Idazleak - Edu Zelaieta Anta - Laginak - Poesia-lanak: Jendakiak urruneko familiatan, Arabako Foru Aldundia, 2002; Mugaldekoak, SUSA, 2004; Bidasoa, Nafarroa oinez & Irudi, 2006; Mugaldekoen CD-Liburua, Gaztelupeko Hotsak, 2006.

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Edu Zelaieta Anta > Laginak

Poesia

Poesia-lanak: Jendakiak urruneko familiatan, Arabako Foru Aldundia, 2002; Mugaldekoak, SUSA, 2004; Bidasoa, Nafarroa oinez & Irudi, 2006; Mugaldekoen CD-Liburua, Gaztelupeko Hotsak, 2006. |

LIBANOKO ISTORIOA

Tarabulousera iritsi zen ilunabarrez.
Bertakoek Australiakoa ote zen galdetzen zioten behin eta berriz.
Eta kanpotarrak behin eta berriz azalpena ematen zien:
"Zuek ikusten duzuen ur gazi bera ikusten dugu guk gure herrian.
Olatuak ere elkarri bidaltzen dizkiogu itsasoaren alde banatatik".

Jendea purrustaka hasten zen orduan.
Zaharrek ez zuten inolaz ere sinesten
hain ezberdinak ziren aurpegi haiek ur berarekin garbi zitezkeenik.
"Nire etxea zuen itsasoa amaitzen den lekuan dago"

Kanpotarra etxera itzuli zen, Mediterraneoaren beste aldera.
Tarabulouseko zaharrek oraindik gogoratzen omen dute
behinola kanpotik joandako mutil xelebre hura.
Ilunabarretan jartzen dira hondartzan bere omenez
Australiara begira.

HILTZAILE LAUSOTUA

Ez diozu tiro egiteko jarrera sumatuko
ez labana eskuan ikusiko.
Ez dabil agerian.
Bizitzako lerroen artean gorderik
eguzki beltz baten gisara
kiskaliko zaituzte erraustu arte.
Bakarka nahiz bikoteka
min ematen diguten haragi bizietan.

Eta egunen batean,
ez badugu lehenago erremediatzen,
beldurra, errutina, insatisfazioa
edo bestela ere zulatzen gaituzten hutsarteak
gutaz jabetuko dira.
Hiltzaile errautsetan lausotzen garen bitartean.

LERRO BERDEA II

Behobiaren alde batean: greziarrak
Behobiaren bertze aldean: turkiarrak.
Denak behobiarrak dira.
Nahiz eta turkiarrentzat
bertze aldekoak greziarrak diren.
Nahiz eta greziarrentzat
bertze aldekoak turkiarrak diren.

Ezustean ireki dituzte
muga zeharkatzeko guneak.
Behobia erdibitzen duen
lerro berdea ezabatzen hasia da.

Ehun urteren buruan
alde bateko nahiz bertzeko behobiarrak ez dira oroituko
iragan denboretan bazela lerro berde bat
Behobia erdibitzen zuena.

Ehun urteren buruan
iraganeko lerro berdeak
itsasoaren urdinaren gisa hartuko du.
Eta bertako mugalariak anfibioak izanen dira.

BATZUETAN

Barreneko haurra goiti eta beheiti ibiltzen zaigula
iduritzen zait batzuetan.
Ilusioak eta ametsak esku-eskura ditugula,
nahi izanez gero, oroitarazteko.

Alde zaharreko karriketan barrena
ibiltzen naiz batzuetan
goiti eta beheiti
bazterrak nahasi gabe.

Ijitoen eliza ebanjelistaren paretik pasatuz gero
iduritzen zait,
gure arteko mugak urratzea erdietsiko dudala.
Meskita algeriarraren nahiz
marokoarraren aitzinetik pasatuz gero
gure arteko arazoak akituko direla istantean.

Karrika horretako lokutorio latinoan
sartzekotan egon naiz batzuetan
barreneko giroa ezagutzeko
dei faltsu baten aitzakian.

Batzuetan pentsatzen dut
zer egiten zuten lagun horiek honat etorri aitzinetik.
Nondik nora bildu ote den unibertso berri bat
karrika berean, alde zaharrean.

Gezurra iduri badu ere, karrika berean daude
eliza, meskitak, lokutorioa eta klausurako komentua
bata bertzearen ondoan
bazterrak nahasi gabe.

Batzuetan
polizia ibiltzen da
goiti eta beheiti
zaintza-lanak eginez.

Ez dakit noiz arte iraunen didan nire baitako kuttunak.
Noiz arte ttikitako handitasunak.
Ilusioak eta ametsak esku-eskura ditugula,
nahi izanez gero, oroitarazteko.

Batzuetan pentsatzen dut
ez naizela lokutorioan sartzera ausartuko
ezta harategi afrikarrean ere.
Ez baitakit nola hartuko duten nire presentzia.

Karrika bururen buru gurutzatzen dut batzuetan.
Inon sartu gabe, inorekin mintzatu gabe,
idurikatuz hortik pasatzen naizen aldiro
gure baitako mugaren bat arrailtzen hasia dela.

HURBILEKOAK (BLUESA)

Hagitz hurbil dute, nahi baino hurbilago,
urrezko ezteiak ospatuko dituzten eguna.
Elkarrekin ezkondu aitzineko zurrunbiloaren
aztarnarik ez da sumatzen egun.
Ez, bederen, hiri erdialdeko parke bateko eserlekuan
bakoitza alde batera begira dagoelarik, zer gerta ere.

Beren aitzinean gazte bat dago bideo-jokoarekin.
Tabako paketea, coca-cola eta edozein unetan
bakea urratzen ahal duen sakelako telefonoa ditu ondoan.
Hiri erdialdeko parkea diseinatu zuenak
berrehun urte geroago bi belaunaldi
buruz buru ezarri nahiko balitu bezala.

Presaka dabiltzan oinezkoak
ez dira deusetaz konturatzen:
senar-emazte zaharrak lotzen dituen telekomunikazioaz,
mundutik urrun egoteko erdialdera jo duen gaztearen asmoaz,
bertako eserlekuak egunero ikusi arren
bertako eserlekuetan ez-jartzeko denboraren inposaketaz.

ILUNAREN MAGALETIK

Ez dakit gau ilunaren magalean gertatu ote zen.
Eguzki printzen indarra baliatu ote zuten gure kontra.
Udaberriko egun faltsu batean bortxatu ote gintuzten.
Benetan aitortzen dizuet ez dudala sumatzen ere
nola egin zuten odolbako krimen perfektua.
Ez naiz ezertaz oroitzen, baina
iruditzen zait bikain burutu zutela beren eginkizuna.
Labana hotzaren mehatxupean egon ote ginen
bala beroa gutaz jabetu ote zen arrastorik ez dut.
Oraindik gabiltza galderak bilatzen, erantzun kaskarren eske.
Herren, haztamuka, ilunaren magalean.

ITURRIAK

Aspalditik ez du urik edaten karriketako iturrietan.
Ez bertako kanilatik zuzenean bederen.
Gibelean gelditu zaio haurtzaroa, arrunt gibelean:
batek daki nolako ura edanen dugun!
Ilusioak eta ametsak aspaldian ordezkatu zituen
eguneroko errutinagatik.

Gaur lanetik etxera bidean
lipar batez begirada jaso du:
haurtxo bat jostetan iturri baten ondoan, paperezko
irudimenarekin nabigatzen, egarria oparo asetzen.
Istantean oroitu da, berari ere
plisti-plasta ibiltzea gustatzen zitzaiola
udako arratsalde sargoritsuetan
gurasoen etxearen ondoko iturrian
egarria iturriko kanilatik asetzen zuenean.
Orduan paperezko itsasontziak inprobisatzen zituen
plazako hamaika errekatan nabigatzeko.

Lipar batez oroitu da, haurtxo hori ikustean.
Gero, inoiz izan ez duen amets baten gisara,
etxe aldera abiatu da. Fite.

Gizon kamutsak ez dio zentzurik aurkitzen
etxe ondoko iturriari, herdoila baizik ez kanilari.
Iturri hori haurrentzako jostailu soila baita beretzat.
Denbora galduetako monumentua.

KOLDARRAK ETA AUSARTAK

Bizian hilik gaudelarik
ihes egiteko gogo bizia antzematen dugu.

Ausartenak bakarrik arriskatzen dira
errealitatearen mugarri luzeetatik ihes egitera.
Barrenean gelditzen direnek
daukaten pixarra jokoan paratu nahi ez dutelako.

Aitzakia andana baten gatibu.

Ihesari ematen diotenak, berriz,
ez dira ohartzen
ihesi ibiltzea preso izateko
bertze era bat baizik ez dela.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta