Idazleak - Elena Martinez Rubio - Laginak - Abiatu zen eguna

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Elena Martinez Rubio > Laginak

Narratiba

Abiatu zen eguna | Galeusca- EIE

Abiatu zen eguna

Heldu, behin baino ez da heltzen, lehengo aldiz heltzen denean, alegia.

        Baina agian oroimenean ere heltzen da, betirako alde egin behar dugun egunean hain zuzen, bidaiariak heldu zen arratsalde hartaz bat-batean gogoratzeari ekin dionean, beste joanetorri guztiez ahaztua ordea, zeintzuen inguruan bizitzeko gauza izan den ordu ezkero, —hau nola litekeen ulertzen ez badu ere.

        Heldu, oraintxe heldu da, bizitzea egokitu zaion etxea hutsak ito beharrean ikusi berri duen honetan, udako hodei zurien azpian etxe bat, harresi zaharretatik behera datozen harri higikorrek inguratua, atzekaldean harizti iluna, haran lainotsua bere pean. Eta haruntzago berriz, sortaldetik sartaldera bide eginez, goimendiek izkutatzen duten zabaldi handia, paseko txoriek udazkenean hegan zeharkatuko duten bestaldeko lautada lehorra.

        Horra hor etxea, beti heze, beti lizun, horra hor lurpeko urak bosatu dituen lur zati ereingabeak, esku utzitako soroak, putzuak sortzen ari diren larreak, euria biltzen ari den erretenak. Eta euriaren ostean, eguzkia, eta eguzkiaz batean, begietan min egiten dion landa distiratsuegia.

        Lehengo egunean, etengabe arituko dira euri tantak etxeko hegatzetik behera.

        Ezer gutxi daki ostalariak etorkizuneko ostatu hartu duen tokiaz.

        Gaur gauean, lehenengoz aterako du burua leihotik, ilunpetako hotsak aditzeko, ilun­tasuna usaintzeko. Ondoren aldiz, ezer berriari ez dio bertatik antzemango, hilabete lu­zeetan zehar ez, beharbada.

        Bitartean, joan, etorri, irten eta sartuko da, aldi luzeak etxean eginez ere, txosten moduko eskutitzak idatziz tarteka.

        Noizean behin, gutxitan dena den, norbait hurbilduko zaio mezu hutsalen batekin.

        Heldu den arrotzaz, laster saiatuko dira zerbait asmatzen, nahiz eta berari buruz ezer kontatzeko gai izango ez diren.

        Era berean iritsiko da kanpotarra gogaituko den eguna, besterik gabe joango den unea, denek hasieratik jakin dutenez.

        Orduan, isiltasun osoa itzuliko da bertara bidaiariak etxeari bizkarra eman bezain las­ter. Eta —elur urte izatekotan— mara mara egingo du elurra norabide ezezaguneko bere bidaian. Larridura eta aztarna guztiak estali arte.

        Bera estali arte.                                       

 

***

       

        Min egiten dio edertasunak erbesteratuari.

        Are mingarriago zaio ederra ez dena.

        Urte luzeegietako itxaroaldiak bere baitatik arroztu du urrutira joandakoa. Bizirik iraun duena ez da bera, beste bat baizik.

        Jakin, ongi daki, sorterriko ordulariek oraino jarduten dutena, bera bertan ez badago ere. Dagoenekoz ez ditu entzun nahi, alabaina.

        Oroitu, ongi oroitzen da ezkila haien hotsaz. Ezkilek berriz, besterentzat ari dira egun jotzen.

        Bai, bera egon ez bada ere, bidea ireki du odolak ezezagunen zainetan barrena. Bere bularrean ostera, hozka, nekez, narrasean doa odol hoztua, odolbatuetan behaztopo eginez.

        Hutsuneak hartu du gogorapen maitatuen lekua. Begietan, ordulari sorta baten irudi neketsua geratu zaio. Eta belarrietan, tiki-taka axolagabe eta zaratatsu bat, erlojuak gupidagabe jotzen aritzen direlako, hots zatarrez, zein bere aldetik, hil berri den baten gelako arasean erdeinuz jotzen jarraitzen ohi duten antzera.

        Lekuko bizigabeak. Burdinki ugertuak, hutsaren alferreko betegarriak.

        Baina “itzuli gogo dut!” oihu eginda ere, ezerezak irentsiko luke bere deiadarra, hutsak eramango bere hitzak.

        Itxuraz baino ez. Unibertsoa betea baita. Inon ez dago hutsunerik, bularreko ozono-zuloetan ezik.

        Unibertsoa betea baita, urratu ezinezkoa. Eta zirrikiturik ez da inon ageri, giza barneko izu-arrakaletan ezik.

        Mina da mugagabea den bakarra.

        Mina beretu eta etxea egin nahi izan du bertan, “etxe” hitza “itxi” edo “hesiri” lotu behar omen zaion arren. Mugarik gabe, hortaz, etxerik ezin egon.

        Bada, ezinezko etxea da berea. Inon ez du etxerik.

 

***

       

        Elurra nonahi. Ekaitza dator.

        Kazkabar zakarra ari du inoren lurralde zabal, latzetan. Izotzaldia gailendu da. Mendiko sakangune eta haitzarte guztiak bete ditu izotzak. Ura, harri artean itsasita gelditzen hasia da, eta ozta ozta doa aurrera, erreketan barna.

        Zuritasuna nagusitu da, ilunabarreko zuritasun apala, lausoa.

        Antzinako giza hilotzak elurperatuak izan dira une honetantxe, mila urteren buruko berpiztearen zain geratu direla, basalandare eta piztiekin bat eginda.

        Atartera irten da. Bidaro gaitza.

        Egurats zabalean dago atzerriratua. Herriminik ez orain.

        Ilundu du honez gero. Ortziaren belztasuna distirak zulatua ageri da, izarren dis­tira liluragarriaz. Lilura hila. Izarrak iragan hutsa baitira, atzerapenaz datorren argia, argi ustela, hastapeneko eztanda haren ondorengo argi bidaiatua. Lar bidaiatua. Sute haren islada, lilurakeria, besterik ez.

        Bizitza ere etorri zaio atzerapenez. Aurrez aurre begiratu nahi izan dio, eta ez dizkio, hala ere, begiak ikusi. Santio Bidean ote doa bera, ahanzturak aurrea hartu dion arren. Eta oinazeak itsutu. Ezerk ez du harritzen, ezerk zirrararik eragiten.

        Arnasa hartu du. Eta hain gogo bortitza izan du bat-batean —eta artean ez du, berehala galdu du eta— non lurrera erori baita, elurrera. Urrun urrundik, aspaldi aspalditik, leherketaren aurrekoa, bai eta leherketa ondoren ahantzi zuena ere, dena etorri zaio gogora tximista baten indarraz.

        Mendiz mendi, herriz herri egindako ibilaldi luzeak. Epeltasun bizigarri bat, haize goxoa. Haitzak euritan, tontorrak eguzkitan, euria noiznahi, eguzkia nonahi. Hegaztien he­galdi xuxurlariak, abereen muturrek belarrari egindako laztanak. Baso babesgarriak. Ho­dei ibilkariak, alderraiak, eta hara non, hodei setati ezagunak, gailurra setiatuz beti.

        Anboto!

        Sutan ikusi du ganga ustekabean, garretan, eta eztanda ikaragarriak berekin ekarri zuen argia etorri zaio gomutara. Argi itsugarria, sorgarria.

        Erredura berriak ditu, beroak kiskali dio azala, hormak zartatu.

        Honelaxe ikusi du bere burua: heriotzaren ardura baino ez duen gaixo bat az­kenari be­gira. Ingurua sutan, eta surik ez bere baitan.

        Jaiki egin da hala eta guztiz, gorputzak jaiki du, bere odol gesalak jaikiarazi du, eta zutitzeaz batera, elurretan agerturiko bere aztarnez ohartu da. Elur urtua, elur nahasia, elur baltsa azaldu da hor. Norbaiten hatzak. Norbait ote da. Norbait oraindik, oraindik bi­zirik, beraz.

 

***

       

Ilunpetan esnatu da alde egitea erabaki duen egunean. Argirik piztu gabe ibili da etxean, gelaz gela, azken prestaketak egiten. Ezer ez da entzuten. Negu beltza da. Hotza da nagusi.

        Hurrenez hurren egin ditu abiatu ahal izateko egin beharreko guztiak, astiro-astiro urrats bakoitzari ekinez. Atzera egiterik ez duten une arriskutsuetako zehaztasun harri­ga­rriaz jantzi da, arreta handiz. Gosaltzekoa jan du sukaldean goserik gabe, aurpegia eta es­kuak garbitu ditu bainugelan. Biderako lagungarri izango zaion ezer ez du ahaztu.

        Leihotik kanpora begiratu eta inor ez dabilela ikusi du. Dena dago uste izan duen be­­za­laxe.

        Zutik dirau maiteen duen zuhaitzak, haurtzaroko otsalizarrak.

        Halaber dirau zutik nork bere burua urkatzeko balio duen habeak.

        Bide berriak ebakitzeko garaia da.

        Bidaro ona. Idaztaroa, agian.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta