Idazleak - Elena Martinez Rubio - Hemeroteka - "Alemana abangoardiako kultura hizkuntza da"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Elena Martinez Rubio > Hemeroteka

erabili.com

2006-10-30 "Alemana abangoardiako kultura hizkuntza da" |

Elena Martinez Rubiok Nürnberg-Erlangengo Universität-en eta Berlingo Freie Universität-en egin zituen Filosofia, Soziologia eta Germanistika ikasketak. Filosofian doktorea da eta Euskal Filologian lizentziaduna, besteak beste. Euskaraz gain, alemana, ingelesa eta errusiera ere badakizki. Hiztegigintzan jarduna da UZEIn, eta itzulpengintzan, artikulugile gisa eta liburugintzan ere hainbat lan egindakoa. Besatari elkartean zenbait libururen argitaratzailea da.

Orain, berriz, Euskara-Alemana / Alemana-Euskara (Deutsch-Baskisch) hiztegia, bi hizkuntza hauen artean gauzatu den lehendabizikoa, egin duelako dugu albiste Elena Martinez.

Nondik nora sortu zen hiztegi hau egitearena?
Euskararen indartzea eta euskal belaunaldi berrien prestakuntza-mailaren hobetzea izan ditut gogoan hiztegia egitean. Batetik, oso kaltegarria da, hizkuntzen arloan, hirugarren hizkuntz batera jo behar izatea. Gaztelaniaren bidezko hiztegietara jotzea ez da inola ere onuragarria. Ume euskaldunak ingelesa ikasten ikusi ditut, gaztelania-ingelesa hiztegiak erabiliz. Antza denez, ikastolan inork ez die esan, ingeles-euskara hiztegia eskuratzeko. Nik berriz, haurtzarotik erabili izan ditut hiztegiak. Bilboko eskola alemanean esaterako, ingelesa eta latina hamar urte genituela hasi ginen ikasten, eta horretarako hiztegi alemanak erabiltzen genituen. Alemana ondo ezagutzea baitzen eskola hartako xedea azken finean. Euskal Herrian euskara da indartu nahi duguna, bai euskararen ezagutza-maila, baita erabilera ere, biak uztartuta daudelarik. Hemengo ikastoletan berdin egin behar da hortaz, alemana ikasteko, adibidez, euskara-alemana hiztegia erabili, eta berdin frantsesa eta ingelesari dagokienez.
Bestetik, hiztegi honek aleman kultura klasiko zein gure garaikidera hurbildu nahi ditu euskaldunak: ikasle, itzultzaile, idazle, kazetariak eta alor desberdinetako adituak oro har. Alemana abangoardiako kultura hizkuntza da. Badugu zer ikasi Alemaniatik, zientzian, filosofian eta filologian edota musikaren alorrean.
Euskarak lan-tresna egokiak behar ditu normalizaziorako bidean. Gaztelania eta frantsesarekiko menpekotasunari amaiera eman behar diogu euskaldunok, gure izaerari eutsiko badiogu. Sortzaileak izan ahal izateko, gure ikuspegia zabaldu eta beste herriekin nahiz beste hizkuntzekin gure burua neurtzeko gai izan behar gara. Erronka handia bada ere, horixe da zaindu behar duguna, ume eta gazteen goi mailako prestakuntza jakintza arlo guztietan, unibertsitatean nahiz lanbide-heziketan. Euskaldunok erantzukizun handia dugu eta ahalegin handia egin beharra. Honek bere saria ekarriko du; gaizki ibiliko gara bestela.

Hiztegigintzan aurrez ere aritua zara. Esperientzia hori oinarri hartuta, lehen egindako lanaren antzekoa izan al da hau, ala ezberdintasunak somatu dituzu?
Euskara eta alemanaren artean itzulpenak eta lanak egin badira ere, bi hizkuntzok inoiz ez dira parekatuak izan era sistematikoan, hiztegi batek eskatzen duen eran alegia. Lan hau erabat berria izan da, bai eta egiteaz batera sortu diren arazoak eta zailtasunak ere. Konponbideak, neuk asmatu behar izan ditut, ez dut izan nora jo. Eta alemana hizkuntza erromanikoa ez denez, eremu landu gabean sartu behar izan naiz. Lanaren aberastasuna berritasun horri zor zaio bestalde.
Adibideak ematearren, bi hizkuntzetan [ du ] edo [ da ] hartu ditzaketen aditzak ditugu, aukera hori dela eta itzulpena aldatzen delarik. Beste zailtasun bat, aleman aurrizkiena, euskarak aurrizki gutxi ezagutzen baitu. Gainerakoan, hizkuntz bien egoerak gizartean oso bestelakoak dira. Alemanak, mendeak direla ekin zion batuaren bideari. Gure belarrietarako nahiko teknikoak diren hitzak egunerokoak dira hango edozein hiztunentzat. Alemanaren erabilera finkatuago dagoenez gero, denborarekin batera jatorriz sinonimoak diren hitzak bazter batera edo bestera joan dira, kutsu bereziak hartuz. Kutsu berezi horiek sortzen edo garatzen utzi ez, eta erderara jotzen dugu euskaldunok. Eta abar luze bat.
Hala ere, hiztegiari ekin baino lehen hizkuntzen arteko gorabeherez jabetua nintzenez, beti izan ditut alboan hiztegigintzako ereduak. Urte asko eman ditut alemana, ingelesa, latina, errusiera, frantsesa, katalana... ikasten. Eta ikasten jarraitzen dut. Alemaniako hiztegigintzak oso maila ona du. Errusiera ikasi nuen garaian adibidez, alemana-errusiera hiztegiak erabili nituen, hiztegi alemanak gaztelania-errusiera hiztegiak baino hobeak direlako. UZEIko Filosofia hiztegirako laurogeigarren hamarkadaren hasieran egindako lana ere aipatu nahi nuke, alemana lagungarria gertatu zitzaigulako euskal lexikoa osatzeko orduan. Ez da ahaztu behar, bai euskarak eta bai alemanak elkarketaren bidez hitz berriak sortzeko daukaten joera. Alemanaren ezagutza ondo dator hitz "klonikoak" eta "sasi-naziortekoak" saihesteko, Ibon Sarasolak erabili.com-eko artikuluetan erabilitako hitzekin esanda.

Hiztegiaren aurkezpen ekitaldian laguntza ezak ekarritako zailtasunak aipatu zenituen.
Hiztegia inongo diru-laguntzarik gabe egin da. Diru-laguntza ezak zera esan nahi du, egilea bere kabuz arduratu behar dela aurrera egiteko beharrezkoak dituen diru-iturriez, hiztegirako lana egiteaz gain, lan ordu gehiago eginez beste edozein arlotan. Hortaz, lagungarri ez zaion testuinguru batean jarraitu behar du lanean, etsi gabe. Honek noski, luzapena dakar berekin.
Hiztegia egiten hasi nintzenean, inor gutxi zegoen aleman hizkuntzaz interesaturik Euskal Herrian, eta ia inork ez zuen sinesten, euskara-alemana hiztegi baten premiarik zegoenik. Hezkuntza sisteman duela gutxi arte hizkuntzen ikasketari eman zaion leku txikia gogoan hartuta, erabat ulergarria da herritarrak premia horretaz lehenago ez jabetzea. Harrigarriago da, izan ere, jarrera hori erakunde begi-laburretan topatu izana, hemengo itzulpengintza urtez urte hazten joan den bitartean. 1988garren urtean Alemanian Berlingo Freie Universitäteko ikasle eta irakasleekin euskarari buruzko mintegi bat antolatu genuenean ordea, berehala hitz egin genuen hiztegiaren beharraz.

Zurea da euskara-alemana / alemana-euskara lehen hiztegia. Hango hizkuntzalariek historikoki euskararekin izan duten harremanarekin, zergatik uste duzu ez dela aurrez horrelakorik egin?
Bai, lehenengo aldiz egin da historian mota honetako hiztegi bat. Eta egingarria zen, lehenago ere bai. Baina badirudi, gizartearen bilakaerak eta etorkizuneko beharrak aurreikusteko gaitasun falta dagoela, bai eta epe luzeko plangintzak egiteko ere —ahaztu gabe hauek betetzeko ondoren burutu behar den egiazko jarraipena-. Edo arduragabekeria da beharbada. Horren ondorioz, hemengo ikasleek eta itzultzaileek hirugarren hizkuntza batez baliatzen jarraitu behar izan dute azken urteotan beren ikasketa eta zereginetan.
Antza denez, erakundeek jendearen ekimenen atzetik joateko ohitura hartu dute, askotan urte batzuk eta gero kalean eratutako lan taldeen "kopia ofizialak" eginez. Alemania eta Euskal Herriaren arteko kultura truke eta lankidetzari buruz, Frankfurteko Unibertsitatea izan zen Eusko Jaurlaritzari hurbildu zitzaiona hitzarmen bat sinatu nahian. Nire ustez, Euskal Herriaren eta alemanez egiten den lurraldeen arteko harremanak estuagoak izango dira hemendik aurrera. Eskerrak Eusko Jaurlaritzak kanpo harremanetarako kultura gune bat sortu berri duela. Berria pozgarria da, ea epe luzean ere beharrezko den arretari eusten zaion. Erakundeek zoritxarrez, mamiari baino, itxurari lehentasuna emateko joera dute eta.


Hiztegi hau bi hizkuntzen arteko zubi-lana betetzera datorrela ere aipatu zen aurkezpenean.
Zubi-lana betetzea edo bi herrialdeen hurbiltzea nahi izan dugu, hizkuntzen harira. Alemana, ehun bat milioi lagunen sor-mintzaira da, eta garrantzi handia du gaur, bai kultura eta zientzien arloan, bai eta ekonomian eta politikan ere. Alemanez egiten diren ikerketak direla eta, edozein espezialistak izaten du alemanez argitaratutako bibliografiara jotzeko beharra. Munduan argitaratzen diren hamar liburutatik bat alemanez idatzia dago. Alemana, itzulpen gehien egiten den hizkuntza da, eta baita ere, gehien itzultzen dena beste hizkuntzetara, ingelesa eta frantsesaren atzetik.
Gainera, euskaldun asko alemana ikasten ari diren bitartean, Euskal Herrian bizi diren alemanak ere baditugu. Ildo honetan, Euskalema Elkartea sortu da gure herrian orain dela gutxi, alemana ikasi edo sakondu nahi zuen euskaldunak ikasmaterial egokirik ez zuelako eskumanage_editForm?return=moderationra, eta berdin euskara ikasi nahi zuen alemanak. Euskalema Elkarteak bi herrien arteko harremanak suspertu nahi ditu, ikasmaterial egokia sortuz besteak beste. Ikasturte honetan, irakasle aleman eta euskaldunez osatutako lan talde bat‚ Alemana Euskaraz testuliburu gehigarria prestatzen hasi da. Gehigarri honen premia Euskal Herrian lan egiten duten aleman irakasleen eguneroko lan esperientziatik abiatu da: gero eta ikasle gehiagok ikasketak osorik euskaraz egiten dituztenez, gero eta beharrezkoagoa bihurtu da datu hau atzerriko hizkuntzak irakasterakoan kontuan hartzea. Itzultzaile mintegi bat ere antolatu da, euskara-alemana-euskara itzultzaileen prestakuntza hobetzeko asmoz. Alemanian berriz, Euskal Gramatika bat argitaratu berri du Christiane Bendelek, aleman hiztunentzat egina. Eta 2007tik aurrera Euskal Literatura bilduma argitaratzen hasiko da, Alemaniako Pahl-Rugenstein argitaletxean.

Alemana dakiten edo ikasten ari diren euskaldunei eta euskaraz dakiten edo ikasten ari diren alemanei zerbitzu bera eskaintzen al die hiztegi honek?
Hiztegia hein berean zuzentzen zaie bi talde horiei, eta horren arabera dago egituratuta. Alemanezko hitza ezagutzen ez duen euskaldunak hor bilatu dezake erantzuna, bai eta euskarazkoa ezagutzen ez duen alemanak ere. Oro har, alde batean jasota dagoena, beste aldean ere aurkitu daiteke. Baditugu, jakina, kultura batean ez dauden gauzak, eta hauen izenak ezin dira beste hizkuntzaren sarreren artean azaldu, itzuli ahal badira ere. Baina sarrera kopurua eta ezaugarriak antzekoak dira bi ataletan. Aleman sarreren atala luzexeago da alabaina. Aleman hiztunak elkarketazale handiagoak direnez, zenbait kasutan ez dago euskal ordainik ematerik, perifrasi baten bidez ez bada. Hau noski, islatu egiten da sarreren kopuruan. Perifrasiok, dena den, adibide eta lokuzioen artean jasotzen saiatu naiz, egokia iruditu zaidanetan behintzat.

Zer nabarmenduko zenuke hiztegi honetaz, zer ezaugarri?
Hiztegia, gaurko hiztunak maizen erabiltzen duen oinarrizko hitz-ondareaz osatua dago, hitz teknikoak barne. Orekatua da. Egiturari dagokionez, laster erabiltzen ikasten den tresna da. Ezaugarri berezien artean, duen sarrera kopurua kontuan hartuta (33.000 inguru), adibideak eta lokuzioen ugaritasuna aipatu behar da (4.600). Hitzak nola erabili behar diren erakusteko, itzulpena baino lehenago azalpen zehatzak dakartza behar den guztietan, bai eta jakintza-arloaren aipamenak ere. Honela, testuingururik ez izatean sortu ohi den nahasmenari aurre egin nahi izan zaio. Beraz, adibideek nahiz esapideek, adiera desberdinen artean bereizten eta aukeratzen laguntzen dute. Gramatika-kategoriez gain, alemanezko atalean izenen genitiboa eta plurala ere ematen dira.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta