Idazleak - Enkarni Genua Espinosa - Hemeroteka - "Txontxongiloen mundua izugarri zabala da, eta eraberritzea premiazko ikusten dut aurrerapausoak eman ahal izateko"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Enkarni Genua Espinosa > Hemeroteka

Euskonews

2000-05 "Txontxongiloen mundua izugarri zabala da, eta eraberritzea premiazko ikusten dut aurrerapausoak eman ahal izateko" | Teresa Sala

Hogeita bederatzi urte eman ditu Enkarni Genuak, herriz herri, antzokiz antzoki, txoko guztietako haurrak bere txotxongiloekin liluratzen. Bizkarrean, hogeita bi obra eta hogeita hamar bat liburu eta diska dauzka Donostiako emakume titiritero honek. 1971. urtean etorkizuneko bere lanbidea zein izango zen hautatzeko garaia heldu, eta ez zuen zalantzarik izan: "argi eta garbi jakin nuen nire patua txotxongiloekin zegoela". Harrezkeroztik senarrarekin herrialde askotako antzokiak bisitatu ditu, besteak beste, Alemanian, Mexikon eta Kuban ospatutako hainbat txotxongilo jaialditan izan dira. Gaur, oso harro sentitzen da aukeratutako lanbidearekin, eta momentuz ez dauka erretiroa hartzeko asmorik.

-Urte hauetan nola bilakatu da txotxongiloen mundua Euskal Herrian?
Senarra eta biok hasi ginenean, Euskal Herrian ez zegoen, euskaraz, txotxongilo emanaldiak eskeintzen zuen talderik. Lehendabizikoak izan gara eta hasieran eskularruzko panpinekin eskaintzen genituen gure emanaldiak, besterik ez genuelako. Urteak pasa ahala beste teknika batzuk jarri genituen praktikan, eta gaur egun mota guztietako panpinak egiten ditugu. Mundu hau izugarri zabala da, eta eraberritzea premiazkoa da aurrerapausoak eman ahal izateko. Orain dela urte batzuk ikusleek ez zuten titiriteroa ikusten, izkutatuta egoten zen kortina baten atzean, gaur egun txerpolaria bere panpinekin nahasten da agertokian, eta guztiak aktore bihurtzen dira.
Txotxongiloek bilakaera handia izan dute gure herrian, gaur kolektibo asko daude, teknika ugari eta istorio anitz eskaintzen dituztenak, bai haurrentzat eta baita helduentzat ere.

-Zein ezberdintasun somatzen dituzu garai bateko eta gaur egungo haurren artean?
Haurrak haur izango dira beti, horretan ez dago zalantzarik. Agian orain dela urte batzuk hamalau urteko gizontxo bat haurra zen oraindik, eta gaur haurtzaroa motzagoa dela esan daiteke, hamabi urterekin haurrak beste mundu batera pasatzen dira; heldutasuna azkarrago heltzen zaie. Dena den, erakusten duten ilusioa bera da, panpinak bizirik daude haientzat, ipuinak beste dimentsio ezezagun batera eramaten ditu eta izugarri gustatzen zaie.

-Non aurkitzen du Enkarni Genuak inspirazioa? non daude bere ipuinen iturriak?
Niretzat garrantzitsuena zer kontatu nahi duzun erabakitzea da. Azken finean txotxongiloak adierazpen bide bat dira, eta haien bitartez zerbait komunikatzen diezu ikusleei. Guk ipuin asko asmatu ditugu, baina gure iturri handiena Euskal Herriko historiak gordetzen dituen istorioak dira. Beste batzuen artean, Herensugea; Galtzagorriak, Gizona ,Sugea eta Azeria eta Erreka Mari eszenaratu ditugu. Guztiak Barandiaranek edo Azkuek jasotako ipuinak dira.

-Zein da gehien maite duzun istorioa?
Guztiak maite ditudala erantzun beharko nuke, baina egia esatera badago modu berezi batean maite dudan ipuina: Erreka Mari. Guk sortutakoa izanik herrikoi bihurtu da, eta pauso hori ematea ez da batere erreza. Erreka Marik eman du. Hogeita bat urte daramatzagu Euskal Herriko azken lamia eszenaratzen eta emanaldi guztietan arrakastatsu suertatzen da. Denbora asko da, eta amodiozko erlazio berezi bat daukagu berarekin. Munduko txoko guztietara eraman dugu, besteak beste, Kuba, Txekoslovakia eta Mexikoko hainbat eszenatoki ezagutu ditu Erreka Marik gurekin.

-Zure lehenengo emanaldia eskaini zenuenean, nor zinen? Zeintzuk ziren zure itxaropenak?
Senarra eta biok guraso gazteak ginen, gure alabaren urtebetetzerako ikastolan txotxongilo emanaldi bat antolatzea bururatu zitzaigun, eta halaxe egin genuen. Irakasleei asko gustatu zitzaien lana, beste ikastola batzuetatik hots egin ziguten, eta piskanaka lanbide hau serioago hartu behar genuela konturatu ginen. Halaxe jardun dugu gaur arte.

-Noiz eta nola heldu zitzaizun txotxongiloekin aritzeko grina hau?
Txikitatik. Monja eskola batean ikasi nuen, bueno, egia esan, ikasi ez nuen gehiegi ikasi, baina antzerki lan asko antolatzen genituen. Izugarri gustatzen zitzaidan horrelako aktibitateetan parte hartzea, istorio eta ipuin ezberdinak mozorrotuta kontatzea. Niretzat antzerkia eta txotxongiloak gauza bera dira: eszenatokira atera eta publikoarekin harremanetan jarri.

-Zein da eserlekuetan dauden haurrei helarazi nahi diezun mezua?
Emanaldia hasi baino lehen nire burua aurkeztuz haurrekin hitzegiteko ohitura daukat. Lagunarteko giroa sortu nahi izaten dut, eta horretarako haiekin solasaldi bat izatea premiazkoa iruditzen zait.

-Zein izaten da solasaldi horien gaia?
Normalean, haurren adinaren arabera inprobisatu egiten dut. Ikusi behar duten ipuinari buruz hitzegiten dut, andereño bat naizela azaltzen diet, leku batetik bestera istorioak kontatzen ibiltzen den andereño berezia. Horrela agertzen dut neure burua, eta elkar ezagutzen saiatzen gara.

-Zer da zuretzat titiritero izatea?
Oso harro sentizen naiz aukeratutako bizibidearekin. Titiriteroa naiz lanbidez, eta harro nago. Badakit zer den aktore izatea, urte askotan aktore izan naizelako, baina askoz pozgarriagoa da niretzat txotxongiloekin lan egitea. Antzerki lan arrunt baten lehengaia egina dago, lehengaia aktoreak direlako. Txotxongilo emanaldi baten aldiz, beste guztiaz gain, lehengaia ere sortzeke dago. Aktoreak sortu egin behar dira, panpinak; horiei bizitza eman behar zaie, mugimendua, ahotsa... Hor dago nire ustez, lanbide honek daukan xarma.

-Gaur egun, zaila al da titiritero izatea? Bizitzeko adina ateratzea erraza al da?
Guretzat ez da batere zaila izan, baina gure egoera berezia izan delako. Orain dela hogeita bederatzi urte hasi ginen, eta garai hartan gizartea ez zen gaur egunekoa, bikote bat izanik beste diru sarrera batzuk izan ditugu eta ez dugu inoiz dirulaguntzen beharrik izan. Gaur egun zailtasun eta oztopo gehiago daude, baina badago honetaz bizitzea. Horixe baietz!

-Zer esango zenioke titiritero hasiberri bati?
Animatu egingo nuke, baina bihotzez esango nioke titiritero profesionala izatea ez dela batere erraza. Pixkanaka hasi behar da, etsi gabe eta etengabe eraberrituz.

-Zein da lanbide honetan eraberritzeko modurik egokiena?
Emanaldi ezberdin asko ikustea, dudarik gabe. Besteek zer eta nola egiten duten ikusi, eta haiengandik ikasi egin behar da. Gaur egun badago horretarako aukera Euskal Herrian, badauzkagu hainbat jaialdi Tolosan, Bergaran eta Bilbon. Jaialdi hauetara joatea gomendatzen dut, eta posible baldin bada baita Bartzelonan eta Charlevillen antolatzen diren mostretara ere. Izugarri ikasten da toki hauetan.

-Orduan titiriteroarena lanbide autodidakta bat izango litzateke...
Neurri handi batean bai, lankideek egiten dutenarekin asko ikasten da, gero norberak saiakuntzak egin behar ditu eta lanean jarraitu. Ongi gogoratzen dut senarrarekin Bartzelonara joan nintzen lehen aldia, emanaldi asko ikusi genituen eta aho zabalik gelditu ginen guztiekin, liluratuta. Donostiara itzuli bezain laster, gure eszenatoki txikia zakarretara bota eta teknika berriekin hasi ginen lanean. Txotxongiloen munduak aukera handia ematen dizu eta ahal diren guztiak harrapatu behar dira, bestela zaharkitua gelditzen zara, eta orduan bai dela zaila aurrera ateratzea!

-Haurrak dira zuen ikusleak, baina zer moduz ezkontzen dira txotxongiloak eta pertsona helduak?
Oso ondo ezkontzen direla uste dut, baina ni ez naiz ezkontza horretako apaiza. Ez dut inoiz helduentzat antzeztu, eta ez dut uste etorkizunean egingo dudanik. Urte asko daramatzat honetan, proiektu ugari dauzkat eta ez dut neure burua helduekin ikusten. Nahiago ditut haurrak, zalantzarik gabe.

-Proiektuak aipatu dituzu, ba al daukazu ipuin berririk esku artean?
Momentu honetan ez daukagu proiektu konkreturik. Gure azken lana, "Kattalin txiki", joan den urtean estreinatu zen. Oso garrantzitsua izan da, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Orkestrarekin antzeztu dugulako. Ipuin berri bat pentsatzen udan hasiko gara; momentuan konpromezu asko dauzkagu, emanaldi ugari, lan berri batekin hasteko denbora behar dugu, bakea. Uda pasa ondoren ikusiko du Euskal Herriak gure lan berria.

-Titiriteroa ez bazina, zer izango zinateke?
Irakaslea. Urte askotan andereñoa izan naiz eta bi lanbideak oso lotuta daudela uste dut, zerikusi handia daukate, haurrekin modu goxoenean harremanetan jartzea da bizibide bion ardatza.

-Baina titiritero batek ez die errieta egiten...
Irakasle on batek ezta, edo oso gutxitan.

-Erretiroa hartzeko asmotan zaude?
Momentuz ez. Lanbide honetan zuk neur dezakezu lana. Gazteagoa nintzenean egun berean bi emanaldi eskaintzeko gai ikusten nuen neure burua, eta orain ez, baina osasuntsu sentitzen naiz. Erretiratzea, espainolez, jubilatzea da, eta hori latinezko "jubilatis" hitzetik dator, "poztea, alaitzea", alegia. Horrela hartuta, guztiz erretiratuta nago.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta