Idazleak - Gotzon Barandiaran Arteaga - Hemeroteka - Lan baratza

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Gotzon Barandiaran Arteaga > Hemeroteka

Gara

2005-03-12 Lan baratza | Aritz Galarraga

Irekidura sakon eta luzeak dira arrakalak, euskal hiztegi entziklopediko ezagunenari kasu eginez gero. Lur idorrean irekitzen dira, asfaltoan, babesik gabeko etxebizitzen horma ofizialetan. Begi-bistan irekitzen dira batzuk. Gordean daude bestetzuk, izu, denboraren beroak noiz orbainduko. Handik eta hemendik bildutako arrakalak aurkituko ditugu Gotzon Barandiaranen estreinako poema liburuan. Minak eragindako arrakalak. Richter eskalan sekula agertuko ez diren lurrikarek eragindakoak. Ez pentsa hargatik tonu ezkorra duenik liburuak; ezen irekidura horietatik bestaldean dagoena ikus baitaiteke.

Presarik gabe idatzitako lana dugu hauxe, hilabeteetan zehar su baxuan sukaldaturikoa. Elkarrizketa batean irakurri diogu Gotzoni: “Nik 30 urtegaz argitaratzen dut lehenengo liburua, gauzak oso lasai hartuta”. Badira oraindik modari muzin egin eta bide propioa garatzea hobesten duten sortzaileak. Eskertzekoa da jarrera, fast food-a eta best-seller-ak nagusi diren garaiotan. Azken emaitzan ere nabari da gauzak txukun egitearen aldekoa dela idazlea. Gaztearen “herrenak” aurki daitezkeen arren (hizkera poetikoaren indefinizioa, poemen arteko gorabeherak), “gaztearen” bertuteak gailentzen dira. Poema indartsuak dira liburukoak, freskotasunez beteak, bizirik dagoen eta esatekorik baduen gazte batek idatziak.

Jarrera hitza aipatu dugu arestian. Idazleak jarrera bat hartzen du gertaeren aurrean, ez da gertaeraren aipamen hutsera mugatzen. Idazle konprometitua da Gotzon eta, ondorioz, liburu konprometitua da Arrakalak. Zentzu honetan bertako poemak ez dira epelak, konpromiso horren isla garbia baizik. Sarri gainera, saiatzen da gertaeren beste ikuspuntu bat azaltzen, hau da, egia ofizialetik at geratzen dena azaltzen. Idazleak irakurlearengan eragin nahi du, pentsarazi, irakurketa aktiboa erraztu. Hau lortzeko, poesia zuzenaz baliatzen da, ez du apaindura handirik behar mezua igortzeko, ahots soila, hizkera gardena nahikoa du beste sentsibilitate bat egon daitekeela erakusteko.

Poesia, oro har, liburu formatuan kaleratu ohi da. Liburua da, esan dezagun, poesiaren euskarri nagusia gaur egun. Baina badira liburuaren mugak gainditu eta haratago doazen proiektuak. Arrakalak ezin da ulertu, adibidez, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea edota Bihotz Bakartien Kluba kontuan hartu gabe. Presente daude biak liburuan, presente bertan aurkitutako jendea, bertan bizi izandako esperientziak. Ez da, beraz, ezerezetik sortu den literatur lana. Herritik, kaletik, eguneroko jendearengandik edan duen poema liburu baten aurrean gaude. Era berean, ez da liburuarekin amaitzen den proiektua. Arte Ederretako zenbait ikaslek liburuko poemetan oinarritutako animazioak sortu dituzte eta, material guztia bilduta, herririk herri mugitzen ari den emanaldi bat antolatu dute. Kasu honetan liburua ez da amaitutako zerbait, bide berrietara irekitako leihoa baizik.

Idazle batek lehen liburuarekin ematen du ezagutzera bere burua. Segur aski, gerora idatziko dena ere baldintzatuko du lehen lan honek, liburuak izan duen harrerak edota jasotako kritikek izango dute eragina. Lasai egon dadila Gotzon, egin beharrekoak ederto egin baititu. Gauza bat baino ez diogu eskatuko: segi dezala lanean, apal, presarik gabe, eta ez dezala liburu bakarra argitaratu duten idazleen zerrenda zoritxarrez (batzuetan zorionez) luzea luzeagotu. Esaera zaharrak honela dio: “Lan baratza, lan aratza”. Eta zahar hitzak zuhur hitzak egin zaizkigu beste behin.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta