Idazleak - Fertxu Izquierdo Jimenez - Biografia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Fertxu Izquierdo Jimenez

Iruñea, 1975.

2007an argitaratu zuen bere lehen liburua, poema bilduma bat, Gerratearen aztarnak izenburukoa (Pamiela). Urte hartan bertan, Egan aldizkarian, Joseba Sarrionandia pantailaren aurrean ikerketa-artikulua plazaratu zuen. 2008an, berriz, Mendeko borroka (Pamiela) narrazio liburua atera zuen.

2007an, Iruñea Hiriko beka lortu zuen, nobela bat euskaraz idazteko. Horrez gain, sari ugari irabazi du:
-Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Lehiaketan, poesia alorreko sariak irabazi ditu 2002an, 2003an eta 2004an.
- Lasarte-Oriako Udalak antolatutako lehiaketan, poesia alorreko lehen saria 2002an.
-Uitziko “Orixe” Lehiaketan, poesia alorreko lehen saria 2002an.
-Gaztezulo aldizkariak antolatutako “Xelebre press” lehiaketan, kazetaritza alorreko lehen saria 2004an.
-Atarrabiako Udalak antolatutako "Pedro de Atarrabia" lehiaketan, narratiba alorreko lehen saria 2006an.


Iruñean sortu nintzenetik Txantrea auzoan bizi naiz. Uste dut nire literaturzaletasunaren erruduna nire arreba bat izan zela. Eta amatxo, jakin gabe, bere konplizea izan zen. Arrebak mota guztietako komikiak irakurtzen zituen eta bere eskuetatik pasa ondoren nire eskuetara iristen ziren komiki haiek guztiak. Eta komikiak gustukoak nituela ohartuta ama erosten hasi zen: Asterix eta Obelix, Superlopez… Eta badakizue, droga bigunetatik droga gogorretara pasatzen dela. Komikiekin nahikoa ez nuenez hasi zidaten liburuak oparitzen: "El corsario negro", "Un agujero en la alambrada", "Momo", "La historia interminable", "Moby Dick", "Los libros de Terramar"…
Liluraturik nengoen liburuen orrialdeetan topatzen nuen abentura hauekin guztiekin eta nire abentura propioak sortzen hasi nintzen. Oraindik eskolan nengoela nire ipuin propioak idazten hasi nintzen baita “argitaratzen” ere. Bai, nire lehendabiziko istorio haiek, folioetan idazten nituen eta liburu itxura ematen nien. Azala eta guzti jartzen nien. Baita barneko marrazkiak ere. Horrela sortu nuen, esaterako, "Despiste detektibea".
Hori bai, argitalpen horien guztien aurkezpen bakarrak nire etxean egiten nituenak ziren eta erosle bakarra nire karpeta…
Institutu garaietan rock and rolla iritsi eta liburuen literatura alboratu nuen. Euskal rock taldeen letrak garrantzitsuago bihurtu ziren.
Hamabost urte nituela hasi nintzen euskara ikasten eta nire euskalduntze prozesuarekin batera itzuli zen nire literaturzaletasuna. Orduan poesia irakurtzen nuen, batez ere. Eta euskara ikasten ari nintzen heinean euskal poesia irakurtzeko ahaleginak egiten nituen. Gari Berasaluzeren edota Joseba Sarrionandiaren lanak hiztegia eskuan nuela irakurri nituen. Eta euskarak mundu berri bat ireki zidan. Horrela hasi nintzen nire lehendabiziko poemak idazten.
2000. urtean, auzoan "Mao Tse Punk" fanzina argitaratzen hasi ginen, baita zenbait ekimen antolatzen ere. Eta literaturaz gain politikaz eta musikaz idazten genuen. "Mao Tse Punk"an argitaratu nituen nire lehendabiziko olerkiak, Fer Gebara goitizenez. Eta "Mao Tse Punk" ekoizpenen eskutik argitaratu nuen nire lehendabiziko “liburua”: anpuluen bilduma. Kakoren marrazkiez apaindutako liburuxka autoekoiztua.
Liburuxka hartako olerkiekin irabazi nuen, 2002.urtean, Uitziko udalak antolatutako I. Orixe saria. Eta jakina, horrek idaztera eta sarietara aurkeztera bultzatu ninduen. Ordudanik zenbait sari literario irabazi dut: Iruñeko egile berrientzakoa (2002, 2003 eta 2004), Lasarteko udalarena (2002), Gaztezulo aldizkariarena (2004)…
Garabiak egiten zituen fabrika zikin batean aritzen nintzen lanean eta egunen batean fabrika uztea erabaki eta ikasteari ekin nion. Nire erabakiaz ez naiz inoiz damu eta ordudanik Txantrean Auzolan, Aldapa eta Nabarra aldizkarietan egin dut lan, irakasle gisa AEKn, garbitzaile gisa… A!, Banda Batxoki taldean gitarra jotzeaz gain, jakina.
2006. urtean "Gerratearen aztarnak" poesia liburuaren edizioa prestatzen ari ginela nire lehendabiziko sari narratiboa eskuratu nuen, Atarrabiako Pedro saria, hain zuzen ere.
2007an "Gerratearen aztarnak" argitaratu zuen Pamielak. Eta liburua aurkezteko asmoz eta errezitaldi batzuk egiteko asmoz "Saudade Armada" osatu genuen Gari berasaluzek, Arantxa Santestebanek eta hirurok. Arantxa kartzelaratu eta Saudade desegina geratu zitzaigun.
Urte emankorra izan zen 2007a, zeren eta Gasteizen Euskal Filologia ikasten saiatzeaz gain (ez nuen lortu) "Joseba Sarrionandia pantailaren aurrean" lana argitaratu zidaten Egan aldizkarian eta eleberri bat idazteko Iruñea Hiria beka eskuratu nuen. Beka horri esker sortu zen nire lehendabiziko eleberria: "Mendeko borroka (assalto a Roma)", 2008.urtean Pamielak argitaratua.
Eta 2008.urtean ere Blas de Otero Bilbo Hiria nazioarteko poesia lehiaketa eskuratu nuen "Telebista-antenetan atsedena hartzen dute txoriek" izeneko lanarekin.
Beraz, horrela gabiltza literaturaren errepublika gorri honetan. Gustura.


 

BIBLIOGRAFIA

2007 Gerratearen aztarnak | Pamiela
2008 Mendeko borroka | Pamiela
2009 Telebista antenetan atsedena hartzen dute txoriek | Alberdania

GEHIAGO IKUSI

LAGINAK

2008 Mendeko borroka | Pamiela
2007 Gerratearen aztarnak | Pamiela

GEHIAGO IKUSI

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta