behin ateratzen zen Olatz aldizkari herrikoian. Ezagutzera eman ditu baita zenbait idazlan garai batean Gipuzkoako Kutxa Probintzialak ezagutzera ematen zuen Guipuzcoa eta Noticias CAP aldizkarietan, eta urteetan Azpeitiko Herri jaietako egitarauaren liburuxketan.
Bere garaian, Zestoa eta Lekeition ospatzen ziren neurri txikiko Euskal Zinema saioetan ere aurkeztu zituen filma batzuk.

El Diario Vasco egunkarian eta Hitz apurrak deituriko ataltxoan, astean behin lan bat argitaratu zuen bestalde 1989ko irailaren 15etik 1993ko urtarrilera bitartean, era askotako jaiak ukituz eta unean berriz eta 1986tik, Urola bailarako berriemaile lanean da Arrate Irratian, bere saiotxo laburra eskainiz entzuleei asteazkenero.

Aipatzekoa da bestalde, Deustuko Salesiar ikastetxean zela, behin eta berriz hartu zuela parte bertan egokitzen ziren antzerki emanaldietan aktore lanetan, bultzagile eta partaide berezia izateko ondoren beraren ikasketak amaitzean eta 1965etik aurrera, Azpeitiko herrian izan ia azken urteetara bitartean sortu izan diren antzerki talde guztietan parte harturik, batzuetan idazle edo aktore bezala eta beste batzuetan zuzendaritzan, gogoratuz langintza horretan izan zela Augustin Zubikaraik eta Joxe Mari Altunak musika jarritako Jaunaren bideetan antzerkian, ehun bat lagunek parte hartzen zutela antzezle eta abeslarien artean.

Azpeitiko Antxieta Antzerki Taldearen sortzaileetako izanik, ezagutzera eman ditu beraren bidez eta beraren zuzendaritzapean, hamazazpi lan. Aurrenekoa, Inoxente, 1966an, eta azkena Urkiola, 1998an.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartean sartu zen 1995eko otsailaren 9an, Azpeitiko Antxieta Etxean ospatutako ekikaldian, Azkoitiar eta azpeitiarrak, Peñafloridako Kondearen garaian hitzaldia eskainiz.

Egun, alde batera utzirik du antzerki munduan parte hartzea, baina ez idaztea, eta antzerki lanak ez ezik historia lanak osatzen jarraitzen du, lehen duenez horretarako gogo bizia.

Uztarrian, Azpeitiko herri aldizkarian, ere aurkezten ditu lanak, bere kaleratu zen lehen unetik.

Azpeitiko Ohorezko Kronista izendatua aho batez Udalaren aldetik 2010eko urriaren 7an.

Kultur Mahaiko Ohorezko Bazkide izendatua Azpeitiko Kultur Mahaiaren aldetik 2011ko abenduaren 11n.

Bigarren saria Azkoitiko Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketan 2011n, "Harrobian" lanarekin.

Omendua Azpeitiko Udala eta herriaren aldetik Sebastian Donearen bezperako Helduen Danborradan, 2012ko urtarrilaren 19an.

 

BIBLIOGRAFIA

- Mendizale zaharra | Azkoitiko Udala
- Arrosalore zuria | Azkoitiko Udala
1980 Opera Omnia. Antxieta, sarrera | (beste egileekin) Kutxa
1982 Sendagai traketsa | Azpeitiko Udala
1983 Gipuzkoako baserria kondairan zear | Gipuzkoako Kutxa Probintziala

GEHIAGO IKUSI

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta