Idazleak - Enkarni Genua Espinosa - Hemeroteka - «Txotxongiloari bizia emateko, ahotsa, mugimendua eta bihotza eskaini behar dizkiozu»

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Enkarni Genua Espinosa > Hemeroteka

Gara Gaur 8

2007ko Urriaren 12a «Txotxongiloari bizia emateko, ahotsa, mugimendua eta bihotza eskaini behar dizkiozu» | Xole Aramendi

Enkarni Genua: «Txotxongiloari bizia emateko, ahotsa, mugimendua eta bihotza eskaini behar dizkiozu»

Txotxongilo taldearen sortzailea xole.aramendi@gaur8.info

Xole Aramendi

2007ko Urriaren 12a

Loiolako kultur etxea txotxongiloen lurraldea izango da datorren astelehenetik aurrera. Leirek, Erreka Marik, Ipurtargik, Printze Txikiak... aspaldiko partez hantxe ikusiko dute elkar. Ezin izan diote Enkarni Genua «ama»ren gonbidapenari uko egin eta hilaren 26a bitartean haur zein helduen begiradapean egongo dira, txukun-txukun, bakoitza bere eszenatokian jarrita; gordeta egoten diren maletako lozorro ilunetik atera eta argitara irteteaz harro. Erakusmahai batean, mundu osotik Enkarnik eta Manolo Gomez senarrak ekarritako txotxongilo bildumaren erakusketa egongo da, txikienek ere beste kulturen berri izan dezaten.

Genuak hogeita hamabost urtetik gora damatza txotxongiloak egiten eta umeei emanaldiak eskaintzen. Eta pozarren jarraitzen du horretan. Emakume bizia da, alaia, hitz egiterakoan darabilen tonuak duen indarra erakusten du. Haurrek ez dakite, baina gaztetasuna «zurrupatzen» die. Horixe Enkarniren sekretua.

Erakusketak hainbat urtetako ibilbidea biltzen du. Zein da zure sentsazioa, egindako esfortzua datorkizu burura, polita izan dela uste duzu edo igaro diren urte luzeetaz gogoratzen zara?

Hori guztia. Lan handia da erakusketa prestatzea, baina sentsazio guztiak pozgarriak dira. Poz ikaragarria sentitzen dut. Ez nik bakarrik, txotxongiloak ere pozik daude, aspaldiko partez elkartu egingo baitira. Guztiak elkarrekin, dotore-dotore...

Titiriterotzat hartzen duzu zeure burua eta horretaz harro agertzen zara. Zer eman dizu bizimodu horrek?

Oso lan polita da. Sormen lana aberatsa eta interesgarria da, nahiz eta sufritu ere egiten duzun. Ez dago errutinarik eta beti duzu gainditzeko erronkaren bat, muntaia berri bat nola bideratu... Eta asmatzen baduzu, poz izugarria ematen dizu. Hau, dena den, orain sentitzen dut. Hasi nintzenean askoz errazagoa zen, gehiegi pentsatu gabe eman nuen lehen pausoa. Gainera, ikasleentzat festa da nire emanaldia eta egunak kontatzen egoten dira. Nik badakit eramaten dudana euren gustukoa dela. Irakaskuntzan lan egin dut, lehenik andereńo bezala Larramendi eskolan eta, ondoren, irakasle moduan Magisteritza Eskolan. Asko gustatzen zait, baina tentsio uneak dituzu, kurrikulumaren disenua, lankideak, gurasoak... Txotxongiloekin poza bakarrik banatzen dut. Zer gehiago nahi dut? Munduko gauzarik politena da.

Txotxongiloekin egin duzun lana zuretzat ez da inoiz denborapasa izan.

Ez. Hainbat urtetan asteburutan egiten genituen emanaldiak, nire ogibidea irakaskuntza zen. Magisteritza Eskola itxitakoan utzi nuen irakaskuntza, baina nik ez dut desberdintasunik somatu, beti sentitu naiz titiritera profesionala. Gainera, antzerkiak eta eskolako lanak zerikusi handia du: entzuleen arreta lortu eta zerbait komunikatu behar diezu.

Nola hasi zinen?

Gure seme-alabak Jakintza ikastolara joaten ziren eta emanaldi bat egin genuen. Txotxongilo batzuk bagenituen eginak, etxean eta urtebetetzetan erabiltzen genituenak. Orduan ez zegoen ezer euskaraz -Kixki, Mixki eta Kaxkamelon pailazoak urtebetera hasi ziren-, eta berehala zabaldu zen ahoz aho. Hala, handik eta hemendik deika hasi ziren txotxongilo emanaldiak eskatuz. Nik ez dut sekula dirurik gastatu publizitatea egiten. Beharrezkoa zela ikusi genuen, hutsune handia zegoelako.

Beti izan al zara antzerkizalea?

Bai, txikitan antzerkia egiten genuen neska talde batek. Gaztetan mutil batzuekin elkartu ginen -eszenatokian senarra aurkitu nuen-. Betidanik gustatu izan zait oholtza gainera igo eta istorioak kontatzea.

Txotxongiloa eskuan duzunean aktore sentitzen al zara?

Noski, hala sentitu behar zara. Txotxongiloari bizia emateko ahotsa, mugimendua eta bihotza eskaini behar dizkiozu. Triste baldin badago zu ere halaxe zaude, pozik dagoenean ere gauza bera gertatzen da. Ez diot antzerkiari ezer kendu nahi, baina txotxongiloek aktoreek baino askoz gehiago egiten dute. Hegan egin dezakete... aktoreek, berriz, ez.

Tolosako jaialdian lan berria estrenatuko duzu. Nor da protagonista?

«Zergatik bizi da basoan Txanogorritxoren amona?» lanaren estreinaldi ofiziala izango da Tolosakoa. Protagonista Xabier da. Txanogorritxoren ipuina irakurritakoan, gauza asko ez ditu ulertu eta ikerketa abiaraziko du. Aiton-amona batzuen bakardadeari buruzkoa da lan berria. Nik amarena ere egiten dut, bi lanak egiten ditut.

Oso gaur egungo gaia da. Lan baten abiapuntua gaia izaten al da?

Askotan kezka izaten da. Gure lanak ez dira jolaserako bakarrik, zerbait esan nahi dugu. Pentsarazi egin nahi diegu, baita baloreak sortu ere. Beste kasu batzuetan euskal mitologiako pertsonaiak hartu ditugu: galtzagorriak, sugea, lamiak...

Beste proiekturik baduzu eskuartean?

Azaroan oso liburu polita argitaratuko dugu. Neska-mutilei galdera asko egin dizkiegula gure lanen bidez, fundamentuzkoak gainera. Esaterako, `katu guztiak gaiztoak dira?' `Zergatik batzuetan ilargia haserre dago?' `Altxor bat aurkitzeko oso urruti joan behar da?' `Lurra denon etxea da?'... Liburu horretan, euskal kulturako 21 pertsonak hartuko dute parte, guk egindako galderak erantzuteko.

Txotxongiloen teknika asko garatu da, baita umeak ere. Zuen lanek nola erakusten dute aldaketa?

Umeak ez dira asko aldatu, gertatu dena da haurtzaroa murriztu egin dela. Lehen 12 urte bitarteko neska-mutilak etortzen ziren, orain ez dira adin horretakoak azaltzen. Gurasoek gero eta seme-alaba gazteagoak eramaten dituzte saioetara. Nik, gutxienez, 3 urte izatea eskatzen dut, bestela arriskua dago esperientzia, gozagarria izan ordez, beldurgarria izateko.

Tolosako Nazioarteko Jaialdia aukera ona da hemendik kanpo zer egiten den ikusteko.

Tolosa eskola da guretzat. Aurten 25. urteurrena ospatuko dute. Gure Printze Txikia izan zen Tolosan aritu zen lehendabiziko txotxongiloa. Baina aurretik tolosarrak gugana etorri ziren laguntza eske, eta hasieratik talde sortzaileko kide izan gara.

Autoa hartu eta batetik bestera, herriz herri ibiltzea ez zaizu nekagarria egiten?

Kilometro asko egiten ditut. Askotan bakarrik joaten naiz, edo teknikari batekin. Nire asmoa pixkanaka lan gutxiago egitea da, gehiegi egiten dut eta.

Zuen lanbidean beti ikasten aritu behar duzue.

Geure kasa hasi ginen eta ikusiz ikasi dugu. Txotxongilo jaialdietan asko ikasten dugu. Horrez gain antzerkira ere oso maiz joaten gara.

Lagunak ere ugari egingo zenituen.

Bai, hainbat herrialdetan ditut lagunak. Aktoreen artean gertatzen den moduan, gu ere maitekorrak gara. Gure kasuan protagonistak panpinak dira, gu erdi ezkutuan gaude, eta horrek laguntzen du umilak izaten. Gure egoa ez da hain nabarmena, gure artean ez dago izarrik. Gu, nolabait esateko, txotxongiloen zerbitzariak gara.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta