Idazleak - Emilio Lopez Adan - Laginak - Aita Saindua

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Emilio Lopez Adan > Laginak

Saiakera

2005 Aita Saindua | Argia

Aita Saindua

Gizon horren hiltamuan gauza bat baizik ez dut ikusten ahal: botereari atxikia den edozein diktadoreren agonia. Francoarenarekin nahikoa izan genuela uste, El Pardoko jauregian egin ebakuntza heroikoak eta guzti..., baina ez: beste hamaika izan dira geroztik, eta azkena Erroman. Gogaitua nago.

Gero, hizkuntzaren ajeak. Gure tradizioan, Erromako jainko ttipia izendatzeko Aita Saindua baizik ez dugu, eta Anjel Lertxundiri bezala, "Aita Saindu" horren erabili beharrak hastiatzen nau. Aita eta Saindua. Zerbait baikor eta beneragarri gisa idatz, irakur eta entzun behar, beste aukerarik gabe. Nahiz eta historian gaindi "Aita Saindu" anitz jendeen zanpatzaile krudelak izan eta azken hau jarrera moral hertsi eta baztertzaileen defentsari sutsua...

Jaungoikoarekin ere gauza bera gertatzen zait. Jainkoa, berez, guztiz ahaltsua eta guztiz ona izan behar, gure heziketa giristinoak ez digu beste aukera kontzeptualik ematen. Hitza erabiliz geroz harrapatuak omen gaude, zeren eta argudio ontologikoak dioen bezala behin Jainkoa izendatu ezin baita haren existentzia ukatu: Jainkoa gauza on guztien gordailua izanik, buruan ez da sartzen zerbaiten izateko oinarrizko gauza, existentzia, ez duela. Kontzeptuak berak galarazten omen digu fedegabeko, ateo, izatea.

Alta, munduan jende askok beste kontradikzio nabariagoei eman die lehentasuna. Horrela, aspalditik dakigu "ona" eta "guztiz ahaltsua" ezin daitezkeela batu. Munduan den hainbeste dolore, min eta oinazeren aitzinean, eta mundua "kreaturik" izan dela aurresuposatzen bada, edo egin duena ez zen guztiz ahaltsua, edo ez zen batere ona. Nola konpreni daiteke sufrimenduaren existentzia zeruak eta lurrak egin zituena zinez ona bada? Bai, bai, teologoek denetarako daukate erantzuna, jendearen libertatea behar zen, hori behintzat zor zion kreatzaileak bere irudiko kreaturari; eta askatasunak gaizkiaren posibilitatea sortzen du... Baina izpiritu humanistak ez dira konbentzitu: beste modu batez egitea, alferrikako oinazeen gabekoa bederen, ez zen hain konplikatua ahalguztidun batentzat, eta, gehiago dena, inozenteen sufrikarioen aurrean, haur trisomiko baten leuzemiaren aurrean adibidez, zer leku du askatasunaren ondorio den oinaze "justifikatu" horrek?

Manikeoen logika zorrotzagoa da. Jainko ona eta jainko gaiztoa, biak oso ahaldunak, bakoitzari berea eta erdian, pitoak bezala, gu.

Gero, badira gurekiko hain mespretxu ez diren posibilitateak.

Igual kreazione anitz bada, eta gure galaxiarena suertatu zitzaion erdipurdiko jainkotxo bati, ahal zuena ahal bezala egin zuela, eta gero dena aldrebestua atera zitzaion. Zer eginen diogu bada? Badira ofiziale txarrak, zergatik ez jainko malestrukak? Kasu horietan, behintzat, ez genuke errebelatu eta mingots ibiltzeko arrazoinik, jainko hori gure izorratzaile izan beharrean gu bezalako beste malerus bat izanen baitzen.

Baliteke gero beste interpretazio bat, politikoagoa. Behar bada, gure unibertsoa sortu zuen demiurgoa zahartzen ari da, Aita Saindua bezala, eta Parkinsonek jota, Alzheimeren laguntzaz, gutaz ahaztu da; eta hau guzti hau pikutara doan bitartean, bere gela zaintzen duten eskuin-muturreko aingeruek ez diete deus kontatzen, esperantza baitute humanitatea aspertuko dela eta errebelatuko, eta orduan, eskuin muturreko aingeruen ametsa hori baita, Mikel Goiaingeruak hartuko duela ertzainen burua eta denak igorriko gaitu Belzebu, Barrabas, Satanas eta beste horiengana, betiko. Zeren eta teologoek jakinarazten baituten bezala, kreatura ttipiaren bekatu zirtzilak betiko infernua merezi du jainkoa, hau da, infinitoa, ofenditzen duelako, eta zigorra ofendituaren duintasunaren araberako izan beharko da, infinitoa oinazez eta denboraz... Jende lasaia bezain saldua dira teologoak.

Gure gaztaro eroan uste izan genuen erligiotik askatu ginela. Orain, komunioneak, hileta-elizkizunak, Europako ondare kulturala eta Aita Sainduaren (bi maiuskulekin!) osasuna direla eta, badirudi gure usteak ustel eta gaindituak direla. Betikoa betiko! Baina ez niretzat. Mingotsa eta errebelatua, errepikatuko: jainkorik ez, ez eta nagusirik ere! Eta jainkoa zeruan balego? Bakuninek erran bezala, handik hustu beharko genuke!

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta