Fernando Morillo Grande

Fernando Morillo Grande

Azpeitia, 1974.

Azpeitian jaio zen Fernando, 1974an. Istorioak maite ditu. Txikitatik, harrapatzen zituen istorio guztiak irensten zituen. Abentura, misterioa, jakin-nahia: motxilan halakoak zeramatzala hazi zen. Leku ezezagunetara joatea eta mendian galtzea gustatzen zaio bereziki, eta, ondoren, hango eta hemengo oihartzunak entzuten egotea. Eta haiei buruz idaztea.

Gauean ikusten zituen izarrek Fisika ikastera eraman zuten; gizakien xelebrekeriek, berriz, Filosofiara. Barrutik zetozkion istorioei eutsi ezinda hasi zen idazten. Dena bizi nahi zuen, eta, hartarako, bidaia-lagunik zorrotzena eta dibertigarriena sortzea zela iruditu zitzaion. Idaztean hegan egin baitzezakeen. Eta hegan egitea da, askotan, bidaiatzeko modurik ederrena.

1999. urtean, Donostia Hiria irabazi zuen Gudaoste ametsak ipuinarekin. Handik aurrera, beste sari zorabiagarri batzuk ere etorri zitzaizkion. Besteak beste: Beasaineko Igartza Literatur beka (Ortzadarra sutan liburua jaio zen hari esker), CAF-Elhuyar Dibulgazio-lehiaketan pare bat sari, Gabriel Aresti Bilboko sarian ere beste pare bat sari... eta, hara ezustea eta poza, Euskadi Saria 2003an! (Izar-malkoak liburuarekin: ikusi kritika).

Gazte literatura landu du batez ere: Sexu egunsentiak (ikusi kritika), Bihotz nahasiak (ikusi kritika), Dorretxe zaharreko misterioa, Eta ni zer?, Andoitz eta Lurralde Ezkutuak, Iratiko sorgin basatia, Seximenduz... Baina baditu bestelako batzuk ere: biografiak (Leonardo), saiakerak (Erraldoi herrena), thriller “helduak” (Gloria Mundi; ikusi kritika) edo itzulpenak (Eragon). Liburu guztiak (eta haien datuak) ikusteko, joan Bibliografia atalera.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo haren web-gunera (ikusi goian). Fernandok kafetxo bat prestatu eta atseginez hartuko zaitu han.
 

Atzera