Idazleak - Fertxu Izquierdo Jimenez - Laginak - Mendeko borroka

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Fertxu Izquierdo Jimenez > Laginak

Narratiba

2008 Mendeko borroka | Pamiela

I. Cappuccino

Hiriko zaratak esnarazi zuen Giovanni. Motel mugitu zen
ohean. Gorputz osoa minberaturik zeukan. Goizero bezala.
Azken gerrak utzitako orbainetan odolusten zen partisano
zaharraren memoria. Ia hiru hamarkada pasatu arren, oinaze
berbera sentitzen zuen goizero. Eta urteek eragindako begi sartuekin
begiratzen zuen goiza.

Moby Dick, mesanotxean zeukan liburu potoloa, orrialde
markatutik zabaldu eta Town-Ho irakurri zuen. Balea zuria berriro
dator, pentsatu eta Town-Ho errepikatu zuen ahots ozenez.
Liburua utzi eta mugimendu motelekin altxatu zuen gorputz
zaharkitua. Ohe ertzean eserita geratu zen une batez.
Kanpoko zarata gero eta nabarmenagoa zen. Eskuak gibelera
eramanik, arnasa sakon hartu eta ohetik altxatu zen. Komunean
sartu-atera bat egin ondoren jantzi zen. Betiko arropa.
Panazko galtzak, alkandora zuria eta jaka marroia. Jakaren poltsikoak
arakatu, zigarro-kaxa hartu eta bat piztu zuen. «Settimoren
tabernara gosaltzera joateko prest nago orain», pentsatu
zuen. Eta eskaileretara atera zen etxea atzean utzirik.

Buongiorno Giovanni, agurtu zuen Settimok, nola esnatu
gara gaur? Atzo bezain gaizki, erantzun zion Giovannik. Jarriko
al didazu cappuccino bat?, eskatu zuen. Balea zuria dator, Settimo,
orain ziur nago, esan zion tabernariari. Berriro ere kontu
horrekin?, esan zion Settimok. Zaharkituta zaude, Giovanni
eta, nire ustez, gehiegi irakurtzen duzu. Zure gerrak aspaldi
bukatu ziren, eta faxistak kanporatu genituen alemaniarrekin
batera... Oker zaude, eten zion Giovannik, oso gizon atsegina
zara Settimo eta estimu handian zaitut, horregatik jakinaren
gainean jarri nahi zaitut; hiri honetan gauza ugari gertatuko
da. Laster gainera.

Cappuccinoa zerbitzatzen zuen bitartean, Settimok maitekiro
begiratu zuen agurea eta erantzun zion: ni tabernari hutsa
naiz, Giovanni, gaztea naiz, ez dakit deus munduaz eta, zu ez
bezala, ni ez nintzen borrokatu azken gerra handian, baina,
baina... balea zuria datorrela diozunean orduan bai ez dudala
tutik ere ulertzen!

Giovannik azken zupada eman zion zigarroari, cappuccinoa
hartu eta, zurrutada ezti batez, aparra zaporeztatu zuen. Soilik
orduan galdetu zuen: ez al duzu Moby Dick irakurri? Adanen
garaietatik hona, balea zuriaren konkorrean bildu egin dira gizakion
zorigaitz guzti-guztiak. Ahab kapitainak ez zuen lortu
balea hiltzea. Ez zuen lortu gaizkiarekin akabatzea. Eta orain,
berriro dator eta guri egokitu zaigu Ahab kapitainaren lana
bukatzea...
Kafeari azken zurrutada eman, ordaindu, beste zigarro
bat piztu eta, taberna abandonatu zuen, begirada zerumugan
galdua...

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta