Idazleak - Fertxu Izquierdo Jimenez - Laginak - Gerratearen aztarnak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Fertxu Izquierdo Jimenez > Laginak

Poesia

2007 Gerratearen aztarnak | Pamiela

Gauerdieroko anpulu hauek ze bildumakoak
diren ze taberna ilunetan esnifatu genuen azkeneko
musuen gramoa taupaden kroniketan oheko gerrateaz
mintzatu ei zen eta izerdiaz ze ardotan itoak
ginen ze graffitian galdu genuen irudia
itzalen eszenatokian maitaleen dantza lizuna espermaz
jantzia oroitzapen faltsifikatuak oraina ordainduz
kontrabandozko hasperenak kulero zurien egunsentia
erantziz gau hondoratuak odolezko ibai hauetan edo
malkoak euri bakarra diren basamortu honetan
esnatu izenen geografia menditsuan galdurik
atorrak ditiburuen zirimolak marraztu
zituen ausentzien gaindosiak taberna honetako komunean
abandonatu ninduenean ezpainen atautean
debekaturiko orgasmoen begiak itxi
zituzten alkoholzuloetan dolu oroitzapen desitxuratua
bihurtu zen atzoko musuen azken gramo hura gogoan
izan ausentzien gaindosiak nire atzoen bilduma asasinatu
du eta orain anpulu hauek ze bildumakoak diren
ez dakit



Bihotza egunero zortzi ordu lantegian zigortua
zoruan etzanda lan istripu batez
sentimenduen haragi irekia
heriotzari bostekoa emanez minez zulatutako gauean
edota zinemaren atarian zain esperantzak landuz
ludi agonikoa egon arren
hiriaren desordena bogota bat odolean
igande gauetan aste osoko negarrak bilduz
gosez hildako umeak zure ninien Bagdad-en
eta gosearen espetxeetan jada ez dakit zenbat egileek
oinazearen soinu banda originala izkiriatu duten
ankaran
eta gu aurrez aurre gaude begira
[ denbora galduz, egunak galduz, musuak galduz,
iraultzak galduz, gauak galduz... ]
ludiak agonizatu behar badu ere bizi gaitezen
gauero uztailaren hemeretzian managüan
sartuko bagina bezala
laztan bakoitzean fronte sandinista berriak sortuz
denbora aprobetxatuz
minuturo iraultzak irabaziz
minuturo ludiaren agoniari aurre eginez
eta ez dakidanez noiz izango den azkeneko gaua
zure biluztasunaren telediarioan informazioa eskatuz
gauero lapurtuko nizkizuke milaka musu
milaka fereka
haciendo revolución desde tú cuerpo por variar.




Zure alua fotokopiatzen dut nire ezpain bustietan
eta zure izterrak erasotzen dituen erlea naiz,
zure bularrak estaltzen dituen ihintza, agian.
Oheko kaligrafian gutunak idazten dizkizut,
eta behin eta berriro zure atlasen bidaiaria naiz.

Zure sabela zeharkatzen dut nire esku samurretan
eta zure muinoak gailurreratzen dituen mendizalea naiz,
zure irudiak lapurtzen dituen itsaslapurra, agian.
Oheko kaligrafian espermaren itsasoak idatzi dizkizut
behin eta berriro zure geologoa izan nahi dudalako.




Amildegiaren ahotsetan hildakoen sekuentzia erakusketa bat
besterik ez da
zuhaitzen azalean isiluneak tatuatu zituzten heriotzez
gernika
txetxenia ginen memoria bonbardatuz
galtzaileen anpuluak heriotzaren hautsarekin
nahastu zirenean oinazearen borreroek sarraskiak oihuz
osatu zituzten bizitzaren errefuxiatuek hilobietan
babes politikoa aurkituz
aieneek hondamenaren kontra destatu zuten
arekatan nabarra apirilaren alanbradetan harilkatuak
paisaiak ekiditu zituzten eta kea malkoen aitzakia bihurtu
genuen zenbat gernika ari diren negarrez ez
ikustearren

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta