Idazleak - Elena Martinez Rubio - Laginak - 'Sigi-saga Patagonia' eta 'Hutsa zer da?'

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Elena Martinez Rubio > Laginak

Saiakera

2008 eta 2007 'Sigi-saga Patagonia' eta 'Hutsa zer da?' | Gara

Ziztu bizian baina sigi-saga egin zioten ihes Magallanesi “Patagonia” bataiatu zuen eskualde zabal ezezaguneko bi emakumek, Espainaratzeko asmoz harrapatu nahi izan zituenean. Eme-ehiztari bihurtutakoak, behin eta berriz huts egin zuen tiroa horregatik, otzan-otzan hurbildua zitzaion ehizaki xaloa galduz.

Trikimailuz ontziratutako bi gizonezkoak berriz, laster gaixotu eta hil ziren, itsasgizona esku hutsik utzirik. Espainiako erregeak bi giza bikote eramateko agindua emana baitzion, bidaian aurkitu herrien lagin edo erakuskari gisa. Hiru mende geroago giza zoologiko eta zirkoetan sekulako arrakastaz antolatuko ziren erakustaldi lotsagarrien aurrekaria. Hau da, basati eta primitiboekiko voyeurismoarena, egun, turismoaren bitartez, herri asko ogibidez exotikoak izatera bultzatu dituena.

Sigi-saga jarraitu zuen Magallanesen bide liskartsuak. Neke eta gorabehera gaitzen ostean, bere izena daraman itsasartea idoro zuen handik hilabete batzutara. Filipinak ere bai. Baina azkenik bidaldiaren xedea beteko zuela zirudien arren, uharte ñimiño bateko biztanle biluzi atzeratuek hil zuten ustekabean. Espainako Erregearen handitasuna armekin erakusteko nahian abiatuta, ez zuen nonbait Mactango (Cebu) etsai haien txikitasuna neurtzen asmatu.

Sigi-saga egin zuen aurrera Patagoniaren ibilbideak. Rio Negro itsasadarreko Viedma hiria izan zen, hain zuzen, europarrek bertan sortu zuten lehena. Salestar erretore batek utzi digu hango itsasargiaren bedeinkatzearen berri zoriontsua, 1887an: “Isiltasunik bilduenean ozeano Atlantikoari so, dorre hura beren besoez eraikia zuten indiar presoen begiradapean, tiro-jasa burrunbariez agurtzeko prest zegoen artilleria hurbil genuelarik, Goi-goikoari eskainia zen ongintzako eraikin hura, basamortuko zibilizazioaren aitzin­da­ria zena...”

“Basamortua” aipatzen du berriemaileak, sarkinen ikuspegitik hutsik zegoelako Patagonia. Jendegabe, hots. Inor ez zen bertan bizi eta —bertakoak ezik. Quantité négligeable! Herrialde hartan milaka urte zeraman biztanleriaren egitekoa hortaz, ongi zehaztuta azaltzen zaigu bien bitartean: agerritik kentzea, edo besterik ezean, lan zitalenak egitea, lur-lapur kristauen mendeko beti ere.

Sigi-saga eta lehiaka joan ziren, ondo bazkaldu eta gero —kronikagileak dioskunez— Viedmako agintariak bide kaskarretan barrena, zaldiz nahiz zalgurdiz, nora eta hiriko lehen udal liburutegia jai-girorik alaienean zabaltzera.

Liburutegian, militarrak suntsitzen ari ziren herri zahar bitxiei buruzko ikerketa antropologiko hasi berriak egongo ziren eskuragai, besteak beste. Kultura behar zen! Baita bihurrikatze ideologiko anitz ere, giza eskubideen aitorpenaren ondoren kolonizatze gupidagabea zuritu ahal izateko. Eta batik bat, zientzia eta teknika ziren beharrezkoak, izadia inongo oztopo eta mugarik gabe ustiatzeko. Izan ere, ingurunea bere horretan uzteko joera zen Patagoniako bizilagun ibiltariak gaitzesgarri, hutsal eta “ez gizaki” egiten zituena, aberasteari emandako kolonizatzaileen begietan behinik behin.

Hotsandiko garaiak, bada. Basamortuko Kanpaina odoltsukoak era berean. Lu­rralde hartako jatorrizko jendearen hala-holako azpiratzea ez zuena helburu, baizik eta “arraza antzu bat behin betiko desagertaraztea”, kanpainaren sustatzaileek argi eta garbi adierazi zutenez. “Arraza antzu bat”, zurien zentzuan garatzeko gogo edo senik ez zeukalako.

Sigi-saga joan da beraz, Patagoniaren ildo gatazkatsua, bertakoen ondorengoak erabat galdu ez diren heinean. Honen lekuko dugu, esaterako, sarraskiaren azken txanpan eragile nagusia izan zen Roca jeneral argentinarraren giza irudia zaldi gainean, Bariloche hiriko enparantza nagusian. Nahiz eta margo gorriaz nahiko desitxuratuta dagoen, zutik dirau oraindik. Zutoinean, hitz bat: “hiltzailea”.

Zuzen-zuzen joan zen zerura, ordea, Chimpayko (Rio Negro) Ceferino Namur­curá. Iaz Eliza katolikoak dohatsu aitortu zuen lehen mapuche zorigabe hau, borrokan garaitutako buruzagi baten semea zen. Haurtzaroan etxekoengandik indarrez aldendu eta Buenos Aires hiriburura bidali zuten ikastera, salestarrekin zibilizatu zedin. 1905ean hil zen, mirariren bat edo beste egin ondoren, hemezortzi urte baino ez zuela, europarrek Ameriketan barreiaturiko hetikak joa.

Iragan hurbilaz ahaztu ez diren maputxeek badakite, hala eta guztiz, kapilau kristautzaileek eta Roca jeneralaren gudarosteek tren berean egin zutela Patagoniarako bidaia. Eta “basamortu” deiturikoa, arbasoen bizilekua besterik ez zela. Gaur ere zaindu beharreko toki guztiz eder emankorra, alegia.


Hutsa zer da?

Nork esango zukeen honen astuna eta orojalea litekeenik hutsa —inoiz geure ezjakintasunean ezgauza eta hutsaltzat hartu bagenuen ere.

Baina ustekabean inguratu zaigu, lepotik heldu eta atzetik besarkatu gaitu, basoko itzal baten antzera, zeinaren jatorriaz ezer ez dakigun, zuhaitz batetik itzuri dena baino —zutik dirauen zuhaitz ihartu, barne-huts bizigabe horretatik, esaterako. Oraintxe askatu baitu, oraintxe utzi baitu gugana joaten, areago, agindua ere eman dio bere ondotik igaro berri diren ibiltariok lehenbaitlehen atzeman ditzan.

Eta bertan lotu gara, zuhaitza izandako hori, oraino zuhaitza dena agian, begiak itxita irudikatzeko, adar hautsiek azal zartatuan utzitako aztarnei antzemateko, zomorro beltzez josiriko enbor hustua gogora ekartzeko, non argia sartu ezinean dabilen honez gero.

Honaino jarraitu digu, beraz, hutsaren itzalak, orpoz orpo. Edonora lagunduko digu aurrerantzean. Eta gure indarren neurgailua den bizkartzain bizkarroi horrek, motzean lotuko gaitu hemendik aitzina, bera borrokatzera behartuz ere.

“Gu hor gauden bitartean, ez dago herioa; herioa helduko denean ordea, gu ez gara egongo”, hitz egin zuen Epikurok, funsgabeko beldurrei aurre egin nahian. Dena den, bestela da kontua, bizitzearen beldur denari itsasten zaiolako heriotz kutsua edo­non. Bere baitako hustasunaren eskutik, alegia.

Hutsa zer da? Bularrean haziz joan den ozono-zuloa. Edozein betegarriz berdintzen zaila. Gaixotasun larria bezain ezaguna. Batzuk baliatzen dakitena, hurkoa erakarri eta haien esanera dantzarazteko.

Hortik kanpo hutsunerik ba ote den ala ez jakin nahiak, buruhauste handiak eman dizkie pentsalariei. Ezetz dirudi: hutsarterik “hutsenean” ere uhin, izpi, zatiki, materia zein energia ilunak aurkitu dira eta. Unibertsoan ez omen da inon erabateko hutsik. Nola izango da, ba, nonbait, berez ez dena? Gurpil zoroa, hizkuntza hau erabiltzen dugun heinean, behintzat. Izatea eta ez-izatea, mugaduna eta mugagabea nahiz munduaren sorrerari buruzko galderen arlora eramango gaituena. Hau da, armadunekin ezkondu diren zenbait erlijioren aginterri historikora.

Kontuz gero! Hemen ezer ez da kaltegabea, ez doakoa. Zenbat eta gaiztoagoa erlijio-erakundea, zenbat eta arituagoa gizalegea huts egiten, hainbat eta hitz eder, bakezale eta labanagoak erabiliko. Nahiz eta salbuespen-egoeretan, berehalako ikara eragitea beharrezkoa denean, zakar jokatuko duen ageri-agerian.

Eliza katolikoak 1600ean errearazitako Giordano Bruno dugu, hain zuzen, Antzin Aroko atomisten ikuskera —aipatu Epikurorena barne— beretu eta, besteak beste, hutsaren hipotesiari berrekin zion lehena. Erronka ederra Platon eta Aristotelengandik zetorren pentsamolde zeharo finkatuari. Honen arabera, naturak hutsa saihesten du, dion izuagatik. “Horror vacui” delakoa ez al zegokion, alabaina, filosofoen barruko debeku bati, hots, ezereza buruan erabiltzeko eragozpenari?

Nolanahi ere, kosmologia berri haren atarian hutsaren beharra zegoen, espazioa eta unibertsoa zabaltze aldera. Zientzilarien saio iraultzaileek laster frogatu zutenez, hutsa badago —non gehiago, non gutxiago, jakina. Eliza katolikoak berriz, hasieran arriskutsu zeritzona hutsaldu eta oraingoan ere bere irakaspenekin bateratzea lortu zuen, heriotz mehatxu eta erreketa batzuk gorabehera. Sinesmen kudeatzaile trebea! Eta gure planeta erdigunetik bazterren batera lekualdatua izan zen arren, jainkoaren irudira sortutako gizakiak guztiaren erdi-erdian segitu zuen azkenik.

Hutsa dela eta, ekarpen berezia egiten dio euskal hizkuntzak filosofiari, Angel Goenagak “Huts: la negatividad vasca” izeneko ikerlanean ongi azaldu zuenez. Izatearen betetasuna zalantzan jarri gabe, itxaropenean ageri den ezusteko arrakala da hutsa. Ernatu ez den hazi bat, mukuru bete ez den ontzia. Burutu gabeko asmoa. Alferrik galdutako ametsa. Ezurtea, akatsa, gabezia. Geure ahalmenen porrota, bete-betekoak ez garenez.

Hala erakusten digute “hutsa”-z osatzen diren hainbat euskal esamoldek eta esapidek: hutsak, zerbait betea izatea espero dugula harrapatzen gaitu. Adibidez, jende asko egon dadin egindako eraikinetan bizilagun guztiak desagertu direnean. Edo jendea egonez gero ere, giza harremanak hotzak eta motzak gertatzen zaizkigunean. Orduan, beste nonbait bakardadea baizik ez litzatekeena, hutsa baino hutsago egiten zaigu, arroztasun jasangaitza.
“Egunero ezkatatzen da/ nire buruaren puzkatxo bat:/ orduz ordu/ ilez ile/ muxuz muxuz/ atzera eroriz amaigabera:/ Zahartzen ez diren bakarrak/ maitea/ nire begiak dira/ zure argiak argitzen dituen artean” —non eta hain iheskorra den maiteminaren menpe kokatu zuen Yvan Goll poetak hutsaren kontrako bere borrokaldia, “Itzulera uni­bertsora” olerkian.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta