Idazleak - Imanol Azkue Ibarbia - Hemeroteka - Ibilaldiak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Imanol Azkue Ibarbia > Hemeroteka

Diario Vasco

2005-09-09 Ibilaldiak | Felipe Juaristi

Sei ipuin bildu ditu Imanol Azkuek honetan. Ez dut esango sei ipuinok giro berekoak direnik, baina bai idazkera guztietan bat eta bera dela. Idazkera landua baina lasaia, presarik gabea, itsasertzeko ibilaldia bezalakoa, noiz itsasoan begiak ipinita, noiz zeruan, noiz mendian; hori baitu ona itsasertzak, Zumaiakoak bederen. Ez dut esango seiak berdin gustatu zaizkidanik. Uste dut ipuin batzuk besteak baino lortuagoak daudela, bereziki honako hauek: “Lotan dago Laura”, “Egunerokoa ez den buelta” eta “Hurrengoan nora”. Hiruetatik “Egunerokoa ez den buelta” nahiago.

Ipuinen ezaugarri moduan esango nuke errealitatean daudela kokatuta, salbu eta azkena “Caly eta oroitzapenak”, eta, areago, errealitate hori ironiaz dago deskribatuta; orekatsua da, baketsua, ederra eta erakargarria, itxuraz soilik. Itxurak, ordea, beti izan dira engainatzaile, jakina den bezala. Gero bat-batean denak egiten du eztanda eta goiak jotzen du behea eta oreka osoa galtzen da. Detaile txikiak dira, irudipenak, jelosiak eragindako pentsamendu beltzak, baina bere txikian errealitatea osoa hankaz gora jartzeko indarra dute. Bizitza modernoko ajeak, gizonezkoak ez dira gauza beren emazteen maitasunari eusteko; eta haiek (emakumeak) ez daude gizonen leialtasun eza jasateko prest. Edo, bestela, ez daude ez bata ez bestea elkar ulertzeko gogoarekin.

“Egunerokoa ez den buelta” desberdina da. Iraganak orainarekin topo egiten du eta horrek gizon heldu jubilatu berri baten bizitza errotik aldatzen du. Gerrako historia, gezur baten historia, azkenera arte argitzen ez dena. Ibilaldi baten historia, Zumaiatik Askizura eta handik Getariara, hantxe argitu behar baita historia. Oso erritmikoa, oso musikala. Irakurtzea merezi duten ipuinak dira behintzat, beren desberdintasunekin eta beren argi-ilunekin.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta