Idazleak - Imanol Azkue Ibarbia - Laginak - Joan badoa

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Imanol Azkue Ibarbia > Laginak

Narratiba

2005 Joan badoa | Nabarra aldizkaria, 56. zk. (2005eko azaroa)

Joan badoa


"Hemen zaude, orduan!", pentsatu du Joanek, eta poltsa petrilaren kontra utzi du erortzen, lurrean. Poltsaren barruan ez dauka ezer hauskorrik, soinua aterako duenik, beirazko edo metalezkorik: botilarik, etxeko giltzarik..., ezta iraganari lotzen dion aingura astunik ere.

Aurrerantz makurtu da Joan, petrilerantz, eta ukondoak gainean jarrita, zeruertza beste mugarik ez daukan itsaso urdin zurira begiratu du, gertuen daukan olatuen zuritik begirada zimurtu arteko urdin urrunera. Kosta egin zaio urrutikoa ikustea, hainbeste denboran gertukoari begiratzen ohituta. "Hemen zaude!", errepikatu du. Begiak itxi eta usnatu egin du, sakon. Kresala itsatsi zaio berriz ere, ustez, birika hauspoetan, eta gogoratu du harresien gaineko txarrantxaren gainean itsas haizearen tantak nola anpulutzen ziren, zuri, aire izatetik malko bihurtzera, artile galduak bezala burdina herdoilduetan.

Orduan, barrua eta kanpoa zegoenean, baina batez ere barrua, sumatu ez ezik, irudikatu ere egiten zuen kanpoaldean itsasoa, zabal, handi eta mugarik gabe, debeku eta horma besterik ez zituen kartzelaren barruan. Muga fisikoa, bai, baina baita denborarena ere, han barruan minutuak beti 60 segundo baitzituen, eta egunak, nahi baino astiroago, banan banan eta herrestan pasatzen, kondenaren kate mailan.

Petrilaren azpialdean hondartza hutsa zabaltzen zaio, harea zuriz, eta gogoratu du jangelako koadroa, hainbeste aldiz begiratua, oker handirik gabe orain xehetasun guzti guztiekin marraztuko lukeena: eguzki berozko argitan, etzaulki marraduna (zuria eta urdina) erdian, hondar zuriaren gainean, eguzkitakoaren azpian; eta, batez ere, haizeak bere toles guztietan dantzarazten zuen toalla berdea. Zenbat eta zenbat aldiz irudikatu zuen bere burua koadro haren barruanà Hemen eta orain, ordea, ez dago inor ere hondartzan, negua baita eta hotza da nagusi airean.

Ordu erdi lehenago irten denean, kartzelako ate nagusiaren aurrean, ondo eta pazientziaz azaldu dio funtzionarioak, esplikazioak sarritan eman izanaren ziurtziaz: "Aldapan gora eginez gero, beti harantz, etorbide nagusia ailegatutakoan erraz iritsiko haiz tren geltokira". Buruaz baietz egin dio, eta eskerrak eman ere bai, baina bidera irten orduko Joanek behera egin du, kontrako norabidean, poltsa bizkar gainean hartuta, platanondoz hesitutako errepidean, itsasoaren bila, batik bat urrunean urdintasun umela sumatu duenean.

Ez daki zenbat denbora egin duen horrela, mugitu gabe, petrilaren gainean ukondoak. Ezker eskuin begiratu du bazterretara. Jendea dabil paseatzen espaloian, baina behealdean hondartzak basamortua dirudi, itsasoagatik ez balitz. Hormigoizko hesia pasatu eta hondarrera jaitsi da, salto batean, uste baino errazago eta arinago. Korrika hasi da hondarrean, herioan, norbait atzetik orpoz orpo segika balu bezala, baina barrezka, pozik, eta jarraitu egin du harik eta birikek nahikoa dela esan dioten arte. Orduan, hondarraren gainean etzanda, gora begiratu du, zerura. Lainoak ikusi ditu mugitzen, ardi zuri aldakorrak, baina hemen ez dago txarrantxarik, ezta harresirik ere, zerua hesituko duenik. Goizero, barruan, patioan zegoela, Bruselara zihoan hegazkinak 11:15ean lerro zuria marrazten zuen zeruko arbel urdinean, mendebaldeko horma gainditu eta patioari zegokion zerugunea zeharkatzen zuen, eta orduan, ke lorratzari begiratuta, ondorioztatzen zuen haizea nondik nora zebilen kanpoaldean; izan ere, presoen urratsak kenduta, patioan ez baitzen beste ezer mugitzen, askatasunaren haizea eta borondatea ez bazen, hormigoizko basamortu gris hartan. Basamortua, bai, berde izan behar zuten zuhaixka apaingarriak ere jarri orduko horitu baitziren han, patioaren erdian, egunero ureztatuagatik. Izan ere, kartzelan ez baita inor edo ezer lekukotzen edo sustraitzen, goroldioa eta ahanztura ez badira.

Zutitu, arropetan itsatsitako hondarra astindu eta oinez itzuli da Joan poltsa utzi duen tokira.

Orduan, makurtu eta poltsa hartzera zihoanean, ahots xume eta mehe bat entzun du atzealdean, orain ere, "Joan!, Joan!" deitzen diola, baina ez du bururik jiratu, jakin baitaki ondoan ez duela inor, bere irudimenean baino ez dagoela hitz hotsa. Etengabe entzun du urte hauetan guztietan eta ez dio alde egin buru barrenetik, uneoro gogoraraziz gertatua. Kondena bat beteta, besteak bere horretan jarraitzen du, beraz.

Poltsa bizkar gainean hartu eta hiri handiko tren geltokira abiatu da, oraingoan bai, funtzionarioak agindu dion bezala, kalez kale, gorantz, etorbide nagusira iritsi arte. Bidean, ordea, ez da kartzelaren aurrealdetik pasatu, nahita. Urrutira ikusi ditu hormak eta zaintzako dorreak, hain ezagunak bezain gorrotatuak. Hiri bihotzera gerturatu ahala, mugimendua eta zarata gero eta biziagoa zen, batez ere jendearena eta autoena, eta etorbideak zabaldu egin zaizkio aurrealdean. Espaloian doala, ehunka aurpegirekin gurutzatu da, baina konturatuta da inork ez diola so egin begietara, eta poztu egin da. Azkenean, inork ez du zelatatzen eta zaintzen, bat gehiago da.
Geltoki handiaren erdian zutik, aurrealdean daukan pantailari begiratu dio: inguruko eta atzerriko hiri handi asko daude zerrendatuta, zer ordutan izango diren trenak. Aulki libreak badaude eta horietako batean eseri da, pantailaren aurrez aurre. Goitik behera pazientziaz irakurri du hizki berdezko zerrenda, baita behetik gora ere. Joanek ondo daki, ondotxo, iraganaren berri, nondik datorren eta zer utzi duen atzean; etorkizuna, berriz, erabat ezezaguna zaio, baina paneleko hizki aldakorretan dago idatzita. Tarteka, izenek dir dir egiten dutenean, badirudi keinada bakoitza gonbidapena dela berriz ere hasteko.

Joan badoa, baina ez daki nora.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta