Idazleak - Imanol Azkue Ibarbia - Laginak - Bizitza ederra da, Pako

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Imanol Azkue Ibarbia > Laginak

Narratiba

2008 Bizitza ederra da, Pako | Hitza. Itzalean bilduma

Bizitzea ederra da, Pako

Udan badaude egun batzuk ederregi argitzen direnak lanegun izateko, eta gaur da horietako bat. Hori, ordea, geuk pentsatu dugu, eta ez zuk, Pako, gaurkoan, 1958ko agorrilaren[1] 1ean, Askizu aldetik eguzkia jaikitzen ikusitakoan, eder eta garbi, eta Zumaiari kolore guztiak aterarazi dizkiola, lotsaraziko balitz bezala hainbesteko argitasunarekin; zuri, Pako, ez zaizu gehiegi inporta edertasun hori, ezta astegun edo jaiegun den ere; izan ere, zuretzat egun guztiak dira berdinak eta egun batetik bestera bizitzea bera da ederra. Horregatik, Moilan, baporeko[2] kubiertaren gainean zutitu zarenean, ez diozu begiratu ere egin eguzkiari, ez diezu begiratu ere egin elkarri besarkatuta, karela karelarekin, lo egin duten itsasontziei. Pauso traketsekin, balantzaka egin duzu kubierta gainetik ertzera, Moila parera, eta azkar irten zara lehorrera. Atzean utzi duzu baporearen gain ihinztatua, atzean utzi duzu egur gainean marraztuta geratu den giza irudia, zurea, lo egin duzun tokian, eta oraindik nabarmen ikus daitezke han gainean zure hankak tolestuta, besoak bularraldean antxumatuta, gorputza kuzkurtuta.

Lehorrean, egurrezko arrain‑kaxen artean erdi ezkutatuta, oraindik arropatan itsatsita daramazun hezetasuna astindu duzu, hautsa balitz bezala, baina ez da hain erraz kentzen gau ilunaren manta umela. Oraindik gogortuta sentitzen zara, geldiarazita, gaueko hozmina hezurretaraino sartu zaizu eta. Neguan bai, ederki moldatzen zara, askoz ere hobeto; Xakuk Natalionean, Arrangoletan, gordetzen ditu hondartzako egurrezko kaxetak, Itzuruna joaten diren udatiarrek aldatzeko erabiltzen dituztenak, eta aukeran ere izaten duzu non lo egin, gaur hemen eta bihar han, aberatsen pare, Forondako markesa bazina bezala, soinean daramazuna besterik ez duzun horrek; baina ekaina iristearekin batera, Xakuk kaxeta guztiak gora igo ditu, hondartzara, eta lotarako beste leku bat bilatu behar. Zorionez, bapore ugari etortzen dira konpontzera, eta Moilan dauden bitartean, lo egiteko beti aurkitzen duzu kamainaren[3] bat. Atzo, ordea, ez zenuen asmatu, nonbait, baporearen barrenera iristen, eta kubiertaren gainean harrapatu zintuen loak.

Eskuarekin izterra ukitzean, galtzen patrikan Celtas paketea sumatu duzu. Azken zigarroa geratzen da, eta zimurtuta dago, zu adina. Ezpaineratu egin duzu, eta piztearekin batera, ahots ozen bat entzun duzu atzealdean, burlaizez, zu baino esnatuago.

–Pako! Goiz habil! Zer, lanera?

Migel eta Tomas dira, lanera, Carmelo Unanuenera. Zerbait esaten hasi zara, baina eguneko lehen hitza bidean geratu zaizu, ahotik irten gabe, marmarrean. Aho-sabaian gustu txarra sumatzen duzu, eta hortxe geratuko zitzaizun itsatsita erantzuna, parrandaren ajean, biharamunaren katean.

Moilatik Portu kalera joan zara pauso azkarrez, ia saltaka[4], eta Txikito Artadiren ondoko iturrian ura edan eta aurpegia busti duzu, atzo gauekoa ere garbituko eta argituko duzulakoan. Pixkanaka, hasi zara akordatzen. Azken zurrutadak Erreketanean egin zenituen, hori ondo gogoan duzu, baina ez zara akordatzen nola egin zenuen lotara, are gutxiago noiz. Egun handia izan zen atzokoa, behingoagatik patrikan dirua zeneukan eta; baina beti bezala, ez zenuen onik izan azken perro txikia[5] gastatu arte, txin­‑txin. Denborarik ez duzu neurtzen, denborak ez dauka garrantzirik zuretzat, baina badakizu maiatzeko lehen egunetan txanak[6] bezain seguru etortzen direla garagarrileko[7] azken egunetan eibartarrak agorrila gurean pasatzera, etxea alokairuan hartuta edo apopilo, eta Alfako furgoneta lehertu beharrean etortzen dela, trastez beteta. Zuk ere ikasi duzu, eta haiek ikusitakoan, Erribera kalean, zeure burua eskaini zenien laguntzeko, gauzak hirugarren pisura igotzeko. Pozik etortzen dira Zumaiara, eta pentsatu zenuen kartera furgoneta bezain beteta ekarri bazuten, kobratu berritan, emango zizutela eskupekoren bat, eta halaxe gertatu. Tak, billete txikia eskura, lana bukatutakoan. Beti besteen mende bizi denarentzat gauza ederra da poltsikoa beteta edukitzea, behingoagatik zeuk erabakitzea noiz eta zer erosi edo edan behar duzun, nork gonbidatuko zain egon gabe. Billetea edo txanpona, ez zuen askorik iraun zurekin, ordea. Azkenekoan, patriketako zuloetan erremiendo onak jarri zizkizun Justak, baina, hala ere, zulorik handiena zuk borondatean, Pako.

Erribera kalean geratu zara, Goiko plazara daraman aldaparen barrenean, zigarroari azken keak kentzen, badakizu eta oker handirik gabe laster pasako dela handik esnezaleren bat, karga-karga eginda, bi eskuetan marmitak eta ezinean, eta eskertuko duela laguntzea azokara igotzen. Urrutira, ordea, Txinbi ikusi duzu, txaperoen[8] kaboa, eta hura konturatzerako aire eman duzu beste aldera, ezkutura. Begitan hartuta zauzka, eta astindu ederrak ere ematen dizkizu, gehienetan batere arrazoirik gabe. Norbaiti txalupatik izkirak falta zaizkiola? “Pako Rata izango zen!”; Moila inguruan zerbait puskatuta agertu dela? “Pako Rata izango zen!”; betiere zu errudun, eta, egia esan, onartu duzu hala izatea, ez zaizu askorik inporta. Onartu duzun bezala “Rata” ezizena, onartu zenuen bezala bizitzaren ohiko arrastotik irten eta zer etorri hura hartu bizitzea. Horregatik, Txinbi ikusi orduko, ihesi egiten diozu, eta ihesika ikusten bazaitu hark pentsatzen du zerbait egin duzula, eta estu hartzen zaitu atzetik.

Goiza ohi bezala pasa duzu, Moila inguruan, atzera-aurrera, patxixarrak[9] ibiltzen diren bezala, zeregin handirik gabe, hegaldi laburra eta pausatu, hegaldi laburra eta pausatu. Ez dago aspertzerik hemen, batzuentzat oporraldia izanagatik lan ugari dago eta, batez ere porlana kargatzen merkante txikietan, ezezagun eta urruneko egiten zaizkizun lekuetarako: Larache, Cádiz… Jendea lanean ari da, eta zu begira, baina ez dizute kasurik egiten. Behin baino gehiagotan eskaini dizute lana, porlanaren karga-deskargan, edo oholak karreatzen, eta esan dizute emango dizutela patrikarakoa, baina hain da lotua lana libre eta zoriontsu bizi denarentzat; zer da, ba, gogorra erlojuari kateatuta egotea!

Anjel pasa da, tailerrera pieza baten bila, eta zigarroa luzatu dizu, hitzarekin batera.

–Zer dugu, Pako? Atzo dantzan, ezta?

–Bai.

Urdailean zuloa sumatu eta konturatu zara, halako batean, ez duzula fundamentuzko ezer jan goiz osoan. Hori pentsatzearekin batera Estalapera joan zara, El Ciervo tabernaren atzeko atera, eta hantxe egon zara zutik, Justak, etxekoandreak, ikusi zaituen arte. Txitxarroak erosi ditu tabernarako, bazkaltzeko, eta haiek garbitzeko agindu dizu; patrikatik aizto txikia aterata horretan jardun duzu grinatsu, arrainei buruak kendu eta barruak garbitzen; bukatutakoan, eskuak iturrian garbitu dituzula ziurtatuta, txorixo­‑mutur bat eman dizu andreak, zure aingeru goardakoa denak. Ez dizu ezer esan, beharrik ere ez dagoelako, baina badakizu, gero, bazkalorduan, zerbait emango dizula beti bezala, atzeko atetik.

Jo dute hamabiak Parrokiako kanpaiek eta segidan hasi dira lantegietako sirenak: Carmelo Unanuenekoa, Balenciagakoa, Otto Holkenekoa… Laster pasako dira langileak etxera bidean, bazkaltzera, eta geldialdi motza egingo dute Erribera kaleko tabernetan, presaka, gehienei nagusiak ordubete besterik diete ematen eta bazkaltzeko. Zu, Pako, ogiaren azkenak jatearekin batera, oraindik papurrak paparrean, Cantábricon sartu zara, eta atetik sartu orduko Joxe Antoniok basoerdia atera dizu. Berriz ere egunkaria irakurtzen jarraitu du.

–“Azpeitia celebró con gran solemnidad la festividad de San Ignacio”. Horixe jarri zien joan den urtean, igual-igual! –esan du, periodiko zabaldua mahai gainean uztearekin batera.

Hurreratu eta egunkariko argazkiari begiratu diozu, San Inazioren irudiari. Ezaguna egin zaizu, seguru asko iazko periodikoan ikusita. Pentsatu duzu santuak ez direla zahartzen. Ahots bat entzun duzu bizkarraldean.

–Zer, Pako, gerrikorik ez al daukagu?

Joakin Kurriñoa da, eta begirada jaitsi ere egin gabe, eskuarekin heldu diozu galtzei eusteko dabilkizun sare­‑pusketari. Gerrikoaren belarria puskatu zitzaizun eta ez zenuen asmatu hura konpontzen; galtzak zerbaitekin lotu behar, eroriko ez bazitzaizkizun, eta une hartan sarea besterik ez eskura. Konturatzerako, Kurriñoak gerrikoa luzatu dizu, bere galtzetatik aterata.

–Eta beste zerbait behar baduk, esan.

Irribarre egin duzu, zorioneko sentitu zara, badaukazulako zeinek on egin eta lagundu.

Langile­‑multzo bat sartu da tabernara.

–Egun on, ederra dago eta! Ederregia lan egiteko!

Udan badaude egun batzuk ederregiak lanegun izateko, eta gaur da horietako bat. Hori, ordea, geuk pentsatu dugu, eta ez zuk, Pako; zuri, Pako, ez zaizu gehiegi inporta edertasun hori, ezta astegun edo jaiegun den ere; zuretzat egun guztiak dira berdinak eta bizitzea bera da ederra.



[1]abuztua

[2]itsasontzia

[3]itsasontziko ohea, lo egiteko lekua

[4]korrika

[5]txanpona, 5 zentimokoa

[6]enarak

[7]uztaila

[8]udaltzainen

[9]txolarreak

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta