Idazleak - Felipe Juaristi Galdos - Laginak - Antologia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Felipe Juaristi Galdos > Laginak

Poesia

Antologia |

AUSCHWITZ

Atertu du euria.
Haizea jabaldu da.
Lurra arnasa hartzen hasi.
Ikara dira akaziak,
Besoak zeruari kolpeka.
Txirritak kantatzen
Sagar-hostoak babes.
Hilerrira jotzen duen
Leihoa irekitzen dut.
Erre-usaina dator handik,
Hezur eta ile kiskaliek
Busti egin dute giroa.
Auschwitz datorkit oroimenera,
Euriaren ondorengo
Edozein egunetan.

MIN

1
Minaz harago, beste min berri bat.
Minaren finisterrea.

2
Gaizki bizi da uneoro bizi nahi duena.
Ametsen atzetik dabil, egiak direla sinesturik.
Orainean sarraski, iraganean oinatz.
Zinez dago ez duenetik emateko prest.
Gezurrezko lerroak marrazten ditu
Eta gero lasai asko zeharkatu ere bai.
Hatsari darraikio, eta hatsa aireari
Honat-hara bultzatzen dute eta sekula
Pozik ez, pakean datzanean ere ez.
Guda bizian bere buruarekin beti,
Bihotz alaia du minaren aitorle.
Eta hain du burua desitxuratua
Non ameskeria horri utopia
Edo gozamen baiteritzo, auskalo.
Lurrean zerurik ezagutzen ez duena,
Infernuz infernu estropozoka dabilena,
Hori ez du zorabiatzen herio hego zorrotzak.
Azken ordua aurrena halakoa izango da.

Joango da hori ere azkar, ilaun, bakar.

BI

Batzuetan, bi hizkuntzak
Trabatzen zaizkit eztarrian,

Burnizko bi ezpata bailiran.

EMAKUME

1
Kristalezko zerua,
Bi bider zaituzte hautsiko:
Pasioaren mailuak, aurrena;
Bigarrenez, indiferentziak.

2
Maite ditugu emakumeak.
Belarriz amodio egiten duten emakume itsuak,
Goizean esnatzerakoan euliak hasperenka
Akabatzen dituzten emakume intsektizidak,
Ardoa bailitzan gure odola
Edaten duten emakume banpiroak,
Beren itzala armarrietan
Gordetzen duten emakume txukunak,
Perlazko idunekin beren burua
Urkatzen duten emakume suizidak,
Elurraren modura hotzean ere
Erretzen duten emakume zurbilak,
Enarekin amestu eta biharamunean
Hegan ihes egiten duten emakume arinak,
Gorra dela dakitelarik Jainkoarekin telefonoz
Mintzatzen diren emakume berritsuak,
Sexuaren lekuan larrosa bat edo bi
Hazi duten emakume usaintsuak,
Gauez jantzi eta egunez
Biluzten diren emakume aldakorrak,
Erotuta soilik zentzumena
Gordetzen duten emakume hordigarriak,
Begietan katuak
Ixten dituzten emakume diztiratsuak.
Ez dago maite ez dugun emakumerik.

OPTIMISMO

Igogailu batera sartu eta zerura iritsi arte itxaron,
Ezinezko maitasunik gertaezineko dela amestu,
Txanponaren modura zorteak bi aurpegi dituela sinestu,
Mahomarengana mendia ez badator,
Mahoma mendira badoala esan,
Unibertsoaren ardatza geu garela pentsatu,
Soldaduskak gizon eta kartzelak doktore bihurtzen dutela aipatu,
Fedeak ibaiak beren arroetatik mugierazten dituela
Konbentzituak egon,
Itsasoan bizi direnez gero, arrainak
Zoriontsuago ote diren galdetu,
Bakartien saindutzat hartu Robinson Crusoe,
Hiri honetan bilatu Desira izeneko tranbia bat,
Etsaia aurretik igaroko delakoan eserita gelditu atarian,
Lagunei utzitako liburuak itzultzen direlako konfidantza eduki.

IZUA

Eta eguzkia ilundu zen
Kanpaiek jo zutenean
Arratsalde erdian.

HAIZE

Denaren ezberdin izan nahiak
Galtzen du askotan gizakia.
Haizeari ez diogu duen balioa ematen.
Beti etortzen baita berea denaren eske.
Hasperen lehor bat askitxo da
Harrizko hesiak botatzeko,
Mendirik altuenak suntsiarazteko,
Ibaiak beren bidetik ateratzeko.
Hura agintari, gu mirabe.
Hitz egiten du mutu garenean,
Janzten digu lainoa begietan,
Ikus dezagun egiaren lanbroa.
Alferrikakoa dugu ezkutatzea,
Alferrikakoa joaten ahalegintzea.
Oroitarazten baitigu aurrez-aurrean
Gu garela beti izan garena.
Ilusio da airea.
Hori ere haizeak eramana.


REMBRANDT AMSTERDAMEKO LEIHO BATEAN

REMBRANDTEK infinitua nahi du pintatu
infinitua ekarri begietara
hatzetara belarrietara
haizeetara
sendoa biguna sakona
infinitua
leihotik begiratzen du
emakume bat igarotzen da dotore
gazte oraindik ura sua
Rembrandtek elurra dela uste due
ez da usorik zeruan hodeiek estaltzen hiria
zuria iheskorra da zoriona
gizon adinean sartuxea igarotzen da
gurdi batek o darama nekea garraio
denbora denbora denbora
Rembrandtek gaua dela uste du
euri beltza itsaso beltza hiriaren aurrealde beltza
Herio herio herio
soldadu-talde bat igarotzen da
eguneroko erronda alaia zaratatsua
baso bat kolore guztiak zabal
txoriak beren lumak harro erakusten
begiratu die kristalen atzetik
baina joanak dira jadanik isilik
zaldun poloniarra oinezko espainiarra arinak
krudelak dira soldaduen begiak
gogorrak distirarik gabeak
azkar azkar azkar
infinituaren atzetik beti
Rembrandtek ezin leihorik itxi
bizitza igarotzen aurretik
neska-mutilak jolasean
herexeak kai berrira kateaz loturik erbeste
emakume dirudunak mintzo Jainkoa dute maite
burgesak Boltsarantz ekialdeko geografia dute maite
Spinoza Spinoza Spinoza
sentimenduen geometra irritsen esteta
infinitua neurtzen pauso zalantzazkoez
pintatu nahi du eduki nahi du
ekarri nahi du infinitua argitara
baina bere pintatzailea irudia besterik ez da ageri
infinituaren aurpegiak
txiki ditu begiak.

ARGIAREN GORAZARREA

Argia da eta multiplikatzen da
bere eternitatean.
Arnasa hartzen du
harriaren bidez, burdinaren bidez,
uraren bidez;
kantatzen du
zeru urdin min batetik
bere izateari begira
bizi den txori geldiak bezala.

Argiak bere lurrin emeak zabaltzen ditu,
hala ibaiek beren ura
haran eta arroetan barrena,
lautada eta zelaietan barrena:
argiak usain zaharra du,
lorategi debekatuarena.

Zeruak eta lurrak argizko besarkada
ematen diote elkarri,
argizko musua arrosazko ohe baten gainean,
zeru ertzean;
zeru eta lur
zeru urdina eta lur grisa
maitale bihurtu dira
egunsentian,
argia eta itzala
bat egitean,
kolore guztiak
bildu
eta bat bilakatzean.

Argia loretu egiten da
bere eternitatean,
koloretako lore-ustaiak erakusten ditu,
zuri hutsetik
urdin garbiagoraino;
koloreak banatzen ditu itzaletan,
zintzilik uzten ditu,
abandonatuak,
koloretako loreak,
gora eta behera dabiltzanak,
argian ihartuz.

Argia jolasean ari da,
sartu eta irteten da sentitua gabe,
sartzen da iluntasunik irekienera,
ateratzen da argitasun sakonera
espazio egina,
betez eta hustuz doana
bere argizko izaeraz;
iragaiten da denbora egina
koloretako eraztunen artetik,
urezko sakanen artetik,
eskultura batean,
egunez distira
eta gauez iluna egiten duen
arrain geldian,
ezarri nahi duten
esku eta begien artetik.

Irudigilearen eskuek atseden hartu dute,
haren begi lasai eta gozoek atseden hartu dute,
argiaren gainean,
bakean.


Dena da bizitzan hegaldi;
lumen kontzertu arina
baso itxian;
odol, hezur, haragi, ur,
aire leun eta hezean barrena;
argizko orratzak
gauaren azal lodia zauritzen,
izar lasai eta jostalarien dantza,
hodeien joan-etorri xumea,
enbarazurik egin nahi ez,
ur basatien zurrumurrua,
erbesterik ezagutzen ez;
lo eza, eromena, itzala, mina,
denbora geldiaren preziorik ezagutzen ez,
suzko ispiluan preso baitago,
neguaren arintasunik ezagutzen ez,
bakardadea eta isiltasuna garraio.
Haizea astintzen du hegaztiak,
nola maitaleak
oherako errezela.
Dena da bizitzan hurbiltasun.
Dena da agur eta minaldi.

MIN

mina minean minduz
mina saminean minduz

minaren ahoa
nola urdail ahoa
nola ahoa
minezko altzairuzko,
ekaitzak botaka
nola ardoa bere kolorean galduz
nola sugea
bere larru bigun
goiz alban utzian
okertua

min doilor min benetako
min garratz min zuri
eguzkia kristalean harrapatua
minaren sendagai
minaren sendotasun

zer da mina?

denbora minsor
orain geldigaitz
orain mindu

minaren begiak
irekiak itsuak
mintzen duen orain
urrutiko mintzaldi
uzten ditu
bere oinatzak bere hondamendia
bere itsas keinu bigundu irentsia
barne-minetan muin egina


sekula ez da espazio
ez dago espaziorik minarentzat
mina dago
guregan minaren barnean dagoenean
eta gu gaude
eta bat gara minean

gure tokia da munduan
eta gure denbora ere bada
gure denbora bakar eta egiazkoa
min honetan

minaren eskuzabaltasun minaren eskuak
sustrai erauziak
izatearen lurretik
hilobi loretsuak
oroimenaren aurka ederretsiak

minaren orbainak

min etengabea gara
batu eta elkartzen garena
uneko haustura
mundu mindutako honetan munduko min honetan
zabaltzen baita
betazalez betazal hatzez hatz

minaren min
zirrikitu eta sarraski denboran
oihu urragarri
zauritzen eta larritzen gaituena
ez garen geziak nola
dagokigun minak nola
hemengo hemen eta oraingo orain
betikotasun pisuzko honetan
irauten eta irauten baitu
bere minean
minki beratzen
bere buruaren inguruan jira eta biraka
nola noria hordia
nola itsasontzi zauritua
arrazoiaren eta eromenaren
Jainkoa gidari


Txoriek badute beren aberria:
lumajea bezain arina,
airea bezain bizigarria,
bihotz zintzoa bezain zabala.
Han aurkitzen dute babes
triste eta pozik,
izuturik eta izurik gabe
bizi diren txoriek,
haundi eta txiki,
polit eta itsusi diren txoriek.
Ez dago banderarik aberri horretan.
Baina kolore guztiak biltzen dira
hango zeruan:
belearen beltza,
usoaren zuria,
txantxangorriaren gorria,
karnabaren berdea,
kanarioaren horia.
Ez dago harresirik aberri horretan,
ez kaiolarik, ez eroetxerik, ez koartelik.
Ez dago armarik aberri horretan,
ez eskopetarik, ez fusilik, ez pistolarik.
Askatasunaren herria da.
Gauero egiten dut hartaz amets.




2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta