Fernando Morillo Grande

Fernando Morillo Grande Atzera

2020
Txingudiko abentura sinesgaitza. Basajauna eta Lamia.
2019
Gariren hitzak, Idoiaren hitzak
2019
Hilezkorra. Otsoaren begirada
2019
Meditazio ipuinak, gazteentzat
2019
Meditazio ipuinak, haurrentzat
2019
Sua piztea baizik. Hegorik gabeko txoria.
2017
Trumoi txakurraren negarra
Gaumin
2016
Ixtebe Pellot azlken kortsarioa
Gaumin
2016
Izar malkoak
Gaumin
2015
Kai: txakur bidaiari
Gaumin
2015
Maddi eta euskal sorginak
Gaumin
2014
Amets ameslari
Gaumin
2014
El misterio del camino de Santiago
Gaumin
2014
Maddi ta euskaldun piratak
Gaumin
2014
Santiago bidearen misterioa
Gaumin
2013
Pasio krimena
Gaumin
2012
Abbadiaren sekretua
Gaumin
2012
El fuego se las sombras
Gaumin
2012
Itzalen sua
Gaumin
2012
Zonbia San Mamesen
Gaumin
2011
Deabruaren letaginak
Gaumin
2011
Heriotzaren soinekoa
Elkar
2011
Hildakoei eskr eta haien erruz
Gaumin
2011
Izuaren Pasabidea
Gaumin
2011
Lehoien dantza
Elkar
2011
Marko panpinak trapuzko amets
Gaumin
2010-07
Bilbo Samurai
Uztaileko liburua oporretan dauden hamalautik gorako gaztetxo guztiei eskainiko diet: Bilbo Samurai Fernando Morillo idazle azpeitiarraren azkeneko lana, hain zuzen ere.

Izenburuak lehendabizikotik nahastu dezake baina esan dezagun ez garela Bilbo hiriaz ari, ezta katanaz borrokatzen duen gerlari japoniar batez ere. Bilbo fantasiazko abentura honetako protagonista dugu, sega armatzat duen borrokalaria. Idazleak ez digu haren itxuraren deskribapenik egiten: denon modukoa izan baitaiteke. Ezagutarazten digu, ordea, haren izaera: etengabe entrenatzen ditu gorputza eta burua. Edozertarako prest egon nahi du. Heriotza zirrikitu guztietatik eta makina bat modutan hurbiltzen da Hondamendiaren ondorengo munduan. Bilbok ez dio erraz jarri nahiko.

Bilbok lagun bat du alboan: Xuri izeneko gaztea, lagun baten semea dena. Gizaki itxura du, baina sekretu bat gordetzen du. Hondamendiaren ondoren mutazio ugari izan ziren, eta Xuri gizakia baino zerbait gehiago (edo gutxiago) da. Desberdina da. Desberdintasun horrekin bizitzen ikasi beharko du, eta ahal duen neurrian, baita aprobetxatu ere.

Dena amildu zenean, Hondamendian, ez zen aienetarako astirik izan. Zibilizazioa porrokaturik geratu zen, hondarrezko gaztelu bat itsaso basati baten olatuen aurrean bezala. Bat-batean eta bortizkeria handiz gertatu zen dena. Orduan, bere lubaki primarioenean babestu zen bizitza: bestea hil ala norbera.

Bi hamarkada joanak dira Hondamendia gertatu zenetik. Eta amildegitik haratago zegoen mundua errealitate bihurtu da. Bertan, arnasaldi bakoitza labankada da eta izkina bakoitza ustekabe, baita alderantziz ere. Bilbo Samurairen historia da hau. Bizkarrean daraman sega eta Xuri gaztea bidelagun, herriz herri eta borrokaz borroka dabil Bilbo, Hondamendiaren aurretik Euskal Herria deituriko lekuan.
Zibilizazioa desagertuz gero, zer geratuko litzaiguke? – dio Fernando Morillok - Ezezagunaren aurrean egin beharreko hautua. Burua makurtu edo jaiki. Duintasuna. Umorea. Beldurra. Adiskidetasuna. Mamuak. Porrotak. Zalantza. Grina. Bizitzaren intentsitatea eta heriotzaren ezinbestea. Gai asko, gai interesgarri eta esanguratsuak.

Hor daukazu bada, irakurle gaztea, bero handiko egunak freskatzen ahal dizkizun abentura interesgarria, irakurterraza, erritmo bizikoa.
2010-04-27
Libreago sentitzen naiz
Erritmo biziko abenturazko nobela fantastikoa izanagatik, etorkizuneko zibilizazioen inguruko hausnarketa ere bada Morilloren Bilbo Samurai berria.

Bilbo Samurai nobelako pertsonaia nagusia bezala, sega batekin dabil Fernando Morillo (Azpeitia, Gipuzkoa, 1974) Euskal Herriko punta batetik bestera. Baina, bizkarretik zintzilik barik, autoan darama. Eta ez du borrokarako baliatzen, eskolarik eskola bere liburuei buruz ematen dituen literatura saioetan antzerki modukoa egiteko baizik. Saio horiekin ateratzen du bizimodua. Eta ikaragarri gozatzen duela dio. Agenda estua du. Eta uda iristeko irrikan dago, buruan jirabira dituen ideiekin hurrengo liburuak ontzeko astia izateko. Argazkilariari ere azaldu dizkio Bilbo Samurai-ren (Txalaparta, 2010) nondik norako nagusiak, argazkiak egiteko toki baten bila dabiltzala. «Hondamendia gertatu da Euskal Herrian, eta paisaia guztiz suntsigarria da, mingarria. Testuinguru horretan garatzen da bidaiari biren istorioa, Bilbo Samurai eta Xurirena». Ez dago garraiobiderik, argindarrik, jatekorik. «Marko zaila eta indar handikoa nahi nuen istorioa garatzeko», dio Morillok elkarrizketa hasitakoan.

Zer gertatu den zehazki jakiterik ez dagoen arren, zibilizazio gehiegikeriaren zantzuak nabarmenak dira nobelan. Uste duzu gaur egun halakorik dagoela, eta, ondorioz, halakorik gerta daitekeela?
Lurraren aukeren gainetik bizi gara, ekoitz dezakeguna baino energia handiagoa kontsumituz. Badator zerbait, baina zer den ezin da jakin. Horren ondorioz, arrazoitsuagoak bihurtuko garen? Ez dut uste, nolakoak garen ikusita. Joango gara tira egiten, eta azkenean zer edo zer apurtuko da. Espero dut hainbesteraino ez iristea, baina posible dela uste dut.

Liburuan diozu: «Hondamendia etorri eta gutxira, ezin konta ahala erlijio txiki sortu ziren. Sektak, taldeak, fedeak. Era guztietakoak». Gaur egungo gizartea ere atomizatua dago, baita euskal esparru politikoa ere; alderdi abertzaleen artean inoizko sigla kopururik handiena dago...
Historia asko gustatzen zait, eta Erromako Inperioaren historiari begiratuz gero, ikusten da apurtezina zirudienak ere pitzadura asko izan zituela erortzen hasi zenean. Atomizazioak gertatu ziren, lerrokeria ikaragarriak, gaur egungoen oso antzekoak. Ni oso bakardade zalea izan naiz beti, baina lagunen oso lagun ere bai. Eta gaur egun ari gara dena mozten, dena hausten, geurekoikeriaren ikuspuntu batetik. «Ni hemen nago, eta ez dut beste inorekin ezer nahi, ez badu egiten nik nahi dudana».

Gaur egungo gizartean geurekoikeria gailentzen ari dela uste duzu?
Mendebaldean bai, behintzat. Besteek horretarako aukerarik ere ez dute. Baina geure artean oso nabarmena eta bortitza dela iruditzen zait. Gu umeak ginenean beste krisi bat egon zen, baina oraingoa okerragoa da, zabalagoa eta globalagoa baita. Tristea da ikustea, nahiz eta idazle gisa aukera asko zabaltzen dituen...

Liburuaren hasieratik beretik ikusten da pertsonaia nagusiak, Bilbo Samuraik, etengabeko paradigmari egin beharko diola aurre: bestea hil edo norbera. Amaierak ere ez dakar ezer berririk horri dagokionez. Zeuk egiten duzu galdera liburuan: «Ez al da existituko inoiz borroka guztien haragoko bideren bat?». Ezetz uste duzu?
Nahiko nuke, baina uste dut zoritxarrez ez dela hala izango. Utopian sinetsi behar dugu eta haren alde borroka egin. Baina urte asko daramatzagu egoera horretan gauza onerako... Aurrekoan, Asel Luzarragarekin egon nintzen hizketan. Utopiazale amorratua da hura ere. «Merezi du? Lortuko dugu?», galdetzen genion elkarri. «Ez, baina egin egin behar dugu!», esaten genion batak besteari.

Ez al da ikuspegi ezkorregia?
Gazteagoa nintzela uste nuen bazegoela aldatzea, baina nondik gatozen ikusita eta beste zibilizazioen historia begiratuta... Tira, gerta liteke aukera txiki bat egotea... Ametsei mozorroa jarri eta ikus dezagun.

Paperezko liburuak zerbait bitxi eta arraro gisa ageri dira nobelan. Liburu elektronikoen aldean inork gutxik ulertzen du zertarako balio duten. Liburugintzaren industriak halako garapena izango duela uste duzu?
Editoreek zalantza hori badute. Hemendik hamar bat urtera gehienez ere zerbait gertatuko dela. Ni neu kutsatua nago honezkero, paperezko liburuak behar ditut. Baina gaur egungo gazteentzat liburu elektronikoak guztiz arruntak dira. Ordenagailuan heziak izan dira, eta beraientzat paperezko liburuak dira bereziak. Praktikotasunak ere badu garrantzia. Duela urte batzuk Galiziara joan nintzen, eta autoan liburuak besterik ez neramatzala zirudien, hainbeste ziren... Eskaneatu behar izan nituen asko, beste aukerarik ez nuen. Liburuen muina, bihotza, barrukoa dela sinetsi nahi dut, eta ez papera. Nik papera maite dudan arren, liburuak berak beste modu honetara salbatzea espero dut.

Herri kondaira eta mitologiako osagaiak nabarmenak dira liburuan. Pertsonaia asko oso markatuak daude, piztiak dira, elfoak...
Gauza batzuk ukitu besterik ez ditut egin, liburua loditzen ari zitzaidalako. Baina mitologia beti gustatu izan zait, ulertzen ez duguna azaltzeko modu bat iruditzen zait. Nire asmoetako bat da mitologia ardatz duen nobela bat egitea. Euskal mitologia oso aberatsa da baina dagoen gehiena lan serioak dira, erudituak, antropologikoak. Niri gustatuko litzaidake nobela egitea.

Aurreko nobeletan landuriko zientzia aparte utzi duzu nolabait Bilbo Samurai-n. Beste eremu batzuk ezagutzeko gogoa zenuen?
Gero eta libreagoa sentitzen naiz. Umetan irakurtzen nuen gehien-gehiena fantasia eta zientzia fikzioa ziren, zientzia dibulgazioarekin batera. Nire barruan aspalditik nuen halako zerbait idazteko gogoa. Uste dut gero eta gehiago azalduko direla horrelakoak nire liburuetan.

Liburuko arerio nagusiak, lau zaldizkoak, esklabo izan ondotik iritsi dira hainbesteko botere izatera. Esklabo izateari utzi zioten, beste batzuk mendean hartuz, esklabo bihurtuz. Ez da posible berdinen arteko zibilizazio bat? Zapalkuntzarik gabeko gizarte bat?
Nahiko nuke. Ikusten da historian izan direla zibilizazio batzuk, baina etortzen denean kanpoko bat zapaldu egiten ditu erabat. Nahiko nuke, sinetsi nahi dut eta horren alde borrokatu behar gara, egon daitekeela halako zibilizazio bat, baina aski da batek indar handiagoa izatea beste denak zapaltzeko. Arauak baditugu, teorian justuak. Baina, zer gertatzen da gero? Ez dira betetzen...

Paradoxikoki, gizarte nahiko parekidea irudikatu duzu nobelan. Emakumeak beren buruaren jabe dira,antolatu eta borrokatzen dira, eta sexua ere nahiko modu ireki eta askean ulertzen da gizarte horretan, oro har.
Gustatzen zait eredu hori. Agertu nahi nituen emakumeek berek antolatutako bakeguneak, emakumeek berek defendaturikoak. Denek behar ditugu lagunak, baina beren kabuz moldatzen diren emakumezko pertsonaiak sortu nahi nituen. Hori onean aldatzen ari dela iruditzen zait. Emakumeak hasi dira liberatzen, eta liburuan ere uharte batzuk erakutsi nahi nituen, espazio liberatu batzuk. Espero dut horrelako hondamendi bat gertatzen bada horrelako espazioak ere azaltzea.

Amaiera erabat irekia du nobelak, eta hari asko ere lotu gabe geratzen dira. Bigarren partea idazten hasi zara?
Editoreari [Mikel Sotori] ere esan nion asmoa nuela. Zortzi istorioren zirriborroa prestatu nuen, baina liburu bakar batean ez zegoen denak sartzerik. Erabaki nuen batzuekin hastea. Ni ere irrikan nago zer gertatuko den jakiteko. Idatzi, idatzi egingo dut bigarren partea. Nik ere jakin nahi dut zer gertatuko den.

Ez duzu oraindik erabaki?
Ez, ez. Bilbo Samuraik garapen hori izango zuenik ez nuen espero. Tipo indartsua da, zintzoa eta jatorra. Egunero entrenatzen da, baina azkenean gertatzen zaio bere burua ezagutu eta ohartzen dela oraindik ez duela lortu nahi duen hori izatea. Talka egin du, eta orain beste aukera batzuk behar ditu, merezi ditu.
2010
Azeri noblea
Erein
2010
Bilbo Samurai
Txalaparta
2010
Las alas de leonardo
Edelvives
2009-05
Zure arimaren truke
Zientzia fikzioa. Horrelakoak ipuinetan bakarrik gertatzen dira. Hala da, egia biribila, baina ez al ditugu ipuinak atseginez entzun eta irakurtzen? Fernando Morilloren azken nobelako Bernat protagonista helburu itxuraz lortezin baten atzetik dabilen gizonezko gazte bat da. Minbizi larri eta hilgarri batetik salbatu nahi du emaztea, baina denbora gutxi du horretarako. Burutik erabat jota dagoela esan daiteke, “zientzialari jakingura ero” horietako bat ematen du, eta pausoz pauso egiten dituen lorpenek istorioa sinestezin bihurtzen dute. Hala ere, onar dezagun nobela hau asmakizun hutsa dela eta segi irakurtzen, Morilloren estilo arin eta elkarrizketez beteak oso atsegin egiten baitu irakurketa euskaraz irakurtzen oso trebea edo ohitua ez denarentzat ere. Gainera, protagonistak bere helburua lortuko duen ala ez jakiteko gogoak ere erraz eramaten du aurrera irakurlea, amaierako protagonista bera izan daitekeela susmatu gabe. Badu horretan antzekotasunik Jon Martinen Ero ipuin bildumaren azken kontakizunarekin, baina hori irakurleak berak aurki dezala.

Bestalde, ba ote du protagonistak idazlearen zerbait? Bernat ingeniari informatikoa eta fisikaria da, baina jakintzaren beste hainbat arlo ere ezagutzen ditu, Greziako idazle eta filosofo klasikoak barne. Morillo, berriz, idazle izateaz gain, fisikan eta filosofian lizentziatua da. Ez al du liburuko protagonista bezain ero amaituko, behintzat!
2008-05-07
"Mundu errealaren jokaldiak ez dira itzulgarriak izaten, eta uste baino beso luzeagoa dute gainera"
Suminaren estrategia (Elkar, 2008) zure azken eleberrian intriga eta manipulazioa dagoela adierazi duzu, protagonistek jolas egiten dute. Bizitzari baino joko erakargarriago bati jarraiki?

Protagonista nagusiarentzat ez dago bizitza baino joko interesgarriagorik! Kontua da bidearen txoko guztietan bilatu nahi duela, eta gero eta urrunago joan nahiko duela. Non jarri muga? Noraino iritsi daiteke jolasa? Halako galderak erantzun beharko ditu.

Aimarrek, errealitatea sortu behar duen zure protagonistak, dena kontrolpean duela dirudien arren, mendeku armiarma baten barruan ikusiko du bere burua.

Edozer jokoren barruan, mugimendu bakoitzak zenbait hari berri sortzen ditu. Aimar protagonistari horixe bera gertatuko zaio: hari batzuk mugitzean, espero ez dituen beste batzuk ere azalduko zaizkio, eta ondorioz eratuko den mataza (edo zeuk egoki esan bezala, mendeku armiarma) gero eta nahasgarriagoa izango da.

Exploradores del abismo (Anagrama, 2007) liburuan Sophie Callek bere bizitza idatzi diezaion eskatzen dio Enrique Vila-Matasen alteregoari . Aimarri errealitatea eraldatu dezan enkargatuko dio Florak.

Bizitza den jolasaren gaineko jolasa eskatuko dio emakumeak: literaturaren eta antropologiaren “lanabesak” erabilita, eta errealitatearen itxura aldatzeko asmoz, maskarak eranzten edo jartzen ibili beharko du protagonistak, matrioska edo errusiar panpinatxoekin egiten den bezala edo. Baina bada alde garrantzitsu bat: mundu errealaren jokaldiak ez dira itzulgarriak izaten, eta uste baino beso luzeagoa dute gainera.


Narrazioaren erritmoak eta egiturak arintasuna eta freskotasuna dituzte xede.

Bereziki bilatu dut hori: erritmo bizia eta azkarra, horretarako hizkuntza, doinu nahiz egitura (ustez) aproposenak erabiliz. Irakurleak istorioa bukatu “behar” izateko.

Go eta xake jokoek garrantzi handia dute liburuan, protagonisten estrategia marrazten dute.
Mahai-jokoak oso sinbolo indartsuak iruditzen zaizkit era guztietako estrategiak azaltzeko orduan.


Suminaren estrategia liburuan, Go jokoaren terminologia hartu dut zenbait zati markatzeko, baina, azken batean, hainbat alorretan ikusten direnak baino ez dira: hasiera, korapiloa eta amaiera.

Aimarrek jolasa du leitmotiv-a. Jolas grina horrek dena baldintzatzen du: esaterako, sexua elipsi bortitzetan ageri da nobelan.

Aimarrek, neurri batean, jolas egin nahi du, prezioa edozein dela ere... Tarteka, ordea, zalantza egiten du. Gizakia da. Jendea manipulatu nahi eta behar du, baina badaki egoera mingarriak sortuko dituela. Orain ere hasierako galdera bera egin beharko dio bere buruari: noraino iritsi? Noraino onartuko dio bere buruari?

EIEk kudeatzen duen Idazleak Ikastetxeetan programako saio askotan izandakoa zara. Harreman zuzena duzu zure irakurlegoarekin eta irakurzaleek liburu biziak eta dinamikoak eskatzen dizkizutela adierazi duzu.

Etengabeko eskaera izaten da, eta harritu ere egiten nau zenbat aldiz errepikatzen den (kontuan hartuta ez dutela eskatzen irakurle gazteek edo euskaldun berriek soilik, horientzat logikoagoa litzateke eta).
Garrantzitsua iruditzen zait irakurle-multzo hori mimatzea, ez baita txikia: euskaraz gehiago irakurtzeko ohitura hartzen badute, ziur nago apurka-apurka bestelako liburu mota batzuk ere irakurriko dituztela.

Dinamismo horrek idazkera arina eskatzen du, halabeharrez, ez dago lar azalean geratzeko arriskurik?

Hondoan geratzeko arriskua dagoen modu berean, bestelako doinu batzuk lantzean. Idazleak orekariarena egin behar du sarritan, “tasunen” eta “kerien” artean: (literarioki) sinesgarria izan, eta aldi berean ahal bezain zuzena. Nobela honetan, hondartzan, kafetegi batean edo busean irakurtzeko moduko liburua lortu nahi nuen. Beraz, arina izaten saiatu behar nuen!

Misteriozko nobela idatzi duzu, nor edo nortzuk dituzu erreferente era honetako literaturan.

Uf, iturri askotatik edaten dut. Besteak beste, oso maite ditut intrigazko nobelak, abenturazko klasikoak, komiki fantastikoak eta zinema beltza. Horietariko bakoitzak dituen trikimailuak ezagutzen eta erabiltzen saiatzen naiz. Dena dela, sortzeko orduan, askoz pisu handiago dauka inkontzienteak arrazoiak baino: neuk ere ez nuke-eta asmatuko nola demontre bururatzen zaizkidan idazten ditudan erdiak!

Zure literaturan etengabe ageri dira teknologia berriak (idazleei zuzendutako gai honen gaineko ikastaroak eskaini dituzu). Bitxikeria modura, liburuaren pasarte batean, internet garesti xamar dagoela eta, kexu ageri da Aimar; ordenagailu eramangarri punta-puntakoak, internet bilatzaileak eta segapotoak aise erabiltzen ditu.

Lan egiteko orduan, teknologiak izugarri laguntzen dit. Beharko alde egon! Ez dut ezagutzen ezagutu beharko nukeenaren laurdenaren laurdena, baina, egia esan, maiz eta gustura erabiltzen ditut zenbait gailu eta programa. Ulertzekoa da nire liburuetan ere halakoak sarritan azaltzea.
Interneteko prezioari dagokionez, pertsonaia ez da haserretzen hura garestia delako, baizik eta une jakin batean duina dena baino askoz gehiago eskatzen diotelako, ustezko zerbitzu publiko baten truke (eta hor, protagonistarekin bat nator, erabat).

Gazte literatura landu duzu batez ere. Eleberri hau ez da gazteei zuzendutakoa baina gazteak dira protagonista nagusiak. Ez diozu beldurrik "gazteentzako idazle" etiketari?

Etiketen beldur izango banintz, ezingo nuke ezer idatzi! Nire lan gehienak gazteentzat idatzita badaude ere, zenbait doinu eta gai desberdin landu ditut, eta orain prestatzen ari naizen lanetan ere denetarikoak daude.

Hala ere, ezin dut ukatu gehiago gustatzen zaidala gazte-garaian errazago ikusten den irrika eta ilusioa. Heltzean, askotan, herdoildu egiten gara. Tristatu. Eta bai: oraingoz, ilusioa nahiago.

Berriki web orri pertsonala plazaratu duzu, zer eskaini nahi diozu irakurleari?

Webgunea oso sinplea da, baina bere funtzioa egoki betetzen duela uste dut: informazioa oso modu errazean ematea. Norbaitek nire lanei buruzko zenbait kontu ezagutu nahi baditu, hortxe izango du, eskura eta, ahal dudan neurrian, eguneratua.
2008-04
"Liburu biziak eta dinamikoak eskatzen dizkidate literaturzaleek"
Zer da, labur esanda, Suminaren estrategia?

Suminaren estrategia intriga da, eta manipulazioa, misterioa eta jakin-mina. Protagonistek jolas egin nahi dute, ia beste edozer gauzaren gainetik. Eta haientzat jolas egitea ez da dibertsio kontua, bizirik irauteko baldintza bortitz eta funtsezkoena baizik.

Liburu honekin arlo berri bat lantzen duzula esan liteke: gazteen egoera sentimentaletatik badu zer edo zer, thriller-etik ere bai...

Intrigazko thriller-ak maite dituzten irakurleek (edozein adinetakoak izanda ere) gozatzeko modukoa dela uste dut. Hori bai, gaztetxoentzat baino gehiago, adin handixeagoa dutenentzako liburua dela esango nuke nik (“helduentzat”, nolabait esateko), bai sentimenduen ikuspegiari begiratuta, bai egitura eta hizkuntzari begiratuta,

Ikus liteke bereziki landu duzula erritmoa, gertakarien katea, eleberri osoaren egitura...

Protagonisten funtsa eta leitmotiva jolasa eta jokoa dela kontuan hartuta, nik ere jolas gisa heldu behar nion istorioari. Xake-partida bat jokatzen ariko banintz bezala ahalegindu naiz antolatzen, eta irakurleak ere hala jasotzea espero dut: joko bizi baten barruan sartuta balego bezala. Helburua: aldi berean dema eta plazera aurkitzea.

Bestalde, idazkera arina aukeratu duzu: esaldi laburrak, zuzenak, elkarrizketa ugari...

Trenean, ohean edo parke batean lasai asko irakurtzeko eta gozatzeko moduko liburua nahi nuen. Azkenaldian emandako hainbat hitzalditan, oso antzeko eskaera egin didate adin eta mota guztietako irakurzaleek: liburu biziak eta dinamikoak sortzea, mesedez. MESEDEZ! Seinale badela jende-multzo handi samar bat halako istorioak (biziak, zuzenak, harrapatzeko modukoak) jasotzeko irrikaz. Horrek ematen du zer pentsatua. Idazleok beti gabiltza kexu, gutxi irakurtzen dela-eta: ez ote da noiz edo noiz ez diegula entzuten irakurleei? Zain ditugu eta! Dialogoari dagokionez, oso maite dudan estiloa da, eta sarritan gutxietsia dagoela iruditzen zait (filosofia eta zientzia sakonenak ere sor daitezke dialogoaren bitartez, hara; ikusi bestela Platon edo Galileo). Suminaren estrategia elkarrizketa ugariko liburua da, eta garbi dago horren asmoa: ahalik eta bizien, hurbilen eta erakargarrien egitea.

Estrategia hitza, berez, hizkuntza belikoari dagokio; amodioak eta gerrak paralelismo asko ote dituzte?

Estrategia nonahi eta noiznahi aplikatzen da eta aplikatu behar da: amodioan, gerran, jokoetan, zientzian, politikan... Baita istorioak garatzeko orduan ere. Amodioa eta gerra bizitzaren beraren bi mozorro dira. Suminaren estrategia liburuan, pertsonaiek jokoaren maskara janzten dute: bizitza egokitzeko, errealitatea beste era batera egituratzeko, edota gorrotatzeko. Gure egunerokotasunean ere, elkarren oso antzekoak dira maitasunaren eta suminaren estrategiak.

Ez dugu ezer aurreratuko amaieraz, baina benetan zaindu duzu ustekabea...

Irakurleak jolas egiten ari zela sentitzea nahi nuen. Intrigazko istorioa izanik, egokia iruditu zitzaidan ustekabea lortzen saiatzea. Suminaren estrategia poliziakoa ez bada ere, halako liburuen kutsua ere badauka, eta, guztiok jolas-zaleak garen neurrian, beti gustatzen zaigu espero ez ditugun bideak aurkitzea.

Nola eraikitzen dituzu horrelako eleberriak: amaiera argi edukitzetik abiatuta? Argumentu osoa idazten hasi aurretik diseinatuta?

Hasieran, egitura bat osatzen dut, baina betiere garbi edukita guztiz malgua behar duela: istorioak hegan egin nahi badu, utzi egin behar zaio. “Suminaren estrategia” liburuan antzeko zerbait egin nuen: egitura oso bat planifikatu, xehe-xehe, baina gero istorioari entzun, bideak probatu, behar ziren aldaketak sartu, et voilà: une batetik aurrera testua arnasa hartzen hasi zen. Zailena eginda zegoen.

Irakurleekiko kontaktu etengabea izaten duzu, eskoletako hitzaldien eta bestelakoen bidez; haien iradokizunak eta erreakzioak oso kontuan hartzen dituzu lan berriak idazteko orduan?

Ezinbestean. Osasun-kontua da gainera. Idazleak, oro har, bakardadean idazten du, eta askotan errazegia izaten da errealitatearekiko kontaktua galtzea. Hitzaldietan, giro hurbila lortuz gero, oso garbi adierazten dizute irakurleek non zaren indartsu eta non zabiltzan herren; non lortu duzun hurbiltzea, eta noiz galdu zaren itxuragabekerietan. Ondoren, noski, zeuk erabakitzen duzu iruzkin haiek aintzat hartuko dituzun edo ez, baina lehen eskuko informazio horrek ez dauka preziorik: mundu errealaren ahotsa da. Entzungor egiten badiozu, gero alferrik (eta tontoarena egitea) da kexuka ibiltzea.

Eta orain, zertan ari zara?

Idazten, idazten ari naiz! Ez da txantxa, gero. Hamaika zirriborro garatzen ari naiz, denetarikoak: helduen literatura, gazte-literatura, ipuinak, thriller-ak. Hainbat estilo, doinu, erritmo probatu nahi ditut. Istorio-gose izugarriz ari naiz, eta datozen hilabeteetan zenbait liburu amaitzeko gogoz eta asmoz nabil. Ezin esan, ordea, nolakoak izango diren zehatz-mehatz, une honetan neuk ere ez baitakit. Ziur asko, eta gutxienez, nobela “heldu” bat (horrela definitzea batere egokia iruditzen ez bazait ere), gazteentzako abentura-liburu bat eta zientzia-thriller bat. Baina auskalo: zalantzarik gabe esan dezakedan bakarra da batzuk etorriko direla.


2008
Egun beltzetan, jolas beltzak
Erein
2008
Leonardoren hegoak
Ibaizabal
2008
Suminaren estrategia
Elkar
2008
Zure arimaren truke
Txalaparta
2007
Andoitz eta Lurralde Ezkutuak
Ibaizabal
2007
Iratiko sorgin basatia
Ibaizabal
2007
Seximenduz
Elkar
2006
Eragon
Elkar
2005
Dragoien orroa
Elkar
2005
Gloria Mundi
Abra
2005
Idoiaren agenda
Elea
2004
Gloria Mundi
Elkarlanean
2003
Arriskupean!
Ibaizabal
2003
Eta ni zer!
Elkar
2003
Leonardo da Vinci-ren biografia
Elkar
2002-08
Ortzadarra sutan
Zortzi neska-mutil gazte (Alex, Julen, Alazne, Mirari…); 18 urte; unibertsitatera joateko garaia gehienentzat, batzuk batera, besteak bestera, elkarrengandik bereizteko unea. 1987. urtea. Adinari dagozkion kontuak: bikoteak, maitasuna, drogak, parrandak, sexua, nahi eta ezina… eta bizitzak ohi duen gisan, bakoitzak bere bideari jarraitzea. Horixe, gutxi gorabebera eleberri honen abiapuntua.

Jarraipena zein? Ashaldian elkar ikusi ez duten lagunak elkartzea; hemezortzi urte zituztela etendako lagun-harremana zertan den ikusi nahia, eta hor barna barreiaturik zeuden ortzadarraren kolore guztiak elkartzea. Jadanik 30 urte dituzte; urte bitarte horretan elkarren berri oso gutxi izan dute, batzuek batere ez, baina kideetako batek gainerakoei egindako telefono deiak afari batera deituko ditu guztiak. Ortzadarra berotzen ari da. Orduan lagun ziren batzuk orain bikote dira, eta lehen bikote edo zirenak orain ia ezezagun. Ortzadarra goritzen.

Narrazioa ez da kronologikoa, atzera eta aurrera dabilena baizik, baina irakurleak ez du galdu beldurrik, atal bakoitzaren hasieran jartzen baitu 1987a den, ala 2002ko kontuez ari den. Biko egitura honek batzuetan eten egiten du gertakarien kontaketa, baina jakinmina ere pizten du, eta jarraipena noiz iritsiko irakurtzen da ohartu ere egiteke. Elkarrizketa asko du, eta hika ari dira lagunak euren artean; lagun arteko erregistroan ia beti, egoerak hala eskatzen du eta. Gazte orori gerta dakizkiokeen istorio hauek josten aritu dena Fernando Morillo idazlea da, azpeitiarra. Eleberri hau baino lehenago ere baditu beste batzuk, gazteei zuzenduak, Bila nazatela, Sexu egunsentiak, eta Bihotz nahasiak; baita saikera-liburu bat ere, Erraldoi herrena. Haren laugarren eleberria da, beraz, Ortzadarra sutan.
2002-05-20
Ortzadarra sutan
Fernando Morilloren Ortzadarra sutan eleberrian bi hari ezberdin aurkezten zaizkigu; bata “1986. urtea” deiturarekin izendaturikoa, eta bestea “2002. urtea”. Nahiz eta bi hari hauen atalen sarrerak garai horri erreferentzia egin, eleberrian irudikaturiko gertaerak urte jakin hauetan kokatzeak ez du berebiziko garrantzirik. Izan ere, batik bat hamabost urte hauek pertsonaiak nola eraldatu dituzten aurkeztu nahi izan da. Hartara, gazteek izan ohi duten bizi gogo, jakin-min eta ausardia, denboraren igarotzeak ekarri ohi duen asperdura eta ohikotasunarekin alderatzen ditu, gazteen gogo bizi horiei eusteko beharraren alde eginez. Pertsonaia hauek jasandako aldaketetan gainerakoekiko harremanek pisu nabarmena dute. Pertsonaien arteko harreman hauek batik bat elkarrizketen bitartez irudikatzen zaizkigu. Honela, eleberria elkarrizketa biziez josita dago. Nire ustez, elkarrizketa bizi hauetan lortu duen egiantzekotasuna da eleberri honetako lorpen aipagarrienetarikoa.

Bestalde, eleberriaren hasieran pertsonaien arteko harreman argiak irudikatzen hasten badira ere, istorioak aurrera egin ahala harreman sarea korapilatuz joango da, eta harremanak iluntzen eta lausotzen joango dira. Are gehiago, jada lehen harian iradokitzen den pertsonaia baten (Alexen) alde ilunak nabarmenduz joango dira istorioaren garapenarekin batera. Nire ustez, ez du asmatu eleberriaren amaiera aldera irudikatu nahi izan diren alde ilun horiek islatzen, eta jauzi desorekatua antzematen da.
2002-04-27
Bizitzaren koloreak borborka
Fernando Morillo azpeitiarrak Beasaingo Udalak, CAFek eta Elkarrek antolatutako Igartza saria hirugarren deialdian irabazi ostean, kalean da Ortzadarra sutan haren emaitza. Helduentzakolehen eleberria du Fernando Morillok honako hau, izan ere, beka jaso aurretik idatziak baitzituen gazteei zuzendutako beste hiru eleberri. Agian aurreko lanen isla ikus lezake norbaitek azken honetan, hein handi batean pertrtonaia gazteak baitira kontatzen diren gertakizunen eta haien ondorioen oinarria.

Narrazioak denboran banatutako bi hari eskaintzen ditu, liburua aurrera joan ahala elkar osatu eta amaierako ondoriora zuzen eramaten dutenak.

Lehen haria 1987. urtean kokatzen da. Urte hartan hamazortzi urte inguruko lau neskak eta lau mutilek egun batzuk igarotzen dituzte elkarrekin Donostiako etxe batean. Garai hartan batzuen zein besteen bizitzak borborrean daude. Elkarren arteko ezagutzaren eta gertakizun intentsuen baitan, edozein gazteren bizitzan bezala beraienean itzal luzea duten hitzei esperientziaren bidezko definizioak gehituko dizkiete apurka, hara nola, grina, patua, maitasuna edo sexua. Galdera zaharrei galdera berriak gehituko dizkiete, agian epe laburrean erantzuten ezinezkoak diren galderak. Izan ere, 2002. urteari dagokion narrazioaren bigarren harian, pertsonaia berak topatuko baititu irakurleak apur bat eraldaturik. Hamabost urte ez dira bat-batean iragaten eta haien kezka, amets eta harremanak zertan gelditu diren ikusi ahal izanen da bertan.

Sarritan eztabaidatzen da gaztetasunaren eta gazte sentitzearen arteko mugaren ezaugarriaz. Ilusioa, grina eta arriskatzeko ausardia gazteen ezaugarritzat jotzen badira, haien galerak ekar litzake heldutasuna nahiz zahartzea. Eta esperientziaren pisua’ri loturiko desilusioa jarraian. Apika. Batean zein bestean kokatu, irakurlea aisa identifika daiteke orriotako kezka eta galderekin, liburua hasieratik amaierara gogoz jarraitzeko aukera bermatuz.

Liburuko pertsonaiek, ordea, tankera horretako sentimendu eta kezkak asaldatuko dizkienpertsonaiaezagutukodute.Izan ere, koadrilarenbarnean badabizitzarekiko grina hori mutur batera eramateko gaitasuna duen pertsonaia, Alex deiturikoa. Alexekiko gaitzespena zein erakarpena sentituko dute bi koadriletako lagunek, baina haren grinak, edonola ere, sakonki markatuko ditu elkarrekin egondako egunak. Hamabost urte geroago azalduko den bezala, egun haietan protagonistek oharkabean ezarri zituzten haien etorkizunerako oinarriak.

Narrazioaren bi hariak erritmo handiz kateatzen dira, autoreak garatu duen liburuaren egiturak asko laguntzen du arreta zein erritmoa mantentzen. Amaierako ataletan agian zenbait pasarte garrantzitsuren gainetik azkarregi igaroko da, amaierako ondorioen sinesgarritasuna balantzan jarriz. Baina lasai, ordurako irakurlea ziurrenik ortzadarraren sukarrak kutsaturik egonen baita.

Fernando Morillok iragan eta geroaren artean kokatzen ditu pertsonaiek, garai ezberdin bi islatzen dituen ispiluaren bi aldeetan, konformitatetik at aurrera bat hartzera behartuz. Agian ortzadarraren sukarraz ez ezik, erronka hortaz kutsa liteke irakurlea.
2002
Dorretxe zaharreko misterioa
Ibaizabal
2002
Izar-malkoak
Aizkorri
2001
Bihotz nahasiak
Ibaizabal
2000
Erraldoi herrena
Alberdania
2000
Sexu egunsentiak
Elkarlanean
1999
Bila nazatela
Ibaizabal
1999
Gudaoste ametsak
Kutxa
12/2016
Ixtebe Pellot, azken kortsarioa
Gaumin, S.L.
12/2015
Kai, txakur bidaiaria
Gaumin, S.L.
12/2014
Maddi eta euskal piratak
Gaumin, S.L.
12/2014
Maddiren abenturak 1. Maddi eta euskal piratak
Gaumin, S.L.
12/2014
Zauri ezkutuak : bullying-a eskolan
Gaumin, S.L.
12/2013
Bizigai. Amets ameslari : amaren barruko laguna
Gaumin, S.L.
12/2013
Hiru istripu eta bi amodio
Gaumin, S.L.
12/2013
Infernuko arrosak
Gaumin, S.L.
11/2012
El fuego de las sombras
Gaumin, S.L.
11/2011
Hildakoei esker eta haien erruz
Gaumin, S.L.
11/2009
Eder behar du : zientzia modernoko ekuazio bikainak
Universidad del País Vasco. Servicio Editorial=Euskal Herriko Unibertsitatea. Argitarapen Zerbitzua
11/2008
Zure arimaren trulle
Txalaparta, S.L.
11/2000
Erraldoi errena
Alberdania
11/1999
Bilatu naiela : etorkizunaren kronikea
Editorial Ibaizabal
10/2005
Idoiaren agenda ; Gariren agenda
Ikastolen Konfederazioa
06/2003
Leonardo da Vinci
Elkarlanean, S.L.
05/2011
Heriotzaren soineko : Japonia
Elkarlanean, S.L.
05/2011
Lehoien dantza : Grezia
Elkarlanean, S.L.
04/2005
Eta ni zer?
Elkarlanean, S.L.
04/2002
Ortzadarra sutan
Elkarlanean, S.L.
02/2000
Bila nazatela : etorkizunaren kronika
Editorial Ibaizabal
Izarrak hosto artean
Haurra lasterka atera zen atetik. Zeruaren kontra jo zuen. Zeru txikia, haritz zaharraren adarrarteak mozorrotua.

-Atzoko agureak arrazoi zuen -esan zuen txikiak, patioko gaua miretsiz. Zeta beltzeko gainjantzia zen, izar-petatxuez josia.

Pauso mutu batzuk egin zituen, hobeto ikusteko. Irribarre egin zuen.

-Zer ari zara? -egotzi zion neskameak-. Utzi ametsak eta lagundu pixka bat. Hartu soineko horiek. Eraman ganbarara.

Haurrak liluran murgildua jarraitu zuen, patio gaineko sabai infinituan galduta.
-Hor goian bide bat dagoela esan zuen agureak -xuxurlatu zuen txikiak, ia bere baitarako, gaua korapilatzen zuen galtzada zuri hari begira-. Izar-zelai batera omen darama. Eta munduaren azkeneraino iristen omen da.

-Ai, ume demonioa! Esnatuko al zara behingoz? Mugitu, presaka naiz-eta.

Txikiak besoak gurutzatu zituen. Serio jarri zen.

-Egunen batean bidaiari egingo naiz. Atzoko agurearen moduan. Nik ere bizar erraldoia izango dut, azukre-kotoizkoa bezalakoa. Eta izar-zelai hori zeharkatuko dut -begiak itxi eta hasperen egin zuen, bere ametsak xarmatua-. Munduaren azkenera iritsiko naiz, beste aldean dagoena ikusteko.

-Ez daukazu erremediorik. Zora-zora eginda zaude. Hartu arropa hori edo belarrondoko bat irabaziko duzu!

Haurrak patioarekin sintonizatu zuen, haritzarekin, neskamearekin. Beharko: emakume hark ez zuen alferrik mehatxatzen. Poliki, arroparantz hurbildu zen. Baina azken begirada jaurti zuen haritz zaharraren adarrartetik.

-Egunen batean! -oihukatu zuen, bere ukabil xumea gau soraioari erakutsiz.

Zein bitxia. Une batez iruditu zitzaion gaua irinez tindatzen zuen bide hark -munduaren azkenera eramaten zuen berak!- dar-dar egiten zuela. Bere haur-soak asaldatu egin balu bezala. Izarrak ohartu bailiran, bat-batean, haurraren begiradak amets ezabaezin baten indarra zeukala.

-Ai, Cristobal, Cristobal -erabaki zuen neskameak-. Zure aita, Colon jauna, zuzen zen: ez zara inoiz ezer izango!


Harrizko egunsentiak

Danik, beltzarana eta argala, harriztatutako irribarrea agertzen zuen. Hortz aski sakabanatuen ordain ankerra. Mutilak, urduri, zetorkion gaua sumatzen zuen. Eta isilik zegoen. Beti bezala.

-Koldarra! -oihukatu zion Laurak-. Koldarra!

Danik neskaren begirada saihestu zuen. Purpura-gorriz, lurrean itsatsi zituen begiak. Lotsaturiko estatua bat zen, hilarri barregarri eta madarikatua.

-Koldarra! -errepikatu zuen Laurak, txistuz zipriztindutako animali garrasi batez.

Neskak aitortu berria zion beste norbaitekin -beste edonorekin- izandako amodio-istorioren bat. Berriro ere. Danik ez zuen inondik ezagutzen. Bost axola. Laurak berak ere ez zuen, beharbada, ezagutuko. Danik begiak lurrean aparkaturik jarraitu zuen. Gero eta beltzago ikusiz. Gero eta gauago.

-Zergatik ez duzu erreakzionatzen? -oihukatu zion Laurak-. Esan zerbait behingoz! Kortxo-zainak dituzu, edo zer? Hor zaude beti, niri itsatsita. Baina lapa zara, ez maitale. Entzun? Lapa tamalgarri bat. Banoa. Ez naiz itzuliko -behin bakarrik begiratu zuen atzera-. Beti arte.

Ate-danbatekoak -bortitza, tinkoa- haur babesgabearen soinua zeukan; galtzaileen kafe mingotsarena. Mutilak nola-hala ito zuen zain artean ihes egitear antzeman zuen hasperena. Begiak itxi zituen, indar handiz, eta azken negar-zotin bat ezkutatu zion bere buruari.

Orain, itxarotera. Itzuliko zen. Bazekien Laura itzuliko zela. Neskaren oihuak, paranoiak, ernegaldiak. Besteari jasangaitza egiteraino. Bestea nornahi zela ere. Orduan, bakarrik zegoela ohartuko zen Laura. Eta itzuli egingo zen. Sisiforen harri setatia bezala. Predestinaturiko bumeran geza baten moduan. Eta barkamena eskatuko zion.

-Guztia lehen bezalakoa izatea nahiko nuke -erregutuko zion Laurak-. Barkatu.

Beste behin.

Danik irribarre egin zuen adreilu-hortz haiekin. Eguzki izpiak ageri zitzaizkion, berriro ere, hondamendiz ernalduriko laino ilunen hutsarteetan. Laster. Laster zen, beste behin, egunsentia.

Laura itzuliko zen.

Ezta?


Hilarrien biografia mutua

Karlos izararekin estali eta logelako sabaiari begira geratu zen.

-Koperniko liburua eskuetara iritsi zitzaion egun berean hil zen -azaldu zion Sarari-. Historiaren erramuak eskainiko zizkion liburua eskuratu orduko!

Biografien ironia krudela ere aipatu zion. Eta sekula ezin dugula asmatu non demontre harrapatuko gaituen gauak.

-Kopernikok historia aldatu zuen. Baina ezin izan zuen jakin. Konturatzen zara? Sara, entzuten al didazu?

Sarak samurtasun-keinu bat abiatu zuen, besarkada erdia eskainiz. Ez zen Karlosengatik. Karlosek ez zuen ukitzen. Ezta ukitzen zuenean ere. Baina goiz hartan okinaren semea dardaraz ikusi zuen, gaztea berari begira geratu zenean.

-Zein polita zaren -egin zion ihes, bere nerabe-izerdien artetik.

Mutikoak ez zuen gehiagorik esan. Sarak begietan irakurri zion ordea. Horregatik besarkatu zuen Karlos. Oraindik sentitzen zuela sentitu zuelako. Bizirik zegoelako. Eta, agian, maitasun arrotz baten minez.

Karlosek gainetik kendu zuen emaztea.

-Ez al didazu entzun, Sara? Egun berean hil zen. Liburua iritsi zitzaion egun berean. Zein krudela, ene Jainkoa.

Loak hartu zituen.

Esnatzean, Karlosek besoa luzatu zuen. Harritu egin zen, ohearen beste aldea hutsik sumatzean. Deitu egin zion. Etxe osoan zehar bilatu zuen. Sara ez zegoen. Are gehiago harritu zuen Karlos sukaldeko mahai mutuaren gaineko orri-puskak. «Dibortzioa nahi dut», oihukatzen zuen oharrak. «Behin betikoa da».

Karlos aulkiaren gainean erori zen, fosilizaturik. Bere burua besarkatu zuen. Hotz zen.