Idazleak - Igor Estankona Bilbao - Laginak - Anemometroa / Tundra

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Igor Estankona Bilbao > Laginak

Poesia

1998, 2000 Anemometroa / Tundra | Susa

ANEMOMETROA (1998)

ZETAZEO HANDIAK

Bazirudien zirrara zetorrela uraren gainetik,
landareen adina bikoiztu egin zela.
Esku zikinekin elkarren aurpegiak garbitu zituzten.
Pizturik zirauen bonbilla bakarrerantz korrika
zihoazen
biak.
Inguratzen gaituzten pertsonengana iristeko
guztiok behar dugun zirrikituaren bila
ahoan
sartu zion atzamarra.
Material hezeenaz egina iruditu zitzaion.
Eseri eta hankak zabaldu zizkion teatro goseti bat bezala,
korreoz heldutako opari baten antzera
eta ume egin ziren sofara eroritakoan
eta han
listuarekin kurtsibaz idatzi zuten bizitza
eta han
burua sabel leun haren gainean
ulertu zuen azkenean
zer dela eta etorri ohi diren hondartzetan hiltzera
zetazeo handiak.

ETZAN ETA ENTZUN

Etzan eta entzun
heriotzaren alabastroa, zure begietan, utzi nireetan
uzten diren bezala bahitutako umeak
ilargiaren piszinetan.

KUARTZOZKO TXORIAK
Kuartzozko txoriak
denboraren orratzetan
pausatuta
betidanik,
betirako,
kuartzozko txoriak
denboraren apologia eginez.
Kuartzozko txoriak
eta beraien kantu monotonoa
tak-tik-tak-tik...
taktika eternal batean,
tik-tak-tik-tak...
diktadura bat zaintzen bezala.

FORTUNAK EZ DITU AUSARTAK LAGUNTZEN

Audaces fortuna juvat.
Virgilio

Erlijio berria ekarriko dute
eta ez dugu onartuko.
Demokratizazioa hasiko da
bonbardero pisutsuen laguntzaz.
Berunezko almendra bi
sartuko dizkiete bihotzean gure seme-alabei.
Hotzera bultzatuko gaituzte.
Bortxatu egingo gaituzte beraien maitasunaren izenean.
Nork daki agian tortura jadanik jasangaitza
bihurtzen denean
ni izango naiz lehen traidorea
eta salatu egingo ditut
gure erretaguardiako ohe guztiak.
Inperioak saritu egingo nau
behinolako neba-arreben fusilamentu pelotoian
egon nahi dudala esaten badiet.
Berandu izango da koherentziaz
edo justiziaren ideialez hitz egiteko.
Begietara begiratuko dizuet
tiro
egin baino mende bat lehenago.


TUNDRA (2000)

EZ DAGO LAINORIK

Gaur ez dago lainorik eta gaua dator garbi,
gutxitan ikusten da horrela, beldurra ematen du ia.
Zerbaitek eztanda egitea izan daiteke irtenbide bat.
Bake honetan gerizpeak altxatzen dira
eta aurpegia ukitzen didate,
inoiz gulakorik ikusi gabeak balira bezala.
Ez zenuke lorik egingo
zertan pentsatzen ari naizen jakingo bazenu.
Astiro noa zugana, hankabakar noa zugana,
denboran atzera egin nahi dut
esku fosil bitzuokin ukitzeko
jaio gabeko zure azala.
Gure oraina ukatuko nuke zelan hilko zaren ikustearren.
Zelai bat bezain zabal daukat eskua,
aurrera jotzen dute handik zure ametsek;
nireak hemen daude talka itxaroten,
esaidazu ze asmorekin datorren zure barre urduria.
Esaidazu, egingo didazun zulo horretan
geratzeko asmorik duzun.

BERPIZTEKO KANTUA

Iluntzea zeruaren josturatik harilkatzen ikusten duzu,
munduak ezin diolako denbora gehiagoz eutsi
eguzki nekatu eta galtzaile bati.
Atzeko hankek huts egiten dioten lehoi bat zara zu ere.
Nik badakit zure istorio isila,
haririk gabeko piano batek bezala kontatu zenidan
zure amak gatibu zegoen bitartean erditu zintuela.
Baina neke hori berria da,
belaunikatzera doan norbaiten dardara duzu ahoan,
eta badakidan arren belauniko jartzea ez dela erortzea,
nik badakit zure istorio isila
eta ez da horrela bukatzen.
Egizu lo. Ilea laztanduko dizut gaurik luzeenean.
Goizean, izotzak hoztu ondoren,
bigarrenez urtutako metal batez eginiko ezpata izango zara
nire eskuetan.

BIGARREN FORMA

Begi bik bihotz bati esan zioten
hain zirela euren artean lotura bakoak
isurtzen zituzten malkoak,
non sorginorratz berdeak hurbildu
eta edaten zituzten.

Eta begi bik bihotz bati esan zioten
hain zirela euren artean lotura bakoak
isurtzen zituzten malkoak,
non malkoak baino
tantakada hutsak irizten zieten,
euria ari duela konturatu ez den
horri batetik behera

TARTALOREN ESKUMAKO BEGIA

Ohean lo gaudela,
erle gautiar batek eztia egiten du guretzat
bihotza urratzen diguten oteak eurak baliatuz.
Izan ere, bizitza ez da dena,
askotan ez da garratzitsuena ere izaten,
begira zenbat gauzek erabaki duten
ez izatea eta kito.

OZEN BARRURANTZA

Beharbada ez orain,
beharbada ez aurten,
beharbada zati batean ez,
baina egunen batean
belauniko jarriko zarete
ni nagoen bezala.
Ez duzue inoren beldurrik izango,
ez zarete inork derrigorturik egongo,
gardena izango da zuon hitza
barrurantza.

Beharbada ez orain,
beharbada ez aurten,
beharbada zati batean ez,
baina egunen batean
negar egingo duzue
nik bezala.
Zoriontsuak izango zarete
"barka gaitzazue!" oihukatzen duzuen bitartean
nik egiten dudan bezain ozen
barrurantza.

Beharbada ez orain,
beharbada ez aurten,
baina bai: egunen batean
"barka gaitzazue!" oihukatuko duzue,
eta agian ez dizuete barkatuko.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta