Idazleak - Fertxu Izquierdo Jimenez - Hemeroteka - "Tutti fruti alla romana"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Fertxu Izquierdo Jimenez > Hemeroteka

Berria

2009-3-15 "Tutti fruti alla romana" | Mikel Ayerbe

Duela bi urte argitaratu zuen Fertxu Izquierdok lehen poesia liburua, Gerratearen aztarnak, eta urte berean Iruñea Hiria Beka jaso zuen. Mendeko borroka (Assalto a Roma) izeneko nobela bitxia da aipatu bekaren emaitza.

Nobela bitxia dela diot, hasteko, liburuko argumentuaren gorabeherak azaltzea ez delako batere erraza. Liburuaren azalean bertan agertzen da Mendeko borroka-ko protagonista nagusietako bat, Bruce Lee; eta Way of the Dragon filma ikusi duzuenok dakizuenez, Chuck Norris da borroka esanguratsu horretako aurkaria (eta antagonista). Bada, 70eko hamarkadako Erroma gatazkatsuan bi borrokalari-aktore horiek bahitzeko planak egiten ari dira beste bi talde aurkari: Mussoliniren itzalpetik susperturiko faxistek Bruce Lee harrapatu eta hil nahi dute, Txina bezalako herrialde komunistei lezio bat emateko asmoz; aldiz, partisano berriek osatutako Lotta Operaria-ko taldekideek Chuck Norris bahitu nahi dute, era berean, faxistei kolpe itzela emateko. Azkenean, ordea, bahiketa bikoitzaren kontua komunisten eta faxisten arteko gatazka islatzeko aitzakia besterik ez da izango, faxistak estatu kolpe baten atzetik dabiltzalako eta partisano berriak erresistentzia sendo bat antolatzen ari direlako. Izan ere, bestelako mendeko borroka jokatzen da Izquierdok aurkezten digun Erroman.

Eszenatokian era guztietako pertsonaiak, zinezkoak eta asmaturikoak: Bruce Lee eta Chuck Norresekin batera Nora Miao eta Anita Ekberg aktoreak; Carla Capponi PCIko parlamentaria; Pinelli anarkistaren inguruko gertakariak; Stefano Delle Chiaieri, Junio Valerio Borghese eta antzeko faxista entzutetsuak; Moby Dick-ekin obsesionatuta dagoen Giovanni partisano zaharra... Guztiek jokatzen dute antzeko rola nobela koral honetan, orriotan protagonista nagusia etengabeko akzioa baita. Hain zuzen, idazlearen lorpen argiena argumentu bitxi baten baitan errealitatea eta fikzioa modu nahasgarri batean aurkeztea izan delakoan nago, historiatik bildutako gertakariak eta asmaturikoak elkarrekin okertzeraino. Horren erakusle, liburuaren amaieran eskaintzen diren Izquierdok berak nobela hau idazteko erabili dituen datu eta aitorpen zehatzak.

Bitxia da nobelaren egituraketa ere, italiar gastronomiari eginiko keinu nabarmenaren ondorio: atal nagusien banaketak menu baten itxura duen neurrian (Antipasto, Primer Piatto, Secondo Piatto, Contorno, Dolce eta Cafè e Liquorino); kapituluen izenburuek italiar janari edo edarien izena hartzen dute (gainera, izenburuko elikagaiaren inguruan, gehienetan, azalpen bat biltzen da testuan bertan). Azken aukera horren inguruan, sarritan informazio gehigarri horrek tramaren garapenari traba egiten diola deritzot, kontuan hartzen badugu 245 orrialdeko nobela 85 kontakizun laburretan banatzen dela. Erritmoaren kaltetan, elkarrizketak testura ekartzerakoan ere, nire iritzirako, Izquierdok ez du bete-betean asmatu.

Eta, hala ere, Mendeko borroka (Assalto a Roma) ni bezalako irakurle bitxi eta frikiak harritzeko eta desorekatzeko moduko nobela dela aitortu behar. Ekintza ugari eta akzio zehatzak (filmetako efektu berezien erakoak eta guzti), keinu literario eta zinematografikoak (ez soilik pertsonaiengatik), eszena umoretsua eta harreman berezi bezain korapilatsuak eta abar, edonori kontatzea zaila izanik ere, modu oso ulergarrian xehatzen dituelako Izquierdok. Estilo eta genero aldetik ere berrikuntza nahikotxo eskaintzen ditu liburuak, ikusgarritasun handiz ia-ia nobela grafiko gisa (edo are, story board mardul bezala) funtzionatzeraino. Izan ere, zaporea aniztasunean datza Tutti fruti alla romana honetan.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta