Idazleak - Fito Rodriguez - Laginak - Faustoren itzala

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Fito Rodriguez > Laginak

Narratiba

2004 Faustoren itzala | Utriusque Vasconiae

- Werther dut izena.

Erromantikoak bere buruaz beste egin zuen. Faustok deabruarekin hitzartu zuen betiko bizitza gaztea. Ni neroni zahartu (zuhurtu?) naiz bidaia honetan. Asko ikasi dut. Ez euskaraz eta euskal kulturaz soilik, neure izaeraz ere bai. Gizakiak hiru tokitan batera jakin behar du irauten: lehenaldian, orainean eta geroan. Beraz, bizitutakoak neurekin eramanen ditut, bizi naizen artean. Ez dut laugarrenik onartuko: betiereko itzulera ez dut laket. Anitzak, eta handiak dira(orainokoan ere aditzera eman den bezala)luzamendutan ibiltzeak eragiten dituen damuak, eta kalteak. Baina damu guztien gainekoa, kalterik handiena,galgarriena, eta beste guztiak iragaiten eta ahantz arazten dituena da, egozten baitu fingabeko gerora, hondar gabeko leizera, sekulako penetara. Mefistok ez nau bere hitzarmenaz harrapatuko eternitaterako, nire saldukeria nabarmena izan arren.

Ez dut harengan sinesten, Jainkoarengan sinesten ez dudan neurri berean. Eta ez dut beti gazte bizi nahi. Ez naiz ekintzaile bat. Eskarmentua hartuta, eszeptizismoaren premiaz ohartu naiz.

Ez baitago itzalik gabeko zuhaitzik ez eta itzalik gabeko eguzkirik. Haltzak ez duela bihotzik eta itsasoak esperantzarik ez duela irakurria banuen ere, oraintxe jabetu naiz haien esanahiaz. Ez nago etsiturik, baina ez dut itxaropenaren beharrik. Fausto banintz, beldur nengoke, eta edozein gauza salduko nuke itxaropen ezak sortzen duen beldurra gainetik kentzeko. Izua uxatzen ikasten hasia nago, ordea.Kea baino gutxiago gustatzen zait.

Erlijioentzako, gizaki denak dira gaiztoak, norberarengandik hasita. Jaiotzatik bertatik daramagu jatorrizko bekatua gurekin, harik eta erlijioaren bidez berpiztu (birjaio) arte. Bizitzaren ikasketa, ondorioz, ezetzaren jarioa da. Norberaren desioei (deabruaren tentaldiei) ezetz esanez garatuko dugu Egia eskuratzea lortuko duen heziketa.

Modernitateak niaren onura aldarrikatuko du, berez gaiztoa zen Antzinako gizakiaren kaltean. J.J.Rousseaurentzat, gizartetik at hezitako Emilio izan zitekeen gizasemerik onena zen. "Besteak" omen dira deabrua.

Garai batean, Jainkoaz edo Deabruaz sinistu zuenarentzat, azpiko amarruz ulertu beharra dago mundua, beti baitago ezkutuko azalpenik. Unibertsoaren ordenuarekin fedea zuenak nekez uler dezake ausazko mundua, nahiz eta bizitza bera zorizkoa izan.

Hauek guztiek, Sakratua arrazoi bihurtu dutenek eta Arrazoia sakralizatu dutenek ere, gizakia ezarri ohi dute munduaren aurretik. Nitasuna hastapenean. Baina ez dute kontuan hartu nahi gizakia bera ekoizpena dela. Hau da, harreman jakin batzuen ondorioa besterik ez. Eta, hori jakin artean, ez dira jabetuko erabakitzea zer den. Ez aukeratzea edo hautatzea soilik, deliberatzea baizik.

Elhuyarren artean, Joan Joxek Faustori bere sekretua helarazi zion eta, halaber, kide bihurtu. Anaia izateaz gain, sopikun bilakatu, baina nola edo hala, Goethek adierazitako Faustoaren moderniak denok inplikatzen gaitu.

Joan Joxe Elhuyarrek bere anaiari historiak denok lotzen gaituela adierazi nahi izan zion, beraz. Guztiok gaudela inplikaturik, ez jakin arren. Fausto Elhuyarrek ez omen zekien hori, baina jakin gabe edo jakinik, inplikazioa egon bazegoen. Sekretuaren jabe izateak ez du arintzen ezinbesteko konplizitatearen pisurik, izurik. Joan Joxe akabatu zutela dirudi (Elhuyar aldizkariaren hemerotekako testuak hala dio, behintzat) eta Faustok, bizitza luzea izanik, eskuratu zuen wolframioaren aurkikuntzarekin lortutako ospea, edirekuntzak eragindako dena, berarenak bezain beste, gutxienez, Joan Joxerenak ere baziren. Denborak ezarri ditu izenak eta datuak beren tokian. Ignatiusek birrindutakoak ez du desagerraraziko informazioa. Grabatzen ari naizen bideo zinta hau lekuko.

Ezin esan, gainera, zientzia neutralik dagoenik. Ez eta ekidistantzian oinarritutako historiarik. Aitzitik, zientziak zein historiak, gizakiak sortu eta erabili egiten dituen gainerako jardun guztiek bezainbesteko kutsadurak dituzte. Zientzia zikinduta eta salduta daukagu, bere sorreratik bertatik, eta ez dugu kexu izan behar zientziak sortzen dituen zabor kutsaduraz soilik; zientziak berak hartzen dituen iker-bideetatik hasi beharra dago gure kezka zabaltzen. Eskarmentatua nago jadanik, eta ez naiz damu. Etorkizunak ez du esperantza errazik, baina Unamunok zioenez, eszeptikoa ez da zalantzaz dabilena, etengabeko ikerketa eta bilaketa maite duena baizik. Honez gero, ezin naiz lotsatu, hori baita, finean, nire bidea. Ibiltaria izateari ezin diot ihes egin. Ijitoa baino higitua nauzue. Hautuz.Hor dago gakoa.

Euskaldunak lotsati bakartiak dira, beren ingurukoak gertu badaude ere, edo gertu dauzkatenean... Saamiarrak familia handietan bizi izan gara beti. Hemen etxeko erreferentzia funtsezkoa izaten bada, goi lautadan herri ibiltaria da gurea. Etxerik ez duena. Etxea berekin daramana. Ez diogu hotzari aurre egiten inongo batimendutan, geure arteko berotasunean baizik. Horregatik, bakardadeari diogun izua berezia izaten da, baina, era berean, guretzat bakarrik egotea dugu ohitura txar guztien iturria, eta edozein tokitan gaudela, gure artean egon ezkero, etxean gara. Neronek badut, beraz, herriaren premia.

Halaber, nire esperientzia helarazi beharra daukat. Zorretan nago Euskal Herriarekin eta nire historia euskaldunei zor nien.Goethek berak zioenari erreparatuz, Gaztetan izan nahi duzunarekin kontuz ibili, zeren handitan halako bihurtuko zara-eta. Bada, gaztetako helburuak berreskuratzeaz gain, nire kondairatxoa behar nuen kontatu. Bakoitzak bere itzala baitu. Hona hemen, beraz, bideozinta hauetan.

Uztailean, gauerdiko eguzkia dugu Inari aintziraren hegietan, Ipar Burutik gertuko ezpondetan, saamiar zaharren lurretan. Haren beroa behar dut.

"Pobre de mí" abestu ondoren, hara joanen naiz, suomiar jaiotako saamiar honek halaxe deliberaturik. Egun suomiarren menpean dauden ene arbasoen lurretara. Estaturik ez duen eta estaturik onartzen ez duen gure herriarengana.

Ez adiorik...
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta