Igor Estankona Bilbao

Igor Estankona Bilbao Atzera

2010-02-19
Urdin, azul, bleu, blue, blau...
…tristea da gauzak ulertu nahian ez sentitzea. Hori gertatu zait Igor Estankonaren poema-liburuko olerkiekin, eta horrekin ez dut erran nahi gustatu ez zaidanik, baina ez dut gozatu. Horrekin ez dut erran nahi poema-liburu txarra edo ona denik.

Ulertu nahi eta ezin, baina beharbada ez da ulertu beharrik sentitzeko. Sentitzen ez bada, ordea, bizitza aldamenetik pasatzen zaigu, eta irakurri arren, liburuan aurkitutako olerkiek ez gaituzte hunkituko; ez dugu iratzeen esporarik sentituko. Eta benetan ederra izan daiteke ariman kilima eta laztan horiek sentitzea, baina nik ezin, triste baitaukat gogoa.

Hala ere, gristasun alaian eta axolagabean ezinbestekoa dugu urdintasun tristea, ala? Zeru eta lur artean nonbait idatziak izan diren olerki hauen zentzua harrapatzea ez zait erraza izan, eta ohartu naiz poesia trinkoa eta sakona izan daitekeela eta marmola bezain zeharkaezina. Ohartu naiz tristuraren korrontea edozein artekatik sartzen ahal dela, ez bagaude nonbait finko eta beti alde batetik bestera airean hegan bagabiltza; zeruko urdina sartzen zaigu barreneraino, paisaia gazitzen dugu eta ez dakigu zergatik.

Gauaren eta egunaren artean nonbait idatziak izan diren olerkiak ez ditut ulertu, eta ni izateari utzi diot, Igor izatera iristeraino. Ez gau beltz ez egun zuri, baina egunsenti gorriak urratu dit arima. Atzoko arratsalde urdina gogoan, geroaren huts-mina bihotzean, atzoko min hori ez da deus poetaren penazko hitzek zanpatzen nautelarik. Zaldi azulen eta izar gorrien artean poeta dago bere oroitzapenekin, eta nire hitzekin talka egiten dute, ez baitoaz zentzu berean. Nire tokira noan bezala, poetak udaberriko sagarrondo zuriak ditu amets, eta horrela, nire gogoa sagarrondora itzultzen da, jatorrizko bekatuzko tokira.

Poetak bere hitzak ulertzeko gonbita egin dit, baina nik ulertu gabe sentitu ditut, eta laino zuriei so gelditu naiz. Maitasunez begi azulak ikusi dizkiot poetari, eta bertze behin ahalegintzeko erran dit. Gauean nire begiak ere azul bilakatzen baitira, triste eta malenkoniatsu, eta bakarrik sentitu naiz liburuaren erdialdean. Hala ere, poetak ez nagoela bakarrik erran dit, bera dagoela lurrean, eta mugimendua eta minbizia zeruan. Maitasunari buruz mintzo zait goxo, begietatik begietara. Pertsonen harremanek hasiera eta bukaera duten arren, maitasun gorria ez da gelditzen. Min ematen du maitasuna hartu eta eman den toki guztietatik pasatzean bai, Igor, eta oroitzapenek ez dute osoki maitatzen uzten.

Baietzaren eta ezetzaren artean, maitasunaren sufrimendu egun hauek ordezkatuko dituzten egun berriak etorriko direnaren ametsa. Ametsa da egia bakarra. Maitasunaren eta bakardadean artean, bakarrizketa ulergaitza zenbaitetan poetarena. Amore eman dut eta pentsatzeari utzi diot Igorren aholkuari segituz, eta nire bidean noa. Pentsatzeari utzi bizitzaren loreak laztantzeko, eta pentsamendu alaiei bide eman. Oroitzapenak gure bidaide dira, eta gauza berriak probatzen dituzte. Denboraren eta plazeraren artean bazter berriak bizitzen ditugu, eta maite galduarengan pentsatzen dugu.

Zaharraren eta berriaren artean pentsamenduak daude. Hitzokin batera ezinezko amets guztiak itzultzen baitira etenik gabe haizearekin, iratzeen esporen gisa, arima kilikatzera. Harremanak eteten dira, baina maitasuna ez. Kolore anitzeko poemak ageri dira bertan, eta ulertzen saiatu gabe ur horretan busti gaitezen!
2010-01-03
Lauza berriak bide zaharretan
Igor Estankona (Artea, 1977), nire irudiko, bere belaunaldiko poeta aipagarrienen artean kokatzen da, eta orain arteko ibilbidean Tundra poema liburuarekin joa zuen goia. Harrezkero zazpi urte pasata, eta tartean sariketa baterako aurkeztutako (eta irabazitako) Ehiza eta nekearen ostean, liburu berria atera du, eta, horrenbestez, urteko gertaldi poetiko garrantzitsuenetakoa gauzatu.

Estankonaren poesia moldea oinarrian aski lirikoa da; amodiozkoak dira poema ugari, eta bigarren pertsonan edo zu bati idatzitakoak. Poesia mota honen ezaugarriak izan ohi dira bat-batekotasuna eta berehalakotasuna, baina hain zuzen ere horretatik aldentzen da Estankona, idazkera aski pertsonal eta berezia sortuz. Helduleku gutxi uzten dizkio irakurleari poema zehazki interpretatzeko, eta gehiago sortzen du halako giro poetiko lauso samar bat. Cesar Vallejo-k Trilce liburuan egin zuen legez, badirudi erreferentzia pertsonaletatik abiatzen dela sarritan, baina irakurleari erreferentziok ezkutatzen zaizkionez ezinezkoa suertatzen da berehalakoan poema hitzez hitz eta arazki jarraitzea. Estankonaren balizko kriptikotasunak, hala, ez du zerikusirik hizkuntzaren erabilera aldrebesarekin edo baliabide abangoardistekin. Unibertso pertsonal horren agerpen eta desagerpenean, adierazte eta ezkutatzean, datza haren poesiaren konplexutasuna. Gainera, azpimarratzekoa da lerro bakoitza ondo lantzeko eta irudi poetiko ederrak sortzeko beti erakutsi izan duen abilezia, liburu berrian ere falta ez dena: «Arbola altuek azken izarrak eman dituzte».

Ezaugarri horiek bere ibilbide orokorrari badagozkio ere, Iratzeen esporak berritasunak dakartza. Narratibotasun markatuagoa dute poemek, eta horietako zenbaitek espazio edo gertakari bat -eta haren garapena- deskribatzen dute. Horrekin loturik, erreferentzia konkretuak azaltzen dira maiz, aurreko liburuetan nekez topatzen ahal zirenak, eta poema ulertzea errazagoa delako ilusioa eragiten dute. Esan beharra dago, ostera, aipamen horiek azaltzen direnetan ere, idazlearen bereizgarri den esanahi lausotasun hori mantentzen dela (Ahotsa galdu zuten mendian, esaterako) sarri askotan.

Liburuan molde askotako poemak aurkituko ditu irakurleak. Aurreko poemategietan lasai asko egon zitezkeen aleetatik (Basa ahatea, Madamoiselle) Tortura Espainiako erreinuan bezalako poema bereziraino. Hori guztia poetaren bide berriak jorratzeko borondatearekin lot daiteke seguruenik, eta azken emaitzari, arestian esan bezala, aberastasuna eta konplexutasuna atxikitzen dio. Niri bereziki atentzioa eman didate poema-uholde gisa idatziak daudenak (Azulak gauean eta Giharren bitseraino, bi aipatzearren). Puntuazio gutxirekin, errepikapenak baliatuz eta energia biziz osatzen dira poema hauek, eta liburuak eskaintzen dituen berritasunen artean hauxe iruditzen zait azpimarragarriena. Ahots goran irakurrita joko handia ematen duten aleak dira, halaber, eta Estankonak errezitaldiak egin izan dituela kontuan izanik, ikusi beharko da poema berri hauekin ere halakoak antolatzeko intentziorik duen, hala izanez gero agendan apuntatu beharko dute-eta poesia zaleek.

Poetaren barne emaria gorde eta aldi berean eraldatzen duen liburua dugu honako hau, beraz. Lehenagotik ezagun zitzaiguna hemen ere antzemango dugu. Poema hauek Igor Estankonak idatziak direla ohartzeko ez dira ale asko irakurri behar. Era berean, ordea, liburuari aire freskoa sumatzen zaio, energia berri bat, azken emaitza aberasteaz gain etorkizunerako bide berriak iradokitzen dituena.
2009-12-17
"Unibertsala izateko batzuetan testuingurua behar du poemak"
Festina lente, astiro korrika, dator poema sorta. Igor Estankonak lasterraldi mantsoaren dibertsioaz gozatu du Iratzeen esporak (Susa) idatzi bitartean. Barrua eta kanpoa orekan, atmosfera iradokitzailez betetako poemak bildu ditu bere laugarren liburuan.

Iratzeen esporak: tituluak Susan argitaratu zenuen aurrekoari, Tundrari, kontra egiten al dio nolabait? Hark bestelako hoztasun bat inspiratzen zuela esango nuke...
Titulu posible batzuk izaten ditut beti eta Tundra be horien artetik aukeratu nuen. Iratzeen esporak hasieratik horrela pentsatuta neukan, baina ez dago nahita eginda. Egia esan, irudi biziagoa da iratzeen esporena tundrako hotza baino. Liburuan bertan be ageri dira, nik uste, paisaia gehiago, bide gehiago, landare gehiago, erreka gehiago... Tundran baino. Natura gehiago agertzen da beste liburuetan baino.

Naturari egindako erreferentzia horien artean kimu berriak jaiotzea aipatzen da; aurkezpenean esan zenuen liburu honekin zuk ere aro berri bat hasi gura zenuela.
Bizitzan egoten dira une batzuk –eta lar dramatiko jarri barik gura nuke hau esan– non ematen duen batzuetan berriro kimatzen ari zarela. Eta hori gertatu zait niri urte bi hauetan; uste dut horri buruz inkontzienteki idatzi dudala. Gero itzultzen zara liburura eta konturatzen zara, kimuak daudela, udaberria ageri dela, sagarrak... Eta liburuak hartzen du halako tonu nabar bat, udazkenekoa moduan. Badago barnera begiratze bat, baina baita bizitza asko inguruan.

Kontrastea.
Bai, kontrasteak hainbat dira liburuan. Badaude poema oso gogorrak, elementu suabe batzuekin biguntzen doazenak. Baina historia, labur-labur kontatuta, zera da: haustura sentimental batetik harreman berri baterako trantsizio gaitz hori dago liburuaren muinean eta poema askotan. Jaiotzari buruzkoak dira poema batzuk, heriotzari buruzkoak beste batzuk, aldaketa konstante horri buruzkoak gehienbat. Horregatik hainbeste aipamen urtaroei, errekei, beti berberak nahiz eta ura pasatzen joan... Gai oso klasikoak, bestalde.

Trantsizioa: “Kalea laburra, meharra eta iluna da, baina handik gora bakarrik daki bihotzak joaten”.
Gabriel Arestik Esperantza kaleari kantatu zion hori. Eta, bueno, batzuetan bizimodua egiten da... estutu, inbutu batetik pasatuko balitzaizu bezala bizitza osoa; eta, jartzen zara atzera begira, batzuetan aurrekoa ikusi barik. Gero ikusten duzu, apur bat aurrerago, badagoela argi bat, eta horri jarraituz zoazela ematen du. Horregatik esan dut poema horretan, hortik bakarrik dakiela bihotzak joaten.

Dena dela, guztiak ez dira barnera begirako poemak. Gatazka ere ageri da. Zurtasunan, berbarako, beldurra azaleratzen duzu; tortura ageri da beste bizpahirutan...
Bai, gure mamu kolektiboak... Uste dut gure buruari ez diogula batere mesederik egiten batzuetan, eta nik behintzat onartu behar dut gauza askok egiten nautela barrutik inarrosi. Bat da tortura; beste bat kontrolatzen gaituztenaren... ez bakarrik sentsazioa, segurantza totala baizik; eta, nahiz eta oso subjektiboak diren, mamu horiek noizean behin bisita egiten digute. Ez dira gauzak asko aldatu Relación de las maléficas de Cantabria idatzi zenetik hona –beste poema batean aipatzen dut hori–. Gero, bakoitzaren kasuan oso pertsonalak bihurtzen dira amesgaizto horiek, eta kudeatzeko modu asko daude; baina, nork ez du sentitu beldurrik, ezta?

Eta zuk poema horiek argitaratuta zer nahi duzu, beldur hori adieraztea? Salatzea?
Nik uste dut salaketaren mailan geratzen dela; eta barruan daukagun poliziari hitz egiteko modu bat da, ezkutatzea baita gauza hauekin egin daitekeen txarrena. Horri buruz idatzita gure beldurrak eta mamuak txikiago egiten dira. Zentzu horretan, poema batzuk ilunak dira, baina badaude baita be poema batzuk oso desberdinak, ez daukatenak zerikusia bakarrik gatazkarekin. Hori poema gutxi batzuetan agertzen da; beste liburu batzuetan be sartu ditut gai sozial eta politikoak, eta hemen gutxi horietan laburbildu dut. Gustatzen zait liburuari ematen dioten ukitua.

Ahotsa galdu zuten mendianen Intxortako gudariak dituzu hizpide. Haietako batekin izandako harremanean hartutako desilusioa antzeman dut. Ba ote?
Hori dator Basilio Pujanaren gainean Bidegileak bildumarako egindako biografiatik. Basilio ja hilda, ni familiarekin berbaz, oso ideia konkretua neukan berari buruz –Eusko gudariak ereserkiaren egileetako bat da, Zeanuriko bertsolaria–, eta nire artean nioen batzuetan mitifikatu egiten ditugula zu eta ni bezalako pertsonak, testuinguru historiko batean beraien patuaren kontra borrokatu zirenak, eta galdu egin zutenak Intxortan. Askotan nahi diogu horri buelta eman, amestu zer gertatuko zatekeen Intxortan irabazi izan bagenu, baina poemak transmititu gura du hori alferrikakoa dela; hau da, nahiz eta Intxortan galdu, Lemoako haitzetan, Jaizkibelen... hemen gaudela oraindik; ezin garela bizi galdutako batailetatik, irabazteko dauzkagunetatik baizik.

Tundran eta Anemometroan baino gehiagotan azaltzen dira leku-izen konkretuak poemotan. Eta izenik gabe ere, lekuak nolabait ukigarriagoak egin zaizkit. Bilatutako zerbait izan da?
Hori bada aldaketa nabarmena: lehen absolutua eta unibertsala bilatzen nuen, eta uste nuen hori aurkitzeko bidea zela gauza atenporalak egitea, espazio konkretu batean gertatzen ez direnak. Gehiago irakurriz, esperientziaren bitartez eta poesiak zelan funtzionatzen duen ikasi ahala, konturatzen zara batzuetan, hain zuzen be, jarri behar duzuna dela testuingurua, hori izan dadin benetan absolutua eta unibertsala. Poema batzuk, lekuak eta paisaiak kenduz gero, ez dira ezertan geratzen. Lekuek, paisaiek, askotan egiten dute ideia indartu, eta hori, neurtuta noski, nahiago izan dut ipini. Nahiago izan dut esan aitari eta anaiari buruz ari naizela, amamari buruz, eta ez gauza hetereo bati buruz.

Beste diferentzia bat, agian: aurreko liburuetako poemek bukaera borobilagoak zituzten, azken kolpekoak ziren. Orain ez... edo ez hainbestetan.
Amaiera irekiagoak atera zaizkit. Ez du esan nahi ez ditudanik bilatu bertsolaritzan azkeneko puntuak deituko liratekeen horiek. Baina, igual hori positiboki begiratu behar genuke, eta esan betelan gutxiago egokeran, batzuetan kolpea lehenengo ahapaldian doala, eta bigarren ahapaldiak be eusten diola tonuari, eta hirugarrenak baita. Eta azken ahapaldia sartzen da suabeago, ez dago hainbesteko sorpresarik, bide bat eginda dauka poemak. Horregatik kasu batzuetan poema irekiagoak dira; baina, beste batzuetan, dentsoagoak, kontzentratuagoak.

Miles Davisen disko bi, Kind of blue eta Nefertiti, dira liburuko bi atalen tituluak. Jazza da liburu hau irakurri bitartean entzuteko soinu banda egokiena?
Kind of blue “tristezia antzeko bat” hitzekin itzuliko genuke, eta horrekin hasten da liburua, tristeziarekin. Nefertiti atalean pixka bat gorantz egiten du eta Iazko urtebeteak hitz-joko bat da. Urtebetea da sagar bat, beilegia, oso ondo irauten duena ilunetan, bodega batean-edo gordeta; eta orduan, hurrengo urtean be egon zaitezke iazko urtebeteak probatzen. Sagar mota ezagutzen duenak harrapatuko du, osterantzean ez.

Kantei, musikari, aurrekoetan baino aipu gutxiago eskaini diezu, halere.
Nahiago izan dut ez ipini. Aipuek zahartzaro txarra daukate.

Damutu egiten zara jarritako aipuren batekin, ala?
Ez da damua, baina poema apur bat kondizionatu egiten dute. Eta nire helburua izan denez –guztiz absurdua, baina– poemek irautea... Aipuek gutxiago irauten dute: gure gustuek beste, modek beste. Baina uste dut Miles Davis ez dela kasua.

Idazle izateaz gain, kritikaria ere bazara Argian. Nola bizi duzu bi fronteetan ibiltzea?
Ba, inoiz baino lasaiago, egia esan. Geroz eta oreka inposible gutxiago bilatzen dut, geroz eta artezago adierazten saiatzen naiz liburu batek iradoki didana, eta iritzia emateko geroz eta erreserba gutxiago daukat. Horrek ematen dizu askatasun bat idazteko, beti errespontsabilitatetik eta errespetutik, zure gustuei buruz. Ni konklusio batera heldu naiz: lehen uste genuen liburuak kritikatzen ari ginela, eta nik uste dut gehiago kritikatzen ditugula tendentziak, edo estiloak, edo poema motak. Nik kritika batean adierazten nabilena da, bakar bakarrik, liburu bat iruditu zaidala atsegina edo ez. Eta nire gustuen barruan liburu hori dagoela ondo idatzita edo ez. Uste dut behar dela horretan be trebakuntza bat; lehenengo kritiketan galdu egiten zara, baina orain gutxiago.
2009
Iratzeen esporak
Susa
2006
Hitzak batzen gaitu (Beste egile batzuekin)
Elea
2006
Hitzezko Zubia. 5 Euskal Poeta gazte
Centro de Linguistica Aplicada Atenea
2004
Ehiza eta nekea
Kutxa Fundazioa
2002
Tundra
Susa
1998, 2000
Anemometroa / Tundra
ANEMOMETROA (1998)

ZETAZEO HANDIAK

Bazirudien zirrara zetorrela uraren gainetik,
landareen adina bikoiztu egin zela.
Esku zikinekin elkarren aurpegiak garbitu zituzten.
Pizturik zirauen bonbilla bakarrerantz korrika
zihoazen
biak.
Inguratzen gaituzten pertsonengana iristeko
guztiok behar dugun zirrikituaren bila
ahoan
sartu zion atzamarra.
Material hezeenaz egina iruditu zitzaion.
Eseri eta hankak zabaldu zizkion teatro goseti bat bezala,
korreoz heldutako opari baten antzera
eta ume egin ziren sofara eroritakoan
eta han
listuarekin kurtsibaz idatzi zuten bizitza
eta han
burua sabel leun haren gainean
ulertu zuen azkenean
zer dela eta etorri ohi diren hondartzetan hiltzera
zetazeo handiak.

ETZAN ETA ENTZUN

Etzan eta entzun
heriotzaren alabastroa, zure begietan, utzi nireetan
uzten diren bezala bahitutako umeak
ilargiaren piszinetan.

KUARTZOZKO TXORIAK
Kuartzozko txoriak
denboraren orratzetan
pausatuta
betidanik,
betirako,
kuartzozko txoriak
denboraren apologia eginez.
Kuartzozko txoriak
eta beraien kantu monotonoa
tak-tik-tak-tik...
taktika eternal batean,
tik-tak-tik-tak...
diktadura bat zaintzen bezala.

FORTUNAK EZ DITU AUSARTAK LAGUNTZEN

Audaces fortuna juvat.
Virgilio

Erlijio berria ekarriko dute
eta ez dugu onartuko.
Demokratizazioa hasiko da
bonbardero pisutsuen laguntzaz.
Berunezko almendra bi
sartuko dizkiete bihotzean gure seme-alabei.
Hotzera bultzatuko gaituzte.
Bortxatu egingo gaituzte beraien maitasunaren izenean.
Nork daki agian tortura jadanik jasangaitza
bihurtzen denean
ni izango naiz lehen traidorea
eta salatu egingo ditut
gure erretaguardiako ohe guztiak.
Inperioak saritu egingo nau
behinolako neba-arreben fusilamentu pelotoian
egon nahi dudala esaten badiet.
Berandu izango da koherentziaz
edo justiziaren ideialez hitz egiteko.
Begietara begiratuko dizuet
tiro
egin baino mende bat lehenago.


TUNDRA (2000)

EZ DAGO LAINORIK

Gaur ez dago lainorik eta gaua dator garbi,
gutxitan ikusten da horrela, beldurra ematen du ia.
Zerbaitek eztanda egitea izan daiteke irtenbide bat.
Bake honetan gerizpeak altxatzen dira
eta aurpegia ukitzen didate,
inoiz gulakorik ikusi gabeak balira bezala.
Ez zenuke lorik egingo
zertan pentsatzen ari naizen jakingo bazenu.
Astiro noa zugana, hankabakar noa zugana,
denboran atzera egin nahi dut
esku fosil bitzuokin ukitzeko
jaio gabeko zure azala.
Gure oraina ukatuko nuke zelan hilko zaren ikustearren.
Zelai bat bezain zabal daukat eskua,
aurrera jotzen dute handik zure ametsek;
nireak hemen daude talka itxaroten,
esaidazu ze asmorekin datorren zure barre urduria.
Esaidazu, egingo didazun zulo horretan
geratzeko asmorik duzun.

BERPIZTEKO KANTUA

Iluntzea zeruaren josturatik harilkatzen ikusten duzu,
munduak ezin diolako denbora gehiagoz eutsi
eguzki nekatu eta galtzaile bati.
Atzeko hankek huts egiten dioten lehoi bat zara zu ere.
Nik badakit zure istorio isila,
haririk gabeko piano batek bezala kontatu zenidan
zure amak gatibu zegoen bitartean erditu zintuela.
Baina neke hori berria da,
belaunikatzera doan norbaiten dardara duzu ahoan,
eta badakidan arren belauniko jartzea ez dela erortzea,
nik badakit zure istorio isila
eta ez da horrela bukatzen.
Egizu lo. Ilea laztanduko dizut gaurik luzeenean.
Goizean, izotzak hoztu ondoren,
bigarrenez urtutako metal batez eginiko ezpata izango zara
nire eskuetan.

BIGARREN FORMA

Begi bik bihotz bati esan zioten
hain zirela euren artean lotura bakoak
isurtzen zituzten malkoak,
non sorginorratz berdeak hurbildu
eta edaten zituzten.

Eta begi bik bihotz bati esan zioten
hain zirela euren artean lotura bakoak
isurtzen zituzten malkoak,
non malkoak baino
tantakada hutsak irizten zieten,
euria ari duela konturatu ez den
horri batetik behera

TARTALOREN ESKUMAKO BEGIA

Ohean lo gaudela,
erle gautiar batek eztia egiten du guretzat
bihotza urratzen diguten oteak eurak baliatuz.
Izan ere, bizitza ez da dena,
askotan ez da garratzitsuena ere izaten,
begira zenbat gauzek erabaki duten
ez izatea eta kito.

OZEN BARRURANTZA

Beharbada ez orain,
beharbada ez aurten,
beharbada zati batean ez,
baina egunen batean
belauniko jarriko zarete
ni nagoen bezala.
Ez duzue inoren beldurrik izango,
ez zarete inork derrigorturik egongo,
gardena izango da zuon hitza
barrurantza.

Beharbada ez orain,
beharbada ez aurten,
beharbada zati batean ez,
baina egunen batean
negar egingo duzue
nik bezala.
Zoriontsuak izango zarete
"barka gaitzazue!" oihukatzen duzuen bitartean
nik egiten dudan bezain ozen
barrurantza.

Beharbada ez orain,
beharbada ez aurten,
baina bai: egunen batean
"barka gaitzazue!" oihukatuko duzue,
eta agian ez dizuete barkatuko.
1998
Anemometroa
Susa
11/2009
Desira plazer 68-08 : euskal poesia erotikoaren antologia
Txalaparta, S.L.
10/2007
Basilio Pujana (1913-2005)
Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia / Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco
Basilio Pujana, Manuel Lasarte, Iñaxi Etxabe, Manuel Olaizola "Uztapide"
Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia / Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco