Idazleak - Fertxu Izquierdo Jimenez - Hemeroteka - Gerratearen aztarnak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Fertxu Izquierdo Jimenez > Hemeroteka

Radio Euskadi

2007-04-08 Gerratearen aztarnak | Goizalde Landabaso

“…Nahi duzun bezala deiozu; gerratea edo bimilatabosgarren urtea. Baina poema hauek gerra txiki eta mingarri honen adierazleak baino ez dira, eta lerro hauen artean zutaz iboildutako hitzak topatzeaz gain, gerratearen aztarnak aurkituko dituzu”.

Hortxe definizio zuzen, labur, zehatza. Egileak berak eginikoa. Sarri hamaika berba-amaraunetan nahasten gara zerbait azaldu guran; ahaztuz, lerro zuzena izan ohi dela lerrorik zuzenena. Baina osterantzeko hitzik aukera nezakeen…

“…Areazko udazken bat erosi nuen / baita izarez egindako irla bat ere. / Horregatik hotzak jota / eskuen artean alde egin zitzaidan udazkena”.

Bestelako aukerarik ere bazen, izan…

“…Kausa galduen geografia gara / malkoen aterki zulatuetan / isuritako poema bustiak besterik ez”.

Eta zer esan honetaz…

“…Basora hiriaren izena lehenengo aldiz / mila eta bat gau liburuan irakurtzeko aukera izan genuen / bonbak asmatu baino lehenago…”.

Hiri bat da liburu hau. Kale, errepide, etxe-xingola, plaza… sentimenduz beteriko hiria; edozein pertsonak izan litzakeen gozo eta gaziekin. Jolas egitea atsegin du egileak, eta irakurlea horretan sartu nahi du, inplikatu nahi du berba-eraikinetan.

Zer gertatuko litzateke bere esaldi bakan esangure gabeen puzzlea asmatuko bagenu? Honako hauxe…

“(…)Hiria ari du eurian / Eta gauak tabernarantz narama / Porlanezko hilobi hauetan bizitzaren aldeko manifestu bakarra dira (zure begiak). / Eta bakardadea autobusak egunero hartutako bidezidor bat da. / Memoria ez da itsatsi beharreko puzzlea, bizi beharreko gauen bilduma baizik. / Baina gu beranduago jaio ginen eta basamortuak dira orain hildakoen aberria. / Eta dena den auskalo non den etorkizuna zu ez baldin bazara”.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta